9 »

Iruñea-Logroño autobia bukatzeko denbora, urtetan

Orain dela bederatzi urte zabaldu zuten Iruñea eta Logroño (Espainia) lotzen dituen A-12 autobia, baina bukatu gabe zegoen. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak inauguratu du Logroñoko lotunea, bozen bezperan. Ehun milioi euroren kostua izan du 6,5 kilometroko zatiak.

Zinemara, oztoporik gabe »

Itsuen nahiz gorren eguneroko bizimodua oztopoz josia dago. Arloz arlokako gabeziek zaildu dezakete pertsona horien bizimodu arrunta, eta aisialdia ez da salbuespena: pelikula baten proiekzioa, kontzertu bat edo bestelako edozein kultur jarduera oztopo bihur daiteke ikusteko zein entzuteko arazoak dituenarentzat. Navarra de Cine elkartea, Orange fundazioarekin batera, aspaldi ari da zinema pertsona horiengana hurbiltzeko ahaleginean. Berriki, itsu eta gorrentzako prestatutako areto bat ireki du Morea merkataritza guneko Golem zinemetan. Asteartero eskainiko ditu filmak, ohiko emanaldien prezio berean.

Navarra de Cine elkarteak Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean garatutako Acceplay sistema erabiliko du areto horrek astearteroko emanaldietan. Itsu eta gorrentzat, bientzako tresnak erabiltzen ditu, pelikula jarraitu ahal izan dezaten. Itsuek entzungailuak eska ditzakete, eta filmean ahots bidezko deskribapena jasoko dute, pantailan agertzen diren elementuak azalduz. Besteak beste, pertsonaien erreakzioen edo paisaien berri emango zaie. Pertsonaien arteko elkarrizketen arteko hutsuneetan doaz mezu horiek, modu sinkronizatuan.

Gorrek, bestalde, zinemako pantaila nagusiaren azpian dagoen pantaila txiki batean jasoko dute filma jarraitu ahal izateko laguntza. Bertan, azpidatzietan irakurriko dute pertsonaiek esaten dutena —kolore bana izango du pertsonaia bakoitzak, errazago identifikatzeko— eta baita pelikulako beste soinu adierazpenen erreferentziak ere; musikarena, kasurako.

Modu horretan, itsuentzat eta gorrentzat ez ezik, gainerako publikoarentzat ere erabilgarria izango da aretoa: soinu bidezko azalpenak itsuek soilik jasoko dituzte entzungailu bidez, eta azpidatziak pantaila nagusitik kanpo izanen dira, behar dituenak bakarrik erabil ditzan. “Denak kontuan hartzen dituen sistema” lortu dutela dio Dimas Lasterra Navarra de Cine elkarteko zuzendariak, “jendea lagunekin edo senideekin zinemara joan ahal izateko, elbarritasuna nork duen eta nork ez kontuan hartu gabe”.

Lasterrarentzat, “guztiontzako diseinu bat” sortzea da lehentasuna: “Lortu behar dugu diseinatzen den guztia pertsona guztientzat izatea, pertsona horiek urritasuna izan edo ez”. Morean estreinatu berri duten aretoak, behintzat, lortu du hori, “bakoitzari behar duen laguntza eskainiz”.

“Asko dago egiteko”

Katixa Castellano Asorna Nafarroako gorren elkarteko komunikazio arduradunarentzat, “albiste bikaina” da aretoaren irekiera, “edozein aurrerapen beti delako positiboa”. Aretoko sistema probatzeko aukerarik izan ez badute ere, pozik daude elkartean, “jasotako azalpen teknikoen arabera sistemak itxura ona duelako”. Edonola, entzumen edo ikusmen urritasuna duten pertsonei aisialdia hurbiltzeko orduan “oraindik asko egiteko” dagoela uste du. Gorrez mintzo da, batez ere, Castellano, eta bata bestearen atzetik aipatu ditu aisialdian topatzen dituzten gabeziak: “Egokitutako proiekziorik ez, keinu hizkuntzarik gabeko antzerki eta ikuskizunak, interpreterik gabeko ikastaroak…”. Telebistak legez derrigortuta daude interpreteekin ordu kopuru jakin bat eskaintzera. Baina, Castellanoren hitzetan, “ez dute betetzen”.

