G7koen asmoen aurka bat eginda

G7koen asmoen aurka bat eginda »

Edurne Elizondo

Hiriz hiri antolatzeko ordua da oraingoa. Eta Iruñean egin dute jada: jendaurrean aurkeztu dute G7koen aurka sortutako taldea. Euskal Herrian osatutako plataformaren adar gisa jarri da martxan talde berria, Iruñeko herritarrak, elkarteak eta eragileak aktibatzeko asmoz.

Lan horrekin hasteko, hain zuzen, bilerara deitu du Iruñeko taldeak. Hilaren 16an eginen dute, 18:30ean hasita, Zabaldi elkartasunaren etxearen egoitzan. Asmoa argia da: “Iruñean gailurraren aurkako erresistentzia eraikitzea”.

G7koen gailurra, zehazki, datorren abuztuaren 24tik 26ra eginen dute, Miarritzen (Lapurdi). G7ko estatuburuen goi bileraren aurka egiteko sortu da, hain justu, G7 Ez plataforma nazionala, munduko herrialderik aberatsenen politikak salatzeko, eta, aldi berean, Euskal Herriko egoera agerian uzteko.

Hamaika pertsonak, elkartek, sindikatuk, alderdik eta eragilek egin dute bat Nafarroako hiriburuan sortutako taldean, asmo berarekin. Datorren astearteko bileran hasiko dira egin beharreko urratsak zehazten. Helburua izanen da G7koen “politika hiltzaileen” aurrean “beste mundu bat eraikitzeko” beharra aldarrikatzea.

“Jada eraikitzen ari gara beste mundu hori”, erran dute Iruñeko plataformako kideek. Justizia sozialaren, elkartasunaren eta berdintasunaren aldeko lana nabarmendu dute, hain zuzen ere, eta G7ko estatuek “guztiz kontrako balioak” ordezkatzen dituztela gaineratu.

Aliantzak

G7koen aurkako herritarrek argi dute erakunde horretako estatuen bideak orain arteko bere politiken ondorioak sakontzea baino ezin duela ekarri. “Desberdintasunek gora eginen dute; klimaren aldaketaren arazoa larriago bilakatuko da, eta gerra inperialistek aurrera jarraituko dute”. Egungo “sistema kapitalista globalizatua” jo dute Iruñeko taldeko kideek heteropatriarkatuaren eta kapitalaren arteko aliantzari eusten dion zutabetzat.

Sistema horrek eragiten dituen zapalkuntzen inguruko lana egin nahi du G7 Ez plataformak, abuztura bitarte. Estatuburuen goi bilerak Miarritzeko eta inguruko herritarren egunerokoan izanen duen eragina ere salatu dute Iruñeko taldeko kideek, eta nabarmendu dute, goi bilerak iraun bitartean, “askatasun publikoak erabat mugatuko” dituztela. Bertzeak bertze, manifestazio eskubideari eraginen dio G7koen bileraren inguruan ezarriko dituzten kontrol neurriek.

Bilerak “egiazkoa setioa” ekarriko duela erantsi dute taldeko kideek, eta horren aurka lan egitera deitu dituzte herritarrak. Iruñean bezala gainerako hiriburuetan sortutako taldeak nor bere kabuz ariko dira, baina, betiere, G7 Ez plataformak zehaztutako bidean.

Iritzia: Kontrolak »

Lohizune Amatria

Korrika lasterraldian parte hartzeak sortzen didan zirrara, ilusioa eta emozioa bildu nahi nituen lerro hauetan: lekukoa lehen aldiz hartzen duen horren irribarrea nolakoa izan den zuei kontatu; herri batean kilometro bat egin, atzetik zen autoan igo, Korrika aurreratu, eta maldan gorakoa saihestuz beste kilometro batean nola batu garen azaldu; Pirinioetako bailarek egunotan euskararekiko erakusten duten konpromisoa islatu…

Halakoak, baina, asko irakurriko zenituzten egunotan. Horregatik agian, edo kontatzera noan honek sortzen didanagatik, aldatu dut zutabe honen edukia. Edo edukia baino, ikuspuntua.

“Zerbait larria gertatu dela dirudi, inoiz baino polizia gehiago dabil errepidean”. Duela pare bat aste iritsi zitzaidan mezua, ostirala zen. Nirekin ere gurutzatu ziren argidun auto zenbait hiritik Pirinioetarako bidean gora nindoala. Ohikoan baino gehiago zirela pentsatu nuen nik ere bai.

Sumo horrekin bat eginez, bigarren batek idatzi zuen: “Kontrola ezarri dute hemen”. Minutu gutxira heldu zen hurrengo mezua: “Hemen ere ezarri dute, bi norabideetan”. Eta ez ziren mezu bakarrak izan asteburu horretan. Hurrengo egunean, antzerako beste bi jaso nituen.

Inguratuta eman genuen asteburua, kontrolatuta. Eta nahigabe hasierako hipotesi hura izan nuen buruan bueltaka: “Egia izango ote da bada? Zerbait larria gertatu ote da?”. Baina igaro dira zenbait egun, eta, ez, ez da aparteko ezer entzun inguruan.

Gertatukoari azalpen xume bat eman dakiokeen albistea zekarren egunkari espainiar batek duela aste gutxi. Landa eremuko kuartelak sendotuko ditu Espainiako Gobernuak despopulatzeari aurre egiteko. “Gutxiegi erabiltzen dituen” azpiegiturak indartuz, jendez hustutako eremuak dinamizatu nahi ditu Pedro Sanchezen gobernuak. Diotenez, lanpostuak bakarrik ez, “herrietan falta diren” zerbitzuak eta sareak heda ditzakete.

1.820 guardia zibil ditu aktibo Guardia Zibilak Nafarroan. Langile gehien dituen erakundea da – 1.100 foruzain eta 739 polizia daude Nafarroan -, baina PSOEk gehiago jarri nahi dizkigu. Garai ilunak datozkit burura.

