Nafarroako Filmotekak proiektu bat abiatu berri du, zinema herrietara eramateko. Leitzak, Lizarrak, Altsasuk, Tafallak eta Corellak bat egin dute. Egile nafarren ziklo bat antolatu dute.
Edurne Elizondo
“Nafarroako filmoteka gara, ez Iruñekoa”. Horixe oroitu du Nafarroako Filmotekako programazio arduradun Alberto Cañadak, abiatu berri duten proiektu baten berri emateko: filmotekak plan bat martxan jarri du Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiarekin batera, zinema herrialdeko zenbait herritara eramateko. Filmoteka Nafarroan izenburupean, asmoa da erakunde horren jarduera hiriburutik at eramatea. Nafarroako egileen inguruko ziklo bat osatu du.
“Hasieratik izan dugu garbi herrialde osorako lan egin behar dugula”, berretsi du Cañadak. Zinema herrietara eramateko bideari ekiteko, toki entitateekin harremanetan jarri ziren filmotekako arduradunak; alde batetik, jakin nahi zuten zer herrik bat egin gogo zuten proiektuarekin; bertzetik, zenbait baldintza tekniko zehaztu zituzten, filmotekaren babespeko emanaldiak antolatu ahal izateko. “Gutxieneko kalitatea bermatuko zuten azpiegiturak izateko eskatu genien parte hartu nahi zuten herriei; gure oinarri nagusietako bat baita filmak, egileak eta ikus-entzuleak zaintzea”, adierazi du Cañadak.
Ondorioz, zenbait herrik proiektutik kanpo gelditu behar izan dute, oraingoz. Nafarroako Filmotekako kideek urte amaierara bitarteko egitaraua osatu dute, eta hiriburutik kanpoko bost udalerritara eramanen dute prestatu duten zikloa: Altsasura, Leitzara, Lizarrara, Corellara eta Tafallara, hain zuzen ere.
Iruñetik kanpoko lehendabiziko ziklorako, Nafarroako zinemari buruzko programazioa prestatu nahi izan du Nafarroako Filmotekak. Azkeneko urteotan herrialdeko zenbait egilek garatutako lanak erakutsiko dituzte herrietan, zehazki; bertzeak bertze, Jon Abrilen Neskatoak, Oskar Alegriaren Zumiriki, Iñaki Alforjaren Motxila 21, eta Angel Garroren Esculpiendo la historia, Joxe Ulibarrena eskultorearen ingurukoa.
Filmak bistaratzeaz gain, proiekzioaren ondoko eztabaidak ere antolatu dituzte filmotekako kideek. “Asmoa da, finean, eztabaida eta gogoeta piztea, saioak berezi bilakatzeko”, aipatu du Nafarroako Filmotekako programazio arduradunak.
Segida eman
Cañada “kontent” da zinema herriz herri eramateko planarekin, eta pozik da, halaber, toki entitateek erakutsitako interesarekin. Urte amaierara bitarteko egitaraua osatu dute, baina asmoa da proiektuari segida ematea. Filmoteka nafar guztiena dela “erakutsi” nahi dute erakunde horretako arduradunek, hiriburutik kanpoko jarduerak sustatuz. “Ez diogu so egin nahi bakarrik Iruñeari; gure lana herrien esku jarri nahi dugu, hiriburutik kanpo ere gure ohiko zikloak eskaini ahal izateko”, kontatu du Alberto Cañadak. Gaineratu du filmotekako kideek herrien esku jarri nahi dituztela beren baliabideak, bai eta egindako bidean “ikasitakoak” ere.
Nafarroako Filmotekak hamargarren urteurrena ospatu du aurten, hain zuzen ere. 2011n abiarazi zuten. Nafarroako Liburutegiarekin partekatzen du egoitza, Iruñeko Antonio Perez Goiena pasealekuan. Orain arteko bidean, “publiko leial bat” lortu dutela aipatu du Cañada programazio arduradunak.
Pandemia garaian
2020ko martxotik, kulturgintzako gainerako alorretan bezala, Nafarroako Filmotekako kideek ere aurre egin behar izan diote koronabirusaren pandemiari. “Aurrera egin” dutela nabarmendu du Cañadak. Irailetik ekainerako aurreko ikasturtean antolatutako jarduera guztiak egin ahal izan zituzten. Irailarekin batera hasi dute ikasturte berria, eta, pandemiaren bosgarren olatua apaldu denez, lortu dute edukiera handitzea. “Aurreko ikasturtean %50ekoa izan zen. Saio anitzetan, berehala bete zen aretoa; orain, urritik aurrera, %75eko edukiera izanen dugu”, jakinarazi du Cañadak, eta “berri ontzat” jo du.
Zinema herrietara eramateko proiektuarekin ere “gustura” dago. Joan den astean erakutsi zuten lehen filma, Tafallan: Patxi Urizen Los últimos de la Mejana. Hurrengo saioa Altsasun eginen dute, urriaren 18an: Murciego eta Irabururen Cholitas.