Nafarroan koordinatzaile berria du Aralarrek: Xabi Lasa »

Irailaren 29ko kontseiluan, militanteen %85en botoa eskuratuta, Xabi Lasa izendatu zuen Aralarrek Nafarroako koordinatzaile. Berriozarko alkate eta Aralar-NaBaiko parlamentariak Aritz Romeoren lekukoa hartu zuen. Alderdiak EH Bildu koalizioaren aldeko…

IKUSI NAHI EZ DUTENEK IKUS DEZATEN »

Ezustea eragin zuten joan den sanferminetan arrantzale jantzitako hainbat lagunek, Iruñeko Udaletxeko plazako bi erakinetatik ikurrin erraldoi bat jarri zutenean zintzilik. Gertakari horregatik, txupinazoa hainbat minutuz atzeratu zen. Egileak nortzuk ziren aztertzeko, Poliziak DNA frogak egin zituen, besteak beste. Urriaren 25ean sei lagun atxilotu zituzten.

30.000 »

Nafarroan gaixotasun arraroren bat duten pertsonak. Ezohiko gaixotasunak eta gaitz kronikoak lehentasunezkoak izatea eskatu du Nafarroako Gaixotasun arraroen elkarteak. Izan ere, 30.000 lagunek pairatzen dituzte Nafarroan halako gaixotasunak.

Itxakok ez zuen merezi »

Liga eta Kopako txapeldun, eta kobratu gabe jarraitzen dugu, horrela zioen Itxakoko jokalariek 2011-2012ko ligako azken partidan atera zuten pankartak. Hala da, Lizarrako taldeak Espainiako Liga eta Kopa irabazi zituen. Horretaz gain, Txapeldunen Liga…

Guardia Zibila bi aldiz izan da Nafarroako Kutxaren egoitzan »

Maria Paz Benito epailearen aginduz, Guardia Zibila bi aldiz izan da Carlos III.a etorbideko egoitza nagusian. Instrukzioari ekin zionean, Caixabanki batzorde iraunkorreko bileren aktak eskatu zizkion, baina Kataluniako taldeak gobernuaren menpeko CAN…

Osasunako presidentea kexati, CAN desagertu delako

Osasunako presidentea kexati, CAN desagertu delako »

Politikatik at, lehen aldiz entzun zaio erakunde ofizial bateko ordezkari bati kexati Nafarroako Kutxako erabakiguneak jada Iruñetik at direlako. Miguel Archancok iragan astean onartu zuen altxortegi arazoak dituztela, besteak beste Caixabankekin harremana ez delako iraunkorra.

203 »

2008-2011 bitartean izan diren ablazio kasuak Nafarroan. Iñigo Alli Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikako kontseilariaren arabera, 2008 eta 2011 artean 203 ablazio kasu izan ziren. Ablazioaren aurkako protokoloa martxan jarriko du Nafarroako Gobernuak.

“UPNk ez du nahi Nafarroan ETB ikustea euskal kultura gorroto duelako” »

2009ko uztailetik, Nafarroan ezin da ETB sintonizatu LTD lurreko telebista digitaleko kateen artean, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren desadostasunak direla medio. Horregatik, Nafarroako Eusko Alkartasunekoek ETB ikusteko antena bat jarri zuten Erreniegan. Orain, 54.000 euroko isun bati aurre egin beharko diote. Eusko Alkartasuneko Nafarroako koordinatzaile nagusia da Miren Aranoa (Buenos Aires, 1958), eta hark eman du auziaren berri.

2009an, lurreko telebista digitala ezarri zenean, bi gobernuek katearen egoera erregularizatzeko akordio erdietsi zuten. Baina gero ez zuten martxan jarri.

Jaurlaritzan Patxi Lopezek agintzen zuen orduan, eta hemen, Miguel Sanzek. PSEk bi administrazioek erdi bana ordaintzea nahi zuen. UPNk, aldiz, gastu guztiak Jaurlaritzak bere gain hartzea proposatu zuen. Azkenean, esan zuten oso garestia izango zela ETB Nafarroara zabaltzea. Baina ez da egia, aitzakia hutsa da.

2012an, horren kontra zer edo zer egitea erabaki, eta Erreniegan antena jarri zenuten. Nola sortu zen ideia?

EAko afiliatuek bultzatu zuten; jendea haserre eta minduta zegoen. Geure buruari galdetzen genion: zergatik ukatu digute gure hizkuntzan dagoen kate bakarra? Hori dela eta, dirua gure poltsikotik hartu eta antena ipini genuen. Hala, Iruñerriko 20.000 etxeetan ikusi ahal izan zuten ETB.

Antena muntatzea garestia zela zioten. Zuek, berriz, oso merkea zela. Arazoa ekonomikoa da?

