“AEBetan, lorategi estilo ugari dago; asko ikas daiteke han” »

“AEBetan, lorezain onenak japoniarrak eta euskaldunak ziren. Japoniarrak ziren finenak, eta euskaldunak beti ibiltzen ziren haiek imitatu nahian. Euskaldunak, berriz, oso langileak zirelako nabarmentzen ziren”, dio John Telletxea lorezainak (Berkeley,…

Kalekalde gazte lokalak urtebete bete du Iruñean »

Martxoan ospatuko du Kalekalde Caldereria kaleko gazte lokalak urteurrena. Iruñerriko gazte mugimenduak kudeatutako gunea da, irekia eta gizarte gaiak lantzeko prestatua. Hainbat esparru jorratzen ditu: hala nola kontsumoa, festa ereduak, kultura, internazionalismoa eta feminismoa. Hain zuzen ere, azken hilabetean feminismoaren inguruko hitzaldi zikloa antolatu du Derrigorrezko feminitate zerbitzua izenburupean. Martxoan, urteurren ekitaldiei ekingo diete hango kideek. Mahai inguruak eta tailerrak izango dira. Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, Kalekalderen Twitter kontuan, Facebookeko orrian edota www.kalekalde.org atari digitalean topa daiteke.

“Unibertsitate herrikoiaren campusa auzoa bera da” »

Krisi ekonomikoak auzoan zer ondorio sortzen zituen jakiteko, Sanduzelaiko (Iruñea) Herri Ekimenak diagnostiko bat jarri zuen martxan 2012an. Diagnostiko horrek auzoak zituen gabeziak azaleratu zituen: langabezia tasa handia eta zerbitzu publiko gero eta okerragoak. Hori ikusirik, hainbat auzokidek krisiaren erantzuleei izen-abizenak jarri nahi izan zizkieten. Baina, horrekin batera, erantzun positiboak ere sortu nahi zituzten, alternatibak. Horrela eratu zuten Sanduzelaiko Unibertsitate Herrikoia. Bertako kide dira Amaia Barrena (Iruñea, 1988) eta Joseba Arbaiza (Bilbo, 1981). Iazko ekainean martxan jarri zuten, eta oraindik bidea egiten ari dira, baina oinarriak argi dituzte. “Berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako formazio kritikoa sustatu nahi dugu”, dio Arbaizak.

Zer da unibertsitate herrikoia? Nola ulertzen duzue kontzeptu hori?

JOSEBA ARBAIZA: Ez dugu ezer asmatu. Azken mendeetan, une zehatzetan herri ekinbideak horrelako hainbat proiektu sortu ditu. Auzoan hainbat gabezia ikusi genuen, eta erantzuteko asmoz sortu genuen unibertsitate herrikoia. Horren bitartez, berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako formazio kritikoa sustatu nahi dugu. Betiere modu horizontalean. Hau da, denok badakigu zerbait, eta hori baliatu nahi dugu elkarrengandik ikasteko. Era horretan, auzotarren arteko kohesioa lortu nahi dugu.

Unibertsitatea espazio fisiko batera mugatzen da?

AMAIA BARRENA: Hasieratik esan genuen, unibertsitate herrikoia denez, auzoak berak izan behar zuela erreferentzia nagusia. Beraz, unibertsitate herrikoiaren campusa auzoa bera da. Karrikagunean dokumentazio zentroa dago. Baina erabiltzen ditugu, besteak beste, Civivox, auzo elkartea eta, eguraldi ona eginez gero, kalea bera ere bai.

J. A.: Askotan, unibertsitate hitza lau hormarekin, eraikin txukun batekin eta ezagutzak modu hierarkikoan ematearekin erlazionatzen da. Zenbait ariketa egin genituen unibertsitatea definitzeko, edo berriro definitzeko. Orduan, ondorio batzuetara heldu ginen. Gure helburua ez da tituluak ematea, edo ehuneko ehunean egia diren gauzak esatea. Nik elkargune modura ikusten dut. Elkargune hori erreka parean, plazan edo kale erdian egon daiteke.

Zer ekinbide eraman dituzue aurrera?

A. B.: Nik bi atal ikusten ditut. Alde batetik, unibertsitate herrikoia aurrera eramateko astero biltzen den taldea. Eta, beste alde batetik, ekintzak proposatzen dituen kanpoko jendea. Guk hainbat ekintza prestatu ditugu. Baina gero, kanpoko jendea etor daiteke eta gauzak proposatu ahal ditu. Adibidez, baten bat etor daiteke eta esan: “Nik software askearen inguruko zerbait antolatu nahi dut”. Horrelako proposamenek ere tokia dute unibertsitatean.

