Mozio baten bitartez, Iruñeko Udalak jakinarazi du txirrindulariak ez direla behartu behar bizikletan ibiltzeko kaskoa janztera. Espainiako Trafiko Zuzendaritza idazten ari den Trafikoaren Araudi Orokorraren zirriborroan, hiri barnean txirrindulariak kaskoa jartzera behartzeko aukera jasotzen da. Udalbatzak aukera horren kontra egin du. Izan ere, uste dute azken urteetan Iruñean bizikletaren erabilerak izan duen goranzko joera hautsiko lukeela. Alde horretatik, inposizioaren aurka agertu dira irmo. Hala ere, argi utzi dute txirrindularien segurtasuna bermatu beharra dagoela, ahulak direlako. Horregatik, bakoitzaren esku uzteko eskatu dute kaskoa jantzi ala ez erabakitzeko eskubidea.
Asteko Gaiak
@sarean
Bizikletarekin lotutako webguneak.
• www.bicinavarra.org. Nafarroan bizikletaz ibiltzeko aukeren ingurukoa da.
• Erroresyhorrores.blogspot.com. Iruñerrian bidegorri sareak dituen akats eta gabezien berri ematen da.
• Porpamplonaenbicicleta.com. Eneko Astigarragaren bloga.
Bizikletaren aitortza jomuga
Bizikletaren Eguna ospatuko dute igandean, Iruñean. XVIII. aldia izango da aurtengoa. Frantziako Tourra Nafarroatik 1996ko uztailaren 17an igaro zen lehenengoz. Okzitaniako Argelers de Gasost herrian hasi zen etapa, eta Bjarne Riis txirrindulariak irabazi zuen etapa hura. Txirrindularitzaren bira garrantzitsu horien karietara antolatu zuen lehenengoz El Gesto bizikleta peñak Bizikletaren Eguna. Igandeko saioan, bizikletaren erabilera sustatu eta txirrindulariak omenduko dituzte.
Jaiegunak izan duen bilakaerarekin pozik agertu da Jesus Mari Gurpegi El Gesto peñako kidea: "Bizikleta ibilgailu osasungarria eta iraunkorra da, eta sustatu beharra dagoela iruditzen zaigu". Hala, jakinarazi du urtetik urtera gero eta gehiagok erabiltzen dutela bizikleta eguneroko joan-etorriak egiteko. Iganderako 17 kilometroko ibilbidea prestatu dute, eta izena emateko epea irekita dago. Bi euroren truke, ibilbide horretan parte hartu ahalko da. Besteak beste, txirrindulariak Iruñeko Udaletxeko plazatik eta Mendillorriko ur biltegitik pasako dira.
Nafarroan, bidegorri sare eraturik ez dago oraindik. Herri bakoitzeko udalaren esku egon da garraio politika. Azken urteetan, Iruñerriko hainbat tokitan bizikletentzako bereziki prestatutako bideak egin dituzte, Soto Lezkairun eta Sarrigurenen esaterako. Horrez gain, badira bizikletan joateko beste bide batzuk Nafarroan, Plazaolako bidea eta Mugairitik Behobiara doana esaterako. Gurpegiren irudiko, bidegorri sarea ona da, nahiz eta oraindik egiteko asko dagoen. Alde horretatik, Iruñerriko Mankomunitateak bizikletaren erabileraren alde egin duen lana goraipatu du, besteak beste, bidegorriak eraikitzeko egin duen "ahaleginagatik".
Ez da iritzi berekoa, ordea, Eneko Astigarraga. Hirian bizikletazaleek nola ibili behar duten azaltzeko aholkularia da. Iruñerrian txirrindulariek egoera "lotsagarria" dutela dio. Gainera, igandekoaren moduko jaiek "aurpegia zuritzeko" balio dutela uste du. Iruñeko kasuan, krisi ekonomikoaren eraginez, zirkulazioa %10 murriztu da azken urteetan. Astigarragaren aburuz, aukera hori profitatu beharra dago bizikletaren eta autoaren elkarbizitza sustatzeko. "Bizikletak eta autoak errepide berean elkarrekin bizitzeko bidea eman behar da". Azaldu du Iruñeko bidegorriak ez direla egokiak: "Udalak erabaki zuen espaloietan marra bat eginda txirrindularien arazoa ebatziko zuela; txirrindularioi irri egin ziguten".
