“Kalteak zenbakaitzak dira” »

Etsiturik so egiten dio Rufino Martinezek (Mendabia, 1968) lokatzak estalitako lursailari. Duela hilabete eskas, letxuga eta zerba kimuen itsaso batek berdez margotzen zituen soro amaigabe horiek. Orain, ale bakan batzuk antzeman daitezke, ur marroietatik burua ateratzen. “Kalteak zenbakaitzak dira. Uzta hau guztia galduta dago jada, baina baita hurrengoak ere, datozen hilabeteetan ezin izanen baitugu ezer landatu”, dio. Martinezek ez du bere burua laboraritzat. Baina laboraria da. Kamioilari lanbidea utzita, bederatzi hilabete daramatza lurra lantzen. “Eta orain, hau”.

Ez da kexu, hala ere. Soldatapeko behargina denez, ezbeharrak ez dio kalte ekonomiko zuzenik ekarri, beste nekazari askori ez bezala. “Badira ni baino okerrago dauden asko. Baratze edo lur sail propioak dituzten laborari askorentzat, galera izugarria izan da”. Ez denentzat, ordea. Piperraren edota zainzuriaren sektorean lan egiten duten nekazari eta enpresa handiek gaitasuna dute ureztatze sistema modernoak ezartzeko eta, ondorioz, negutegiak nahiz baratzeak ibaiaren inguruetatik urruntzeko. “Nekazari txikiak izan dira gehien kaltetuak”.

Eskuarekin agur egin dio lokaztutako eremua ikuskatzen ari den lagun bati. Jose Angel Sancho da (Iruñea, 1968). Sortzez iruindarra da, baina bizitza osoa darama Mendabian. Urte horien erdiak baino gehiago, laborantzari emanak. Ez du gogoratzen otsailaren 3ko uholdearen parekorik, baina onartu du horrelako fenomenoak gero eta ugariagoak direla. “Ebro ibaiaren arroa ez da behar bezala zaindu azken urteotan”, azaldu du. “Garbiketa sakona behar da hemen. Eta eskerrak uholdeek ez gaituztela udaberrian harrapatu, uraren maila askoz azkarrago igotzen delako ibaiaren zolan eta inguruetan landaretza hostotsua baldin badago”.

Ibaiaren hazkundeak ustekabean harrapatu zituen mendabiarrak. “Orain etengabe ari dira oharrak ematen eta alarmak pizten, baina otsailaren 3ko uholdearen aurretik inork ez zuen abisurik eman. Ohartarazpen bakarra ahoz aho heldu zitzaigun, ibaia gainezka egiten hasi zenean. Nekazari batzuek zakurrak eta zaldiak zituzten etxaldeetan, eta korrika etorri behar izan zuten, ito ez zitezen”, gogoratu du Sanchok.

Babesak suntsituta

Hilabete hasierako nahiz atzoko uholdeetan, altuera eta indar handiarekin igaro zen Ebro ibaia Mendabiatik: 3,69 metroko altuera. 730 metro kubiko ur segundoko. Lur-jausi ugari eragin zituen horrek Logroñorako errepidearen inguruan. “Lurra jan egin zuen urak”.

Horregatik, uraldiak eragindako kalterik larrienak azpiegituretan nabaritu zirela uste du Sanchok: “Otsailaren 3ko uholdeak suntsitu egin zituen ibaiaren ertzean eraikitako lubetak. Azpiegitura horiek eutsi egiten diote urari, herrietan edo soroetan sar ez dadin, baina, behera erori zirenez, babesgabe gaude erabat. Ibaiak gainezka egiten badu berriz, ura sukalderaino sartuko zaigu, ez baitu oztoporik aurkituko”.

Mendabiarrek uste dute, gainera, lehenengo uholdetik atzo arte denbora nahikoa izan duela Ebroko Ur Konfederazioak, defentsarako azpiegitura horiek konpontzeko eta azken euri jasak eragindako kalteak arintzeko. “Gauzak ez dituzte behar bezala egin”, dio Sanchok. “Konfederazioak argudiatu du ezinezkoa dela apurtutako azpiegitura guztiak bizpahiru astetan konpontzea, eta hori badakigu, baina lubetak berriz altxatu izan balituzte sikiera, behin-behineko babes sistema izanen genuke. Orain biluzik gaude”.

Martinezek baiezko keinua egin du buruarekin, eta gaineratu: “Borondate kontua da. Finean, lau katu gara hemen, Nafarroako hegoaldean. Konfederazioari bost axola dio Mendabian, Castejonen edo Lodosan zer gertatzen den”. Laborariaren irudiko, gainera, “ez beretzat eta ez besterentzat” ibili dira konfederazioko agintariak: “Ez dute ezertxo ere egin azpiegiturak konpontzeko, eta udalerriren bat saiatu denean bere kabuz lubeta konpontzen, salaketa jarri diote, konfederazioaren eskumenak inbaditzen dituelakoan”.