Aspaldiko borroka

Urritasuna duten pertsonentzako zinema eskaini ahal izatea ez da izan egun batetik bestera lortutako garaipena. Borroka horretan luze ari dira Navarra de Cine elkartekoak; halako zortzi areto atonduak dituzte Espainiako Estatuko beste zortzi hiritan, eta Iruñekoa izan da azkena.

Lasterrak dioenez, batetik, urritasuna duen pertsona “konbentzitu” behar da, “zinemaz goza dezakeela senti dezan”. Bestetik, zinema aretoetako programatzaileak eta banatzaileak ere konbentzitu behar dira, urritasuna duten pertsonentzat egokitutako filmak eskain ditzaten. Lasterrak dioenez, hori egin ezean “masa kritiko bat eta publikoaren zati bat galduko luketela ulertarazi behar zaie”.

Bide bikoitzeko lan horretan, beraz, “normaltasunerantz ibiltzen joan behar dugu, halakoak albiste izan ez daitezen, eguneroko kontua baizik”. Oraingoz, egunerokoa ez, baina astearterokoa izango da itsu eta gorrentzat zinemaz gozatzeko aukera. Hasteko, Pride filma eskainiko dute (Erresuma Batua, 2015).

BERRIA hizpide, lagunartean »

Martxoaren 26an, BERRIAlagunen batzarra egin zen Iruñean, Zaldiko Maldiko elkartean. Lagunarteko giroan, hedabidearen ibilbidea, berritze prozesua eta erronkak azaldu zituzten Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak, Andoni Alvarez BERRIAlaguna egitasmoaren koordinatzaileak eta Pello Urzelai teknologia berrietarako arduradunak. Nafarroako Hitza-ren garapena eta etorkizuneko proiektuak ere hizpide izan zituzten parte hartzaileek; besteak beste, hil honen bukaeran aurkeztuko den webgune berria.

Absurdoari monumentuak »

Bere agintaldiaren atzera begirakoa egin zuen Yolanda Barcinak iragan astelehenean, maiatzeko hauteskundeak antolatzeko dekretua sinatu zuenean. Hitzaldian, UPNren gobernuaren lorpenak nabarmendu zituen presidenteak, eta baita egindako lanaren ardatz nagusiak ere. "Gobernuaren jardunak hiru oinarri izan ditu: seriotasuna, erantzukizuna eta kudeaketa ezin hobea", esan zuen. Agerikoa denez, Barcinak nahiago izan zuen UPNren agintaldia baldintzatu duten polemikak saihestu eta Nafarroako ekonomiari milaka milioi euroren galerak eragin dizkioten proiektu faraonikoen aurrean ezikusiarena egin.

- Jarraitu irakurtzen...

Hiru pertsona hil dira Nafarroan lan istripuz urtea hasi zenetik »

Hiru hilabete, beste horrenbeste heriotza. 2015. urtea hasi zenetik, hiru behargin hil dira Nafarroan, lan istripuz, LAB sindikatuak salatu duenez. Azkena, iragan larunbatean, martxoaren 28an, Noaingo Gescrap enpresan: hainbat behargin lanerako makine…

Jazz doinuak eraldatutako film ezagunen musika »

Filmetara egingo dute salto, ostegunean, pianoaren hotsak eta Nerea Erbiti eta Teresa Zabalzaren ahotsek; Far Westean girotutako western pelikuletatik hasita, komedia eta thriller beldurgarrienetara. Film ezagunen musika hartu, eta jazz doinuez lagunduta eraldatuko dute, inspirazioari ateak irekiz. Jazz estiloan sona handiko musikariak dira bi iruindarrak: mezzo-sopranoa da Nerea Erbiti; Teresa Zabalza, berriz, abeslaria eta piano jotzailea. Iruñeko Tres Reyes hoteleko Ingles tabernan eskainiko dute Jazz eta zinema emanaldia, 19:30ean. Saiorako sarrera doakoa da.

