“Nik ez dut batere sufritu; plazer handia izan da Argan aritzea”

“Nik ez dut batere sufritu; plazer handia izan da Argan aritzea”

Hogei urtez izan da Nekane Zibiriain Iruñeko Arga tabernako barran. Erretiroa hartu zuen abenduan, uholdeak gertatu eta gero. Ostatua nork hartuko duen zain da, euskaldunentzat bilgune izaten segitzeko.

Edurne Elizondo

Iruñeko Arga jatetxea berriz irekiko duen norbaiten bila da Nekane Zibiriain (Iruñea, 1952). Egoerak eragiten dion kezkak ere ez du lortu haren aurpegiko irribarrea itzaltzea, halere. Sumatzen zaio barraren atzean hogei urtez erakutsi duen indar bera.

Erretiroa hartu eta gero, zer moduz?

Egia esan, abandonatu izan banu bezala sentitzen hasi naiz.

Oraindik bertze norbaitek hartu ez izanaren arantza duzu?

Bai. 70 urte ditut, eta banuen ordua erretiroa hartzeko. Baina zera hori dut barruan. Eta saiatu naiz tabernarekin jarraituko duen norbait bilatzen, baina zaila da. Azken bi urteotan, hori izan da nire asmoa, norbait hartzea nirekin aritzeko, eta behin ni joanda haren esku uztea. Banuen langile bat, eta akordioa ia egina genuen, baina, pandemia etorri eta gero, atzera egin zuen.

Zaila da, beraz?

Ez da lan erraza. Indarra egin behar da. Izan da nire bizimodua, eta plazer handi bat izan da Arga jatetxean aritzea. Saiatu naiz, baina ezin izan dut inor aurkitu. Nik uzteko data bat zehaztu beharra nuen jada.

Abenduan utzi zenuen, baina ez nahi bezala; Arga ibaiak gainezka egin, eta azpian hartu zuen taberna.

Hamar eguneko egitaraua genuen prestatua, agur modura. Baina uholdeak gertatu, eta ezin izan genuen egin. Argaren bidean gara. 2013an ere sartu zitzaigun ura barruraino. Arrotxapeak hori du. Iaz, abenduaren 18an, azkenean, egin genuen ospakizun bat. Bertsolariak egon ziren, Zuberoako kantariak ere bai, eta bazkari bat egin genuen. Egun osoko besta egin genuen, ederra benetan!

Taberna ez duzu oraindik erabat utzi, obrak egiten ari baitzara.

Uste dut behar dela horrelako txoko bat auzoan. Arga izan da euskararentzako txoko bat Arrotxapean. LAB dago ondoan, bertsolarien elkartea, Eusko Kultur… eta Arrotxapean bada euskaldun jende asko. Behar da, eta horregatik ari naiz moldatzen. Erabiliko duenak erabil dezala gogo onez.

Iruñean bada norbait Arga jatetxea ezagutzen ez duena?

Taberna zaharra da! 74 urte inguru ditu. Azken hogei urteak izan dira intentsoak, batez ere, garatu ditugun harremanei esker. Garai batean, taberna nik hartu baino lehen, zezenen buruak izaten zituzten, eta unaimaizterrak etortzen ziren. Gurekin, aldatu egin da taberna. Jendea ez zen elkartzen edateko; taberna izan da harremanak egiteko leku bat, goxoki egoteko denok.

Gazte jende anitz izan duzu bezeroen artean?

Bai, gazte asko! 06:00etan irekitzen nuenez, askotan etortzen ziren honat zerbait jatera, etxera joan aurretik. Orain galdetzen didate ea ez ote dudan berriz irekiko…

Goiz hasten zenuen lanaldia.

Bai. Garai batean Iruñeko espetxea ere ez zen hemendik urrun, eta kartzelatik ateratzen zen jendea ere etortzen zen. Errespetu handiz tratatzen ninduten beti.

Taberna hartu zenuenean, bazenuen eskarmentua ostalaritzan?

Gutxi. Hamaika tokitan aritu naiz lanean gazte garaitik: izan nintzen idazkari, eta egin dut lan harategi batean, irakaskuntzan eta haurren eta zaharren zaintzan ere, adibidez. Lan pilatan aritu naiz.

Azkena izan da Argakoa, beraz?

