Asteko Gaiak

@sarean

Nafarroako turismo eskaintzarekin lotutako webguneak.

www.tierrasdeiranzu.com. Irantzuko Lurrak turismo elkartearen webgunea da.

www.turismonavarra.es. Nafarroako turismo ibilbideak eta eskaintzak aurki daitezke webgune honetan.

Irantzuko lurrak, eskaintzaz blai

Sanferminak ate-joka dauden arren, jai girotik aldendu nahi duenarentzat badira beste aukera batzuk ere Nafarroan zehar. Horietako bat da Irantzuko Lurrak turismo elkarteak proposatu duena. Natura eta inguruko baliabideak aprobetxatuta, 32 eskaintzaz ...

Sanferminetan ingurua bisitatzen dute turistek

Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuak egindako ikerketa baten arabera, lau turistatik batek sanfeminak Nafarroa ezagutzeko aprobetxatzen dituzte. Hala, jaiegunen bat Iruñean igaro ostean, lurraldeko beste txoko batzuk ezagutzera joaten dira. Turista gehienek (%23) Orreaga bisitatzen dute. Azken urteetan, Donejakue bidearen inguruan egin diren filmek interesa piztu dute erromesekin lotura duten tokiekiko. Alde horretatik, turisten etorrera aprobetxatu nahi du Nafarroako Gobernuak Iruñeaz gain beste toki batzuk bisitatu ditzaten Jai girotik lasaitasunera kanpainaren barruan. Izan ere, Nafarroan dauden aukera aniztunak ezagutarazi nahi ditu gobernuak.

Egun-pasa egiteko txokoak

Aniztuna da Nafarroa. Hegoaldean, lehorra, eta iparraldean, hezea. Ekialdean, mendiak. Erdialdean, lautada. Aniztasun hori profitatu du Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuak paisaiagatik edota kultura balioagatik bisitatu beharreko 35 gune zerrendatzerakoan. Arbaiungo arroila, Xorroxingo ur-jauzia eta Iruñeko Zaldi Zuriko begiralekua daude, besteak beste, zerrenda horren barruan.

Nafarroako paisaietan ibilbidea. Hala izena du gobernuak egindako proposamenak. Denera, hogei begiraleku eta hamabost ibilbide zerrendatu dituzte. Atzerritik zein inguruko herrialdeetatik Nafarroara etortzen direnentzat daude pentsatuta proposamenak. Era berean, Turismo Departamentuak jakinarazi duenez, bertakoek ere lurraldea hobeto ezagutzeko parada izatea nahi dute.

35 ibilbideak lau eremutan daude banatuta: iparraldekoa, Iruñerrikoa, erdigunekoa eta Erriberakoa. Guztietan, eremu bakoitzaren berezitasunak aintzat hartu dira. Aukera handia dago. Izan ere, Nafarroan barrena ibilbideak antolatu eta hiru bat eguneko txangoak egin daitezke, baita egun bakarrekoak ere.

Iparraldeko eremuan dago Xorroxingo ur-jauzia, Baztan ibarreko Erratzu herrian. Aparkalekuan autoa utzi eta oinez hiru kilometroko ibilbidea egin ostean iristen da ur-jauzira. Txoko berezi bezain polita da. Naturak sotilki eraldatutako gunea da Xorroxin.

Irunberriko arroila ere eremu horretan bertan dago, iparraldean alegia. Ibaiaren alde batean, pasealekua dago. Ingurunean bizi diren hegaztiak ikus daitezke, tartean saiak eta arranoak. Haizeak, urak eta halako elementuek erliebea eraldatzeko duten gaitasunaz jabetu daiteke bisitaria.

Bestalde, Iruñerrian ere bada zer bisitatu. Ziurrenik, Nafarroan biztanle gehien duen eremua da. Azken urteetan, urbe handi bilakatu da eskualdea, batez ere eraiki diren auzo berriak direla eta. Hain justu, Erreniega mendia da Iruñerriko mendirik ezagunenetakoa. Bertan, begiraleku naturala dago Donejakue bideko erromesen omenez egindako eskulturaren alboan. Bista panoramikoa du. Horri esker, Pirinioetako mendiak ikus daitezke, eta hegoaldean urtaroaren arabera kolorez aldatzen diren soroak. Uda garaian, horiak izaten dira soro horiek, landatutako gariaren eraginez, batez ere. Hirigunea eta natura uztartzen dira hortaz.

