‘Ipuingarria izango da’ egitasmoa eginen du azaroaren 4tik 7ra, Iruñean. Haur eta gazte literatura bultzatu nahi dute antolatzaileek. Egitarau berezia prestatu dute eskolentzat.
Edurne Elizondo
Karrikirik Ipuingarria izango da izenburuko egitasmoa antolatu du, Iruñean: azaroaren 4tik 7ra eginen dute, programa hori liburuaren besta bilakatzeko asmoz, Iruñerriko eskoletako haurrentzat eta publiko orokorrarentzat. Antolatzaileek helburu dute, batetik, literaturarako zaletasuna bultzatzea haur eta gazteen artean; eta, bertzetik, helduak ipuin kontalaritzara lotzea.
“Ipuin guztiak dira helduentzat”, nabarmendu du Amaia Elizagoien kontalariak. Ipuingarria izango da egitasmoan parte hartuko duten kontalarietako bat da, bai eta antolatzailea ere. “Espazio bat sortu nahi izan dugu Iruñean, ahozkotasunari eta ipuinei toki bat emateko”, erran du.
Egitasmoak, zehazki, bi gune izanen ditu. Kondestablearen jauregia izanen da bat; hor, eskoletako haurrekin tailerrak eginen dituzte. Ipuin kontaketa jorratuko dute, batetik, Jaione Urtasun eta Ines Bengoa kontalariekin; eta, bertzetik, ilustrazioa landuko dute, Maite Mutuberria artistarekin. Bertze gunea Geltoki izanen da; hor eginen dituzte publiko orokorrarentzat antolatutakoak. Liburu azoka izanen da, eta haur eta gazteentzat libururik egokienak erosteko aholkularitza zerbitzu bat. Gainera, tailerrak, liburu aurkezpenak eta ipuin kontaketak eginen dituzte, haurrentzat, familientzat eta helduentzat.
Amaia Elizagoienek nabarmendu nahi izan du Ipuingarria izango da egitasmoan parte hartuko dutenen zerrenda, eta erran du “erreferentziazko egileak” egonen direla. Koldo Ameztoi aipatu du, adibidez, “kontalaritzaren aita” dena. Mutuberria ere nabarmendu nahi izan du Elizagoienek ilustrazioaren esparruan. Parte hartuko dutenen artean izanen dira, halaber, Ana Ibañez ilustratzailea, eta Antton Kazabon eta Dani Martirena idazleak, bertzeak bertze.
Lurdes Iriondoren omenez
Antton Kazabonen Lurdes Iriondori buruzko Lulu liburuarena izanen da Ipuingarria izango da egitasmoaren barruan eginen dituzten aurkezpenetako bat. Iriondori omenaldia egin nahi diote antolatzaileek, gainera. “Gazteek gutxi ezagutzen dute, eta helduek ere gehiago lotzen dute musikarekin. Idazle ere bazen, ordea, eta arlo hori nabarmendu nahi dugu”, azaldu du Elizagoienek.
Prestatutako ekinaldien artean, urte honetako Etxepare saria irabazi duen Dorotea lanaren aurkezpena eginen dute. Zehazki, azaroaren 6an eginen dute, 18:00etan, Geltokin. Amaia Egidazu da album horren egilea, eta hark eginen du azaroaren 6ko aurkezpena.
Elizagoienek bertze ekinaldi bat nabarmendu nahi izan du, antolatutako guztien artean: azaroaren 7an, 11:30ean hasita, Geltokin, Ameli ipuinaren kontaketa eginen dute, keinu hizkuntzan. “Gure egitasmoa askotarikoa izatea nahi dugu, ahalik eta jende gehienarengana iritsi”, adierazi du Elizagoienek.
Ipuingarria izango da egitasmoari buruzko informazio guztia Karrikiri elkartearen web orrian dago —Karrikiri.eus—, bai eta elkarteko sare sozialetan ere. Auzolana dute elkarteko kideek ardatz, eta boluntario gisa parte hartu nahi duen ororentzat liburuak@karrikiri.eus helbidea dute prest.
Argazkia: Jaione Urtasun ipuin kontalaria. Iñigo Uriz / Foku