Bai. Koinatarekin eta ilobekin deliberatu genuen Arga hartzea. Beldur handiz, ni ez bainaiz ostalaritzako emazte bat. Ez nintzen… Baina, poliki-poliki, egin dugu aurrera. Aurreko jabea ez zen batere euskaltzalea. Esan zidan: ‘Hemen pintxoak? Ez duzue lortuko’. Ni hasi nintzen gauzak nire maneran egiten.

Ordu anitz lanera lotuta?

Bai. Hori behar da. Nik bi seme-alaba ditut; beren bidea egin dute jada. Tabernan ni izan naiz beti arduraduna, eta jenio txarra erakutsi behar izan dudanean, erakutsi dut! Laguntzarekin ere, beti han nintzen. Baina ez dut batere sufritu. Izan dira momentu zailak, baina… ez ditut gogoan ere. Plazer handia izan da.

Pandemia nola bizi izan duzu?

Ez nuke esanen garai txar bat izan denik. Ni nintzen tabernan zegoena, eta pazientziaz hartu dut. Itxi behar dugula? Ba, itxiko dugu, eta ahal denean berriz ireki. Noski, nirekin zegoen langilearekin nuen kezka, baina atera ginen primeran. Izan da gauzak lasaiago egiteko aukera bat ere. Eta izan ditugu laguntzak. COVID-19a izan badut, ez dut jakin ere!

Taberna Arrotxapean; auzo hori izan duzu bizitoki ere?

Azken 30 urteotan, bai. Kasedan ere bizi izan naiz.

Hangoa duzu familia?

Aita hangoa da. Langile familia izan da gurea. Aita eraikuntzan aritu da, zenbait enpresarekin, bere kabuz hasi arte. Kasedan, galtzerdiei puntuak hartzen aritzen ginen.

Familia noiz mugitu zen Iruñera?

Aita eta ama gazte etorri ziren, 21 eta 20 urterekin, osaba baten etxera. Ni Iruñean sortu nintzen. Baina badugu harremana Kasedarekin, aitak bere amaren etxea du han.

Nolakoa zen zure gazte garaiko Iruñea?

70 urte ditut, eta 19rekin joan nintzen etxetik. Orduan nor joaten zen etxetik? Galduak zirenak! Ni ibiltzen nintzen mendian, langile giro batean, eta euskalduna. Aita…

Haserre?

Hiru emazte ginen, eta ni zaharrena… baina joan nintzen etxetik, eta 21ekin Zuberoara joan nintzen. Ordurako hiru aldiz izana nintzen bahitua.

Poliziak eraman zintuen?

Bai. Giro borrokalari batean bizi nintzen. Pentsatzen aritu naiz berez ote zaren halako pertsona bat edo erabaki kontziente bat ote den. Nik uste dut sortzez zarela borrokalari, neurri handi batean. Baduzu kontzientzia bat, konturatzen zara gauzez. Emaztea naiz, gainera, eta errepresioa alde guztietatik etortzen zen garai hartan.

Emakume independentea izaten saiatu zara beti?

Noski! Eta ez zen erraza.

21 urterekin Zuberoara. Urrats hori egitea ere zaila izan zen?

Hiru aldiz bahitu eta gero… ni ja sartua nintzen [ETAn], nire bila ari ziren, eta joan nintzen. Bakarrik pasatu nuen muga. Kanbon [Lapurdi] familia batek hartu ninduen. Handik Hendaiara [Lapurdi] joan nintzen, eta gero Zuberoara. Ni barrualdeko emazte bat naiz; ez naiz kostaldekoa. Mendia gustatzen zitzaidan. Lanean hasi, eta nire bizitza egin nuen.

Nolakoa zen hango giroa? Aldaketa handia izanen zen, ezta?

Gazte denean, nor bizi da gaizki? Orain esaten dut hori, denborak aurrera egin eta gero. Orduan, paperik ez nuen. Lagunak ere etortzen ziren, paperik gabe, eta gorde behar genituen. Orduan ez zen hain zaila, egia esan. Edozer gauza esan, eta aurrera.

Luze gelditu zinen?

Hamalau urtez.

Zer utzi zenuen atzean?

Ni orduan idazkari lanetan ari nintzen Unzun, eta ikasten ere ari nintzen. Batxilergoarekin ari nintzen. Azkenekoz bahitu nindutenean, aitak kanpora eraman ninduen, Valentziako [Herrialde Katalanak] eskola batera.