Ez, ez da arazo ekonomikoa. Gezurretan zebiltzan. Guk 12.000 euro ordaindu genizkion enpresa bati Erreniegako antena instalatzeko, eta 40.000 euroen truke Nafarroa osorako heda zezaketela esan ziguten.

Orduan, zein da problema?

Problema ideologikoa da. UPNk ez du nahi nafarrok ETB ikustea euskal kultura gorroto duelako. ETBk emititzearen kontra jotzen du, Euskalerria irratiaren aurka ere bai… Euskal munduak atzeraka ematen dio.

Baimenik gabe antena ezartzea, baina, legez kanpokoa da, eta Espainiako Industria Ministerioko isuna ordaindu beharko duzue.

Hasieran, Guardia Zibila bidali zuten Erreniegara antena zigilatzeko, eta 45.000 euroko isuna jarri ziguten.Orain, 54.000 eurora igo dute.

Zergatik?

46.000 euro ordaintzearen kontrako helegitea aurkeztu genuen, eta oraindik ez digute erantzunik eman. Prozedura normaletan ez da isuna ordaindu behar errekurtsoarekin zer pasatzen den esaten dizuten arte, sententzia behin betikoa den arte. Baina hau ez da prozedura normala, eta helegitearekin zer gertatzen den ebatzi aurretik igo dute ordaindu beharreko kalte-ordaina.

Zergatik diozu ez dela prozedura normala?

Legetik at eramaten ari direlako gaia; ekinbideek ez diotelako juridikoki zegokien bide arruntari jarraitu. Bat-batean iritsi zitzaigun 9.000 euroko errekargua, isuna atera bezain pronto ez genuelako ordaindu. Baina kontua da inoiz ez dela unean bertan ordaintzen!

Ordaindu dituzue 54.000 euroak jada?

Bai, orain alderdiko afiliatuei laguntza txartelak salduz berreskuratu nahi dugu dirua. Izan ere, dirutza da, eta gu ez gara alderdi handia.

Dena den, helegiteak bere horretan dirau.

Bi errekurtso dauzkagu martxan: bat isuna kentzeko eta bestea antenaren zigilua bertan behera uzteko. Uste dugu eskubidea dugula euskarazko kate publiko bakarraren emisioak jasotzeko.

Eta nola dago orain auzia?

Oraingoz, Auzitegi Nazionalean, baina arrazoia ematen ez badigute, Europako auzitegietara joko dugu.

Prozedura judizialean sartu zaituztete antena muntatzeagatik, baina oso praktika normala da.

Ehunka antena alegal daude, bai irratienak baita telebista kateenak ere: tarotaren inguruko kate guztiak, Elizaren jabetza den Radio Maria… Ez dute baimenik antena horiek hor jartzeko. Gainera, horiek guztiak pribatuak dira. ETB, aldiz, publikoa da, telebista ofiziala da; beraz, are zentzu gutxiago dauka ikusteko modua jarri genuelako zigortzeak.

Gainontzeko erkidegoetako kateak ikusgai daude. Zergatik da ETB arazoa?

Gainontzeko telebista kateak ez direlako euskaraz.

Hainbeste gorabeheraren ondoren, nola dago orain euskal telebistaren gaia Nafarroan?

Orain EAJk agintzen du Jaurlaritzan. Hori ikusita, Nafarroako Parlamentuak osoko bilkuran Yolanda Barcinaren lantaldeari eskatu zion Iñigo Urkulluren lantaldearekin harremanetan jartzeko euskal telebistaren kasua konpontzeko. Haatik, parlamentuak irtenbidea bilatu arren, Nafarroako Gobernuari dagokio harremanetan jartzea, eta ez du egiten.

Beraz, Nafarroako Gobernuak deus egin ezean, gaia bere horretan geratuko da, ezta?

Bai. Egoera demokratiko arraroan gaude. UPNk gutxiengoa izanda gobernatzen du, eta hori gutxi balitz bezala, izkin egiten die parlamentarion proposamenei. Gaia geldirik dago.

Eta zergatik da Eusko Alkartasunaren ustez garrantzitsua ETB ikusi ahal izatea Nafarroan?

Gure hizkuntza bizirik mantentzeko ezinbesteko tresna delako, eta euskal identitatea sortzen duelako. Horregatik, UPNk euskal identitatea desagerrarazi nahi du ETB kenduta.

Zor publikoa. »

Espainiako Bankuaren arabera, Nafarroaren ekainera arteko zor publikoa 3.230 milioi eurokoa da. Urte oparoetan gobernuak dirua jarri du azpiegitura handietan, eta orain zorrak eta defizitak kezkatzen du. Iraganean erakutsi gabeko zorroztasuna aldarrik…

“Guk ez ditugu masak bildu nahi, guk ondo pasatu nahi dugu” »

“Euskaldunak hiritik bizikletan ibiltzen gara, eta erdaldunak, autoz. Auto tartean ibiltzea oso deserosoa da bizikletentzat. Horregatik behar ditugu bidegorriak. Karrikirik bidegorri hori izan nahi du”, horrela azaldu du Karrikiriren filosofia Silbia Alonsok (Iruñea, 1953). Orain hamahiru urte jarri zuten martxan elkartea. Lana egiten dute, baina umorea ez dute sekula galtzen. “Guk ez ditugu masak bildu nahi, guk ondo pasatu nahi dugu”.