Korrika abiatzeko egun gutxi geratzen zirela beste berri bat iritsi zitzaidan. “Aupa! Aste honetan guardia zibilak bi isun jarri dizkigu Korrikaren harira”. Erronkarin ezarri zuten lehenengo isuna: karrika-korrikan parte hartzen ari zirenei 500 euro eskatu dizkiete. Bigarrena, Aezkoan jarri dute. Kilometroak markatzen ari zirenek jaso dute, autoa errepidean uzteagatik. 80 euro.

Argi dago, ari da jada Guardia Zibila landa eremuan lanean. Diskurtsoa aldatuko dute, baina molde bera erabiltzen ari dira. Beti bezala, euskararen aldeko mugimendua oztopatzen dabiltza, errepideak kontrolez josiz izua hedatzen… Noren arazoak konpontzeko neurria izango ote da kuartelak sendotzearena?

Gauzak gertatu dira, bai; eta larriak dira, gainera. Baina, tamalez, ez dira apartekoak izan. Eskerrak oraindik asko garen lekuko baten atzean hamaika egunez korrika egiteko prest gaudenak hemen. Herri zoro zoragarria da gurea.

Musika egiteko pasioa

Musika egiteko pasioa »

Edurne Elizondo

Gogoan dut, behin, oholtza gainera igo, eta pentsatu nuela: hau da benetan maite dudana, hau da beti egin nahi dudana; oholtza gainera igotzen jarraitu nahi dut, eta gauzei beren kasa gertatzen utzi”. Maite Beaumont mezzosoprano iruindarra da mintzatu dena. Adi entzun ditu lagunaren hitzak Sabina Puertolas Tafallako sopranoak, eta buruarekin keinu bat eginez baieztatu ditu. Gehiago erantsi nahi izan du: “Maite duguna egiten dugulako sortzen da magia oholtza gainean. Musika egiten dugu, sortzen dugu, eta hor magia bada”.

Iruñean eta Tuteran egin dute bat Beaumontek eta Puertolasek. Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin aritu dira hiriburuko Baluarte auditoriumean eta Tuterako Gaztanbide antzokian, Manuel Hernandez-Silvaren zuzendaritzapean. Pergolessiren Stabat Mater obra eskaini dute abeslariek.

“Bi kantariok elkarrekin entzun nituen lehendabiziko aldiak erabat hunkitu ninduen; beti gogoratuko dut orduko sentsazio zoragarria”, erran du Hernandez-Silvak, Beaumonti eta Puertolasi buruz. Bien arteko harremana estua da oholtza gainean, bai eta handik kanpo ere.

“Pablo Sarasate kontserbatorioan ezagutu genuen elkar. Oroitzen zara garai hartaz? Nire ahizpak ere han ikasten zuen”, galdetu dio Beaumontek Puertolasi. Gogoan ditu ordukoak, bai, Tafallakoak. Ikasketak amaituta, halere, nork bere bidea egin zuen, eta Euskal Herritik kanpo egin zuten topo, berriz ere. “Bruselan”, gogoratu dute.

Iruñean kantu eta biolin ikasketak amaituta, Alemaniara joan zen Maite Beaumont, trebatzen jarraitzeko. Hanburgoko Musikhochschulen aritu zen, zehazki, Hanna Schwarzekin. Hanburgoko Opera Studioko kide bilakatu zen, eta, gerora, Ensemblekoa. Puertolasek, berriz, Iruñetik Italiarako bidea egin zuen: Sienako Accademia Chigianan ikasi zuen, bai eta Bussetoko Accademia Verdianan ere. Hamaika kontzertu eta operatan parte hartu dute bi abeslari nafarrek, eta hainbat disko grabatu dituzte.

Nafarroatik kanpo aurkitu dituzte biek operaren munduan bide bat egiten hasteko lehen aukerak, baina estimatzen dute anitz Iruñeko kontserbatorioan jasotako heziketa. Sorterrian maite eta estimatzen dituztela sentitzen dute. “Tafalla herri txiki bat da, baina kultur jarduera guztietan parte hartzen nuen nik, eta beti eskertuko ditut abesteko izan nituen aukera horiek guztiak”, erran du Puertolasek.

“Maila handiko musika heziketa jasotzeko aukera bada Iruñean; hutsunea mundu profesionalera jauzia egiteko orduan sumatzen da, ikasketen eta lanaren esparruen arteko zubirik ez baitago”, azaldu du Beaumontek. Horregatik erabaki zuen Alemaniara joatea. “Lehendabiziko rolak lortzeko, sasoi iraunkor bat dagoen toki batera joan behar duzu. Oholtza gainean egoten ikasi behar duzu, pixkanaka”, erran du. Ados da Puertolas ere. “Ikasketak amaituta, garrantzitsuena da esperientzia lortzea, eta hemen ez dago azpiegitura egokirik. Dagoen tokira joan behar duzu, trebatzeko, ikasten jarraitzeko”, erran du.

Heldutasunean

1996. urtean, Julian Gaiarre kantu txapelketako hirugarren saria irabazi zuen Puertolasek. Ordutik egindako urratsek moldatu eta aldatu dute sopranoa. “Nire burua, nire gorputza, nire ahotsa aldatu dira”. Beaumontek ere heldutasunak emandakoa nabarmendu du, eta eskertu du esperientziak ekarritako segurtasuna. “Ikasten duzu zuretzat zer den onena; zer-nolako rolek egiten dizuten mesede eta zeintzuk ez”.

Abeslariek, batez ere, abesten jarraitzeko izan duten aukera eskertu dute. Beaumont: “Nik ez nuen uste, duela hogei urte, musika nire lanbide bilakatu ahal izanen nuenik”. Puertolasek ere ez. Horregatik, helburuak zehaztea ez du gustuko Tafallako sopranoak. “Inportanteena bidea da; urrats bakoitzarekin gozatzea”. Egiten dutena gustuko izatea ezinbertzekoa da operaren esparruan aurrera egiteko. Hori argi dute sopranoak eta mezzosopranoak; eta ongi dakite, halaber, gustuko duten hori egitea ez dela nahikoa. “Lan egin behar duzu; aukerak bilatu behar dituzu; eta zortea ere alde izan behar duzu. Lehia handiko esparrua da gurea”, erran du Beaumontek.