J. A.: Lau ildo nagusi ezarri genituen. Lehena, Sanduzelaiko auzoan gaudenez, auzoko historia berreskuratu nahi dugu. Baina ez liburuetan agertzen dena. Auzoko kolektiboek historia nola bizi duten jakin nahi dugu. Horregatik, bertako historia bilduko duen dokumentazio zentroa egiten ari gara, kolektiboen kartel, idazki eta abarrekin. Nafarroa etorbideko biribilguneko pasabidea lortzeko egin zituzten barrikadetatik hasi, eta Karrikagunea lortzeko eman den prozesura arte.

Bigarrena iritzi politikoaren ingurukoa da. Arlo anitz jorratzen ditugu, hala nola ekonomia, eskubideen urraketa eta internazionalismoa. Gure egunerokoan gertatzen diren gauzei buruzko iritzi politiko kritikoa sortzeko foro antzekoa egin nahi dugu. Oraingoz, memoria historikoa, Nafarroako langile mugimenduaren historia eta Siriako gerra landu ditugu. Orain, Nafarroako Erresumari buruzko ikastaroa antolatzen ari gara.

Hurrengoa euskara eta euskal kultura da. Inguru erdaldunean bizi gara. Baina badaude pertsona euskaldunak, eta guk horien arteko zubi lana egin nahi dugu. Bestalde, irakurle txokoa ere sortu dugu.

Laugarren ildoa gremioena da. Auzoan langabezia tasa handia dago. Langabeek gero eta arazo gehiago dituzte birziklapen ikastaroetan parte hartzeko. Horregatik, formazioa eskaintzen duten auzoko hainbat elkarterekin elkarlanean aritu nahi dugu; langabeei formatzeko aukera eman nahi diegu.

Zein izan da auzoaren erantzuna? Jendeak parte hartzen du?

A. B.: Astearteko bileretan sei edo zazpi pertsona batzen gara. Gero badugu hurbileko jendea, laguntzeko prest dagoena. Azkenik, antolatutako ekintzetara hurbiltzen den jendea dago. Horietan sorpresa hartu dut. Antolatu ditugun azkenetan ez nuen inor ezagutzen. Hori seinale ona da.

J. A.: Garapena ikusi dugu publikoaren aldetik. Hasieran, lagun batzuk etortzen ziren, baina hurrengoan beste pertsona batzuk, eta, azkenean, denak batera. Langile mugimenduaren historia jardunaldietan, adibidez, 18 eta 70 urte arteko jendea zegoen. Oso argazki polita izan zen hura.

Erreferentziarik izan duzue unibertsitatea sortzeko garaian?

J.A.: Orain dela hamarkada batzuk Donibane auzoan horrelako esperientzia bat egon zen. Eurekin hitz egin dugu. Badakigu Barañainen eta Berriozarren antzeko proiektuak daudela ere, ateneoak. Baina erreferentzia nagusia Bilboko Errekalde auzoko unibertsitate herrikoia da, oihartzun handiena izan zuelako eta denboran gehien iraun zuelako.

Errimaren taldekako jokoa »

Nafarroako bertsolaritza sustatzeko xedez antolatu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak, lehenengoz, Bardoak taldekako bertsolari txapelketa. 2012an abian jarritako lehiaketaren emaitza “oso ona” izan zela ebatzita, aurten ere esperientzia errepikatzea erabaki dute. Bardoak-en bitartez bestelako txapelketetan parte hartzen ez duten bertsolariek parte hartzea lortu dute, batez ere. Tamaina txikiko bertso saioak izaten dira, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko tentsio unerik gabekoak. Orotara, hamasei taldetan banatutako 110 lagunek parte hartuko dute. Horietatik hirurogehi bertsolariak izango dira, eta gainontzekoak aurkezleak, ordezkariak eta gai-jartzaileak. Lehia gaur hasiko da, iluntzean, eta Lesakan, Arbizun, Zubietan eta Erratzun izango dira saioak. Bardoak-en bigarren edizioan ere errimarekin eta gaiekin asmatzen duen taldea izango da garaile.

