Iruñeko Udalak urtebetez eutsiko dio joko etxe gehiago zabaltzeko debekuari. Aralar ludopaten elkarteak arau berrian «prebentzioa» jorra dezala eskatu dio gobernuari.
Edurne Elizondo
Nafarroan gero eta gehiago dira joko eta apustu etxeen kontrako taldeak. Duela urtebete, plataforma batean egin zuten bat Iruñerriko guztiek, eta manifestaziora deitu zituzten herritarrak. Aralar ludopaten elkarteko kideak ere han izan ziren. Eskertu egin dute herritarren presio hori, eta garbi daukate lan horrek lagundu dituela azken boladan egindako urratsak.
Iruñeko Udalak eman duena da horietako bat: iaz onartu eta otsailean amaitzekoa zen moratoria luzatzea erabaki du, eta bertze urtebetez eutsiko dio joko eta apustu etxe berriak zabaltzeko debekuari. Nafarroako Gobernua, berriz, jokoaren legea moldatzeko bidean da. “Prebentzioaren alde egin dezala eta jokoaren auziari alde guztietatik hel diezaiola espero dugu”, erran du Aralar elkarteko koordinatzaile Sergio Garciak.
Aralar elkarteak 25 urte bete ditu, eta prebentzioaren garrantzia jarri nahi izan du erdigunean, hain zuzen ere. “Iruñeko Udalaren debekua berri on bat da, baina ez da nahikoa jokoaren auziari aurre egiteko”.
Lege berriak “datozen hilabeteotarako” prest egon beharko lukeela uste du Garciak, baina Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Jokoaren eta Ikuskizun Publikoen Ataleko buru Jose Antonio Sueirok garbi azaldu du “auzia luzatu” eginen dela. “Oraindik luze joko du, orain hori ez baita gobernuaren lehentasuna”, aitortu du.
Koronabirusaren pandemiak jarri du jokoaren legea egokitzeko prozesua bigarren mailan, Nafarroako Gobernuko arduradunek erran dutenez; ez da hori gaur egungo osasun krisiak ekarri duen ondorio bakarra. Ludopatiak jota daudenei “modu ezberdinetan” eragin die krisiak, Aralar elkarteko koordinatzaileak nabarmendu duenez: “Iazko konfinamenduan, aretoak itxi izanak mesede egin zien arazoa txanpon makinekin eta bingoekin dutenei”.
Bertzetik, baina, etxean egon behar izateak kalte egin zien arazoa Internet bidezko jokoarekin dutenei. “Online jokoan gastatutako diru kopuruak gora egin zuen 2020. urtean”, nabarmendu du Sergio Garciak.
2020. urtean, 70 pertsona inguruk egin zuten bat Aralar elkarteko kideekin, jokoarekin eta apustuekin dituzten arazoengatik. “Denek erabaki zuten sinatzea online jokatzea galarazten dien agiria”. Bostehun nafar baino gehiagok egin dute urrats hori. “Eraginkorra” dela garbi erran du Sergio Garciak, baina ohartarazi du agiri horrek ez duela baliorik joko eta apustu etxe fisikoetan. “Agiriaren debekuak ez du balio areto horietan; ea lege berriak hori aldatzen duen”.
Gazteak eta salbuespenak
Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuaren esku dago jokoaren legea aldatzeko prozesua; Aralar elkarteko kide Sergio Garciak eskatu du, halere, bertze zenbait departamentuk parte hartzea ere. “Hezkuntzarekin, gazteekin, kirolarekin lotutako auzi bat ere bada; denen ikuspegitik jorratu behar da, jokoaren aurrean gazteei bertzelako alternatibak eskaini ahal izateko”.
Ludopatiak jota dauden gazteekin “bereziki” kezkatuta daude Aralar elkarteko kideak, bai eta herriz herri apustu etxeen aurka sortu diren taldeetako kideak ere. Jokoaren lege berriak gazteak bereziki babestu beharko lituzkeela uste dute. Oraingoz, ez da hori gertatzen ari, ordea, eta joko eta apustu etxeen kontrako Iruñerriko plataformak —barruan dago Aralar elkartea— salatu du, ondorioz, Nafarroako Gobernuak pandemiaren inguruan hartutako azkeneko erabakiek joko eta apustu etxe horiei “mesede” egiten dietela.
Izan ere, herrialdeko tabernen barruan sartzeko debekuak jokoa du salbuespen: bezeroak sar daitezke, baldin eta txanpon makinak erabiltzeko edo apustuak egiteko bada. Ez hori bakarrik. Plataformako kideek erantsi dute joko eta apustu etxeek zabalik jarraitzen dutela, ostalaritzaren debekuaren gainetik.
Aralar elkarteak “kezkagarritzat” jo du egoera hori. Nabarmendu du legea aldatzea “ezinbertzekoa” dela, eta prebentzioaren alde egin behar dela, “berandu baino lehen”.