Astigarraga txirrindulariak errepidetik joatearen alde dago. "Administrazioak eta hedabideek sinetsarazi digute errepidetik bizikletan joatea arriskutsua dela, eta hori gezurra da". Hala ere, autoen abiadura moteltzea ezinbestekoa dela dio, elkarbizitza hori modu hobean gauzatzeko.
Hala, salatu du Nafarroan autoa "babesteko" joera handia dagoela. Iritzi berekoa da Patxi Uharte txirrindularia ere. Bizikletan ibiltzen da ia egunero. Nafarroan alor horretan dagoen politika salatu du. "Ezjakin eta ezgai asko dago. Ez dute osatu Bizikletaren Plan Orokorra. Mugikortasun Plana ere egin gabe dago. Azken hamar urteetan kobratu bai baina ez dute plan bakar bat ere idatzi", esan du.
Bizikleten, autoen eta oinezkoen harremana konplikatua izan da beti. Errealitate hori nola kudeatu, horretan dago gakoa. Astigarragak eta Uhartek nabarmendu dute bizikletak errepideko beste ibilgailu bat izan behar duela. Bestelako iritzia du Gurpegik. Halere, ibilgailu guztiak elkarrekin bizitzera kondenatuta daude.
2011tik bikoiztu egin dira AEB eta Koreako erromesak
Nafarroako Gobernuak jakinarazi dituen datuen arabera, azken urteetan bikoiztu egin dira Ipar Ameriketako eta Hego Koreako erromesak Nafarroatik igarotzen den Donejakue bidean. Antza, AEBetako The Way (Bidea) filmak eta Hego Koreako idazle Kim Hyo Sumen nobelek zerikusi zuzena dute erromesen igoeran. Esaterako, 2004an, Hego Koreako hemezortzi erromes erregistratu ziren; 2012an, berriz, 2.500. Bestalde, Ipar Ameriketako herritarren kasuan —AEB eta Kanadakoak—, 2012an 3.046 erregistratu ziren Orreagako aterpean, duela bi urte baino bi aldiz gehiago. Orduan, 1.462 erregistratu ziren. Azken datuen arabera, 57.593 lagun igaro ziren iaz Orreagatik.
Sinpletasunaren bila, bidean
Bidearen bakardadea, adiskidetasuna, elkartasuna... Sentipen horiek izan ditu Villar Lopez argazkilari profesionalak. Nafarroako Gobernuak egindako enkargu baten harira hasi zen Donejakue bidea egiten. Hiru urtean, lau aldiz egin du Donejakue bidea: iparraldetik, kostatik, Pirinioetatik eta Oviedotik. Sakelako telefonoen garapenari esker, bideko argazkiak iPhone batekin hasi zen egiten. Orain, argazki horiek I Way (Nire bidea) liburuan bildu ditu. Heldu den ekainaren 23ra arte, liburuan jasotako argazkiak ikusteko aukera izango da Iruñeko Konestable jauregian, erakusketa batean.
Berriozarkoa da sortzez Lopez. Iruñean ematen du ia egun guztia, Efe berri agentziako argazkilaria baita. Donejakue bideak iparraldetik, erdialdetik zein hegoaldetik zeharkatzen du Nafarroa. "Beti ikusten nituen erromesak Iruñeko Alde Zaharrean, eta erakarri egiten ninduen", dio. Gainera, bere familiak Galizia eta Santiagorekin oso harreman estua duela aitortu du.
Kazetaritzan lan egiten duten argazkilariek lana azkar egiteko duten beharretik urrundu nahi izan du Lopezek. Horregatik, liburuaren eta hein berean erakusketaren bidez, ikusleari pentsarazi egin nahi izan dio: "Argazkietan sartzea nahi dut, barruak mugiaraztea; erlojurik gabe bidaiatzea bezala da".