Oholtzaren atzean gertatzen direnei buruz jendeak gutxi dakiela azaldu du mezzosopranoak, baina oholtzaren atzean hartzen dira erabaki nagusiak, hain zuzen ere. “Produktu bilakatzen gara, neurri batean; abeslari bakoitzak baditu bere ahotsa, bere nortasuna, hobeki egokitzen zaizkion rolak, oholtzan mugitzeko bere modua, eta hori guztia hartzen du zuzendariak kontuan zu edo bertze bat kontratatzea erabakitzen duenean”.

Agentzien lana aipatu du Sabina Puertolasek. “Haien zeregina da sortutako produktua saltzea”. Nabarmendu du, halaber, opera baten atzean talde lan handia dagoela, eta denen lanak eragiten diola bertzeei. “Bertzeen lana ere kontuan izan behar duzu zurea egitean”. Ezinbertzeko bertze ezaugarri bat badela nabarmendu du Puertolasek: “Malgutasuna. Malgutasunez jokatu behar duzu mundu honetan aurrera egin ahal izateko, zuzendarien lan egiteko moduetara, oholtzetara, bertze abeslarien eretara egokitzeko”.

Maite Beaumontekin lan egitea erraza da Puertolasentzat. Hori baino gehiago: “Kolpean maitemindu nintzen bere lan egiteko moduarekin, bere ahotsarekin. Babesa sentitzen dut elkarrekin abesten dugunean”. Agerikoa da bi abeslarien arteko konplizitatea; agerikoa da musikarekiko duten grina eta pasioa. Eta agerikoa, batez ere, oholtza gainean dena emateko duten ardura. “Zure onena ematera atera behar duzu beti oholtza gainera. Sabinarekin erraza da. Ongi ulertzen dugu elkar, eta gure ahotsek bat egiten dute”, erantsi du Beaumontek.

Jendez betetako espazioa da antzoki bat. Opera bat estreinatu ondoko besta giroa nabarmendu du Puertolasek. Baina makillajea kendu eta hoteleko gelara itzultzearekin batera, bakardadeak harrapatzen du artista. “Momentu hori zaila da; arrakasta lortu edo porrot egin, bakarrik zaudenean, jakin behar duzu zure burua eta zure emozioak kudeatzen; bertzela, zureak egin du”.

Lagunarekin bat egin du Iruñeko mezzosopranoak ere. “Zu zeu zara zure kritikaririk zorrotzena. Zuk inork baino hobeki dakizu noiz eman duzun onena”. Gerta daiteke onena emanda ere nahi edo espero bezainbertze txalo ez jasotzea. Baina horrek ez du Beaumont gehiegi kezkatzen. “Nire buruarekin ongi eta lasai sentitzea da kontua; hori lortuta, gainerakoek bost axola”, erran du, irmo.

Etxetik urrun

Maite Beaumontek Iruñean du etxebizitza; Sabina Puertolasek, berriz, Madrilen. Etxetik kanpo ematen dute denbora anitz, halere. “Gure lanbideak hori du, hemendik harat ibili behar dugula. Gauza anitz utzi behar ditugu bazter”, erran dute. Merezi duela zalantzarik ez dute, halere. Baina zenbaitetan etxekoengandik urruntzea zailagoa dela onartu dute biek.

Alaba bat du Beaumontek, eta seme bat, berriz, Puertolasek. “Haiekin egoteko dugun denbora guztia aprobetxatzen dugu”. Amatasuna eta lanbidea uztartzea ez da beti erraza, bi abeslariek onartu dutenez. Baina ez dute uste haientzat bertze edozein lanbidetan ari den emakume batentzat baino zailagoa denik.

Egutegiari so egon behar dute beti, halere. “Harat eta honat”. Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin aritzeko, astebeteko oporraldia eman diote Beaumonti, Madrilen. Verdiren Falstaff lana aurkezteko ari da lanean. Ostegunean eta ostiralean Iruñean, eta larunbatean Tuteran abestu eta gero, igandean itzuli zen mezzosopranoa Madrilera.

Sabina Puertolasek ere Madrilen du hurrengo lana: Doña Francisquita ari da prestatzen. Handik Oviedora joanen da, eta, gero, berriz, Txilera. Atseden hartzeko ia denborarik ez dute. Baina kontent dira. “Maite duguna egiten”, berretsi dute. Operara hurbildu nahi dute jendea. “Oraingoa jada ez da diven garaia”, erran dute.

Hasieran errandakoa berretsi dute Puertolasek eta Beaumontek, halere. Maite dutena egiten dutelako beren ahotsek magia sortzen dutela oholtza gainean, alegia. Musika egiten dutela abesten dutenean. Eta elkarrekin abestea biziki maite dutela. Agerikoa da elkar ongi ezagutzen dutela; elkar errespetatzen dutela. Oholtza gainean, bai eta handik kanpo ere, artista direla. “Divak? emakume arruntak gara”, barre egin dute.

Bide luze baten lehen urratsa

Bide luze baten lehen urratsa »

Ane Eslava

Borroka luze baten ostean lortu dute. Amiantoaren biktimek urteak daramatzate eskatzen kendu ditzatela mineral horrekin egindako eraikin, teilatu eta material guztiak, eta, azkenean, Nafarroako Gobernuak pausoa eman du: amiantoa ezabatzeko plan zuzentzailea onartu du. Biktimak pozik daude, halako egitasmo bat onartzen den lehen aldia delako, baina ohartarazi dute hura aurrera ateratzea “zaila” izango dela, eta arazoa “presazkoa” dela.

Amiantoa mineral oso toxikoa da, eta, bere arroka naturaletatik erauziz gero, zuntz mikroskopikoetan desegiteko joera du. Zuntz horietako bakar bat irentsiz gero, birika albeoloetan iltzatuta gera daiteke, eta hasieran ez du sintomarik sortzen, baina, 30 bat urteren ostean, hainbat eritasun eragiten ditu. Pleurako mesotelioma da ohikoena, baina beste batzuk ere badira: minbizia, asbestosia, perikardioa… Gaitz horiek ez dute sendabiderik; gaixoek kimioterapia jasotzen dute, gaixotasunaren kalteak moteltzeko; baina ez dira sendatzen.

