Lur Albizu Etxetxipia
Arestik idatzi zuen, eta iltzatuta geratu zen gure herriaren (literaturaren) historian. Nire aitaren etxea defendituko dut. Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra, defendatu eginen dut nire aitaren etxea.
Duela bi urte eta erdi, 2018ko apirilaren 26an, Iruñeko sanferminetako talde-bortxaketaren inguruko sententzia egin zen publiko. Epaileen arabera, abusua zen, ez erasoa. Ez bortxaketa.
Gernikako bonbardaketaren egun berean erabaki zuten epaileek emakumeon bizitzen gainetik pasatzeak ez ziela hainbeste suposatzen. Esaldi bat hasi zen mugitzen, eta kamiseta ere bilakatu zen: nire ahizpa* defendituko dut, otsoen kontra, erasoen kontra, indarkeriaren kontra, justiziaren kontra, defenditu eginen dut nire ahizpa!
Kontua ez da hainbeste zein erasoaren aurrean defenditzen dugun gure burua, baizik eta zer den defendatzea dagokiguna, garaian-garaian eta unean-unean.
Uste dut baditugula gauza batzuk defenditzeko, beste mundu batean sinesten dugunok, behintzat. Ezer aldatu nahi ez dutenek ez dute halako arazorik izanen. Baina herri, auzo eta lurralde duinak nahi ditugunok, egun hauetan, beste lan batzuk ere baditugu: bizitza duinak posible izanen diren errealitate baten alde lan egitea.
Ez dakit Aresti berrezaugarritu beharko genukeen 2020. urtean berriz, edo dena asmatu behar dugun, baina zer defendituko dudan badakit, edo defenditzea zer gustatuko litzaidakeen.
Bizitzak erdigunean jarri nahi baditugu, beste zerbait eraikitzeko anbizioz, baina defenditzera joan behar dugula iruditzen zait, etorriko diren hilabete hauetan, behintzat.
Segurtasuna ez delako bakarrik ez kutsatzea: segurtasuna izan beharko litzateke jakitea gure inguruko zerbitzu publikoak prest ditugula, helduleku konkretu batzuk ditugula, pertsonen bizitzak defendatzen dituzten gune horiek martxan eta osasuntsu daudela.
Hori behar dugulako: osasungintza, hezkuntza, garraioa, zaintzarako bermeak. Pertsonak zaintzen dituzten zahar etxeak, ez mozkinak pilatzen dituzten enpresak, langileak baldintza kaxkarretan dituztenak. Behar ditugu posiblea dutenaren mugan lanean ariko ez diren osasun etxeak, prebentzioa lantzen dutenak. Arreta behar duen pertsona oro artatzen duten ospitaleak behar ditugu.
Haurrak heziko dituen hezkuntza sistema bat behar dugu. Lurraldea eskualdez eskualde lotuko duen garraio publikoa behar dugu, ez Nafarroan aspalditik dugun garraio-sistema negargarria, enpresei inolako exijentziarik egiten ez diena, eta garraio publikoaren aldeko apustu errealik izan ez duena. Behar ditugu profesionalak, baldintza duinak dituzten langileak, bizitzak zainduko dituen beste sistema bat (inor zapaldu behar izanik gabe).
Ez dakit zein izanen den gure hurrengo poesia, gure hurrengo esaldia edo borrokarako gure hurrengo kanta. Baina nik argi dut horiek guztiak defendituko ditudala; gaurkoagatik, eta biharkoengatik. Eta berandu baino lehen.