Esku hartze sozialeko langileak «langile publikoak» direla aldarrikatu dute Iruñean. LAB sindikatuak deituta, hogeita hamar bat langilek protesta egin dute Nafarroako Lan Tribunalaren parean, patronalari eskatzeko urratsak egin ditzala «soldata arrakala murrizteko eta lan osasuna hobetzeko». Hirugarren lan hitzarmen kolektiboa adosteko negoziazioen harira egin dute protesta.
Esku hartze sozialaren sektoreko lan gatazkak ez die Nafarroako profesionalei soilik eragiten. LABek, esaterako, Langile publikoak gara dinamika abian jarria du Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. «Ekinbide horren bidez, diru publikoarekin finantzatutako lanpostuak publifikatzea aldarrikatzen da, baita horien kudeaketa administrazio publikoak zuzenean bere gain hartzea ere», adierazi du sindikatuak gaurko agerraldian. Nafarroan, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa abiatu izana aukera gisa ikusten du LABek, «aldarrikapen horretan aurrera egiteko».
Iaz sinatu zuten sektoreko bigarren hitzarmen kolektiboa, eta orduko hartan, zenbait aurrerabide jaso zituzten zurian beltz; besteak beste, lanaldia pixkanaka murriztea, 2028an urteko 1.592 ordura iritsi arte. «Beste lan baldintza batzuk, ordea, bermatu gabe geratu ziren orduko hartan», esplikatu du LABeko ordezkari Maitane Errok. Oraingoan, soldatetan eta lan osasunean egin dute azpimarra: «Aspalditik ari gara lanean publifikazioaren bidean, eta negoziazioa zabalik denez, hori tresnatzat erabili nahi dugu bertan ekiparazio bidean aurrerapausoak eman ahal izateko. Helburu nagusia da soldata arrakala murriztea eta lan osasunaren alorrean ere neurri batzuk onartzea, langileok egunero jasaten ditugun erasoei aurre egin ahal izateko».
Erasoak lantokietan
Izan ere, sindikatuak salatu duenez, esku hartze sozialeko langileek «ohikoak» dituzte erasoak beren lantokietan. Halakoak gerta ez daitezen, zenbait tresna ezartzea proposatu du LABek, «erakunde bakoitzaren egoera erreala ezagutzeko». Bestalde, protokoloak diseinatzeko eta martxan jartzeko eskaera ere planteatu du negoziazioan: «Protokolo horiek prebentzioa izan beharko dute ardatz, laneko segurtasun eta osasun baldintzak hobetzeko».
Azkenik, sindikatuak iragarri du borrokan segituko duela lan baldintzak parekatzearen alde, eta mobilizazio gehiago antolatuko dituztela datozen asteetan, «hitzarmen kolektiboaren negoziazioan aurrerapausoak eskatzeko».
