Hogei urteren ondoren, lehen transferentzia

Hogei urteren ondoren, lehen transferentzia

[URTEKARIA, 2021]. Ekainean, Espainiako eta Nafarroako gobernuek akordio bat erdietsi zuten Iruñeko espetxeko presoen osasun arreta Osasunbidearen esku uzteko. Hala ere, bizitzeko gutxieneko diru sarreraren gestioari eta trafiko eskumenari buruzko itunak oraindik ez dituzte izenpetu, eta ekarpenari buruzkoa atzeratzen ari da.

Joxerra Senar

Ezin jakin, amaitzear den urte honetan, autogobernuaren botila erdi beterik edo erdi hutsik dagoen. Alde positiboari begira, urrats handi bat egin da, hogei urteko hutsune luzearen ostean, Madrilek eta Iruñeak eskumen baten transferentzia hitzartu dutelako. Abuztuaren 1etik Osasunbideak osasun arreta ematen die Iruñeko kartzelan diren presoei. Horrez gain, beste bi eskumenen transferentzia oso bideratuta dago: Espainiako Gobernuak iaz onartutako bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketa bere gain hartuko du Nafarroak aurki, eta gauza bera espero da trafikoaren eskumen historikoarekin.

Hain zuzen ere, alde negatiboari begira, abenduaren 1ean zuten sinatzekoa trafikoa Nafarroara itzultzeko behin betiko akordioa, baina berriz ere atzeratu egin da izenpetzeko ekitaldia. Hiru urte iragan dira jada Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak transferentzia hori ziurtatu zionetik Nafarroako orduko lehendakari Uxue Barkosi. 2019ko maiatzerako zen gauzatzekoa akordio hura, baina Sanchezek oraindik ez du hitza bete.

Oraingoz, beraz, eskumen berrien artean indarrean den bakarra espetxeko osasun arretarena da. Ekainaren hasieran izenpetu zuten akordioa Miquel Iceta Espainiako Lurralde Politikako ministroak eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Akordioan aurreratu zenez, 2,1 milioi euro kostatuko zaio Nafarroari presoen osasun arreta hartzea. Aldaketa nabarmen bakarra izan da bertan lan egiten zuten sei langileak Osasunbidearen ardurapean daudela.

Abuztuaren 1ean sartu zen indarrean, eta azaroaren 8ko ordu txikietan azaleratu ziren konpondu beharreko gabezia handiak. Emakumeen moduluan zegoen presoetako bat hil egin zen. Salhaketak eman zuen heriotzaren berri, eta azpimarratu zuen abisua eman zenetik artatu zenerako “denbora asko” pasatu zela. Salhaketaren arabera, egun ez dago 24 orduko guardiako medikurik, eta beste beharren artean eskatu zuen horrelako egoeratarako protokoloak berrikustea.

Ekarpena, lotu gabe

Madrilen eta Iruñearen artean negoziatu beharreko beste auzi garrantzitsu bat, Hitzarmen Ekonomikoa da; zehazki, 2020tik 2024ra arteko ekarpenaren kalkulua hitzartzeko dute bi gobernuek. Iaz, pandemiak atzeratu egin zuen negoziazioa, baina jada bi urte iragan dira eta ez dago berritasunik. Akordio horrek finkatu behar du 2020an zenbat ordaindu beharko liokeen Nafarroak estatuari bere gain hartu gabeko zerbitzuak kudeatzearen truke. Ekarpenaren kopuru hori zehazten dutenean, iaz zein aurten Madrili ordaindu zaiona likidatu beharko lukete bi aldeek, halaber; hau da, behar baino diru gehiago ordaindu bazaio, estatuak alde hori itzuli beharko dio Nafarroari, eta alderantziz.

Pentsatzekoa da ekarpenaren akordio horrek arnasa ematea Nafarroako altxortegiari. Izan ere, logikaz, diru gutxiago ordaindu beharko luke Nafarroak, aurki trafikoaren ardura osorik hartuko duelako eta bizitzeko gutxieneko diru sarreraren kudeaketa ere bere gain hartuko duelako. Bi kontu horiek garrantzia handia dute negoziazioetan, baina orain arte ez da ezer aurreratu negoziazioaren edukiaz eta nondik norakoez. Galdetu zaion bakoitzean, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak iragarri du elkarrizketa “bide onetik” doala.

Mezu horrekin, arazo ororen susmoa piztea uxatu nahi izan du Txibiteren gobernuak, baina argi dago non dagoen korapiloa. Errepide zaintzaren eta bizitzeko gutxieneko diru sarreraren kudeaketaren kostuaren gaineko ikuspegi desberdinak dituzte.

