Asteko Gaiak

Eskuz lotutako katea

Durango eta Iruñea banatzen dituzten 123 kilometroak milaka lagunen bitartez lotuko dituzte igandean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Eskuak, minutu batzuez, kate begi bilakatuko dira. Ia urtebetez garatu den lana gauzatuko da orduan. Hala ere, Gure Esku Dago ekinbideko arduradunek jakinarazi dute astelehenean ere erabakitzeko eskubidearen alde lanean jarraituko dutela, igandekoa abiapuntua besterik ez delako izango.

Mikel Soto Gure Esku Dago ekinbideko Nafarroako koordinatzaileetako bat da. Taldean, orotara, sei lagun inguru dira. Azken asteetan gogor ari dira lanean. Aitortu duenez, igandeko data, ekainaren 8a alegia, gorriz borobildua dute egutegian. Mugarri izatea nahi dute, batez ere parte hartzaileen aniztasunagatik. Gainera, mugimendua guztiz herritarra dela jakinarazi du. "Izaera herritar hori dela eta, jendea mobilizatzeko lan handia egin behar da", azaldu du Sotok. Dena den, ahoz ahokoak "ondo baino hobeto" funtzionatu duela esan du. Herritarren artean sortu den harremana oso garrantzitsua da Sotoren irudiko: "Guretzat, garrantzitsuena herritarren arteko saretzea da, eta giza katearen bidez hori lortzen ari gara".

Hala ere, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua Nafarroan motel xamar ibili dela aitortu du Sotok. Arrazoiak zeintzuk izan daitezkeen galdetuta, uste du zioetako bat izan daitekeela proiektuaren sorburua Gipuzkoan egotea. Duela nahiko gutxi arte ekimena ia oharkabean igaro da, baina ahoz ahokoak izugarri ongi funtzionatu duela irizten dio Sotok. Herri askotan modu autonomoan sortu dira erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeak. Nafarroako aurkezpen ofiziala iragan urte amaieran egin zuten, baina ordutik jaso dituzten atxikimenduak hazten joan direla azaldu du Sotok.

"Sarritan herrietatik zuzenean deitu digute esanez talde bat sortu nahi dutela, eta nola egin dezaketen galdezka, eta hori oso pozgarria da", jakinarazi du. Ainara Aiestaran egun Uharte-Arakilgo koordinatzailea da, eta Gure Esku Dago ekinbidearen berri hedabideen bidez izan zuela adierazi du. "Dinamika oso erakargarria iruditu zitzaidan erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko erronka", azaldu du Aiestaranek. Bere burua eskaini zuen Sakanan dagoen kilometro baten ardura bere gain hartzeko. "Sakanan, konkretuki Etxarri Aranatzen, apirilaren 13an egin zen kontsultarekin sortutako giroa aprobetxatzea ezinbestekoa zela iruditu zitzaidan", azaldu du Aiestaranek. Eskualdean jendea bereziki itxaropentsu dagoela esan du, batez ere gehiengoak Etxarri Aranatzen independentziaren alde egin zuelako.

Azken asteetan sortu den itxaropena bere horretan ez gelditzea espero du Aiestaranek. Ideia horrekin bat egiten du Sotok ere: "Igandeko ekimena izugarri ona iruditzen zait, herritarren artean sortzen den harremanak sare bat eratzen lagunduko duelako gerora bestelako planteamendu batzuk gauzatzeko". Izan ere, Gure Esku Dago ekinbidearen ezaugarri nagusiena hori da, proiektuak berak izan duen izaera herritarra.

Hainbat alderdi politikok eta hainbat politikarik atxikimendua adierazi dute, eta bat egin dute igandeko giza katearekin, baina ekinbidearen sustapenarekin ez dute zerikusirik izan. Sotok dioenez, errealitate horrek ere lagun andana erakarri du. Izan ere, Gure Esku Dago-n parte hartzen duten norbanakoak sentsibilitate eta ideologia ezberdinetakoak dira. "Batzuk abertzaleak dira, baina beste batzuek ez dute zertan; nahikoa da erabakitzeko eskubidearen alde egotea proiektuarekin bat egiteko". Aniztasun hori nabarmendu du Sotok, politikariez gaindi gauzatutako proiektua delako.