Beharrak aginduta jarri zuen martxan Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bardoak txapelketa. “Gure artean bazegoen kezka urtero-urtero Nafarroako Bertsolari Txapelketa egitea ez ote zen nekagarria izango”, aitortu du Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Izan ere, 2012 arte, urtero egiten zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Hausnarketa prozesu baten ostean, txapelketa nagusia bi urtean behin egitea erabaki zuten. “Azkenean, taldekako txapelketaren aldeko apustua egitea erabaki genuen”, azaldu du Rekondok. Apustuaren emaitzak onak dira, eta beste bertso elkarte batzuek ere eredu bertsuaren aldeko hautua egin dute, Arabakoak esaterako.

Erronka handia izan da taldekako bertso txapelketa, baina Rekondo ziur da bete-betean asmatu dutela. Izan ere, saioak tamaina txikikoak izaten direnez, bertsolariek ez dute euren burua horren “estututa” ikusten. Gainera, elkarteak bertso zaletasuna sustatzea du xede nagusi. Kontuan izan behar da Nafarroan euskarak zein egoera duen eta horrek bertsolaritzan eragin zuzena duela. Dena den, azken urteetan, herrialdean errimen jokoak duen egoera hobetzen ari delakoan dago Rekondo.

Bardoak-en parte hartuko duten taldeak oso aniztunak dira. Bertsolariez gain, kideetako batzuek ordezkari lana edota gai-jartzaile lana egiten dute. Beraz, bertsogintzan behar diren bestelako eragileak ere presente izango dira taldekako lehian. Alde horretatik, ohiko txapelketak ematen ez dituen aukerak ematen ditu taldekakoak.

Lehen taldekako txapelketak bere fruituak eman zituen, eta bigarren edizioak bide bertsutik joko duela irizten dio Rekondok. Izan ere, 2012an Bardoak-en parte hartu zuten lau bertsolarik Nafarroako Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuten lehenengoz, eta batek finalera iristea erdietsi zuen, Eneko Fernandezek, hain zuzen ere.

Gainera, gero eta gehiago hasten dira 18 urte beteta bertso eskolan. Esaterako, Iruñeko Hizkuntza Eskolan halako lagunak biltzen dituen bertso eskola dago. Hainbat kide euskaldun berriak dira, gainera. Bertsoaren afizioak Nafarroan goranzko joera nabarmena duen arren, Rekondo kezkatuta dago Nafarroako Gobernuak duen jarrera dela eta. Izan ere, gero eta murritzagoa da hezkuntza arautuan bertsolaritza eskolak emateko Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ematen duen diru saila. Nafarroako Bertsozale Elkarteko buruak ohartarazi duenez, litekeena da heldu den ikasturtean kolokan egotea hezkuntza arautuan bertsolaritza eskolak emateko aukera. Dena den, oraindik egoera bideratzeko aukera izatea espero du.

Txapelketa luzea

Txapelketa gaur arratsaldean hasiko da, eta lau saio izango dira: Lesakan, Zubietan, Erratzun eta Arbizun. Asmoa tamaina txikiko saioak egitea denez, antolatzaileek areto txikien aldeko hautua egin dute. “Kontuan izan behar da askok lehenengoz abestuko dutela publiko aurrean, eta areto txikiek ez dute horrenbesteko errespeturik eragiten”, azaldu du Rekondok. Denera, 23 saio izango dira. 2012an bezala, talde lana izango da txapelketaren oinarria. Gutxienez bost kide ditu talde bakoitzak: hiru bertsolari, gai-jartzailea, aurkezlea eta ordezkaria.

Txapelketak hainbat fase ditu. Lehen fasean, sei ligaxkatan banatuta daude hamasei taldeak. Bigarren fasea, berriz, sei taldek jokatuko dute. Talde horien artean, sailkapenean lehen hiru postuak erdiesten dituztenak iritsiko dira final nagusira: apirilaren 12an jokatuko da, Lesakako pilotalekuan.

Azken saioa, finala alegia, arratsaldez izango da, baina egun osoko festa eguna antolatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. “Azken urteotan, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala bertsolaritzaren eta euskal kulturaren ezinbesteko ekitaldi bilakatu da, eta Leitzan lehen edizioan gertatu bezala, Bardoak taldekako txapelketako 2014ko final hau ere lehiaz haratago dagoen bertsolaritzaren festa handia izatea nahi dugu”, jakinarazi du Rekondok. Beraz, apirilaren 12rako egitarauaren berri eman ez duten arren, egun osoz izango da zertaz gozatu eta zer ikusi.