Turismo Departamentuak erdigunean zortzi proposamen egin ditu. Aukera horien artean, ezagunena ziurrenik Urederrako iturburua izango da. Sakana eta Lizarra artean dago, Urbasa eta Andiako Natur Parkean. 5,3 kilometroko ibilbidearen ostean iristen da iturburura. Toki fresko zein berezia da. Batez ere, Urederrako urak duen koloreagatik. Natur parke berean dago Ubabako begiralekua. Ziurrenik, ezagunagoa da Pilatosen begiralekua izenarekin. 900 metroko amildegia du azpian, eta Ameskoa ibarra ikus daiteke, baita Urederrako ur-jauzia ere.

Erriberan ere bada zer bisitatu. Nafarroa hegoaldeko paisaia ikusgarria Santa Barbarako gainean ikus daiteke ondoen. Tutera ondoan dago gain hori. Bista panoramikoa dago bertan. Bardea, Ebro ibaia, Monkaio eta Cierzo mendiak ikusi daitezke, besteak beste.

Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Turismo kontseilariak azaldu duenez, egun turistak erakartzeko modurik eraginkorrena proposamenak egitea da. Hala ere, argi utzi du proposamen horiek ez direla kanpotarrentzat bakarrik pentsatutakoak, baita bertakoentzat ere: "Sarritan etxean duguna ez delako ezagutzen".

Mendekotasuna, argitara

Kokaina, kalamua, ketamina, alkohola, heroina... Horiexek dira Nafarroako Gizakia Helburu fundaziora jotzen dutenek gehien kontsumitzen dituzten drogak. Hala ere, guztiak ez dira neurri berean kontsumitzen. 2012an, 498 lagunek jo zuten fundazio horret...

Gizakia Helburuk %74ko jaitsiera jasan du laguntzetan

Nafarroako Gizakia Helburu fundazioak %74ko jaitsiera pairatu du finantza entitate gehienen ekarpenetan, azken hiru urteotan. Horrez gain, gero eta jende gehiago dago dagokion tratamenduaren kuota ordaintzeko gai ez dena. Izan ere, orain arte baliabi...

@sarean

Drogekin lotura duten hainbat webgune aurki daitezke sarean.

www.proyectohombrenavarra.org. Gizakia Helburu fundazioaren ataria.

www.drogohezi.blogspot.com.es. Drogen inguruko gorabeheren bloga.

www.fispiral.com. Drogekiko menpekotasunari aurre egiteko metodoak.

Oraindik ere bada zer ikasia

Jakinak ez dauka kalterik. Hala dio behintzat esaera zaharrak. Premisa horri jarraiki, heldu den uztailaren 22tik aurrera hasiko dira UEU Udako Euskal Unibertsitateak Iruñean egingo dituen udako ikastaroak. Hiru egunez, ezagutzak garatzeko aukera izango da. Orotara, hamaika ikastaro antolatu dituzte. Uztailaren 15a bitarte egin ahalko da ikastaroetan parte hartzeko matrikula.

Aurtengo ikastaroetarako 40+1 leloa hautatu dute UEUko arduradunek. "Iazkoa urte zaila izan zen", hala aitotu du Irati Iziar udako ikastaroen arduradunak. Izan ere, azken hamabost urtean Eusko Jaurlaritzak ematen zien diru laguntza bertan behera gelditu zen. Horrek proiektua bera kolokan jarri zuen neurri batean. Iziarren arabera, "oso une zailak bizi izan" dituzte. Antza, Jaurlaritzaren diru laguntzarik gabe gelditu izanak kolokan jarri zuen UEUk erakunde gisa duen egitura.

Hala ere, egoera horri irtenbidea aurkitzen buru-belarri aritu dira. "Ate batzuk itxi egin dizkigute, baina leiho batzuk ireki egin zaizkigu". Esaterako, aurten UEUren hainbat proiektu finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso dute. Alde horretatik, pozik agertu da Iziar.