AEBetatik ekarri zen amiantoa, XX. mendean, eta erruz erabili zen industrian, inolako babesik gabe. Lantegietara eramaten zituzten kutxek arriskuaz ohartarazteko zigiluak zituzten; baina, kutxak sartzean, zigilu horiek kentzen zituzten. Europako Batasuna 1983an hasi zen amiantoaren erabilera erregulatzen, baina 2005era arte ez zuen guztiz debekatu. Ordurako toki askotan zegoen: eskoletan, lantegietan, etxeetan… Gaur egun, hor jarraitzen du, eta, deskonposatuz gero, edonork arnas dezake.

“Ezkutuko gaitz bat da”, laburbildu du Maria Asun Fernandezek. Amiantoak kalte egindakoen artean dago Fernandez, eta Ananar Nafarroako Amiantoaren Biktimen Elkarteko presidentea da. “Oso positibotzat” jo du Nafarroako Gobernuaren egitasmoa, baina arazoak erantzun azkarrak eskatzen dituela adierazi du. “Izan ere, inork ezin du jakin gaur egun jendea kutsatzen ari den edo ez; kaletik paseatzen ari zarela kutsatu zaitezke, eta hemendik 35 urtera minbizia izan”.

Nafarroako Gobernuaren dokumentuak aditzera eman du, lehen aldiz, herrialdean dagoen amianto kopurua. Datua kezkatzeko modukoa da: uralita edo zuntz zementuzko 6,37 milioi metro koadro daude, eta kanalizazioetako 566 kilometro. Gainera, oraindik zenbatu ezin den ezkutuko fibrozementua ere badela esan du gobernuak.

Lanean kutsatutako gaixoei dagokienez, 2018an 3.192 pertsona zeuden Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko erregistroan. Horiek Nafarroako Ospitale Guneko Pneumologia zerbitzuko jarraipena dute. Bestalde, kalkulatu dutenez, pleurako mesotelioma kasuen %20 ez dira lanean kutsatutakoak, ingurugiro esposizio bidez kutsatutakoak baizik.

“Oso kopuru larriak dira, eta, orain arte, gainera, ez zieten inolako garrantzirik ematen”, nabarmendu du Ananarko presidenteak. Halere, “kontent” dago azkenean datuak eskura izateagatik, asko kostatu zaielako lortzea gobernuak zenbaketa egitea.

Fibrozementuak 30 eta 50 urte arteko bizitza erabilgarria dauka. Horren ostean, zuntzetan desegiteko aukera areagotu egiten da. Beraz, kalkulatu dute instalatuta dauden materialen %65ek izango dutela agortua bizitza erabilgarria 2020rako, eta guztiek, berriz, 2040rako. Hain zuzen ere, Europako Batasuneko irizpen batek agintzen duenez, 2032. urterako EB osoko amianto guztiak kenduta egon beharko luke. Hori dela eta, esku hartzea “urgentziazkoa” dela azpimarratu du Fernandezek: “Egin beharrekoa orain egin dezatela. Ezin dugu 2040ra arte itxaron. Jende gehiegi hil da dagoeneko”. Gobernuaren urratsa hauteskundeei begirako estrategia bat ez izatea espero duela esan du Ananarko presidenteak.

Nafarroako Gobenuraren aurreikuspenen arabera, amiantoa kentzeko planak 245 milioi euroren kostua izango du, eta hamabi urte iraungo du. Administrazioko teknikari talde batek diseinatu du plana, eta fibrozementuzko estalkien teledetekzioa eta geolokalizazioa, berriz, Tracasa enpresa publikoaren eta NUPeko Ingeniaritza Departamentuaren ardura izan da. Hornikuntza eta saneamendu mankomunitateei fibrozementuzko kanalizazioen inguruko informazioa eskatu diete, eta, azkenik, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoari eskatu diote txosten bat egin dezala, amiantoa kendu ondoren zabortegian biltzeko aukerak aztertzeko.

Plan zuzentzailean garrantzi handia eman diete amiantoa segurtasunez kentzeko hartu beharreko neurriei, langileen osasuna bermatzeko. Bestalde, herritarrei zuzendutako informazio kanpainak eta talde zein profesionalentzako formakuntza egitea ere proposatu dute.

Ikerketa eta konpentsazioa

Amiantoa kentzea egin beharreko urrats nagusietako bat da, baina ez bakarra; hori uste du Ananarko presidenteak. Horrekin batera, amiantoarekin lotutako gaixotasunen inguruko ikerketa bultzatzea ere ezinbestekoa dela uste du. “Elkartean, baina, ez dugu diru laguntzarik jasotzen ikerketarako, eta Gizarte Segurantzak ez du ezer egin ikerketaren arloan”, salatu du. Ananar elkarteko kideak Nafarroako Unibertsitate klinikarekin lanean ari dira, ikerketa batean, baina Fernandezek azpimarratu du “prest dagoen edozeinekin” lan egingo dutela.

Bestalde, kaltetuentzako konpentsazio funts bat sortzea ere eskatzen dute. Dagoeneko lortu dute Espainiako Kongresuak funts baten sorrera onartzea. “Hiru zutabe horiek eskutik helduta egon beharko lukete: amiantoa ezabatzea, ikerketa eta kopentsazioa”, azaldu du Ananar elkarteko presidenteak. Eta neurriak hartzen hasteko garaia badela gaineratu du, “berandu baino lehen”.