Duela bi urteko esperientzian, taldeen arteko harremana eta giroa nabarmendu ziren. Gainera, bertsolaritza sarritan iristen ez den tokietara iristea ere erdietsi zen. Orain ere, bide horri jarraituko diote. Gainera, abenduan izan zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak bertsozaleengan eragin zuen olatuaren ubera profitatzeko parada izango da Nafarroan ere.

Pirinioak bizirik! »

Berriki, Udalbiltzak jendaurrean agertu du euskal Pirinioen magaletako eremuaren garapena sustatzeko asmoa. Gaindegiak euskal herrien gain egindako azterketa batean oinarrituz, biziberritzeko premia handiena duen eremua dela ondorioztatu da.Nabarmentz…

Ni D ereduko irakaslea naiz »

Orain dela 50 urte Nafarroako Sakanan jaio ginenok gaztelania hutsez ikasi behar izan genuen. Urte batzuk pasatuko ziren eskualdeko ikastolak sortzerako, eta garai hartan pentsaezina zen Nafarroako Gobernuak, noizbait, D eredua martxan jarriko zuenik.

OHOko ikasturteetan, txirularekin Eres alta y delgada primeran jotzen genuen, Espainiako ibai eta mendilerro guztiak ederki ikasi genituen, eta baita Burgoseko katedrala bisitatu ere, orduak jotzen zituen Papamoscasi aho zabalik eta isil-isilik begiratzen geniola.

Institutuko garaietan, hainbat ikasgairen artean, Literatura lantzen genuen, Espainiako literatura, jakina. Eta selektibitatean eskatuko ziguten testu-iruzkina prestatzeko, hamaika narrazio eta pasarte landu genuen, ederki asko landu ere, nahiz eta, esan beharrik ez dago, guzti-guztiak Espainiako semeen (alabarik ere ez) obrak ziren. Besteak beste, Valle-Inclán-en Luces de Bohemía, Cervantesen Don Quijote de la Mancha, Antonio Machadoren Poesías completas, Fernando de Rojasen La Celestina izan ziren irakurri beharreko liburuak.

Euskal Herriko maparik gabeko ikasgeletan ez ziguten euskal musikarik jartzen, ezta gure bertsolarien zortzikoren baten metrika neurtzeko eskatzen ere. Irakasle aurreratuenak Hego Ameriketako poetaren baten poesia helaraziko zigun grabazio musikatua lagun. Basamortua baino antzuagoa zen gure euskal ezagutza literario eta kulturala.

Euskara, eguneroko bizimoduko hizkuntza hura, etxeko eta lagun arteko tresna zen; kontu serioetarako, aldiz, ez. Gauzak horrela, orain dela 35 urte ez nuen uste euskaraz irakurriko nuenik, euskaraz irakurtzen zaletuko nintzenik, euskaraz ikasiko nuenik eta, are gutxiago, inoiz ezer euskaraz idazten ausartuko nintzenik ere. Aurreraxeago, ordea, ikuspegi berri bat zabaldu zidaten Mirandek, Arestik, Txillardegik, Atxagak, Urretabizkaiak, Aristik, Irigoienek… eta, nola ez, Sarrionandiak. Idazle horiek guztiek ez zidaten literatura soilik eskaini; izan ere, ezagutze-bide berriak erakutsi eta irakatsi zizkidaten: beste mundu bat, bestelako sentsibilitatea, bestelako errealitateak. Idazle haiek, aztien antzera, magia berriaz zipriztindu ninduten.

Eta beste mundu bat, bestelako sentsibilitate eta bestelako errealitate horiek dira azkeneko urteetan guk, D ereduko irakasle garenok, gure hizkuntzaz, gure ikasleei erakutsi eta irakatsi ahal dizkiegunak: Basajaunen basoetan eta Mariren haitzetan galdu, Obaba edo Kalaportun pasieran ibili, Joanes Mailurekin historiara bidaiatu, kauterekin bihurrikeriatan aritu, arrantzaleari galduriko eraztuna arrainaren tripetan aurkitu; Mattin Mottela, Irene eta Hinner ezagutu; munstroen hamaika aurpegiak identifikatu, Mikelotekin Orreagan abestu, dioramak irakurri, xake-mate egin, gauaz parke batean egon, Lutxen argazkiaren peskizan ibili, gure abenturak aukeratu, magnoliei usaina hartu, txoria maitatu, Alkasoroko bentan edozer erosi, samurai bihurtu, paper-festan murgildu, piztiak otzandu, erregearen mezularia izan, krokodilo bat ohe azpian aurkitu, Patakonekin bideetan lapurtu, Ebelinarekin zirku batean bizi… eta hori guztia Sherezade, Acab, Axenario, Alice, Bernarda Alba, Migel Strogoff, Poirot… ahaztu gabe.