Trafiko eskumenaren kasuan, beste arazo bat egon daiteke tartean. Foruzaingoak trafikoa zaintzeko ardura osorik izan arte, trantsizio epe bat irekiko da 2024 edo 2025 amaiera arte. Lan horretarako, gutxienez 149 foruzain gehiago beharko direla neurtu du gobernuak, baina ez dago argi zer gertatuko den egun zeregin horretan aritzen diren 175 guardia zibil ingururekin. Aurreratu dutenez, foruzain izan nahi duten guardia zibilei pasabide bat erraztuko diete, eta, guardia zibilek egun soldata hobea dutenez, foruzain izango diren guardia zibil horiei osagarri bat ordainduko diete —2022ko aurrekontu proiektuak jasotzen du aukera—.

Foruzaingoko sindikatuen artean ezinegona eragin du neurriak. ELAk gogor egin du erabaki horren aurka, eta guardia zibilei atea ixtea hobetsi du. APF eta CSIF-k, berriz, ez dute begi txarrez ikusten guardia zibilak foruzain egitea, baina bai gaitzetsi dute “soldata maila bikoitza” sortzea eta foruzainak “Nafarroan okerren ordaindutako poliziak” izatea. Guardia Zibilaren barruan ez dute begi onez hartzen transferentzia, eta horrek ere zeresana izan dezake akordioaren atzerapenean.

Gobernu barruan, eskumenen negoziazioei buruz ikuspegi desberdinak daude. Espainiako Gobernuan PSOE eta Unidas Podemos daudenez, Ahal Dugu-k eta bereziki PSNk lasaitasun mezua zabaldu nahi dute. Txibiteren arabera, Espainiarekiko “leialtasunez eta kohesioz” sakondu daiteke autogobernuan. Geroa Baik ontzat jo du “kontsentsurako ahalmena”, baina funtsezkotzat jo du, halaber, “anbizioz” aritzea. Horregatik, PSNri ohartarazi dio Madrilen aurrean “tinko” aritu behar dela. Hitzarmen Ekonomikoaz gain, Europako funtsen banaketak eta euskararen dekretuaren atzerapenak eragin ditu arrakala batzuk gobernuko bi bazkide nagusien artean. Baita EH Bildurekin ere.

Hala eta guztiz ere, gai nagusietan ados jartzeko gai izan dira. Lehenik, urriaren 25ean, udalen finantzaketaren eredua aldatzeko hitzarmena erdietsi zuten PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Akordio horrek 2022rako udalentzako hamasei milioi gehiago jasotzeaz gain, aurrera begirako finantzaketa ziurtatzen du, eta, batik bat, beste banaketa sistema bat ezartzen du. Orain arteko ereduak, batik bat, Iruñeari mesede egiten zionez, eredu berriak udalen arteko desberdintasun horiek amaitu nahi izan ditu —hiriburu izate hutsagatik diru kopuru bat ziurtatuta izatea, adibidez—.

Akordio horren ondotik, azaroaren 6an, aurrekontuei bide emateko akordioa izenpetu zuen EH Bilduk Nafarroako Gobernuarekin. “Navarra Sumaren aurrean gehiengo alternatiboa dagoela islatzen du akordioak. Aurrekontuok ez dute iraultza bat irudikatzen, baina bide bat ezartzen dute”, esanez arrazoitu zuen EH Bilduko Bakartxo Ruizek. Akordio horrekin, hamar milioi euro gehiago inbertituko ditu gobernuak; batez ere, gizarte arloko politiketan. Ondo bidean, datorren abenduaren 23an onartuko dira.

Politikoki, bi aldeek irabazten dute. EH Bilduren kasuan, lehen akordioak balio izan zuen PSNk euren aurka jarritako marra gorria ezabatzeko; iazko akordioa, berriz, pandemiak baldintzatu zuen. Aurreko bi urteetako itunekin alderatuta, 2022ko kontuetan koalizio abertzalearen eskakizunek indar handiagoa dute. Gobernuak, berriz, bere neurriei bultzada ematea eta legealdi amaiera lasaia ziurtatu ditu.

 

Alderdiak mugitzen hasi dira 2023ko bozei begira

Legealdi erdia igarota, alderdiak 2023ko maiatzeko udal eta foru bozei begira daude. Urrian, espero bezala, PSNk berretsi zuen Maria Txibite izango dela idazkari nagusi beste lau urtez. Ekainean, UPNk aurreratu zuen Navarra Suman jarraitu edo ez aztertuko zuela; mugimenduak agerian utzi zuen zalantzak dituztela koalizioaren eraginkortasunaz. Martxoan, Ahal Dugu-ko primarioetan militanteek Begoña Alfaro hautatu zuten koordinatzaile nagusi izateko. Udazkenean, berriz, Nafarroako Ezker Batuak Carlos Guzman aukeratu zuen koordinatzaile, Marisa de Simonen ordez. Ekainetik aurrera, Ahal Dugu-k, Ezker Batuak eta Batzarrek bilerak egin dituzte, bozetan elkarrekin joateko aukera aztertzeko. Geroa Bai barruan Geroa alderdiak lehen urratsak egin ditu, eta Uxue Barkos hautatu du idazkari nagusi.