Emakume txirrindularien egoerari buruzko mahai inguru bat egin dute, Irurtzunen. Erkuden Almagro eta Ainhoa Lekunberri txirrindulari ohiak, Hector Roldan zuzendaria, eta Maribel Aguirre eta Sheila Gutierrez txirrindulariak aritu dira. Aitzindarien lanak erraztu du egungo kirolarien bidea.
Edurne Elizondo
Errelebo lasterketa baten gisakoa izan da emakumeek txirrindularitzan egin duten bidea. Aitzindari batzuek hasitako lanari segida eman diote haien lekukoa hartu dutenek, eta, ahalegin horri esker, gurpilak biraka segitu du, gaur egun arte. “Anitz bada egiteko, baina anitz lortu dugu jada”, laburbildu du Ainhoa Lekunberri txirrindulari ohiak, kirol horri buruz Irurtzunen egindako mahai inguruan.
Lortu dute, adibidez, emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia antolatzea, lehenengo aldiz. Gaur hasiko da, eta Gasteiz eta Bastida artekoa izanen du aurreneko etapa, Arabako lurretan. Itzuliak ez du Nafarroa ukituko; hala eta guztiz ere, zaleek izan dute asteon lehen mailako txirrindularitzaz gozatzeko aukera. Asteburuan, batetik, Irurtzungo zikloturista martxa egin zuten, bigarrenez; asteartean eta asteazkenean, bertzetik, emakume profesionalek hartu zuten errepidea, Emakumeen Nafarroako Klasikoetan parte hartzeko. Nazioarteko tropeleko txirrindulari onenetako zenbait izan dira egunotan Nafarroan.
Tropel horretako kide dira Movistar taldeko Sheila Gutierrez eta Zaaf taldeko Maribel Aguirre. Logroñon (Espainia) jaioa da Gutierrez, baina lotura estua du Nafarroarekin. Iosune Murillo txirrindulari ohi nafarra izan du entrenatzaile, bertzeak bertze. Hector Roldan Reynolds taldeko txirrindulari ohiak ere zuzendu du Gutierrez lasterketa anitzetan. Roldanen eskutik etorri da Aguirre Nafarroara, hain zuzen, Argentinako San Juan sorterritik. Argentinako txapelketa irabazi berri du Aguirrek, eta Europan aritzeko ametsa betetzera etorri da orain Nafarroara. Duela hiru aste ailegatu zen, eta onena emateko “irrikan” da.
Garai bateko erreferente
Lekunberrirekin batera aritu dira Roldan, Gutierrez eta Aguirre Irurtzungo mahai inguruan. Erkuden Almagro txirrindulari ohiak ere hartu du hitza. Entzuleen artean bertze txirrindulari ohi batzuk eseri dira, 1990eko hamarkadan sasoi betean ziren Idoia Lazkoz eta Alicia Amezgarai, bertzeak bertze. Lekunberrirekin eta Almagrorekin aritu izan dira tropelean, Roldanen zuzendaritzapean.
Irurtzungo kultur etxean bat egin duten txirrindulariak ere erreleboka aritu dira beren esperientzien, iritzien eta kezken berri ematen. Almagrok oroitu du Lazkozen eta Amezgarairen berri irakurtzen zuela herrialdeko prentsan, eta haiek zituela, neurri handi batean, erreferente. “Nik ez nekien irabazten ote zuten edo ez, baina txirrindulariak ziren, bizikletaren gainean ibiltzen ziren, eta nik hori nahi nuen”.
Lortu zuen, eta Jeannie Longorekin eta nazioarteko tropeleko bertze zenbait txirrindularirekin aritu zen; Ainhoa Lekunberri ere izan zuen errepidean kide. “Gure garaiko arropak ere ez du zerikusi handirik gaur egungo emakume txirrindulariek janzten dutenarekin. Guk xingola jartzen genuen buruan, eta errepidera!”, gogoratu du Lekunberrik, irribarre zabal batekin. Garbi du emakume txirrindulariak ez direla helmugara ailegatu, baina uste du “nabarmenak” direla bidean aurrera egindako urratsak. Bere eta txirrindulari gazteen bizipenak parez jartzea nahikoa du gertatu den aldaketaz ohartzeko.
Almagro eta Lekunberri Bizikume taldeko kide dira; jarduera profesional batetik urrun, bizikletaz gozatzea dute helburu, eta, horrekin batera, bizikletaz gozatzeko aukera eskaintzea emakume guztiei. “Nik ez nituen ama edo amatxi bizikletaren gainean inoiz ikusi. Aritu ez direnei ere erakutsi nahi diegu”, azaldu du Almagrok. Zaletasuna bultzatu nahi dute, eta lortzen ari direla garbi dute, gero eta emakume gehiago ikusten baitute errepidean, eta zikloturista martxetan parte hartzen.
Bizikume taldea Emakumea eta Kirol Profesionala elkartearen barruan dago, eta, erakunde horretan, helburu dute kirol batean edo bertzean izaten den emakumeen bazterketa salatzea. Oraindik ere bada aldea kirol bereko gizonek eta emakumeek jasotzen dituzten sarietan, bai eta soldatetan eta baldintzetan ere. “Hori salatzen jarraitu behar dugu”, berretsi du Almagrok. Lehia atzean utzi zuen, baina ez bertze emakume kirolariekin duen konpromisoa.
Horregatik, elkarri babesa emateko beharra nabarmendu du, bertze deus baino lehen. Oroitu du emakume txirrindulariak Aralarrera igo zirela, duela zenbait urte, eta helmugan ia inor ez zegoela. “Horretarako ere egin behar dugu lan, zaletasuna pizteko, eta jendea gure kirola ikustera erakartzeko”.