“Kazetaritzan ez dago politika baino gauza aspergarriagorik” »

“Gure lanbidea ez da perfektua, ezta gutxiago ere, baina gustuko baduzu jendearekin harremanetan egon eta pil-pilean dauden gauzen gainean egotea, primerakoa da”, horrela dio Bingen Amadoz kazetariak (Murillo el Cuende). Erretiro aurreratua hartu du abenduan, baina ez du geldirik egoteko intentziorik. “Bidaiatzea asko gustatzen zait, baita irakurtzea eta idaztea ere. Mintzaidea ere banaiz. Gauza asko egin daitezke bizitzan, eta segituko dut hori guztia egiten”. Kazetari moduan, denetarik egin du Amadozek. Azken urteak kultura albisteen berri emanez igaro ditu, baina urte mordoa aritu da gizarte gaiak jorratzen.

Ofizio guztietan bezala, badaude alde onak eta alde txarrak. Amadozek denetarik egin du, eta kasu gehienetan gustura ibili da. Hala ere, badago bereziki gustatzen ez zaion gai bat: politika. “Kazetaritzan ez dago politika baino gauza aspergarriagorik. Batek esaten duena zabaldu, bestearen erantzuna jaso… joko baten pieza bezala sentitzen zara askotan”, azaldu du Amadozek.

“Nik ez nuen kazetaritza aukeratu, esan daiteke kazetaritzak ni aukeratu ninduela”. Kazetaritza ikasketarik gabe, Iruñeko Herri Irratian lan egiteko oposizioa pasatu zuen 1968. urtean. “Esatari bezala hasi nintzen, eta ofizioa ekinaren ekinez ikasi nuen”. Urte batzuk geroago, 1982an, Euskadi Irratia sortu zen, eta Amadoz bertan hasi zen lanean. Geroztik, hamaika zeregin izan ditu irrati publikoan. Albistegietan urteetan jardun da, eta azken urteak kulturan eman ditu. Azken urteetako lanaz oso oroitzapen ona du Amadozek. Sortzaileekin harremanetan egoteak, zer pentsatzen duten jakiteak asko bete du Amadoz. “Nik uste dut alor guztietan topa daitekeela jende interesgarria, baina sortzaileak dira niri gehien interesatzen zaizkidanak. Haiekin harremanetan egotea eta hitz egitea. Zer pentsatzen duten jakitea, zer egiten duten, hori guztia zoragarria da”, azaldu du.

Kazetaritzak, munduan denak bezala, momentu gaziak eta gozoak ditu. Une gozoak egunero sortzen direla dio Amadozek. “Momentu onak, zenbat aldiz? Erreportaje, elkarrizketa edo beste zerbait egin ostean, jendeak esaten dizu: ‘Oso ongi egon da’, edo ‘gustatu zait’. Jendeak eskertzen du berari buruz hitz egitea. Hainbeste aldiz gertatu zait”. Baina kazetaritzak egun gogorrak ere baditu. “Manifestazioetara joan eta beldurra pasatzea, tentsio une ikaragarriak, hori askotan. Manifestariak alde batean, Polizia bestean eta gu, berriz, beti erdian. Edo zailagoa zena, atentatu baten osteko hiletetan. Zure ikurra ezkutatu beharra badaezpada. Tentsio handia zegoen horrelakoetan. Beste batzuetan, irainak ere bai kazetaria zarelako, alde batetik zein bestetik”, dio Amadozek.

