Lur Albizu Etxetxipia
Noizbehinka ahaztu egiten zait duela hilabete eskas zertan genbiltzan eta zer bizitza geneukan. Memoria azkar desagertzen zaigu gure egunerokotik. Konturatu gabe, bat-batean, beste bizitza bat da etxean itxita utzi gintuena. Beste bizitza bat da kalera ateratzeak beldurra ematen ziguna, edo birusa eguneroko albistegietako uholdea ez ezik gure kezka nagusia ere bazena. Orain ere bai, noski: honek eskaileretako elkarrizketa askorako emanen du luzaroan, ezezagun, ezagun eta lagunekin. Honek utziko dizkigun ondorioak, langabezia, “hau honela dago”, “hauek beldurrez daude honekin”, “aurrekoan hau esan zieten beste haiei”. Etorkizuna ez dugu batere argi, urduri gaude.
Baina ez dugu gogoratzen (guztiz) duela dagoeneko hiru hilabete, dena hasi zenean, nola geunden. Ez dugu gogoratzen duela egun eskas batzuk paseatzera ateratzeko ordutegiak genituela. Orain beste neurri batzuk ditugu eta izanen ditugu, beldurrak beste kontu batzuengatik etorriko zaizkigu, eta hizketaldien zentroa ez da aldatuko.
Ez dakiguna da lehen ezagutzen genuena bueltatuko den. Edo, are makurragoa dena eta itxura guztien arabera hala izanen dela: ezagutzen genuenetik onena bueltatuko den. Txarrena badakigu baietz, zalantzarik gabe: duela lau hilabete fabrikara eguneroko txandetara joaten zena orain ere badoa, dagoeneko jakin gabe (lehen ere ez) ea luzerako izanen den, laburrerako edo ABEEa amaitzean berriz ere ez den lanera itzuliko. Eta orain ezin du maskararekin arnasarik hartu. Eta ezin du hamaiketakorik konpartitu. Eta urrun dago lankideengandik.
Fruta dendan sartzen denak ez ditu dagoeneko barazkiak ukitzen. Edo plastikoz beteta ukitzen ditu (plastikoa: azken asteetan gero eta gehiago erabiltzen duguna, gero eta kontzientzia hobez), eta ez daki nola dauden. Kalera ateratzen denak imajina dezake parekoaren aurpegia zein den (begien boterea txikia ez dela deskubritu dugu, ez?), baina ez du sumatzen zer dioen maskararen atzean dagoenak. Zer sentitzen duen ondokoak.
Esentziala zer zen sentitu genuen lehen asteetan. Bizitzeko zer den beharrezkoa, ezinbestekoa. Hil ala bizikoa. Baina ez bakarrik hil ala bizikoa: zerk merezi duen, nork merezi duen, zer den lehen genuena eta galdu duguna. Galdu nahi ez duguna. Berreskuratu nahi dugun aukera hori.
Zaurgarriak gara. Ondokoen beharra dugu; ikusten ez dugun zerbait geure mundua hankaz gora jartzeko gai da. Baina alferrik da buruari buelta batzuk ematen ez badizkiogu: alferrik da ez badugu onartzen birusak etorriko direla, eta mundua ezin dela lixibaz betea egon. Horrek ez gaitu salbatuko: bai, ordea, osasun-sare publiko sendo batek, herrietan sustraituak; bai, ordea, bizilaguna ezagutzeak, elkar zaintzeak; bai, ordea, geure zaharrak zaintzeak eta soberakinak balira bezala ez tratatzeak; bai, ordea, eredu jasangarriago baterantz joateak; bai, ordea, beharbada polikiago bizi behar dugula jakiteak.
Baina eskubide sozialez ari gara; eta horien guzien alde borrokatu beharko gara heldu diren hilabeteetan. Urteetan.