Jaso ikastolak ‘Ximur’ musikalaren bi saio berezi antolatu ditu gaurko, Iruñeko Baluarten, dementziei ikusgarritasuna emateko. Goizez, 1.400 ikasleren aurrean erakutsiko dute.
Edurne Elizondo
Iruñeko Jaso ikastolako DBHko ikasleek Ximur musikalaren emanaldi berezi eta bikoitza antolatu dute, gaurko: bitan ariko dira Iruñeko Baluarte auditoriumeko oholtzan. Goizez, 11:00etan, herrialdeko 1.400 ikasleren aurrean erakutsiko dute beren lana; arratsaldez, berriz, 19:00etan, sarrera erosi duen ororentzat eginen dute saioa. Helburu hartu dute musikalak jorratzen duen auziaren berri zabaltzea, eta ikusgarritasuna ematea: alzheimerrari buruzko lan bat da Ximur.
Jasoko ikasleek maiatzean estreinatu zuten Ximur, ikastolan prestatu duten bederatzigarren musikala, Barañainen. Alzheimerrak jo duen pailazo bati buruzko obra bat da. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ere erakutsi dute, bai eta Tuterako Gaztanbiden ere. Halere, Iruñeko Erruki Etxeko egoiliarren aurrean egindakoa izan da orain arteko emanaldirik bereziena.
Saio hartan lortu zuten, neurri handi batean, Jaso ikastolako kideek helburu duten belaunaldien arteko zubi lana egitea. “Hunkigarria izan zen”, oroitu du Jaso ikastolako irakasle eta Ximur musikaleko zuzendari Imanol Janicesek. Gaurko bi saioak ere “bereziak” izanen direla zalantzarik ez du, eta Baluartera deitu ditu herritarrak, alzheimerraren errealitaterik gordinenaren berri jaso dezaten, gazte talde batek ondutako lan baten bidez.
Konfinamenduan
Iazko konfinamenduak markatutako lan bat da Ximur. Horixe nabarmendu dute Jasoko kideek. Pandemiak agerian utzi du zahar anitzen zaurgarritasuna, eta ikastolako ikasleengan eta irakasleengan piztu du haiei buruz hitz egiteko gogoa. Aritz Lavado 15 urteko Jasoko ikaslea da musikaleko gidoilari eta aktoreetako bat, eta alzheimerra gertutik ezagutu du hark. “Gure amonak izan zuen”.
Gizartea zaharrei begira jarri nahi izan dute Jasoko kideek Ximur obraren bidez. “Iruditzen zait egungo gizarteak zaharrak ez dituela kontuan hartzen; pandemiarekin, akaso, pixka bat aldatu da egoera, eta hasi gara kontzientzia gehiago hartzen”, erran du Lavadok.
Jaso ikastolako kideentzat ere “irakaspen prozesu bat” izan da musikala prestatzeko bidea. Orain arte ondu dituzten bederatzi lanen helburua ere horixe izan da, ikastetxeko arduradunek garbi baitute proiektu pedagogiko bat lantzen aritu direla oholtzan aurkezteko obra bat prestatu duten bakoitzean. Hau da, musikal bat prestatzeko lanaren xedea da bertzeei erakusteko obra bat egitea, bai eta “barrura begirako” emaitza bat lortzea ere. “Ikasleen gaitasun asko jorratzen ditugu musikal bat prestatzeko prozesuarekin”, berretsi du Janicesek.
Duela 11 urte jarri zuten martxan egitasmo hori, eta urtetik urtera handitzen joan da. “Hasieran, ikastetxe barrura begira egindako lan bat izan zen; baina ikastolatik ateratzea erabaki genuen gero, egindakoa eta ikasitakoa besteekin partekatzeko”. Ikastolako areto nagusitik, beraz, Baluarte, Viktoria Eugenia edo Gaztanbideren gisako antzokien oholtzara egin dute salto Jasoko kideen lanek.
Hamargarrena martxan
Lan handia dago Jasoko kideen musikalen atzean. Ederki daki hori Aritz Lavadok. Ximur lanaren gidoia idazteko prozesuan parte hartzeaz gain, aktore lanak akrobaziak egitera ere eraman du oholtza gainean. Lavadok onartu du hasieran “gogorra” zela lana. “Asteazkenetako eta igandeetako entseguetara joatea kosta egiten zitzaidan”. Baina emaitzak bete egin du, eta kontent da parte hartu izanaz, bai eta alzheimerraren gaia jorratzeko urratsa egin izanaz ere. Jaso ikastolan hamargarrena izanen den hurrengo musikala prestatzen hasi dira jada, Imanol Janicesek ezagutarazi duenez. Lanak ez du etenik.
Goiko argazkia: Mikel Legaristi.