Biltegitik argipera itzuli dira beirateak

Biltegitik argipera itzuli dira beirateak »

Edurne Elizondo
Ezkutuko altxorra agerian da, berriz ere. Biltegia izan da Bertizko jaurerriko beirateen gordeleku, hogeita hamar urtez. Nafarroako Gobernuak lehengoratu ditu, eta jatorrizko beren tokian dira orain, berriz ere: argipean, jaurerriko kap…

Iritzia: Gizonak auzolanean »

Saioa Alkaiza
Maskulinitatearen performance bat da auzolana. Sasiak garbitzen, paretak margotzen, pitzadurak konpontzen, oholtza muntatzen edota mahaiak eramaten zaudenean ikustea nola mundura zis gizon heterosexual sortutakoek elkarren arteko gizontas…

Komunitate bat eraikitzeko bidea

Komunitate bat eraikitzeko bidea »

Edurne Elizondo

Azken txanpako “urduritasuna”; baina, batez ere, “ilusioa eta emozioa”. Sentsazio horiek nabarmendu dituzte Garesen egoitza duen Izarbeibarko euskaltegiko arduradun Ane Azkonak eta Korrikaren hasiera ekitaldiko koordinatzaile Ion Zirizak. Apirilaren 4an, 17:00etan, herri horretatik abiatuko da 21. Korrika; apirilaren 14ra bitarte, 2.000 kilometro baino gehiagoko bidea eginen du lasterketak, Gasteizera ailegatu arte. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu Korrikak helburu. Garesen, euskararen aldeko sarea osatzeko baliatu nahi dute aukera, gainera. Komunitatea eraiki nahi dute, hizkuntza ardatz hartuta.

Egun bateko besta baino anitzez ere gehiago izanen delako Korrikari hasiera ematea, Garesko euskaltzaleentzat. Hori argi du Azkonak. Herrikoa da, herriko D ereduko ikastetxe publikoan ikasitakoa. Onartu du, halere, unibertsitateko ikasketak egitera Logroñora joan zenean bilakatu zela militante. “Euskaraz zekiten kideekin euskaraz hitz egiten hasi nintzen han; herrian, eskolako hizkuntza zen euskara niretzat, eta handik kanpo ez nuen erabiltzen. Logroñon, hangoek ez zuten ulertzen gure artean gure hizkuntzan hitz egin nahi izatea. Ontzat jotzen zuten ama hizkuntza ingelesa zuten bi pertsona hizkuntza horretan aritzea, baina ez guk euskaraz hitz egitea”.

Kontrako jarrera horrek eragin zion Azkonari AEKra hurbildu zuen klika, hain zuzen ere. Ikasketak amaituta, Mintzakiden lana eskaini zioten, eta AEKn irakasle izateko prestatu eta gero, euskaltegian eskolak ematen hasi zen. Orain, euskaltegiko arduraduna da. Garesen du egoitza, baina eskualdeko eta inguruko bertze hamaika herritako jendea ari da zentro horretan euskara ikasten. 50 ikasle inguru ditu egun, eta sei langile.

Euskaltegiko kideek duela bi urte jakin zuten aurtengo Korrika herritik abiatuko zela. “Poza hartu genuen berria jakin genuenean; aldi berean, argi genuen ardura handia izanen zela”, gogoratu du Azkonak. Herritarren artean zurrumurrua zabaltzen hasi zen, eta iazko ekainean baieztatu ahal izan zuten Gares izanen dela Korrika abiatzeko herria.

Aurreko hogei aldietan hamabost herrik hartu dute Korrikaren hasiera. “Ohore hori izanen du gure herriak ere”, erantsi du Ion Zirizak. Barañaingoa da, baina Garesen bizi da egun. Duela zortzi hilabete ailegatu zen herrira, baina herriko parte sentitzen da jada. Korrika hasteko besta antolatzeko lanetan murgildu da buru-belarri, eta herrikoa balitz bezala ari da Korrikaren ingurukoez gozatzen. Lan handia du esku artean, eta onartu du “kezka eta bertigoa” sentitu dituela. Baina euskararen aldeko grinak eragindako ilusioa nagusitu da. Kontent da herritarrek parte hartzeko erakutsi duten borondatearekin, eta zalantzarik ez du Korrika Garestik abiatzeak “epe luzerako arrastoa” utziko duela.

Eremu mistoan

Euskaldun berria da Ziriza. 18 urte zituenean hasi zen ikasten, eta lotsarik gabe erabiltzen zuela gogoratu du, gramatika menderatzen ez zuenean ere. “Militantziagatik erabaki nuen ikastea”, nabarmendu du. “Euskaraz bizi nahi dut, eskubide hori dudalako”. Garesen hori lortu duela erran du. “Badakit nora jo euskaraz bizitzeko. Eta euskaraz ez dakienak ere ahalegina egiten du; belarria prest dute”.

Azkonak nabarmendu du azken urteotan hobera egin duela euskararen egoerak herrian. Argi du, halere, urrats anitz badela, oraindik ere, egiteko. Gares eremu mistoan dago, 1986. urteko euskararen legeak ezarritako zonifikazioaren arabera. 1980ko hamarkadaren hasieratik bada D ereduko ikastetxea, eta horrek herriko giroa euskalduntzeko prozesua anitz lagundu duela azaldu du euskaltegiko arduradunak.

“Haurrak D eredura joaten hasi zirenean, gurasoek ez zekiten euskaraz, baina seme-alabak laguntzeko asmoz, ikasten hasi ziren”, kontatu du Azkonak. Orain, D ereduan ikasitako haur horiek bilakatu dira guraso, eta seme-alabekin euskaraz egiteko gai dira.

3.000 biztanle inguruko herria da Gares. Herritarrek elkar ezagutzen dute. Euskaldunen eta euskaltzaleen arteko sarea sendotzeko beharra badela uste du Azkonak, halere. “Duela bost urte hasi nintzen euskaltegian lanean, eta han konturatu naiz ez dakigula benetan Garesen zenbatek hitz egiten duten euskaraz, edo zenbat diren ulertzeko gai”, nabarmendu du.

Horregatik jarri du mahai gainean saretzeko eta komunitatea eraikitzeko beharra. “Hizkuntzaren auzia lantzeko talde bat behar dugu, euskararen alde lan egiteko; Euskararen Eguna antolatzeaz gain, harago joko duen sarea behar dugu, gogoeta bultzatzeko, euskara lantzeko”.