Hedabideen lana
Ainhoa Lekunberrik Almagrok egindako lana nabarmendu du. “Zure lanari esker gaude orain gauden tokian”, erran dio. Garbi du zer hobetu badela, eta aldatu behar diren gauzen artean aipatu du hedabideen jarrera. “Oraindik ere, emakumeak haurtzat hartzen dituzten izenburuak jasan behar ditugu, bertzeak bertze”.
Sheila Gutierrezek iazko maiatzean argitaratutako albiste bat oroitu du, hedabideetan “hobetu behar” denaren adibide. “Tiffany Cromwell txirrindularia aritu zen Nafarroako Klasikoan, baina berria ez zen hori, baizik eta 1 Formulan aritzen den Valttari Viktor Bottasen bikotekidea zela, eta Iruñera etorri zirela elkarrekin”.
Gutierrezek onartu du gisa horretako izenburuek eta albisteek “amorratu” egiten dutela. “Izugarri amorratu” zuen iazko Espainiako Itzulian gertatu zenak ere. “Annemiek Van Vleutenek sekulakoa egin zuen: hiru minutu baino gehiago galdu eta gero, etapa eta itzulia irabazi zituen, izugarrizko balentria eginez; kirolari bikaina da, baina egindakoak ez zuen oihartzunik izan, egun berean Miguel Angel Lopezek itzulia utzi zuelako, eta hori izan zelako berri nagusia”.
Txirrindulari “pribilegiatua”
Gutierrezek, halere, “pribilegiatutzat” dauka bere burua. “Nik badakit zuena anitzez ere garai gogorragoa izan zela, eta inork ez ziola baliorik ematen egiten zenuten lanari. Ni talde handi batean nago, eta nahi dudana egiteko aukera eman didate. Zorte handia izan dudala uste dut. Egia da sarietan eta soldatetan aldea badela oraindik, baina niretzat hau pasio bat da, eta txirrindulari izateko aukera da gehien estimatzen dudana”, azaldu die mahai inguruko txirrindulari ohiei. “Ona da kontent eta gustura sentitzea; gozatu daukazun horretaz”, erantzun dio Almagrok Gutierrezi.
Aguirrek ere lortu du nahi duena egiteko behar zuen aukera, eta “kontent” da Zaaf taldean hasi berri duen bidearekin. Argentinan egoera hemen baino okerragoa dela uste du, eta, horregatik, hain zuzen, gehiago ari da gozatzen entrenamendu eta lasterketa bakoitzarekin. “Argentinan ez dago emakumeentzako lasterketarik; antolatzen badituzte, 40 kilometro ingurukoak izaten dira. Horrela ez dago profesional izateko modurik. Gizonekin aritu behar dugu, eta emakume anitzek uzten dute horregatik”.
Eibarren egin zuen debuta igandean, eta Emakumeen Nafarroako Klasikoetan ere aritu da. “Denbora behar du, halere, hemengo txirrindularitzara egokitzeko”, zehaztu du Hector Roldanek.
Roldan duela 44 urte ailegatu zen Uruguaitik Irurtzunera. “Reynodls taldean aritu nintzen, eta azken 38 urteak emakume txirrindulariekin lanean eman ditut”. Nafarroako hautatzaile ere izan da. Ongi ezagutzen ditu Irurtzunen bat egin duten txirrindulariak, denen entrenatzaile izan baita. Autokritikari eman dio tokia Roldanek, eta, egoerak hobera egin duela uste duen arren, garbi erran du gauzak ez direla “behar bezain ongi” egin. Oroitu du emakumezkoen lasterketa anitzetan saririk ere ez zutela ematen lanean hasi zenean, “neskak” ziren aitzakiarekin.
Gutxieneko baldintzak
Sarien gainetik, segurtasuna jarri du Sheila Gutierrezek erdigunean. Horri eman dio garrantzia, batez ere, eta salatu du parte hartu izan duela batere segurtasun neurririk gabeko lasterketatan. “Egia da emakumeak eta gizonak aritzen garen txapelketetan ordutegirik onenak gizonentzat izaten direla, baina azpiegitura bera erabiltzeak ekarri du segurtasun baldintzek eta plangintzak hobera egitea, eta hori hagitz garrantzitsua da”.
Erantsi du txirrindulari profesionalak lanean ari direla emakumeen lan baldintzetan “gutxieneko batzuk” behintzat bete ditzaten. “Pozgarritzat” jo du Ainhoa Lekunberrik talde handien emakumeen aldeko apustua, baina erantsi du borondate politikoa ere behar dela “egiturazko aldaketa bat” gertatzeko, eta emakumeek aukera izan dezaten kirolaren esparruan berdintasunez aritzeko.
Borondate politikoaren auziari eusteko prest dira Irurtzungo eta Arakilgo udalak. Elkarrekin antolatu dute mahai ingurua emakume txirrindularien egoera jorratzeko, eta hori ere “borondate politikoa” erakusteko modu bat dela uste du Arakilgo alkate Oihana Olaberriak. Irurtzungo astearteko klasikoa antolatu izana ere nabarmendu du,emakume txirrindularien lana bultzatzeko asmo horren adibide.
Atzoko eta gaurko txirrindularien egoera anitz aldatu dela agerian utzi du Irurtzungo saioak. Aldatu dira taldeak, baliabideak, bai eta bizikletak eta txirrindularien arropak ere. Gizartearen begirada ere aldatzen ari dela garbi dute mahai inguruan parte hartu dutenek. Emakume txirrindulariek bizikletara igotzeko duten gogoa eta pasioa dira aldatu ez diren bakarrak.