Amets Aranguren Arrieta
Gazteluko plazako 2. zenbakitik pasatu eta, kristalezko hiru arkupeetako edozein begiradarekin gurutzatuta, minutu batzuk beharko dituzu barnekoa zer den imajinatzeko. Ez izan lotsarik, kanpoan Iruñea da eta negua, barnean ez hainbeste. Sartu bezain pronto eginen dizu ongietorria Garazik edo Maialenek. Pareta zuriak eta zurezko altzariak, landarez eta liburuz josiak. Oholtza bat Estafetara ematen duten bi leihoen parean eta koloretako aulki eta mahaiak harlauza grisen estalki.
Kafetegia da Laba. Baina Laborategia ere bai. Beraz, nire gomendioa: hautatu ezazu tostada on bat (edo bat baino gehiago), kafea, infusioa, zukua, jogurta, bizkotxoa… nahi duzuna. Eseri zaitez libre topatzen duzun eserlekurik politenean (bizkor bazabiltza igual belusezko besaulki gorria egonen da libre oraindik…) eta jar zaitez pentsatzen zer nahi duzun egin.
Goxo egoten da Laban, magma hori bi urtez berotzen joan den sumendiari esker, hein handi batean. Badakigu deus ez dela ezerezetik sortzen (bueno, ez dakit seguru, baina hau benetan ezetz). Hor parean dituzun altzari horiek, lokalaren hezurdura-edo, bi arkitektok diseinatuak dira eta hamarnaka lagunek auzolanez eraikiak. Beste taldetxo bat ibili da kartelak eta bideoak egiten, gero besteren batek sareetan konpartitu ahal izateko. Beste batek gogorarazi du Iruñean gaudela eta guretik eta guretzako izan behar dela espazioa (ulertuta gure hori oso gure zabala dela, noski). Eta salbatu du azken orduko ezustekoren bat. Mila akta daude bilduak ez dakit zenbat koaderno diferentetan. Beste batek hartu du ardura gauzak argi esateko eta baita denon ahotsak entzun daitezela bermatzekoa ere. Izan dira paretetan pegatuak eskemak eta kronogramak, jarraitu direnak eta beste bide bat hartu dutenak. Egin dira power point-ak, esketxak, kamisetak… Eta obra handi bat. Paper artean ibili dira beste zenbait, gelditu gabe. Beste batek ekarri du gurasoenetik ontziteria vintage-a. Urte (gutxi) batzuk gehiago dituztenen esperientziak eman du nondik jo erabakitzeko pista. Batek baino gehiagok ez du zalantzarik izan ardurak bere gain hartzeko, beti prest. Eta eskerrak ezinbesteko horietako pare bat ere izan den tartean, taldearen gurpil eta prestutasuna topera. Ikusten ez diren gauzak egin dituzten beste hamaika ere badira. Nork bere gora eta bere behera, jende honen esku eta buruek jarri dute martxan dena.
Zuk, eserita zauden horrek, Aretak prestatu dituen playlistetako bat entzuten ari zarela kafeari azken tragoa ematean, oraindik ez baduzu zer egin erabaki, egon lasai, egunero pasa zaitezke asteazkenetik igandera eta beste ratu batez pentsatzera eseri (erabakia ere izan daiteke egunero lehenengoa heldu, besaulki gorria hartu eta bertan gosaltzea, ez duzu zertan gauza kulturetarik egin).
Begiratu, irakurri, galdetu, probatu, eskaini, entzun, ukitu, proposatu, kantatu eta kontatu nahi bezainbeste. Horretarako baita, hain zuzen ere, egongela bat. Kontuz ibili, zeren eta orain bai, Gazteluko Plazako lurraren zatitxo bat Laba da.