Euskaraldiarekin sare hori ehuntzeko urratsak egin zituztela uste du Azkonak, egitasmo horrek balio izan zuela euskaldunek elkarren berri zehatzagoa izateko. Eta bultzada horri segida eman nahi diote Korrikaren bidez.

Lege berri bat eskatzeko

Apirilaren 4an, berrehun boluntario inguruk eginen dute lan Garesen, Korrikari behar den bezalako hasiera emateko. “Jende anitz etorri da guregana laguntzeko prest”, azaldu du Zirizak. Azken txanpako kontuak lotzen aritzea egokituko zaio egunotan. Ostegunean bestaz gozatzeko “aukera gutxi” izanen duela argi du, baina herritarrentzat ari dela badaki, eta horrek betetzen du. Euskararen alde ari delako.

Euskararen alde egin nahi duelako, hain zuzen, etsita agertu da azken lau urteotan Nafarroako Gobernua urrats gehiago egiteko gai izan ez delako. “Pausoak eman dira, baina ez da nahikoa”. Bat egin du Azkonak. “Behar duguna da zonifikazioa bertan behera uztea”, erantsi du, irmo.

Korrikaren hasierak ederki islatuko ditu zonifikazio horren ondorioak. “Garestik atera, eta hurrengo herria Mañeru izanen da Korrikaren bidean. Herri hori eremu ez-euskaldunean dago. Han bizi den nire lehengusuak eta nik ez ditugu hizkuntza eskubide berak”, salatu du Azkonak.

Egoera mingarria zaie Azkonari eta Zirizari. Mañeruko herritarrentzat Korrika “esperientzia polita” izanen dela nabarmendu dute, herritarrak ahalegindu baitira eremu mistoan sartzen, baina ez dute lortu. “Euskaraz ikasteko Garesera etorri behar dute hango haurrek; bidaia egiteko laguntzarik ez dute, ordea”, azaldu du Zirizak. Euskaldun guztien hizkuntza eskubideak errespetatu eta bermatuko dituen legea eskatu dute antolatzaileek. Hori lortzeko bidea hasiko dute apirilaren 4an. Azkonak argi du: “Kolosala izanen da”.

“Ematen du erakundeak konplexuek jota ari direla euskararen gaian”

“Ematen du erakundeak konplexuek jota ari direla euskararen gaian” »

E. Elizondo

Beteta da Asier Biurrunen agenda egunotan. Azken txanpan sartu dira 21. Korrika prestatzeko lanak, eta lanez gainezka da ekinaldiko Nafarroako koordinatzailea. Erakundeei eskatu die klik egiteko, eta urratsak egiteko beldurrik ez izateko.

Nafarroan hasiko da Korrika. Berezia izanen da zuentzat?

Bai. Hemen hasteak ematen digu halako poz berezia. Korrika iristea beti da pozgarria, baina hemendik hastea ohore bat da. Orain arte bakarrik beste hamabost herrik izan duten ohorea da, gainera. Hori gauza handia da.

Lan gehiago ere bada, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Garesen jende asko ari da lanean. Herrialde osoan ari gara. Baina oso gustura egiten den lana da. Ez dakigu eguraldia lagun izanen dugun edo ez, baina ziur naiz apirilaren 4an, 17:00etan, emozio handia izanen dela Garesen, eta ikusiko ditugula malkoak, halako ekitaldi bat oso polita delako.

Nafarroan hasteak ematen dio indar berezia ofizialtasunaren aldeko aldarriari?

Esanahi berezia du Nafarroan hasteak, bai. Ezin dugu ahaztu hemen zonifikazioak indarrean jarraitzen duela. Garesen abiatuko da Korrika, eta horko herritarrek ez dituzte eremu euskaldunekoek dituzten hizkuntza eskubideak. Korrika da zonifikazioa bertan behera uzten duen ekinaldi bat. Garesen hasiko dugu bidea, eta euskaraz eginen dugu, herrialde osoan. Zonifikazioak ezarritako mugen gainetik.

Gobernua, azken lau urteotan, ez da gai izan muga horiek bertan behera uzteko. Zer deritzozu?

Hankamotz gelditu dela egindako lana. Legegintzaldia amaituko da laster, eta, Korrikaren bidez, hain zuzen, kolpe bat eman nahi dugu mahai gainean lekukoarekin, hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko. Gares eremu mistoan dago, baina horrek ez ditu hangoen eskubide guztiak bermatzen. Urratsak egiten jarraitu behar dugu, euskara ofiziala izan dadin Nafarroa osoan. Horretarako, erakundeek eta horietan diren alderdiek klik egin behar dute. Benetako urratsak egin behar dituzte, hizkuntza eskubideak inori ez ukatzeko. Nafarroan, egun, legeak euskara erabiltzea ukatzen die herritar askori.

Herritarrek erakundeek baino errazago egiten dute euskararen aldeko klika?

Ematen du erakundeek halako beldurra badutela. Herritarrek errazago egiten dute klik. Alderdiek beste toki batera begiratzen dute. Ematen du mundu guztia utzi nahi dutela kontent, baina argi dago euskaldunak ez daudela pozik. Konplexuek jota jokatzen dutela ematen du. Beste gai batzuekin ez daude euskararekin dauden arazoak, gainera. Euskaldunok hizkuntza eskubideak baditugu, lege batek arautu behar ditu, denak berdintasunean artatzeko. Baina ez dute horrelakorik egiten, euskararen arloan. Alderdiek azaldu beharko lukete zergatik ez duten egiten.

Zonifikazioa bertan behera uzteko aukera argi bat galdu dela uste duzu?

Ez dut gustuko esatea aukera bat galdu dugula, baina egia da ez dugula egoera aprobetxatu aurrera egiteko. Aldaketaren gobernuak agintea hartu zuenean, itxaropeba bagenuen; haize berria sumatuko genuela uste genuen. Egin dira urratsak, baina ez dira nahikoak. Egia da hainbat herrik lortu dutela eremu mistora sartzea, baina zergatik ez dugu jauzia egin denak eremu euskaldunean sartzeko? Edo zonifikazioa bertan behera uzteko, behingoz? Legegintzaldia joan da, eta ez dakigu hemendik aurrera zer gertatuko den.