Martinezen irudiko, arrazoi sinple bat dauka jarrera horrek: “Nafarroako erribera urez itotzen den bitartean, Ebroko Ur Konfederazioa lasai egonen da, uholde hori ez baita iritsiko Zaragozara [Espainia]. Hori da, benetan, izua eragiten diena: ibaiak gainezka egitea Zaragoza bezalako hiriburu handi batean. Mediatikoki, kolpe latza izanen litzateke haientzat. Baina gu? Albo-kalteak besterik ez gara”.

Nafarroako Gobernuaren bitartekaritzaz ere deus gutxi espero dute mendabiarrek. “Hauteskundeen atarian egonda, promesa asko eginen dizkigu UPNk, baina, hortik harago, ez dut uste zezenari adarretatik helduko diotenik”.

Eredua gara »

Nafarroako Gobernuak bidali duen oharraren arabera, Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarea “eredua da gainontzeko autonomia erkidegoentzat daukan eskaintza kopuru handiarengatik, barneratze mailarengatik eta teknologia berrietara ongi moldatzeagatik”.

Azter dezagun, bada, sinetsarazi nahi diguten gezur hau: “eskaintza kopuru handia” diotenean, “Nafarroak 7.000 biztanle bakoitzeko liburutegi bat” daukala erraten dute, hau da, “Espainiarekin konparatuz bikoitza, hango batez bertzekoa 18.000 biztanlekoa baita”. Hori, estatistikoki, egia izan daiteke —izanen da—, baina datu hori lortzeko liburutegia dagoen herriaren biztanleria bakarrik hartzen dute kontuan, zerbitzuak inguruko herri, auzo eta baserri guztietara hedatzen direlarik. Eta horrek gauzak zaildu bertzerik ez du egiten. Galde diezaiotela bertzenaz Aurizberriko liburuzainari, astean behin bere auto propioa hartu —liburuzainentzat ez dago “enpresa autorik”— eta Pirinioetan barrena joaten denean etxez etxeko banaketa egitera. Elurra dela medio. Edo galdetu edozein liburuzaini liburutegiko edozein berri zabaldu nahi duenean, ea nola moldatzen den informazio hori toki guztietara helarazteko. Errazagoa litzateke gure lana 18.000k barrideak balira eta kartelak auzotik bakarrik paratu behar bagenitu, eta ez inguruko herri guztietara nola iritsi pentsatu, eta kontaktuak egin behar izango bagenitu, haien laguntza behin eta berriz eskatuz eta eskertuz. —Oharra: Nafarroako Liburutegi Publiko gehienetan pertsona bakarra dago lanean; beraz, liburuzaina ezin da izan bere lana egitera liburutegitik ateratzen dena, “zerbitzuaren beharrek” liburutegian kieto egotera behartzen baitute—.

“Zerbitzuaren beharrak” zein diren aztertzeak ere eztabaida polita ekarriko luke, baina horretan gehiago luzatu gabe, goazen bigarren puntura: “Populazioaren %40 erabiltzailea da”. Gezurra. Zuzenduko dut: populazioaren %40k erabiltzaile txartela dauka. Hori da egia. Liburuzainek behin baino gehiagotan eskatu dugun arren, liburutegiko txartelak ez du epe mugarik. Behin eginda, bizitza guztirako daukazu. Baita bizitza guztian liburutegia berriz zapaltzen ez baduzu ere. Horietatik aunitz daude, baina %40ren parte dira. Baita behin txartela egitera etorri zirenen bildu gabeko hamarnaka txartel, eta… hildakoak. Tarteka datu basean garbiketa bat egiten omen da, 120 urtetik gorakoak jada erabiltzaile ez direla ohartuta. Haienak bai, ezabatzen dira. Gainontzekoak, %40ren parte.

Eta hirugarren puntua: “Teknologia berrietara ongi moldatu izana”. Ttak. Liburutegi aunitzetan pizten 10 minutu kostatzen zaien ordenagailuak daude, eta ez da hitz egiteko modu bat. Aunitzetan hiru ordenagailu daude gehienez —Iruñerrian gehiago, noski, herrietan beti dago ziber batera joateko aukera eta—. Askotan ez dago zure ordenagailu eramangarriarekin Internet erabiltzeko aukerarik edo liburutegiak ez daude prestatuta ordenagailua entxufatzeko. Baina liburutegiaren katalogoa sakelakoan erabiltzeko Espainiako aplikaziorik onena daukagu, eta ehunekoan inor gutxik erabiltzen duen liburu elektronikoen mailegurako plataforma martxan dago. Hiru pertsonak galdetu didate niri horri buruz azken bortz hilabeteetan. Aplikazioari buruz, inork ez.