Denera, 5.000 argazki baino gehiago atera ditu iPhone markako sakelako batekin. Hala ere, ez du Lopezek bere burua argazkiak egitera behartu. "Baziren egunak argazki bat ere egin gabekoak; alde horretatik oso aske sentitu naiz", dio. Lan honetan argazkilaritzaren hastapenetara jo nahi izan duela aitortu du Lopezek. Horregatik, liburuan publikatu dituen 47 argazkietatik 42 zuri-beltzean dira. "Argazkilaritzarekin oso erromantikoa naiz, eta sakelakoak duen aplikazio batek aukera eman dit argazkilaritzaren hastapenetara atzera egiteko".
Askotan, argazkiek margo izaera ere hartzen dute. "Argazkilaritza ez dago margoetatik horren urrun", dio. Hala ere, kezkatuta agertu da azkenaldian argazkilaritzak izan duen garapenarekin. "Egun, edozeinek atera dezake argazki bat sakelakoarekin edo kamerarekin. Nik uste profesionalok beste puntu bat eman behar diogula, eta horretan saiatu naiz lan honetan".
Pozik dago Lopez emaitzarekin. Jakinarazi duenez, zailtasun handiena sentimenduak modu sinple baina eraginkorrean adieraztea izan da. Aurrerantzean ere, horretan jarraitu nahi du. Donejakue bidea egiten jarraitu nahi du aurrerantzean.
@sarean
Donejakue bideari buruzko zenbait webgune.
• www.caminodesantiagoennavarra.es Informazio asko aurki daiteke bideak Nafarroan dituen berezitasunen inguruan.
• www.caminosantiago.com. Donejakue bidea egiteko behar den informazio osatua dago.
Zer iruditzen zaizkizu Yolanda Barcinak gobernuan egin dituen lehen bi urteak? Sergio Sayas
UPNko komunikazio arduraduna"Legegintzaldia zaila izaten ari da ikuspuntu politikotik, ekonomikotik zein sozialetik. Ezin da ahaztu, egun dugun egoera ekonomikoak doikuntzak egitera behartu gaituela. Beste egoera batean beharrezkoak ez diren neurriak ...
Bi urteko ibilbide malkartsua
Bi urte igaro dira Yolanda Barcinak foru hauteskundeak irabazi zituenetik. 2011ko maiatzaren 22ko gaua gozoa izan zen ordu arte Iruñeko alkate izan zenarentzat. Iruña Park hotelean txalo zaparraden artean hartu zuten alderdi kideek Barcina. Orduan onartu zuen "demokrazia aroko zortzigarren legegintzaldia korapilatsua" izango zela. Baina, uste baino korapilatsuagoa suertatu zaio. PSNrekin batera gobernatzeko ituna bertan behera geldituta, bakarrik dago gobernuan UPN. Horri, CAN auziaren itzala eta krisi ekonomikoaren eragina gehitu behar zaizkio. Batek baino gehiagok iraungitze data jarri dio Barcinaren gobernuari. Legegintzaldia amaitzea erdietsiko duen edo ez, hori da askok egiten duten galdera. Izan ere, beste bi urte falta dira 2015ean egingo diren foru hauteskundeetarako.
2011ko ekainaren 23an egin zen Yolanda Barcina Nafarroako presidente aukeratzeko osoko bilkura. 28 botoren bitartez —UPN eta PSNrenak— gehiengo absolutuz, erdietsi zuen gobernuburu izatea. Hala ere, bi alderdiak Nafarroa ulertzeko moduan ez zetozen bat. Ez zuten zer ikustekorik ez gizarte politikan ezta politika ekonomikoan ere. Dena den, Barcina pozik agertu zen, ziur zelako bi alderdiek Nafarroari "egonkortasuna" ematea lortuko zutela.
