Aurreko hilabeteetako joerari jarraituz, irailean ere langabezia jaitsi egin da Nafarroan. Abuztuan 318 lagunek aurkitu zuten lana. Hala ere, 50.407k lanik gabe jarraitzen dute oraindik.
Asteko Gaiak
“Lanaren banaketa aberastasuna banatzeko modu bezala ulertzen dut”
Banatu taldeko eta CGT sindikatuko kidea da Chema Berro (Erronkari 1949). Osasunbideak Iruñeko Sanduzelai auzoan duen osasun etxean egiten du lan idazkari laguntzaile modura. Ia urtebete da Osasunbideko arduradunek bere aurka zigor espedientea abian jarri zutela. Nafarroako Gobernuak 2012an lanaldia luzatu zien Osasunbideko langileei. Baina, ebazpen horrek bere ideologiaren aurka egiten zuela eta ordu estrak egiteari uko egin eta bere aurka zigor bideari ekin zion Osasunbideak. Berrok argi dio: "Ez diot etor daitekeen zigorrari inolako beldurrik".
Sindikatuko kide gisa ibilbide luzea du Berrok. Horregatik, ulergaitza egiten zaio Nafarroako Gobernuak langile publikoei lanaldia luzatu nahi izatea. "Guri lanaldia luzatu beharrean langile gehiago kontratatuko balitu, langabezia tasa jaistea lortuko genuke", azaldu du tinko. Bere kasuak duela hilabete batzuk hedabideetan sortu zuen zalapartak kalte edo mesede egin ote dion zalantzak dauzka. "Gobernuaren erabakiak eragindako haserrea dela eta hartu nuen luzapenari uko egiteko jarrera".
Pozik dago une zail horretan lankideek eman zioten babesarekin. Izan ere, 40-50 lankidek Berro bezala errudun zirela adierazi zuten idatzi batzuen bitartez. Zigor bidea espero baino gehiago ari da luzatzen, abenduan abiatu baitzuten Osasunbideko buruek. Berrok jakinarazi duenez, ez du inolako asmorik auzitegietara jotzeko. Zigor espedientearen aurka hainbat helegite aurkeztu ostean, behin behineko jakinarazpenaren zain dago. Laster espero du ebazpen hori. Ziurrenik bost egunez lanik egin gabe eta kobratu gabe egotera zigortuko dutela jakinarazi du.
Berrok hartutako erabakia Sanduzelaiko osasun etxeko gainontzeko lankideek ere lana partekatzeko filosofia ezagutzeko aukera "aproposa" izan dela azaldu du. Dena den, ez du bere burua eredu gisa jarri nahi. "Ni nire ideologiarekin kontsekuentea eta zintzoa izaten saiatu naiz, besterik ez", jakinarazi du. Printzipioak tinko mantentzen ditu, eta langile publiko gisa dituen eskubideak baliatzen ditu Osasunbideak langile gehiago kontratatzeko.
Esaterako, bost hilabetean behin, hilabetez lan egiteari uzten dio, bere partez beste pertsona bat kontratatu dezaten. Hala, urtean bi hilabetetan ez du lanik egiten eta ondorioz ez du soldatarik kobratzen. Bere hautua osasun etxeko hainbat langilek ere egiten dutela adierazi du Berrok, tartean mediku batek eta erizain batek. "Lanaldia murrizten badugu eskaintzen dugun zerbitzua bete ahal izateko langile gehiago beharko dira".
Hazkundearen garaia amaitu dela ohartarazi du, garai hura pasa dela. "Ezin izango dugu lehen genuen bizimodura itzuli, hori argi izan beharra dago". Garai batean bezala ekoiztera eta kontsumitzera ezingo dela itzuli uste du. Gainera, gizartean dauden ezberdintasunak atzeraldi ekonomikoa dela eta "areagotzen" ari direla dio. "Lanaren banaketa aberastasuna banatzeko modu gisa ulertzen dut", adierazi du.