Hau dena hiru puntu horiek bakarrik aztertzearren, liburutegi aunitzek ordezkapenik ezagatik hetsita pasatzen duten denbora aipatu gabe utzita, diru aurrekontuetan izandako %93ren murrizketak atera gabe, zerbitzuak duen berezko ordutegi eta langile kopuru murritza kontuan hartu gabe… Estatistikaren arabera, dena bikain. Errealitatea? Nori inporta zaio? Eredua gara eta!

Euskara, lan deialdietatik kanpo

Euskara, lan deialdietatik kanpo »

Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak diren haur eskoletan lan egiteko, euskaraz jakitea ez da baldintzetako bat, eta ez du punturik ematen. Hori salatu dute Iruñeko Alde Zaharreko gurasoek. Haur eskoletarako lan eskaintza publikoaren ebazpena kaleratu berri du gobernuak, eta baldintzen artean ez da euskararen jakintza agertzen, "ez betebehar eta ezta meritu gisa ere". Hori dela eta, euskarak UPNrentzat "piperrik ere ez" duela balio salatu dute Alde Zaharreko Euskarazko Haur Eskolaren Aldeko Plataformako kideek. - Jarraitu irakurtzen...

Urdangarinen iragana, oraina eta geroa »

Edukiera txikiko aretoak hautatu ditu Mikel Urdangarin musikari bizkaitarrak 2015. urterako. Getxon abiatu zuen bira, otsailaren 8an; eta igande honetan Irurtzunen emango du kontzertua. Kantu zaharrak abesteaz gainera, sortzen joan ahala abesti berria…

Unibertsitateko biztanle hegodunak »

Mikak, txantxangorriak, txepetxak, lertxunak eta gerri-txori arruntak; buztanluzeak, amilotx urdinak, kaskabeltz handiak eta erregetxo bekainzuriak; mokolodiak, tarinak, urretxindorrak eta txinbo kaskabeltzak. Horiek ere badira NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak Iruñean duen campuseko biztanle. Ikasleen auzolagun hegodunak. Unibertsitatea etxe edo tartekako aterpe duten hegaztiak. Haietako zenbait, zerrenda zabalagoa baita. 58 espezie jaso ditu Gorosti Natur Zientzia Elkarteko kide Gonzalo Deanek, unibertsitateak berak argitaratu berri duen gidan.

Urrutitik ikusi, eta zalantzarik gabe erran du ornitologoak: “Gerri-txori arrunta dago enbor horretan”. Biologia ikasi du Deanek. Ikasketen amaierako proiektua bukatzen ari da. Txikitatik datorkio naturarekiko zaletasuna, hala ere, Gorostiko kide eta ornitologo baita haren aita Juan Ignacio Dean ere.

Sadar errekak inguratzen du NUPeko Iruñeko campusaren zati handi bat, eta han ibiltzen dira espezie gehienak. Lepotik zintzilik dituen prismatikoen beharrik ez du izan Deanek, errekaren ondoko zuhaitzetako batean gora ari den txoria identifikatzeko. Ederki ezagutzen ditu campuseko bazterrak, bai eta hango zuhaitzetan bizi diren hegaztiak ere. Urtebez egon zen haiei so, 2012ko udazkenetik 2013ko udazkenera, gida osatzeko. “Hilabetean bitan etortzen nintzen, eta ordubetez campusa zeharkatzen nuen, ikusten eta entzuten nituen espezien berri jasotzeko”.

Horrela osatu du 58 espezie dituen zerrenda. Gerri-txori arruntaren ondoan amilotx urdina agertu da, eta campuseko kafetegiaren ondoan zozo arruntak eta mikak ari dira lurrean, harat eta honat. Ikasleak haiengandik hurbil pasatzen dira, baina ez diete erreparatzen. Deanen helburuetako bat da, hain zuzen, zuhaitzetan bizi diren unibertsitateko bertze kide horien berri ematea. Ikasleen jakin-mina piztea, ondoan dituztenak ezagut ditzaten. “Ezagutu behar dugulako, zaindu ahal izateko”.

Unibertsitateko zerua haien hegaldiak erakusteko aukeratzen duten hegaztiak ere zenbatu ditu Deanek, Sadar errekaren ondoan eta campuseko eraikinak inguratzen dituzten zelaietan bizi diren hegaztiekin batera. Miru gorrien edo bertzelako hegazti harraparien artean, antxeta mokogorriak ikusi ditu, adibidez, NUPeko gida osatu bitartean. “Harrigarria gerta daiteke antxeta mokogorriak ikustea Iruñeko campusean, baina kontuan izan behar dugu Zolinako urmaela hurbil dugula. Hegazti horiek erakusten digute, zer jan baldin badute, barnean bizitzera ere egokitzen ahal direla”, erran du.