Hainbatetan esaten da komunikabideek errealitatea manipulatzen dutela. Euskadi Irratia Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen komunikabide bat izanik, zenbaitetan leporatu izan zaio manipulazio informatiboa egitea. Amadozek ez du esaten zentsurarik ez dagoenik, baina berak ez duela jasan dio. “Nire ustez, momenturik txarrena EITBn, dudarik gabe, PP eta PSE gobernuan egon direnean izan da. Orduan bai, orduan ikusi dut noiznahi eta ia egunero zentsura. ‘Ez esan horrela, esan bestela’. Ez horrenbeste nirean, baina bai telebistan edo Radio Euskadin”, azaldu du. Haren ustez, Euskadi Irratia telebista eta gaztelaniazko irratiak baino gutxiago kontrolatzen zuen orduko gobernuak. “Euskadi Irratia euskaraz denez, ez dute horrenbeste menperatzen, eta beharbada ez zekiten nola jokatu gurekin. Beraz, presio gutxiago sumatu dugu guk. Baina, ondoan nituen beste lankideak, eta horiek jasan dute, bai”.

Amadozek PSEk Eusko Jaurlaritzan agindu zuen urteetan ikusi zuen zentsura modu nabarienean. Hala ere, Luis Mendizabal kazetariak esan zuen zentsura beti egon dela EITBn. Zentsura baino gehiago, kontrola aipatzen du, eta horrek kazetariaren autozentsura eragiten zuela. Amadozen aburuz, hori botere guneetan gerta zitekeen, baina hark ez du ezagutu. “Bilbon edo Donostian, beharbada, gertatuko ziren horrelakoak. Baina gu Nafarroan geunden, ordezkaritza batean. Botere gunetik pixka bat urrun geunden, eta ez ginen horren garrantzitsuak. Ez dugu inoiz horrelako presiorik nabaritu”, azaldu du Amadozek.

Teknologiak etengabe jarraitzen du aurrera. Hedabide berriak sortzen ari dira etengabe, eta Internet plaza handi bat bilakatu da. Hala ere, Amadozek uste du irratiak beti izango duela tokia munduan: “Irratia komunikabiderik gertukoena da; ahotsak asko laguntzen du jendea bere egunerokotasunean. Etxean lanean ari den pertsona, taxilaria edo gaixoa. Batzuetan, bakarrik gaudenean, beste ahots bat entzuteko beharra dugu. Niri gertatu zait, eta pentsatzen dut beste askori ere gertatuko zaiola. Internetek ez du irratia ordezkatuko. Telebista asmatu zutenean gauza bera esaten zuten. Nik egunkariak ikusten ditut egoera okerragoan”.

“UPNk ez du nahi Nafarroan ETB ikustea euskal kultura gorroto duelako” »

2009ko uztailetik, Nafarroan ezin da ETB sintonizatu LTD lurreko telebista digitaleko kateen artean, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren desadostasunak direla medio. Horregatik, Nafarroako Eusko Alkartasunekoek ETB ikusteko antena bat jarri zuten Erreniegan. Orain, 54.000 euroko isun bati aurre egin beharko diote. Eusko Alkartasuneko Nafarroako koordinatzaile nagusia da Miren Aranoa (Buenos Aires, 1958), eta hark eman du auziaren berri.

2009an, lurreko telebista digitala ezarri zenean, bi gobernuek katearen egoera erregularizatzeko akordio erdietsi zuten. Baina gero ez zuten martxan jarri.

Jaurlaritzan Patxi Lopezek agintzen zuen orduan, eta hemen, Miguel Sanzek. PSEk bi administrazioek erdi bana ordaintzea nahi zuen. UPNk, aldiz, gastu guztiak Jaurlaritzak bere gain hartzea proposatu zuen. Azkenean, esan zuten oso garestia izango zela ETB Nafarroara zabaltzea. Baina ez da egia, aitzakia hutsa da.

2012an, horren kontra zer edo zer egitea erabaki, eta Erreniegan antena jarri zenuten. Nola sortu zen ideia?

EAko afiliatuek bultzatu zuten; jendea haserre eta minduta zegoen. Geure buruari galdetzen genion: zergatik ukatu digute gure hizkuntzan dagoen kate bakarra? Hori dela eta, dirua gure poltsikotik hartu eta antena ipini genuen. Hala, Iruñerriko 20.000 etxeetan ikusi ahal izan zuten ETB.

Antena muntatzea garestia zela zioten. Zuek, berriz, oso merkea zela. Arazoa ekonomikoa da?

Ez, ez da arazo ekonomikoa. Gezurretan zebiltzan. Guk 12.000 euro ordaindu genizkion enpresa bati Erreniegako antena instalatzeko, eta 40.000 euroen truke Nafarroa osorako heda zezaketela esan ziguten.

Orduan, zein da problema?