Ez du uste administrazio publikoak egoera honi irtenbide bat aurkitu zain egon behar duenik gizarteak. Salatu duenez, erakunde publikoek zerbitzu publikoen kudeaketan enpresa pribatu gisara jokatzen dute. Gainera galdera bat jarri nahi izan du mahai gainean: "Zertarako nahi dut jardunaldi osoz lan egin nire semea langabezian egongo bada?". Halako hausnarketen bidez, beste modu bateko gizarte bat eraiki daitekeelakoan dago.
Helburu horrekin egin zion uko bere lanaldia luzatzeari. Aste gutxiren buruan jakingo du nolakoa izango den zigorra. Hala ere, lasai dago, ez da zigorraren beldur. "Gutxiagorekin hobeto bizitzen saiatu behar dugu, hori ikasi behar du gizarteak", azaldu du Berrok. Printzipioak irmo defendatzeagatik ondorio batzuk izaten direla ohartarazi du, baina ez da inondik inora damutu.
Nafarrek 1.355 milioi euroko ondasunak dituzte atzerrian
Nafarroako Ogasunak jakinarazi duenez, Nafarroako 3.000 lagun inguruko dituzte eraikinak, kontu korronteak eta bizitza aseguruak, besteak beste, atzerrian. Horien balioa 1.281,44 euroko dela ohartarazi du Ogasunak. Horrez gain, Nafarroako hainbat enpr...
@sarean
Lanaren banaketarekin eta deshazkundearekin lotutako webguneak.
• dalevueltabira.wordpress.com.Banatu taldearen berri ematen dute.
• www.desazkundea.org.Deshazkundearekin lotutako webgunea.
• www.alorza.net.Alberto Ortiz de Zarate ekintzailearen webgunea.
Lehen Mundu Gerraren ondorioak emigrazioan
Alboko grafikoan, Nafarroatik Ameriketara joandako emigranteen joerak bost urtetik bost urtera aztertu dira. Ikus daitekeenez, XX. mendeko lehen hamarkadetan Ameriketara joateko joera mantendu egin zen. 1911. eta 1915. urteen artean joan zen lagun geh...
Hobetzeko desiraren bideak
Egoera ekonomiko, politiko zein sozialek behartuta, ehunka lagun joan ziren etorkizun hobearen bila atzerrira. Batzuek, aukera izan, eta profitatu zuten, betiere jaioterrira itzultzeko desioa buruan zutela. Frantziara, AEBetara, Mexikora edota Argenti...
Argentinan bizi diren nafarrak gutxi gorabehera.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako ikerketa baten arabera, egun, Nafarroan jaiotako 6.800 lagun bizi dira Argentinan. Hala ere, arbasoak nafarrak dituztenak ere kontuan hartuz gero, orotara 50.000 lagun dira.
Zer laguntza dute atzerritik itzuli nahi dutenek?
Nafarroako Gobernuak ez dauka une batean atzerrira joan eta itzuli nahi duten emigranteentzako zerbitzu berezirik. Hainbat laguntza eskaintzen ditu, dena den. Adituen arabera, Nafarroan jaio arren bizitzako urte gehienak atzerrian igaro eta berriz itz...
Hitzaren eta soinuaren bila
Urritasun ikusezina deitzen zaio sarritan gorreriari, batez ere zaila delako pertsona bat begi bistaz bakarrik gorra den ala ez ebaztea. Hala ere, urritasun hori ahalik eta goizen antzemateko programa bat dago abian Osasunbideko Nafarroako Ospitale Gunean 1999. urtetik. Izan ere, zenbat eta lehenago antzeman haur batek entzumen arazoak dituela, orduan eta lehenago hasiko da urritasun horri aurre egiteko tratamendua. Askotan hitz egiten ere ikasten dute haurrek, gurasoek eta profesionalek elkarlanean egindako lanari esker.
Gorrak gizarteratzeko, lan handia egin du Eunate Entzumen Urritasuna duten Senideen Nafarroako Elkarteak 1999. urtetik. Hain justu, bihar da Gorren Nazioarteko Eguna. Gorren errehabilitazioan sinesten dute. Horretarako, besteak beste, logopedia zerbitzua dute. Goizean 3 urte baino gutxiago dituzten haurrak joaten dira elkarteak Iruñeko Donibane auzoan duen egoitzara; arratsaldean, berriz, 3 urte baino gehiago dituztenen txanda izaten da.
