Iruñeko Iturramako Institutuak paperezko zubien lehiaketa egin du, Nafarroako hamabost ikastetxetako zazpiehun ikaslerekin. Papera, kola eta silikona baino ezin izan dute erabili. Felix Solak irabazi du: 35,5 kilori eutsi dio bere zubiak.
Edurne Elizondo
Kilo bat, bost, hamar, hogei… Eta begi guztiak bi mahai lotzen dituen paperezko zubiari so. 25 kilo, 26, 27… Oihuak gero eta ozenago entzun daitezke Iruñeko Iturramako institutuko patioan, eta urduritasunak ere gora egin du Azagrako Reyno de Navarra institutuko Ikasle eta irakasleen artean. 30, 31, 32… Zubiak zutik segitzen du, osorik. 33, 34, 35…Kilo erdi gehiago, eta, azkenean: krak! Felix Solak eraikitako zubiak irabazi du Iturramako Paperezko Zubien Lehiaketa, 35.5 kilori eutsi eta gero.
Iturramako irakasleek bigarrenez antolatu dute aurten txapelketa hori. Nafarroa osoko hamabost ikastetxek hartu dute parte, eta, denera, ia zazpiehun ikaslek. Banaka edo taldeka egindako zubiak aurkeztu dituzte. Epaimahaiak ezarritako arauak bete behar izan dituzte denek: papera, kola zuria eta silikona baino ezin izan dute erabili zubiak egiteko. Neurriak ere eman dizkiete: 50 zentimetro luze, 10 zabal, eta 300 gramoko pisua, gehienez.
Iturramako institutuak 2018-2019ko ikasturtean antolatu zuen herrialde osorako lehiaketa, aurreneko aldiz. Azken bi urteotan ezin izan dute egin pandemiagatik. Aurten bai, eta erantzuna “izugarria” izan da. “Bi egunez egin behar izan dugu, ikastetxe eta ikasle asko animatu direlako. Oso pozik gaude”, azaldu dute Mkel Maza eta Ekaitz Gabirondo Iturramako informatikako eta teknologiako irakasleek.
Elkartzeko aukera
Teknologia ikasgaiaren barruan lantzen dute ikasleek egituren gaia, eta teoria modu atsegin batean azaltzeko hasi ziren Iturramako irakasleak, aspaldi, paperezko zubiak egiten. Gela barruko jarduera herrialde osoko ikastetxeen arteko elkarlan bilakatu dute. “Lehiaketaren aitzakian, zentro ezberdinetako ikasleek eta irakasleok egiten dugu bat; polita da”, erran du Patxi Larrainzar ikastetxeko teknologia irakasle Aritz Saraguetak.
Larrainzar ikastetxeko ikasleen aurretik aritu dira Azagrakoak. Ikasle bakoitzak bere zubia eraman du lehiaketara. Papera bilduz egindako tutu modukoak erabili dituzte zubiok eraikitzeko. “Lan handia da! Hiruhileko osoa eman dugu honekin”, kontatu du Carla Martinez Jimenezek.
Ikasle batzuk konfiantza txikiarekin hurbildu dira epaimahaiko kideengana. Salome Malo Moreno, adibidez, “harritu” egin da emaitzarekin: sei kilori eutsi dio bere zubiak. “Ez nuen uste hainbertze eutsiko zuenik!”.
Maloren kide Gorka Garciak ere harriduraz egiten dio so bere zubiari, Iturramako irakasleek kilo bat eta bertze bat zintzilikatzen duten bitartean. Lehiaketaren lehen egunean, Lizarrako ikasleek lortu zuten markarik onena, 29 kilorekin. Gertu ikusi du ontzeko aukera Azagrako Garciak, baina, azkenean, 25,5 kilorekin hondatu da gaztearen zubia. “Estua egin nuen hobeki eusteko; hori izan da sekretua”, azaldu du.
Miguel Torcelly irakasleak eta gelako kideek zoriondu dute, eta kontent gelditu da Garcia egindako lanarekin. “Lehiaketak izugarri motibatu ditu ikasleak; Azagratik atera eta Iruñera etorri garela aprobetxatu dugu, gainera, Zientzien Museoa bisitatzeko”, azaldu du Torcellyk.
Iturramako institutuko patioko giroak zentroko zuzendari Maria San Martin ere erakarri du. “Polita da toki bateko eta besteko ikastetxeok bat egitea, gutxitan elkartzen baikara. Polita izan da ikasleoi harrera egitea”, erran du. Gazteen oihuak nagusitu dira zuzendariaren ahotsaren gainetik. Bost kilo, hamar, hogei… etorkizuneko ingeniariak daude paperezko zubien atzean.
Argazkiak: Iñigo Uriz / Foku.