2.500 kilometro »

Pausorik pauso beti bidea eginez, geroa irabaziko genuela ikasi genuen Lizarran, duela orain hogeita bortz urte; ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, korrika ere hogeita hamabortz urte daramatzagu; eta aurtengo Nafarroa Oinez-en lema Hamabortz, ama bat izanen da…

800 »

LOMCE legearen aurkako sinadurakGuraso talde batek agerraldia egin zuen iragan den astelehenean Katakrak liburu dendan, LOMCEren kontra protesta egiteko. Kezka azaldu zuten Lehen Hezkuntzan ezarri nahi diren azterketen inguruan, eta Hezkuntza Departam…

“Denetarik dugu, dantzetan oso aberatsa baita Nafarroa” »

Ortzadar elkarteak 40 urte daramatza dantza tradizionala ikertzen eta sustatzen. 2005ean, Nafarroako Kultur Ondarearen Legea onartu zenean, lan horri testuinguru berria emateko aukera ikusi zuten. Hala abiatu zen Nafarroako Dantza Tradizionalaren Inbentarioa, atlasa ere badakarrena. Besteak beste, Karlos Irujo (Iruñea, 1960) ibili da inbentarioa osatzeko jardunean.

2005ean abiatu zen proiektua, kultur ondarearen legea onartu zenean, baina zuek hamarkada luzeak daramatzazue dantzaren inguruan lanean, ezta?

Momentu jakin batzuetan, gauza ezberdinak elkartu eta berriak sortzen dira. Guk, berez, 40 urte daramatzagu esparru honetan lanean. 2005ean kultur ondarearen legea onartu zuten, eta guk, ostean, bi txosten etnografiko egin genituen; batetik, Ituren, Zubieta eta Lantzeko inauteriak, eta, bestetik, Erronkariko hiru behien zerga kultur ondare gisa har zitzaten. Hortik abiatu genuen egitasmoa. Esku artean zehazki zer dugun jakin behar dugu, eta hortik aurrera, aitortza zerk merezi duen erabaki, edo babes neurriak zehaztu. Hortik abiatu ginen, eta gurera ekarri genuen legeak zioena. Pentsatu genuen diagnostiko bat egin behar genuela, dantzak gurean nola dauden eta denboran nola garatzen diren aztertzeko. Eta horrekin hasteko tresna bat behar genuen. Inbentarioa da tresna hori. Alegia, diagnostikatzea zeintzuk diren Nafarroan ditugun dantzak. Hor daude, besteak beste, dantza berriak, zaharrak, berreskuratuak, birsortuak… Mota askotako dantzak topatu ditugu bidean.

Argitu behar da inbentarioa eta atlasa bi gauza ezberdin direla.

Bai, ez dira gauza bera. Inbentarioa dantzen zerrenda da, zer dagoen identifikatzea. Atlasean, ordea, dantza bakoitzari dagokion fitxa dago. Horren barruan, dantzari buruzko azalpenak aurki daitezke, ezaugarri nagusiak azalduz. Eta horrekin batera, partiturak, bideoak, audioak eta halakoak ere izango dira. Hori ere zabaldu ahalko litzateke. Hain zuzen ere, hori da gure asmoa, jendearekin batera osatzea fitxa horiek.

Egitasmo zabalago baten parte da hau guztia. Nafarroako Dantza Tradizionalaren Behatokiaren parte, hain zuzen ere.

Behatokian jarraipen bat egingo dugu, tradizioa eta dantza nola dagoen aztertzeko. Leku batzuetan helduek egiten dituzte dantzak, beste batzuetan galtzear daude, eta beste leku batzuetan oso osasuntsu daude. Egoera ezberdinak dira. Beraz, behatokiaren funtzioa da diagnostiko hori noizbehinka eguneratzea.

