Besteen oniritziarekin

Besteen oniritziarekin

Estudes inkestaren azken emaitzek diote hamar gaztetik zazpik edan ohi dutela alkohola. Gizarteak nerabeon kontsumoa «normalizatu» du.

E. Elizondo

Estudes inkestaren azkeneko emaitzek agerian utzi dute datuek bat egiten dutela Suspertu programako arduradunek ezagutzen duten errealitatearekin: hamalau eta hemezortzi urte bitarteko hamar gaztetik zazpik edan ohi dute alkohola, 2019ko inkestaren arabera. Lautik batek tabakoa erre ohi du, adin tarte berean, eta bostetik batek, berriz, kalamua.

Estudes inkesta bi urtean behin egiten da, bigarren hezkuntzako gazteen artean. 1994an egin zuten aurrenekoz. Herrialdeko datuak, zehazki, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak jasotzen ditu. Azken emaitzek kezka eragin dute Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko arduradunen artean, onartu behar izan baitute alkoholaren kontsumoa “handia” dela herrialdeko adingabeen artean. “Kezkagarritzat” jo dute, halaber, gizarteak eta gazteen ingurukoek kontsumo horren aurrean duten jarrera, “normalizatu” egiten dutelako, neurri handi batean.

Ikerketak agerian utzi du alkohola dela herrialdeko ikasle gazteen artean gehien kontsumitzen den substantzia: hamar gaztetik zazpik onartu zuten, galdetu zietenean, alkohola edan zutela azken 30 egunetan. Ez da handia, baina bada aldea emakumeen eta gizonen arteko jarreretan: nesken %66,2k erran zuten alkohola edaten ohi dutela, eta mutilen artean, berriz, %64,7k.

Inkestaren arduradunek azken hilabeteko kontsumoa jotzen dute ohikotzat. Kontsumo intentsiboa da, berriz, asteburuetakoa edo bestetakoa. Horri dagokionez, hamar gaztetik lauk onartu dute alkohola edaten dutela. 2006. urtetik 2019ra bitarteko datuak kontuan hartuta, alkoholaren ohiko kontsumoak %4 egin du behera.

Internet

Alkohola, tabakoa eta kalamua dira gazteek gehien kontsumitzen dituzten substantziak. Estudes inkestak erreparatu die bertze mota bateko kontsumoei ere, dena den, eta, ildo horretan, Interneten erabilera edo apustuak egiteko jarrera jarri dituzte adituek erdigunean. 2019ko inkestaren arabera, Interneten “erabilera konpultsiboa” %16,5ekoa da hamalau eta hemezortzi bitarteko gazteen artean. Arlo horri lotuta, aipatzekoa da eragina izan duela azken hilabeteotako osasun krisiak, eta bertzeak bertze Nafarroako Unibertsitateak egindako ikerketek agerian utzi dute “nabarmen gora” egin duela gailu elektronikoen erabilerak, gazteen artean.

Apustuei dagokienez, kirol arlokoak dira gazteen artean gehien egiten direnak. Nafarroako Osasun Departamentuak “kezka” agertu du esparru horretan gazteek aurkitu ditzaketen “erraztasunekin”, eta arduraz jokatzeko beharra nabarmendu du. Prebentzioaren alde egin du departamentuak, arlo guztietan.