Guraso askori medikuak haurra gorra dela jakinarazten dietenean, dozenaka galdera sortzen zaizkie. Galdera horien erantzunen bila jotzen dute askok eta askok Eunatera. Hala egin zuen esaterako, Ignacio Toñi egun elkarteko idazkari denak ere. Bikiak diren Martin eta Ainhoa seme-alaben aita da. Behar baino lehen jaio ziren haurrak, eta aitortu duenez, ziurtzat ematen zuten horrek haurrei kalteren bat eragingo ziela. Martinek oraingoz ez du inolako arazorik, baina Ainhoa, arreba, gorra da. Jaio bezain pronto egin zizkieten biei otoemisio azterketak —entzumen sisteman arazorik baden antzemateko probetako bat—. "Horrela jakin genuen litekeena zela Ainhoak entzumen arazoren bat izatea", azaldu du Toñik.
Dena den, horrek ez zuen esan nahi hipoakusia —gorreria— zuenik. Baina bigarrenez proba egin, eta orduan ere ez zuen gainditu. Ondorioz, mediku eta espezialistek esan zieten adi egoteko etxean, zaratarekin mugitzen zen edo ikusteko. "Guk txakurra dugu etxean, eta atea ixterakoan zarata egiten bazuen, alabak inoiz ez zuen egoera horietan erantzuten".
Ondoren potentzialen proba deiturikoa egin zioten Ainhoari. Lau hilabeterako jakinarazi zieten Toñi eta bikotekideari alaba gorra zela. Hasieran audifono bat paratu zioten. "Sei hilabeterekin Gorreria Goiz Detektatzeko Zerbitzuan hasia zen, eta ez zuen espero zen erantzunik eman". Urtebete egin, eta lehenengo ebakuntza egin zioten: kokleako inplantea jarri zioten. Geroxeago paratu zioten bigarrena.
Halako arazoak dituzten haurrentzat denbora oso garrantzitsua dela ohartarazi du Karen Azkona Eunateko logopedak. Izan ere, ahots harietan bestelako arazorik ez badute, gorreria duten haur askok hitz egitea lortzen dute. Denbora da, ziur aski, haurren zein profesionalen areriorik handiena.
Hain justu, entzumena lantzeko eta hitz egiten ikasteko joaten da Ainhoa astean bitan Eunateko logopedia eskoletara. Neska pizpirina eta argia da. Keinuen bitartez indartzen ditu Azkonak bere birgaitze eskolak: "Keinu hizkuntzako hainbat keinu erabiltzen ditugu, esaten duen hori indartzeko xedez".
Haur gorren eskolaratzea ahalbidetzeko, sare publikoan gorrentzako baliabide bereziak dituzten eskolak badira. Hala ere, mediku, irakasle zein logopedek osatutako aditu talde batek gomendatzen die gurasoei haurra zein eskolatan matrikulatu. Dena den, Toñik jakinarazi du haurren gorreriaren inguruan ezjakintasun handia dagoela. Eurek, esaterako, alaba ez dute eskola berezi batean matrikulatu, Ainhoak Martin anaia bikiarekin batera ikasteko aukera izan zezan.
Hipoakusia edo gorreriaren inguruko informazioa hedatzeko asmoz, Eunatek jardunaldi batzuk antolatu ditu. Orotara, hiru saio izango dira. Asteazkenean egin zuten lehena NUPeko Arrosadiko campusean. Hurrengoak urriaren 2an eta 9an izango dira. Batez ere, hezkuntza eremuko profesionalentzako jardunaldiak dira.
“Entzumena ez da soilik entzun eta hitz egiteko, sentimenduak ere sortzen ditu”
Gorreriaren inguruko gaietan aditua da Jose Zubikarai (Bilbo, 1960). 1999an Nafarroako Ospitale Guneko Gorreria Goiz Detektatzeko Zerbitzua sortu zuen, hainbat aditurekin batera. Belarria entzuteko atal bat izateaz gain, sentimenduak eragiteko baliabi...