Ander Perez
“Aspalditik” du Ainhoa Unzuk (Iruñea, 1974) PSNrekin lotura. 2014ko abendutik da gobernuko kide, eta iazko maiatzetik parlamentari. Dioenez, “ilusio handiz” ekin dio legealdiari. Sei hilabete pasatu dira aldaketaren gobernuak agintzen duenetik, baina Unzuk ez du aldaketa handirik sumatzen.
Noiztik zara PSNko militante?
Aspalditik datorren kontua da, orain dela urte asko, nik beti izan baitut harremana PSNrekin, eta beti saiatu izan naiz batez ere enpleguan —nik lan egiten nuen arloan— nire ekarpena egiten, alderdiari ahalik eta gehien emateko. Gero hasi zen nire militantzia aktiboa, eta 2014ko abenduan gobernuan sartzeko gonbita egin zidan Maria Txibitek, ezohiko kongresua egin zenean. Berrikuntza eta ekintzailetza idazkaritza hartu nuen. Hil batzuetara bere zerrendan joateko eskatu zidan. Hortik aurrerakoa jakina da.
Zer aurkitu duzu parlamentuan?
PSN ilusio handiz sartu da parlamentuan, eta hobetu daitekeela uste dugun guztia hobetzen saiatzen ari gara: kalitatezko enplegua, garapen ekonomikoa, eskubide sozialen bermea… Ilusio eta gar handiz ari gara lanean. Lan handia egiten ari gara, elkarte askorekin hitz eginez, eta oso pozik gaude izaten ari garen bilakaera zein etorkizuneko asmoekin.
PSNk historian izan duen emaitza txarrenarekin batera sartu zinen zu parlamentuan. Nola bizi izan zenuen hori?
Emaitzak ez ziren desiratuenak izan, baina agertokiak ere ez zuen zerikusirik historikoki ezagutu dugunarekin. Orain, zazpi talde gara parlamentuan, eta ia sartzekotan egon zen zortzigarrena [Ciudadanos]. PSNk historiako emaitzarik txarrena izan zuen, baina ez zen izan inkestek aurreikusten zuten bezain txarra. Are gehiago, nahiko konforme gaude, komatxo artean.
PSNk bizitako sinesgarritasun faltak badu zerikusirik emaitza horrekin. Nola konpondu hori?
Lan handia eginez. Ez dut zalantzarik sinesgarritasuna berreskuratzen ari garela: parlamentua onartzen ari da guk egiten ditugun proposamen serioak, eta orain gobernuari dagokio horiek martxan jartzea.
Aldaketaren berme al da, oraindik orain, PSN?
Noski. PSN aldaketaren berme izan da, da eta izango da Nafarroan. Eta orain inoiz baino gehiago.
Egoera politiko berrian, zein da PSNri dagokion rola?
Gu oposizioan gaude, argi eta garbi, ez gaude gobernu akordioan. Baina hasieratik azaldu genion Uxue Barkosi gurea proposamenak egiteko jarrera izango zela. Eta hala ari gara erakusten, lanaren bitartez, elkarrizketa eta kontsentsurako jarrera erakutsiz, eta Nafarroarako onak diren neurriak babestuz. Horretan ari gara. Jarrera eraikitzailea da gurea.
Penatzen zaitu PSN aldaketaren gobernu baten parte ez izateak?
PSN, alderdi guztiak bezala, irabazi nahian aurkeztu zen hauteskundeetara, eta baita aldaketaren gobernuaren parte izateko gogoz ere. Baina, tira, Uxue Barkos presidenteak bidaia kideak hautatu zituen, eta ez ginen gu izan.
Ia sei hilabete joan dira aldaketaren gobernua martxan denetik. Zer eman du orain artekoak?
Nik neuk gehiago espero nuen. Uste dut denok espero genuela gehiago. Barkosen kontakizuna ez dator bat ekintzekin. Gauza bat esan eta beste bat egiten du. Gaur-gaurkoz, ez dugu aldaketarik ikusten. Ikusten dugun bakarra identitatearen arlokoa da, baina jendearentzat garrantzitsuak diren gaietan, lanean eta eskubide sozialetan, ez da aldaketarik izan.
Bost hilabete eta erdik, agian, ez du ematen askorik aldatzeko. Aurrerantzean hobetzeko esperantzarik ba al duzu?
Egia da bost hilabete ez direla aldaketarako nahikoa, aldaketarena prozesu bat baita, eta Nafarroako itsasontzi osoa mugitzea prozesu mantsoa da. Halere, jarreretan ikus daiteke aldaketarik dagoen ala ez. Adibidez, sakoneko legeak onartzerakoan kontsentsua bilatzea ere bada aldaketaren parte, eta halakorik ez da izan. Ez nabil politikaz, jarreraz baizik. Aldaketarik ez da izan. Ez du PSNk esaten, gizarte mugimenduek diote; aldaketa aldarrikatzen ari dira, ez baitute ikusten.
Zer iritzi duzu gobernuaren zerga erreformari dagokionez?
Ez zaigu gustatzen. Proposamen pila bat egin genuen erreforma horrek eragingo dituen kalteak arintzeko. PFEZari dagokionez, erreformak zuzenean kalte egingo die errenta ertain eta baxuei, alegia, populazioaren gehiengoari, eta egoera oso injustuak sortuko ditu ikuspegi sozialari dagokionez. Ez diot nik bakarrik, [Aranburu] kontseilariak berak esan izan du. Larria da, eta ezin gara konforme egon. Bestalde, garapen ekonomikoari dagokionez, ez du ezer onik ekartzen, gure inguruko lurraldeak gu baino askoz hobeto egongo baitira fiskalki. Ez dut esango honezkero hemen dauden enpresak joango direnik, baina arriskuan jarriko dira Nafarroara etorri nahiko luketen enpresen inbertsioak, inguruko erkidegoak baino egoera txarragoan egongo baikara. Eta egin behar dena enpresak erakartzea da, 40.000 pertsona dauzkagulako langabezian, eta lan egin behar dugu pertsona horiek enplegu bat izan dezaten, kalitatezkoa. Erreforma hau hortik urrun dago.
PSNk inoiz baino argiago defendatu du azkenaldian laugarren xedapen iragankorra ezabatzea. Zer dela-eta aldaketa hori?
Berez ez da aldaketarik egon, kontua da orain arte ez dela izan hori argi esateko markorik. Parlamentuak erabakitzeko eskubideari buruzko osoko bilkura monografikoa egin zuen, eta hori izan zen PSNk aurkeztutako proposamenetako bat.
Eta zergatik ezabatu?
Gai horri dagokionez, erabat nator bat Maria Txibitek esandakoarekin. Zer da erabakitzeko eskubidea? Eta zergatik bakarrik EAErekin? Zergatik EAEren menpe izateko erabakitzeko behar hori? Gu ez gaude ados Espainiatik bereizteko inongo eskubiderekin, eta, beraz, lerro horretan doa.
Zer egoeratan egon nahiko zenuke hemendik lau urtera?
Indartuta ikusi nahiko nuke PSN, hemendik lau urtera aldaketaren berme izan eta gobernuan egon dadin. Eta gustatuko litzaidake lau urte barru egindako ekarpenen bilduma egin, batez ere nire arloan, enpleguan, eta harro sentitzea. PSNk kalitatezko enplegua nahi du, eta eskubide sozialak eta aukera berdintasuna bermatzea. Horri ekarpena egitea lortuko bagenu, harro egongo nintzateke parlamentaria izan izanaz.