Ekinaren 21ean, UPN eta PSNk sinatutako akordioan jasotzen denez, Barcinak denera zortzi kontseilari izendatu zituen, tartean hiru PSNkoak. Roberto Jimenez, Anai Astiz eta Elena Torres ziren kontseilari sozialistak. Baina, hamabi hilabete nahikoak izan ziren Nafarroako Gobernuari "egonkortasuna" emango zion akordioa hausteko. Izan ere, 2012ko ekainaren 14an, gauerdian igorritako komunikatu baten bitartez, Roberto Jimenez "desleialtasunagatik" kargutik kentzen zuela jakinarazi zuen Barcinak. Astizek eta Torresek dimisioa eman zuten.
Ordurako, desadostasunak handiak ziren PSN eta UPNko kideen artean. 2011ko hauteskunde orokorretan Barcinak Mariano Rajoyri —orduan Espainiako Gobernurako presidente izateko PPko hautagaiari— babesa eman ostean hasi ziren lehenengo arraildurak sortzen.
Bi aste barru urtea beteko du UPNk gobernuan bakarrik. Aste honetan bertan esan du Barcinak: "PSNrekiko UPNk duen harremana ez da inolaz ere erraza, baina ez dago guztiz hautsita". Nafarroako presidenteak berak onartu du ezegonkortasun egonkorra duela gobernuak. Agerikoa da parlamentuan ez duela legealdi hasieran zuen babesa.
Krisi ekonomikoaren biktima
2008 inguruan krisi ekonomikoa hasi zenetik, Nafarroa atzeraldi ekonomikoan murgilduta egon da. Langabezia tasak 50. 0000 langaberen langa gainditu du, eta Nafarroako Gobernuaren kaudimen gaitasuna zeharo murriztu da. Hala, murrizketak egin dituzte, osasunean, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan... Esaterako, oinarrizko errenta gizarteratzeko errentak ordezkatu du. Hala, zailtasun ekonomikoengatik laguntza publikoa behar duten familiak laguntza horiek jasotzeko aukerak murritzagoak dira, betebeharrak zorroztu ostean. Hala, egun, 1.225 familia inguru daude inolako diru iturririk gabe.
Osasun eremuari dagokionez, krisi bati baino gehiagori egin behar izan dio aurre Barcinaren gobernuak eta hein berean Marta Vera Osasun kontseilariak. Legealdi hasieran jakinarazi zituzten hainbat proiektu izar: landa eremuko larrialdietako murrizketak, erietxeetako laborategiak batzeko proiektua eta ospitaletako jangelak pribatizatzeko asmoa.
Besteak beste, hiru asmo horien harira egindako manifestazio eta elkarretaratzeetan dozenaka lagunek hartu dute parte azken asteetan, eta osasun zerbitzu publikoak "deusezten" ari zirela egotzi diote. Veraren proiektu izarra zen landa eremuko larrialdi zerbitzuak moldatzeko legea. Hala ere, parlamentuan ez zen proposamena aurrera atera, PPNk soilik babestu zuelako. Dena den, ospitaleetako laborategi zerbitzua Iruñean zentralizatzea eta jangela zerbitzua pribatizatzea lortu du.
Ospitaleetako jangela zerbitzua pribatizatzeak polemika handia eragin du. Izan ere, zerbitzua kudeatzeko proiektua irabazi zuen Mediterranea de Catering enpresak, besteak beste Iruñeko Ospitaleen Gunean, kexa ugari izan ditu: janari txarra emateagatik, hotzak behar zuena bero zerbitzatzeagatik... Duela astebete, Verak jakinarazi zuen enpresaren aurkako zigor espedienteak martxan jarraitzen zuela.
Nafarroako Kontu Ganberaren ikerketa baten arabera, 2011z geroztik, Osasun Departamentuak herritar bakoitzeko egiten duen gastua murriztu egin da. Izan ere, duela bi urte Yolanda Barcina gobernura iritsi zenean, batez beste herritar bakoitzeko 1.612 euro gastatzen ziren osasun gaietan. Egun, ordea, 1.469 euro.