Alonsok ia hasieratik parte hartu du Karrikirin. “Elkartea martxan jarri baino lehen, lantalde bat ibili zen hausnarketa egiten. Bi urtez iraun zuen. Nik ez nuen bertan parte hartu, ondoren hasi nintzen”. Gogoeta horien ondorioz sortu zen proiektuaren helburua: euskaldunen arteko hartu-emanak garatzeko guneak sortzea. “Euskararen munduan hainbat arlo daude, eta horietan guztietan taldeak eta pertsonak ari dira lanean. Baina guk hutsune bat ikusten genuen. Ez zegoen euskararen erabilera eta euskaldunen hartu-emanak lantzeko gunerik”. Horregatik, euren kabuz, baita beste elkarte batzuen laguntzarekin ere hainbat ekinbide jarri dituzte abian.

Euskaldunak harremanetan jartzeko hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte Karrikirin. Lan poltsa da horietako bat. “Lan bila dabilen jendea dator, alde batetik, eta lana eskaintzen duena, bestetik. Euskaldunak izan behar dute. Guk harremanetan jartzen ditugu, ezer kobratu gabe”, esan du Alonsok. Antzeko sistema du Pisukide deituriko zerbitzuak. Alokatzeko gelak dituztenak etxe bila dabiltzanekin harremanetan jartzen dituzte. “Oso ondo funtzionatzen du zerbitzu horrek. Horrela, pixkanaka-pixkanaka gero eta etxe euskaldun gehiago daude Iruñean”, dio Alonsok. Horretaz gain, informazio zerbitzua ere badute. “Euskararen inguruan eta euskal gaiei buruz baten batek zalantzarik badu, hona etor daiteke galdetzera. Adibidez, Bertsolari Txapelketa Nagusia zela eta, asko galdezka etorri ziren ea sarrerak bazeuden edo autobusak izango ziren”, azaldu du Alonsok.

Zerbitzu teknikoez gain, hainbat elkarterekin batera lan egin dute. Topaguneko kide dira, eta Mintzakide programan parte hartzen dute. Zaldiko Maldiko elkartearekin eta Nafarroako Dantzarien Biltzarrarekin batera, Karrikadantza antolatzen dute hileko hirugarren larunbatean. Horrez gain, Iruñea Kantuz ekinbidean ere parte hartzen dute. “Beti sortzen dugu gune bat euskaldunen artean ezagutzeko; hori da gure helburua”.

Ekintza horietan guztietan parte hartzeak izena eman dio Karrikiri elkarteari. Baina erreferentziazko puntu nagusia Xabierko aldapan duten denda da. Bertan dute bulegoa, baina hamahiru urte hauetan hainbatetan aldatu dute tokiz. “Hasieran, Xabier aldapan genuen lokal txiki bat, ondoko portalean. Baina txikia zen, eta 2002. urtean denda ireki genuen Donibane auzoan. Oso garrantzitsua ikusten dugu gure finantzaketa propioa izatea. Hori da dendaren zentzuetako bat”, dio Alonsok. Donibanen hiru urte eman ostean, 2008an Xabierko aldapara itzuli ziren, gaur egun duten lokalera. Baina hori ez da Karrikirikoek duten denda bakarra; “denda ibiltaria” ere badute. “Hasieratik dugu denda ibiltaria, finantzaketa propioa izateko. Sortzen Ikasbatuaz-en jaietara, Nafarroa Oinez-era, Nafarroaren Egunera eta gisa horretako jaietara joaten gara gure materiala saltzera”.

Karrikiriko dendari dagokionez, hiru ataletan banatzen dituzte euren produktuak. Alde batetik, kaleko arropa saltzen dute. “Euskal Herriko markak saltzen ditugu. Salbuespen batekin, Kataluniako La Ciutat Invisibleko produktuak ere saltzen baititugu. Horrez gain, euskararen aldeko talderen batek kamisetak edo produktuak ateratzen dituenean, horiek ere saltzen ditugu”. Beste alde batetik, aisialdia euskaraz gozatzeko produktuak saltzen dituzte, hala nola diskoak, liburuak, aldizkariak, jokoak eta filmak. Beste sail bat euskal jantzi tradizionalena da. “Nik esango nuke Iruñean aitzindari izan ginela euskal jantzi tradizionalen moda salgai jartzen. Lehen, denok joaten ginen betiko arropa ilun eta tristeekin. Baina euskal jantzietan badago mundu oparo, zabal eta polit bat”.