Korrikaren hasierak ederki islatuko du zonifkazioaren eragina, eremu mistotik ez-euskaldunera pasatuko baitira korrikalariak, kilometro gutxi eginda.

Bai. Garesen hasteak ere emanen digu aukera errealitatea ezagutzeko. Hori da gure egunerokoa. Hori da alderdiek ikusten ez dutena, eta legeak errespetatzen ez duena.

Garesen hasi, baina Nafarroa osoan eginen du bidea Korrikak. Dena prest?

Azken txanpan gara, azken ordukoak lotzen, dena prest izateko. Korrikak aspaldi zapaldu ez dituen euskualdeak bisitatuko ditu aurten; asteburuan jende asko izanen dela ziur gara, apirilaren 6an pasatuko baita Korrika Iruñetik. Jendea gogoz dela uste dut. Nik hori nabarmendu nahi dut, jendeak baduela gogo handia parte hartzeko, lekukoa hartzeko. Eskualde askotatik ari gara deiak jasotzen, eta harrituta gara toki askotan jaso dugun erantzun onarekin. Polita dator Korrika, eta uste dugu aukera emanen duela presio pixka bat egiteko, hurrengo legegintzaldian gerta ez dadin oraingoan gertatu dena.

Sari bat, sei hautagai eta hamaika bide

Sari bat, sei hautagai eta hamaika bide »

Edurne Elizondo

Kulturaren esparruan nagusietako bat. Halakoa da Nafarroako Gobernuak urtero banatzen duen Vianako Printzea saria. Aurtengoa nori dagokion apirilaren 5ean ezagutaraziko dute, eta maiatzaren 4an eginen dute saria emateko ekitaldia, Vianan.

Epaimahaiak sei hautagairen artean erabaki beharko du norentzat izanen den 2019ko Vianako Printzea saria: Sagrario Aleman, Atena fundazioa, Fernando Hualde, Tomas Yerro, Pamplonesa musika banda eta Amaia Remirez eta Raul de la Fuente dira proposatutako eragileak. Hautagai horiek jorratutako lan esparruak askotarikoak dira: euskalgintzak, zinemak, antzerkiak, literaturak, musikak, etnografiak eta bertze hamaika diziplinak isla dute haien ibilbideetan.

1.
REMIREZ-DE LA FUENTE

Amaia Remirez eta Raul de la Fuente zinemagileak dira, eta azken Goya sarietan nagusitu egin ziren Another Day of Life filmarekin, animaziozko lanen kategorian. Nafarroako Ikus-Entzunezko Klusterrak aurkeztu du haien hautagaitza. Nabarmendu dute Remirezen eta De la Fuenteren obrak agerian uzten duela zinemak errealitatea dokumentatzeko duen gaitasuna.

De la Fuente argazki zuzendaria da, bai eta gidoilaria, zuzendaria eta editorea ere, bertzeak bertze. 2006an estreinatu zuen bere lehen lana: Nomadak TX. 2014an, Goya saria irabazi zuen Minerita filmarekin. Remirez, berriz, gidoilaria eta ekoizlea da, eta De la Fuenteren hainbat film ekoitzi ditu. Harekin batera sortu zuen Kanaki Films etxea, 2009an.

2.
FERNANDO HUALDE

Gutxi dira Fernando Hualdek ukitu ez dituen arloak. 1961. urtean jaio zen, Izaban, eta bere herriko eta eskualdeko kultura eta etnografia zabaltzeko egin du lan, etenik gabe. Nafar Ateneoak proposatu du aurtengo Vianako Printzea saria jasotzeko.

Hogeita hiru liburu idatzi ditu, eta sei dokumental prestatu. Bi mila artikulu baino gehiago argitaratu ditu prentsan, eta hamaika hitzaldi eman ditu. Izabako museo etnografikoaren bultzatzaile izan da, bai eta Burgiko almadiari buruzkoaren sustatzaile ere. Erronkaritik kanpo ere egin du lan, eta herriz herriko zaharren aspaldiko garaiei buruzko ahozko testigantzak jaso ditu, bertzeak bertze.

3.
TOMAS YERRO

Nafar Idazleen Elkarteak proposatu du Tomas Yerro Vianako Printzea saria irabazteko. Nafarroako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle izan da, bertzeak bertze. Río Arga poesia aldizkaria zuzendu zuen, eta hamaika testu argitaratu ditu Cuadernos de etnografía y etnología de Navarra aldizkarian. Poesia lanak ondu ditu, eta Nafarroako literatura jorratu du, hamaika hedabidetan.

Nafar Ateneoa sortzeko prozesuan parte hartu zuen Tomas Yerrok. Administrazioan ere izan ditu ardurak: Nafarroako Gobernuko Kultur Ekinaldien zerbitzuko buru izan zen 1991tik 1995era; eta Kultura zuzendari nagusi, berriz, 1995etik 1999ra.

4.
SAGRARIO ALEMAN

Euskalgintzaren esparruan eragile nabarmena da Sagrario Aleman, eta Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko hainbat kidek proposatu dute Etxalekukoa Vianako Printzea saria jasotzeko.

1972. urtean hasi zen helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko lanean. Farmazia ikasketek Valentziara eta Madrilera eraman zuten, eta azken hiri horretan ere eman zituen euskara eskolak. Nafarroara itzuli, eta Erriberan aritu zen lehendabizi. Arturo Campion euskaltegitik deia jaso zuen arte. Hain zuzen, 1982. urtetik erretiroa hartu arte IKAren Iruñeko Arturo Campion euskaltegiko arduraduna izan da.

Lan akademikoagoa ere egin du eta egiten du, Euskaltzaindiko kide baita 2007. urtetik. Gainera, Principe de Viana, Jakin, Bat, Argia eta Pulunpe aldizkarietan idatzi izan du Alemanek. Euskararen alde egindako lanagatik hainbat sari jaso ditu: Zaldiko Maldikoren Urrezko Lamia, 1987an; Euskalerria Irratiaren Larreko saria, 1996an; eta Noticias Taldearen Ortzadar saria, 2016. urtean, bertzeak bertze.