Baina gizarte mugimendua ez da izan Yolanda Barcinaren bidean arantza bakarra. Alderdian bertan ere arazo bat baino gehiago izan ditu. Izan ere, ez zuen batere ondo hartu Alberto Catalanek alderdiko buruzagitza eskuratzeko hautagaitza aurkeztu izana. Hala ere, martxoaren 17ko kongresuan, Barcinak bere ibilbide politikoko garaipenik estuena baina garrantzitsuena lortu zuen, alderdiko buruzagitza eskuratuta. Baina Catalanekin izandako borrokak zauri ugari eragin ditu. Izan ere, alderdiko kideen ia erdiak ez daude ados Barcinak hartutako bidearekin eta horrek luze gabe arazoak eragin diezaizkioke.
Zentsura moziotik indartuta
Nahiz eta martxoa hilabete zaila izan, apirilean indartuta atera zen Barcina. Izan ere, azken bi urteetan abian jarritako politikekin ados ez, eta Bildu eta Aralarreko parlamentarien aldeko botoekin Barcinaren aurkako zentsura mozioa jarri zuten martxan. Apirilaren 8an eztabaidatu zuten mozioa. PSNk abstentzioaren alde egin ostean, alderdi abertzaleen egitasmoak ez zuen behar beste babes jaso. "Ez dago ni buru naizen gobernuaren alternatiba izan daitekeen beste gobernurik", adierazi zuen orduan Barcinak pozik. Hala ere, epe motzean sor daitezkeen beste aukera batzuk mahai gainean utzi zituen.
Ziurrenik, Barcinarentzat atakarik estuena CAN auziak eragin dio. Nafarroako Kutxan UPN kideek jasotzen zituzten diru sariek polemika piztu dute. Antza, Nafarroako Kutxa Banca Civicaren barruan zegoela, 2010. urte hasieratik berritutako estatutuetan, ordezkari politiko guztiak CANeko gobernu organoetatik atera ziren. Baina estatutu horietan, Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko ordezkariek parte hartuko luketen Erakunde Sortzaileen Batzordea aipatzen zuen, baina ez Batzorde Iraunkorra. Ez zen publikoa, eta batzorde iraunkor horretan lau politikari biltzen ziren —Enrique Maia, Miguel Sanz, Alvaro Miranda eta Yolanda Barcina—. Lehenengo hirurak auzipetuta daude Enrique Goñi Nafarroako Kutxako presidentearekin batera. Barcina, ordea, ezin da auzipetu foruduna delako.
Orain, jakina da uda aurretik ez dela mugimendu politikorik izango. Beraz, litekeena da Barcinaren legealdia Nafarroako Kutxaren auziaren garapenaren menpeko izatea. Inkesta baten arabera, Nafarroako biztanleen %40k herrialdeko egoera politikoari "oso txarra" dela irizten diote. Ez PSNk ez UPNk ez dute hauteskundeak aurreratzeko asmorik. Oraingoz, Barcina tinko ageri da, orain arte presidente gisa ibilbide malkartsua izan duen arren.
Hamasei bileraren truke, Nafarroako Kutxan Barcinak kobratutako euroak.
Dagoeneko itzuli dituen arren, Nafarroako Kutxako Batzorde Iraunkorrean egindako hamasei bileren truke, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak 19.200 euro kobratu zituen.
Barcina Amancio Ortegarekin bildu zen otsailean Ultzaman
El Informador atariak jakinarazi duenez, joan den otsailaren 23an Yolanda Barcinak Amancio Ortega enpresariarekin afaldu zuen Zenotzeko zaldiketa klubean. Patxi Mangado arkitektoa eta Carlos Solchaga ekonomi ministro ohia ere bertaratu ziren. Ofizialki, ez da jakin zertaz hitz egin zuten afari horretan, baina diotenez, Barcinak Ortegari eskatu zion Itaroa merkataritza guneko dendak ez ixteko. Izan ere, iturri berberek esaten dute Inditex enpresak —Ortega buru da— La Morea eta Itaroako alokairuak berriz negoziatu nahi dituela bi merkataritza guneetan jarraitzeko. Horretaz gain, aipatu hedabideak aditzera eman du diskrezio osoz jokatu zutela bai Barcinak eta bai Ortegak.