Aldarria eta jaia, biak bat

Hilabete luzez dozenaka ekitaldi izan dira Euskal Herrian eta, hein berean, Nafarroan. Azkena, esaterako, Iruñeko Txantrea auzoan egin zuten, larunbatean. Dozenaka lagun bildu ziren euskal herritarrek duten erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Sotok dioenez, oso zaila egiten zaio Nafarroako kilometroetan zenbat lagun izango diren kalkulatzea. Orotara, 41 kilometro izango ditu giza kateak Nafarroan; hortaz, 35.000 eta 40.000 lagun artean kalkulatu ditu. Beraz, ohartarazi du jendetza hori dena koordinatzea izango dela zailena. Hala ere, ziur da dena ondo aterako dela.

Festarako tartea ere izango da etzi. Etxarri Aranatzen, esaterako, egitarau oparoa antolatu dute; besteak beste, herri bazkaria, haurrentzako gunea eta Vendetta, Xaiko eta Tximeleta taldeen kontzertuak izango dira. Aiestaranek esan duenez, oso garrantzitsua da erabakitzeko eskubidea jai giroan eta inolako gatazkarik gabe ospatzea. Iruñearen kasuan, ez da kontzertu berezirik izango. 14:00etan, giza gaztelu bat eraikiko dute, eta, horrekin batera, bertsolariak eta jotak izango dira Sarasate pasealekuan.

Lan banaketaren ilunak argitan

Langabeziari aurre egiteko asmo garbia du Nafarroako Gobernuak. Hezkuntzan eta Osasunbidean behin behineko langileak kontratatzeko erabiltzen duen sistema bera ezarriko du administrazio publikoko gainontzeko eremuetan ere. Lanaldi osoa duen pertsona b...

Gobernuaren zerga politika salatu du LAB sindikatuak

"Enpresarien gutxiengo batek Nafarroan sortzen den aberastasunaren erdia pilatzen du, baina zergatan langileek ordaintzen dutenaren bostena baino ez dute ordaintzen", salatu du LAB sindikatuak. Horregatik zerga sistema aldatzeko beharra aldarrikatu du...

Txanpon beraren bi aldeak

Sufrikarioz betetako hogei urte luze behar izan ziren 1936 aurreko elikadura maila berreskuratzeko", esan du Emilio Majuelo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia Garaikideko irakasleak. Espainiako Gobernuak errazionamendu politika martxan jarri ...

Ehunka lagunek omendu dituzte Ezkabako presoak

Ezkabako gotorlekuko presoek Europako ihesaldirik handiena egin zuten 1938. urteko maiatzaren 22an. Egun hartan, espetxean zeuden 2.500 presoetatik 795ek ihes egin zuten. Horietatik hiruk baino ez zuten askatasuna lortu, ordea. Gainontzekoak berriro e...

Merkataritzan euskara sustatzeko lehiaketa

Berriobeitiko, Berriozarko, Oltzako, Antsoaingo, Zizur Nagusiko, Burlatako, Atarrabiako, Uharteko, Arangurengo eta Garesko euskara zerbitzuek lehiaketa bat jarri dute martxan, merkataritzaren sektorean euskararen erabilera sustatzeko xedez. 1990eko hamarkada erdialdetik aurrera hasi ziren herri horietako merkatariak euskara erabiltzeko akordioak sinatzen. Lehiaketan parte hartzen dutenek Iruñerriko eta Garesko saltokietan euskaraz dauden kartel, errotulu eta bestelakoei argazkiak atera eta WhatsApp edo Telegram komunikazio aplikazioen bidez bidali beharko dituzte 692 73 02 46 zenbakira. Irabazleak 500 euro eskuratuko ditu Iruñerriko zein Garesko dendetan gastatzeko.