117 espezie Iruñean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko eraikinen artean bizi dira Iruñeko bertze hainbat parketan ere egon daitezkeen hegaztiak. “Daniel Garcia Minak ikerketa egin, eta 117 espezie zenbatu zituen Iruñean. Zuhaitz eta zelai anitz dago hirian, eta hegaztiek badute zer jan eta aterpea”.

Zarata eta kutsadura hegaztien arerio izan daitezke, baina hiriak eskaintzen dituen abantailak baliatzen ere ikasi dute txoriek, Gonzalo Deanek nabarmendu duenez. NUPeko campusean bertan aurkitu du horren adibide bat, zuhaitzetako baten adarren artean mikak egiten ari diren habiei so: “Hirian tenperaturak gora egiten du, kutsaduraren eraginez, hain zuzen ere; horrek ekartzen du habia egiteko garaia aurreratzea”. Campuseko mikek gainera, adarren artean jartzen dituzten makilatxoekin batera, ikasleek botatako patata zorroak eta botilen txapak ere erabiltzen dituzte. “Gure zaborra aprobetxatzen ikasi dute”.

Mikekin alderatuta, txiki ageri da liburutegiaren atzeko aldeko zuhaixken artean zer jan bilatzen ari den txantxangorria. Deanen ohiko lagun bilakatu ziren gida osatzeko unibertsitatera egindako bisitetan. Txonta arruntak ere erraz ikus daitezke campuseko txokoetan. “Hegazti ugarienetakoa eta hobekien banatuta dagoena da, munduan”. Gorostiko kidearentzat, hala ere, txori txikirik ez da, eta denei so ikas dezake ornitologo adituak edo hasi berriak anitz. “Bizi diren eremuaz informazio anitz ematen ahal digute, eta espazio horien ingurumen kalitatearen adierazle dira”.

Negua hegaztientzat gizakiontzat baino gorriagoa izan daitekeela nabarmendu du Gonzalo Deanek. “Zer jan jartzen ahal diegu gure etxeko balkoietan”. Hiriko zuhaitzak gazteak direla azaldu du Gorostiko kideak, bertzalde, eta, ondorioz, hegaztien lana errazteko, habiak egiteko kutxak jartzea ere ontzat jo du. Hiria gizakiona eta bertan bizi diren bertze animaliena ere badelako.

Paperetik sarera eta karrikara jauzi eginen du ‘Hitza’-k »

Bosgarren urteurrena ospatuko du 'Nafarroako Hitza'-k aurtengo abenduan, eta, egindakoari autoatseginez begira gelditu beharrean, hamaika egitasmo berri jarriko ditu abian datozen hilabeteetan, gertuko informazioa jorratzeko molde berriak sustatu nahian.

- Jarraitu irakurtzen...

Euskara hutsetik ikasten hasteko ikastaro trinkoak, IKAren eskutik »

IRUÑEA. Euskararen ikasketan lehen urratsak egiteko ikastaroa eskainiko du IKAren Arturo Campion euskaltegiak martxoaren 2tik aurrera. 80 orduko ikastaroa izanen da. 200 euroko prezioa izanen du, baina, eskolen %85era edo gehiagora joanez gero, 125 euro itzuliko dizkiete ikasleei. Era berean, Euskara jendea dokumental sortan oinarritutako ikastaroa ere antolatu du euskaltegiak, sei saiotan banatua.

Lehengo hariari jarraika »

Argitaratu zen lehen egunetik, 2010ko azaroaren 5 hartatik, asteroko hitzorduari hutsik egin gabe kaleratu da Nafarroako Hitza. Ostiralero, gertuko informazioari lekua ematea izan du helburu, Nafarroa mailako euskara hutsezko astekari bakarra izateraino. Aste honetakoa du 200. zenbakia.

- Jarraitu irakurtzen...

5 »

KALTEAK, MILIOI EUROTANEbro ibaiaren inguruko hamar herri izan dira gehien kaltetuak. Horien arabera, ia 5 milioi euroren galerak eragin dituzte uholdeek, azpiegitura publikoei dagokienez soilik.

Erretreta jo diote militar zaharrari

Erretreta jo diote militar zaharrari »

Ion Orzaiz / NAFARROAKO HITZA

Mehatxuak, indarkeria, botere gehiegikeria, lan eskubideen kontrako delituak, elkartzeko askatasunaren aurkako delituak, bazterkeria eta dokumentuen faltsutzea. Simon Santamariaren