Argazkilariak Vianako Printzea saria jaso zuen 2020. urtean. Carlos Canovasek egindako 30 argazkitik gora jasu dituzte liburuan; haietako batzuk, orain arte argitaratu gabeak.
Edurne Elizondo
“Bazen garaia, 31 urte joan baitira saria lehenengoz eman zutenetik”. Horixe erran zuen Carlos Canovas argazkilariak (Hellin, Espainia, 1951) 2020. urtean, Vianako Printzea saria eman ziotela jakin eta gero. Argazkilaritzari aitortza egin izana eskertu zuen, nagusiki; zehazki, bere lana nabarmendu izana, bigarrenik. Orain, sari horri segida eman dio Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak, eta Canovasen zenbait lan jasotzen dituen Estratos. Fotografía y palabras liburua argitaratu du.
Irudiak eta hitzak elkarren ondoan eta elkarri so jarri ditu egileak liburu horretan; aurretik argitaratutakoak dira zenbait, eta bertze batzuek, berriz, lehenengo aldiz jasoko dute ikusleen begirada. Obra horrekin, Canovasek jasotako sariaren bidez argazkilaritzari egindako aitortza bultzatu eta zabaldu nahi izan du Nafarroako Gobernuak.
Jaio zen urte beretik bizi da Nafarroan Canovas, eta landak eta hiriak bat egiten duten tokia bilakatu du bere berezko habitat. Espazio hori harrapatu du bere kameraren bidez. Bere aitaren eskutik murgildu zen argazkilaritzaren munduan, etxean laborategia baitzuen. 6 urte zituenerako, aita laguntzen aritzen zen, eta kamera altxatzeko indarra duen bitartean argazkiak egiten segituko duela erran du behin baino gehiagotan.
Ibilbide luze eta sendoa egina du Canovasek, baina, hala eta guztiz ere, Estratos liburua argitaratzea “abentura” bat izan dela nabarmendu du, Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaolarekin egindako aurkezpenean, Iruñean. “Ez da ohiko liburu bat; ez da egiteko errazak diren proiektu horietako bat, baina tiraderan gordea nuen ideia garatzeko aukera sortu denean, aurrera bertzerik ezin nuen egin”, azaldu du argazkilariak.
Canovasen 30 argazki baino gehiago jaso ditu Estratos lanak; irudien inguruko testuen bidez, bere
gogoetak eta kezkak partekatu nahi izan ditu egileak. Esnaolak garbi erran du, Canovasen obrari buruz, egilearen “munduari so egiteko modua” islatzen duela. Hurbilekoa nabarmentzen duen munduari so egiteko modu bat da Canovasena, hain zuzen ere; suntsikorra den ingurua betirako gorde nahi duen begirada bat da argazkilariarena.
Hautagaitzak aurkeztu
Apirilaren 25ean amaituko da Vianako Printzea sarirako hautagaitzak aurkezteko epea. Nafarroako Gobernuaren asmoa da sari horren bidez kulturaren edozein esparrutan nabarmendu diren pertsonen edo taldeen lana aitortzea. Talentu artistikoa sustatzeko saria ere antolatu du Nafarroako Gobernuak, hirugarrenez, kulturaren arloan ari diren gazteei bultzada emateko asmoz.
Argazki nagusia: Carlos Canovas.