Problema ideologikoa da. UPNk ez du nahi nafarrok ETB ikustea euskal kultura gorroto duelako. ETBk emititzearen kontra jotzen du, Euskalerria irratiaren aurka ere bai… Euskal munduak atzeraka ematen dio.

Baimenik gabe antena ezartzea, baina, legez kanpokoa da, eta Espainiako Industria Ministerioko isuna ordaindu beharko duzue.

Hasieran, Guardia Zibila bidali zuten Erreniegara antena zigilatzeko, eta 45.000 euroko isuna jarri ziguten.Orain, 54.000 eurora igo dute.

Zergatik?

46.000 euro ordaintzearen kontrako helegitea aurkeztu genuen, eta oraindik ez digute erantzunik eman. Prozedura normaletan ez da isuna ordaindu behar errekurtsoarekin zer pasatzen den esaten dizuten arte, sententzia behin betikoa den arte. Baina hau ez da prozedura normala, eta helegitearekin zer gertatzen den ebatzi aurretik igo dute ordaindu beharreko kalte-ordaina.

Zergatik diozu ez dela prozedura normala?

Legetik at eramaten ari direlako gaia; ekinbideek ez diotelako juridikoki zegokien bide arruntari jarraitu. Bat-batean iritsi zitzaigun 9.000 euroko errekargua, isuna atera bezain pronto ez genuelako ordaindu. Baina kontua da inoiz ez dela unean bertan ordaintzen!

Ordaindu dituzue 54.000 euroak jada?

Bai, orain alderdiko afiliatuei laguntza txartelak salduz berreskuratu nahi dugu dirua. Izan ere, dirutza da, eta gu ez gara alderdi handia.

Dena den, helegiteak bere horretan dirau.

Bi errekurtso dauzkagu martxan: bat isuna kentzeko eta bestea antenaren zigilua bertan behera uzteko. Uste dugu eskubidea dugula euskarazko kate publiko bakarraren emisioak jasotzeko.

Eta nola dago orain auzia?

Oraingoz, Auzitegi Nazionalean, baina arrazoia ematen ez badigute, Europako auzitegietara joko dugu.

Prozedura judizialean sartu zaituztete antena muntatzeagatik, baina oso praktika normala da.

Ehunka antena alegal daude, bai irratienak baita telebista kateenak ere: tarotaren inguruko kate guztiak, Elizaren jabetza den Radio Maria… Ez dute baimenik antena horiek hor jartzeko. Gainera, horiek guztiak pribatuak dira. ETB, aldiz, publikoa da, telebista ofiziala da; beraz, are zentzu gutxiago dauka ikusteko modua jarri genuelako zigortzeak.

Gainontzeko erkidegoetako kateak ikusgai daude. Zergatik da ETB arazoa?

Gainontzeko telebista kateak ez direlako euskaraz.

Hainbeste gorabeheraren ondoren, nola dago orain euskal telebistaren gaia Nafarroan?

Orain EAJk agintzen du Jaurlaritzan. Hori ikusita, Nafarroako Parlamentuak osoko bilkuran Yolanda Barcinaren lantaldeari eskatu zion Iñigo Urkulluren lantaldearekin harremanetan jartzeko euskal telebistaren kasua konpontzeko. Haatik, parlamentuak irtenbidea bilatu arren, Nafarroako Gobernuari dagokio harremanetan jartzea, eta ez du egiten.

Beraz, Nafarroako Gobernuak deus egin ezean, gaia bere horretan geratuko da, ezta?

Bai. Egoera demokratiko arraroan gaude. UPNk gutxiengoa izanda gobernatzen du, eta hori gutxi balitz bezala, izkin egiten die parlamentarion proposamenei. Gaia geldirik dago.

Eta zergatik da Eusko Alkartasunaren ustez garrantzitsua ETB ikusi ahal izatea Nafarroan?

Gure hizkuntza bizirik mantentzeko ezinbesteko tresna delako, eta euskal identitatea sortzen duelako. Horregatik, UPNk euskal identitatea desagerrarazi nahi du ETB kenduta.