5.
ATENA FUNDAZIOA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultateak proposatu du Atena fundazioaren hautagaitza. Desgaitasunen bat duten pertsonen alde egiten du lan, artearen bidez, eta autonomia eta bizi kalitatea helburu hartuta. Fundazioa hainbat familiak sortu zuten, 2001. urtean, eta, geroztik, musika eta dantza eskola bultzatu, eta konpainia bat osatu du, bertzeak bertze.

Atenak pertsonen garapen osorako tresna bilakatu du artea. Egindako lana jendaurrean erakusten dute fundazioko kideek, urtero oholtza gainera igotzen baitira prestatutako lanak aurkeztera. Lan horrek Nafarroako Gobernuaren Gazteriaren saria jaso zuen 2013. urtean.

Atena fundazioak aurkeztutako azken ikuskizuna 2018. urtekoa da, eta Mi propio universo du izenburu.

6.
PAMPLONESA

Pamplonesa Iruñeko udal musika-banda garai berezi batean bilakatu da Vianako Printzea saria jasotzeko hautagai: mendeurrena ospatzen duen urtean, alegia. Iruñeko Udalak, Pamplonesaren Lagunen Elkarteak eta Iruñeko Olentzeroren Lagunen Elkarteak proposatu dute.

1919. urteko urriaren 11n jo zuen lehendabiziko aldiz Pamplonesak, eta, geroztik, hiriko ikur bilakatzea lortu du. Sanferminetan karrikak girotzen dituelako ezagutzen dute anitzek, baina besten esparrutik kanpo ere lortu du publiko fidela. Urtean 50 kontzertu baino gehiago ematen ditu. Hezkuntzaren arloan ere egiten du lan, eta, azken urteotan, haurrak musikara hurbiltzeko programa bat garatu du herrialdeko ikastetxeetan. Vicente Egeak zuzentzen du Pamplonesa, 1996. urtetik. Nabarmendu du bandak tradizioa eta bide berriak uztartu dituela.

Lacalleren memoria

Lacalleren memoria »

Edurne Elizondo

Urduri eta kontent. Halaxe da Joxe Lacalle, egunotan. Memorias de Lacalle (Txalaparta, 2017) argazki liburua argitaratu zuenean bezain urduri eta kontent. Lan horretan, prentsa argazkilari gisa lan egindako urteetan bildutako irudiak jaso zituen Egunkaria eta Egin hedabideetako langile ohiak. Azken hamarkadetan Nafarroan gertatutakoen kronika egin zuen Lacallek liburuan, bere argazkien bidez, eta kronika horren barruan dago kamera hartu aurretik Lacallek berak sufritutako erasoa: bonba bat jarri zioten Lacalle izeneko bere tabernan. Duela berrogei urte gertatu zen eraso hori, eta, ordukoak gogoratzeko, ekitaldia eginen dute bihar, 19:00etan, Iruñeko Alde Zaharreko Pellejerias zokoan.

Lacallek urtero oroitu du 1979ko martxoaren 27koa, taberna zegoen tokian bertan. “Urtero joan naiz egun horrekin Jarauta karrikaren 22ra. Aurten, berrogei urte betetzen direnez, zerbait berezia egin nahi nuen. Gazteek jakin dezatela hemen zer gertatu zen”.

Ez zen lehena izan

Orain Aitzina taberna dena izan zen Lacalle ostatua. Argazkilariaren gurasoek zabaldu zuten, eta Joxe Lacalle ezkondu zenean, 1974. urtean, negozioaren ardura bere gain hartu zuen. Han egindako lagunak nabarmendu ditu; tabernan bizi izandako momentu onak. “Gure taberna izan zen legeztatu zutenean ikurrina jartzen lehena”, gogoratu du, harro.

Taberna zegoen eraikin berean zuen Lacallek etxebizitza, 1979an. Emaztearekin eta lau seme-alabekin bizi zen Jarauta kalean. “Zaharrenak bost urte zituen, eta txikienak, berriz, hilabete gutxi”. Duela berrogei urtekoa jaso baino lehen, izan ziren bertzelako erasoak Lacalle tabernaren aurka. “Telefonoz deitzen zuten, mehatxu egiteko, adibidez”. 1978an, berriz, Kristo Erregeren Gerrillariak joan ziren tabernara. “Emaztea haurdun zegoen. Atea hautsi, eta tabernan sartu ziren, borrekin eta pistolekin”.

Egoerak okerrera egin zuen, handik urtebetera. 1979ko martxoaren 27an. Goizez, jende gutxi ibiltzen ohi zen tabernan; denak ezagunak, halere. Horregatik, bi baso ardo edan eta gero komunera sartu zen gizonak atentzioa eman zion Lacalleri. “Kobratu, eta sei pezeta itzuli nizkion; baina barra gainean utzi, eta alde egin zuen, komunetik atera zenean”, gogoratu du.

Bonba uztera sartu zen komunera. Lacallek aurkitu zuen, poltsa batean sartuta. “Ireki, eta kableak ikusi nituen”. Taberna hustu, eta Poliziari eman zion abisua. “Bost hilabeteko semea sehaskatik atera behar izan nuen korrika”. Artezilari batek poltsa hartu zuen, eta lehertu egin zitzaion, ateratzen ari zenean. Lacallek fresko ditu orduko beldurra eta kezka. Accion Nacional Española taldeak aldarrikatu zuen erasoa. Batallon Vasco Español taldeko adar bat zen.

Lacallek, halere, gogoan du, batez ere, auzokideengandik jasotako elkartasuna. Auzolanean konpondu zuten taberna. “Gazteak, gainera, erasoa gertatu eta gero, itxi arte gelditzen ziren nirekin. Gero jakin nuen txandaka aritzen zirela, bakarrik ez uzteko”, erran du, hunkituta. Lacallek 1987an utzi zuen taberna, drogak auzoan zuen presentziarekin arduratuta. “Ez nuen hori nahi seme-alabentzat”. Kamera hartu zuen, orduan.