Euskara Zuberoan ikasi zenuen?

Kasedan baziren Nafarroa iparraldean baso lanetan aritzen ziren gizonak, eta itzultzen zirenean, Kasedara bidean, gurasoen etxean gelditzen ziren Iruñean. Haiekin ikasitakoak idazten nituen: ‘Leña dicen egurra‘, esaten zuten, eta nik dena idatzi. Eskolan, noski, gaztelaniaz egiten genuen. Bagenuen irakasle bat, eta hark kontatzen zigun bere amak bazekiela euskaraz, baina ez ziotela egiten uzten kalean. Hori guztia barneratu nuen. Gero, Iruñetik joan baino lehen, Patxi Zabaletarekin eta Bixente Tabernarekin ere aritu nintzen ikasten. Ostatu batean elkartzen ginen, eta gauero etortzen ziren poliziak, paperak eskatzera. Lagun bat hartu zuten behin, eta orduan erabaki nuen alde egitea.

Zuberoan aurkitu zenuen aterpe.

Gamere-Zihigan bizi nintzen. Harategi batean aritu nintzen lanean. Han primeran bizi nintzen, baina hartu ninduten autobus batean, eta buelta.

Poliziak ekarri zintuen bueltan.

Bost egunez egon nintzen polizia etxean, eta gero autobusez ekarri ninduten. Eta, egia esan behar badut, ni ez naiz egokitu hemen. Zuberoara itzuliko naiz. Ostatuan nire giroan egon naiz, goxoki, nire etxean. Baina orain berriz joango naiz Zuberoara.

Urte gehiago eman duzu hemen; zergatik itzuli nahi duzu?

Asko markatu nau Zuberoak. Kostaldean beste maneraz bizi zen jendea. Baina hor bizi izan naiz…. Ostatua gogorra izango zela? Han ere esaten zidaten gogorra zela. Baserri batean bizi nintzen. Gogorra zen, baina elkarrekin bizi ginen; komunitate bat ginen. Ni etxean nengoen.

Hemen ez zara etxean?

Ez, hemen ez naiz etxean sentitzen. Erraztasuna dut edozein tokitara moldatzeko, baina gogoa, Zuberoan bizitzeko gogoa dut. Han gauza gutxirekin bizi ginen, eta primeran.

Pedro eta Nekane Zibiriain, ogi mamiak prestatzen, 2019an.

[Nekane Zibiriainen aita Pedro etxeko sukaldean sartu da. Elkarrekin bizi dira. “Askaria nahi duzu, aita?”. Pedro Zibiriainek baietz erantzun du, eta tira egin dio, jaso bitartean, alabak mahai gainean utzitako matazari. “Beti izan da errebeldea!”. Zuberoatik Iruñera bueltan ekarri zuten unea gogoratu du. “Abisatu zigun poliziek hartu baino lehen; autoa hartu, eta bidean alaba ekartzen zuen autobusarekin gurutzatu ginen!”. Sumatzen da bien arteko lotura sendoa dela,konplizitatez jositako harremana dutela].

Aita ondoan izan duzu Arga jatetxeko urteotan?

Bai, eta biontzat izan da polita elkarrekin aritzea. Maiatzaren Lehenean ogi mamiak prestatzen zituen, urtero.

Ostatua itxita, orain zer?

Irekiko duen norbait bilatu besterik ez dut nahi. Baina jendeak ez du konpromisorik hartu nahi. Nik ostatua hartuko duen norbait aurkitu nahi dut, eta, hori eginda, Zuberoara itzuliko naiz. Uste dut auzoak behar duela taberna. Ea lortzen dudan.

 

MOTZEAN

Gustuko duzun Iruñeko txoko bat? Zaila da Iruñeko txoko bakar bat aukeratzea. San Jose enparantza da bat, adibidez, edo Redin kalea, harresi-antz.

Taberna batean jartzeko kantu bat? Badator eguna, Bide Ertzean taldearena. Sanferminak edo Arrotxapeko bestak? Arrotxapekoak!

Zer da ostalaritzak duen gauzarik onena zuretzat? Ostalaritzaren onena da bitarteko bat dela jendea elkartzeko, nire ustez.

Eta zer da ostalaritzak duen txarrena? Galtzen ari dela elkartzeko dugun baliabide hori. Tabernak ixten ari dira.