‘Jalgi hadi taulara’ lelopean ospatuko dute Antzerkizale Eguna »

“Nafarroan ez da erraza antzerkigintza eta euskaragintza uztartzea. Baina, oztopoak oztopo, elkarlanean, hausnartuz, sortuz, arituz egingo dugu, lortuko dugu”, horrela diote Ehaze Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteko kideek. Antzerkizale Eguna egin…

Aldaketa sozialaren aldeko konpromisoak eskatu dituzte »

“Bide berri bat proposatu nahi dugu, oraina eta etorkizuna aldatzeko”, esan du Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarrak. Orain urtebete, batzen hasi ziren joera politiko ezberdinetako hainbat pertsona. Guztiek helburu bera zuten: botere politiko eta ekonomikoaren aurrean aldaketa sakonak aldarrikatzea. Hilabetetako lan isilaren ostean, batzarra publikoki aurkeztuko dute. Horrekin batera, jendearen konpromisoa eskatu dute, Nafarroan aldaketa soziala egin ahal izateko. “Ez ditugu atxikimendu hutsak nahi, aldaketa sozialarekin konpromisoa hartuko duten eragileak baizik”, diote batzarreko kideek.

Aldaketa Sozialerako Batzarreko kideak hainbat arrazoirengatik hasi ziren batzen. Hasteko eta behin, euren aburuz, joera ezberdineko jendearen bat egite transbertsalarekin baino ezin daiteke bultzatu aldaketa sozial eta politikoa. Aldaketa politikoak duen alternatibaren beharraz ohartarazi dute, eta hori parte hartze politikotik sortu nahi dute. Hori guztia lortzeko, ekintza bateratua ezinbestekotzat jotzen dute batzarreko kideek.

Nafarroa, aldaketa sozialaren alde kanpaina martxan jarriko du batzarrak. Horretarako, hainbat mailatako konpromisoak eskatzen ari dira, udaberrian mobilizazio handi bat antolatzeko. Hamaika bide daude kanpainarekin bat egiteko; besteak beste, bat egiteko guneak sortu, auzo, herri eta kolektiboetan kanpaina aurkeztu, lantaldeetan parte hartu, aldaketa sozialaren aldeko mezua zabaldu eta norberaren denbora, trebetasun eta jakintzaren zati bat eskaini “ahalduntze kolektiboaren prozesuari”.

Oso joera ezberdineko jendea bildu da ekinbide horren inguruan. Egun, 141 pertsonak bat egin dute Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarrarekin; besteak beste, Ignazio Aiestaran EHUko irakasleak, Iñaki Arzoz M-15 mugimenduko kideak, Txema Berro CGTko sindikalistak, Angel Larria Atarrabiako zinegotziak, Iñaki De Carlos Sortuko kideak eta Ainhoa Aznarez PSNko kideak.

Kanpaina abian jarri baino lehen, alternatiba ekonomiko, sozial eta politikoaren oinarriak ezarri dituzte. Hori prozesu parte hartzaile baten bitartez osatu dute. Arlo ekonomikoan neurri ugari proposatzen dituzte, gizartea pairatzen ari den egoera ekonomikoari erantzun sakon bat emateko asmoz.

Batzarrak eskubide zibil, politiko, kultural eta digitalen gaiari helduko dio, “inor baztertu gabe”. Demokrazia parte hartzailea bultzatu nahi dute, hauteskunde legea aldatuz, parte hartze politikorako bideak irekiz, beste antolaketa eredu bat lortzeko. Kulturari dagokionez, euskarak Nafarroa osoan ofiziala behar duela iritzi diote batzarreko kideek.

Helburu horiek lortzea ez da lan erraza izango. Baina lanerako prest daude. Zenbait oinarri jarri dituzte euren programa garatu ahal izateko. Alde batetik, bat egiteko guneak sortu nahi dituzte. “Joera ezberdinetako jendeak elkartu behar du, elkarlanean aritu eta akordioak egiteko”. Batzarreko kideek uste dute elkarbizitza soiletik harago joan behar duela Nafarroako gizarteak. “Norberaren proiektuaren gainetik, guztion alde egingo duena bilatu behar da; etorkizuna iraganaren aurretik jarri behar da, eta akordio transbertsal eta bateragarriak, baztertzaileak diren proiektuen gainetik”.

Beste alde batetik, ilusioa sortuko duen korrontea sortu nahi dute. Ez da batzarraren helburua erakunde berri bat sortzea. “Erakunde, kolektibo, alderdi eta sindikatuen lana errespetatzen dugu. Gizarte korronte aktiboa eta aniztuna sortu nahi dugu”, adierazi dute.

Aldaketa politikoari dagokionez, gobernua aldatzea nahi dute. Baina argi dute garrantzitsuena aurrera eramaten diren politikak aldatzea dela. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute mobilizazioa, eta prest daude hori elikatzeko lan egiteko.