Kasedako zahar etxeko langileak 2014tik ari dira lan hitzarmena berritu nahian. Martxoan jaso dute otsaileko soldata b Egoitza utzi dute arduradunek; etxe berri batek kudeatuko du.
Edurne Elizondo
“Egoerak pixka bat egin du hobera; martxa hartzeko denbora emanen diegu kudeatzaile berriei, baina ez dugu bazter utziko lan hitzarmena berritzeko orain arte egin dugun lana; borrokari eutsiko diogu”. Kasedako zahar etxeko langile eta LABeko ordezkari Yohana Gil Fernandezek erran ditu hitzok, orain arte herriko egoitza kudeatu duen enpresak “ihes egin”, eta etxe berri batek ardura hartu eta gero. Kasedan gertatu denak “zaintza eredu kapitalista” baten porrota islatzen duela salatu du sindikatuak —zahar etxean ordezkaritza daukan bakarra da LAB.
2014tik dira Kasedako zahar etxeko 24 langileak hitzarmena berritzeko zain; abenduan hasi ziren mobilizazioak egiten, “lan baldintzak hobetzeko” asmoz. Bi eskakizun jarri zituzten orduan erdigunean: soldata, batetik; eta, lantaldea, bertzetik. Soldatari buruz, LABeko Gaztelu Garraldak gogoratu du Kasedako zahar etxeko langileek onartu zutela 50 euro jaistea, 2012an, “krisiari aurre egiteko”. Geroztik, baina, enpresak ez du berriz igo. Lantaldearen inguruan, bertzalde, “eskasa” dela erran du Gil Fernandezek. “Korrika ibili behar dugu, eta ezin ditugu erabiltzaileak behar bezala artatu, lan zama handia delako”, erantsi du.
“Kalitatezko zerbitzua” emateko baldintzak lortu nahi dituzte Kasedako langileek. Hori aldarrikatzeko egin zuten elkarretaratzea abenduan, eta helburu berarekin egin zuten protesta otsailean ere. Erabiltzaileen senideek bat egin zuten langileekin mobilizazio horietan, bai eta Kasedako Udaleko oposizioko Kasedako Langileak kideek ere.
“Utzikeria”
Kasedako zahar etxearen jabea herriko udala da, baina kudeaketa eredua pribatua da. Otsailaren 28arekin batera, orain arte aritu den enpresak egoitza utzi egin zuen. “Langileen otsaileko soldatak ordaindu gabe joan ziren”, zehaztu du Garraldak.
Hamabost egun lehenago ezagutarazi zuten kudeatzaileek zahar etxea utziko zutela, eta Kasedako Udalak kudeaketaren ardura hartuko zuen etxe berri bat aurkitu behar izan zuen. Herriko alkate Jesus Esparzak San Zoilo Taldea behin baino gehiagotan erran izan du aurreko kudeatzaileek helarazi ziotela ezin zituztela langileen eskaerak bete; alkateak onartu du, halere, ez dela samurra izan arduradun berriak lanera hasi arteko epea. “Utzikeria” salatu du LABek, hain zuzen ere. “Denbora tarte horretan udalaren ardura zen zahar etxearen egunerokoei aurre egitea, baina ez du deus egin”, erantsi du Gil Fernandez sindikatuko ordezkariak.
Otsaileko soldatak martxoan ordaindu ditu enpresa berriak. Hilaren 18an jaso zuten langileek zor zietena. “Ontzat” eman dute urrats hori, baina garbi erran dute ez direla atzera egiteko prest. Lan hitzarmena berritzea dute xede.