Eta abian da jada egitasmo hori?

Bai, martxan dago. Aurten, jada, hainbat tokitan egon gara, gauzak filmatzen eta halako diagnostiko bat egiten. Noski, gure baliabideak murritzak dira, gu amateurrak baikara eta denbora librean egiten baititugu gauza horiek. Saiatzen gara proiektua leku bakoitzean azaltzen —Leitzan eta Cortesen egon gara, besteak beste—, gure proiektua auzolanaren gisara ikusten dugulako, eta denon artean egin nahi dugulako. Adibidez, orain Aranoko dantzei buruzko fitxa egiten ari gara. Gero haiengana joango gara, eta haiek esango digute zer sartu eta zer ez, bi aldeen arteko elkarlana izan dadin. Izan ere, haien dantzak dira, eta haiek ezagutzen dituzte. Guk sinesten dugu halako proiektu parte hartzaileetan.

Testigantzak oso garrantzitsuak izango dira lan horretan…

Bai, eta gustatuko litzaidake hori azpimarratzea. Tokian tokiko aldizkarietan agertu nahi dugu, jendearengana hurbildu nahi dugulako. Herrietako jendeak badaki zer dantzatzen den herrietan; edo nork dantzatzen duen oso ongi jota edo porrusalda. Testigantza horiek oso garrantzitsuak dira era honetako proiektuetan.

Zer motatako dantzak dauzkagu Nafarroan?

Denetarik. Nafarroa oso aberatsa da dantzetan. Euskal Herria, dantzei dagokionez, hemen bildu daiteke. Gipuzkoan eta Bizkaian bezala, ezpata dantzak ditugu. Ez dira berdinak, baina ezpata dantzak dira. Bestalde, batez ere ingurutxoak ditugu, guk dantza sozialak deitzen ditugunak: jotak, porrusaldak eta halakoak. Horrez gainera: makil dantzak, arku dantzak, zinta dantzak… denetarik daukagu.

Eta nafarrok ezagutzen al ditugu gure dantzak?

Topikoetan eta tipikoetan geratzen gara. Jota ezagutzen dugu, eta dantzatzen da, nahiz eta geroz eta gutxiago dantzatu… Badira dantza ezagunak. Nork ez ditu ezagutzen Otsagabiko edo Lesakako dantzariak? Eta Lantzeko zortzikoa? Baina badira beste asko galtzeko bidean daudenak, eta ezagunak ez direnak.

Eta dantzatzen ditugu?

Badago dantzarako ohitura, baina galtzen ari da. Guk oso erraz sartu izan ditugu polkak, mazurkak edo garai bateko modazko dantzak. Baina oraindik ez gara ausartzen, adibidez, dantza sueltoa sartzera. Dantza suelto modernoa nahi dut esan: rocka, popa eta holakoak. Guk ez ditugu horiek sartu izan, ez garelako ausartu. Eztabaida hori ematen ari da. Nik gogoan dut gure garaian diskotekan dantzaldia beti bukatzen zela jota batekin. Gauza horiek gero eta gutxiago ikusten dira.

Tradizioak, izan ere, eraldatu beharra du, bizirik iraun nahi badu.

Etengabe aldatzen eta birsortzen da tradizioa. Horregatik, guk hasieratik hautua egin genuen tradizioa birsortzeko borondatea daukaten adierazpen berriak inbentarioan sartzeko. Adibidez, Iruñeko ezpata dantza, Duguna taldeak egiten duena, edo Iruñeko kauteroen dantza. Ez dira emanaldi gisara egiten, folklorean sartzeko baizik.

“Euskaraz bizitzeko guneak behar dira, birtual eta fisikoak” »

Talde lanean sortu dute Elaide.eus euskarazko sare soziala, Nafarroako 32 toki entitatetako euskara zerbitzuen artean. Horietako bat da Antsoaingoa, eta Elvira Lizeaga da bertako euskara teknikaria, Nafarroako euskara teknikarien sareko kidea ere bade…