Udako ikastaroak Iruñean, Eibarren (Gipuzkoa) eta Baionan izango dira. Denera, 41 ikastaro eskainiko dituzte; hiru jardunaldi izango dira. Gainera, jakintza arlo guztietako ikastaroak egiteko aukera izango da, artea eta musika, giza eta gizarte zientziak, ingeniaritza eta teknologia, zientziak, osasuna... Horrez gain, Iruñeko kasuan, Nafarroako Gobernuak irakasleentzat bi ikastaro homologatu ditu: bat guraso hezitzaileen ingurukoa, eta bestea jendaurreko komunikazioari buruzkoa. Beraz, ikastaro horiek egiten dituzten irakasleek eskuratutako kredituak meritu gisa zenbatu ahal izango dituzte.

Sanferminen ostean, uztailaren 22an hasiko dira Iruñeko UEUren udako ikastaroak. Ofizialki, matrikula uztailaren 15a bitarte gauzatu ahal izango da. Denera, 11 ikastaro egiteko aukera izango da. Gizarte zientzien, giza zientzien, artearen eta musikaren, zientzien eta osasun zientzien alorretakoak izango dira 11 ikastaro horiek.

Gizarte zientziak

Alorrik oparoena

Iruñean egingo diren 11 ikastaroetatik sei gizarte zientziak deituriko eremuan kokatzen dira. Hain justu, alor horretakoak dira Nafarroako Gobernuak homologatutako bi ikastaroak. Lehenengoak Guraso/hezitzaile eta haurren elkar ulertzea: zigorrak, xantaiak eta mehatxurik gabeko harremanak du izenburua. Uztailaren 22 eta 23an izango da. Nerea Mendizabal psikopedagogoa arituko da irakasle moduan. Hainbat helbururen artean, hitz egiteko moduari erreparatzea eta Marshall Rosemberen komunikazio ez-bortitzaren modeloa aurkeztea zehaztu dute.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak homologatutako bigarren ikastaroak Jendaurreko komunikazioan trebatzeko tailerra du izenburua. Jendaurrean hitz egiteko teknika eraginkor eta sinpleak ikastea da xedea, ahalik eta erraztasun, argitasun, naturaltasun eta dotoretasun handienaz, ematen diren mezuetan eraginkortasuna lortzeko. Gotzon Carcar trebatzaile pertsonalak emango ditu eskolak. Hiru saio izango dira denera, eta, batez ere, pertsona taldeekin komunikatu behar duten profesionalentzako dago diseinatua.

Era berean, hezkuntza alorrarekin lotuta, Euskara eta kirola: euskara sustatzeko eredu eta baliabideak ikastaroa ere programatuta dago. Iziarrek gogorarazi duenez, UEUren izateko arrazoietako bat euskara bera da. Horregatik, oso ohikoa da unibertsitateak euskararen sustapenarekin lotutako ikastaroak eskaintzea. Iziarrek dioenez, euskara sustatzeko baliabide "ezin hobea" da kirola. Besteak beste, Aitor Manterola eta Unai Zubeldia BERRIAko kazetariak arituko dira irakasle moduan.

Jakina da gaur egun haurrak direnak etorkizunean helduak izango direla. Iziar: "Nolako eskola nahi dugun jakin beharra daukagu, gurea eraiki ahal izateko". Alor horren inguruan hausnartzeko, Eskola komunitatean eta komunitatea eskolan. XXI. mendeko erronkak ikastaroa gomendatu du. Batez ere, hezkuntza sisteman aldaketak egitea posible dela sinesten dutenentzat prestatu dute.

Ikastaro guztiek egungo errealitatearekin lotura zuzena duten arren, bereziki azpimarragarria da Gazteak, sexua eta sare sozialak izenburu duena. Ezagunak dira zenbait gurasorengan sare sozialek eta horren bitartez sor daitezkeen harremanek eragiten dituzten errezeloak. Uztailaren 22tik 24ra izango da ikastaroa, eta, batez ere, sare sozialei eta gazteriaren erabilera ohiturei buruzko ezagutzak eskainiko dira.

Azkenik, gizarte zientzien alorreko seigarren ikastaroak Euskal Herriko ekonomia eta gizartea, diagnostikorako lanabesak du izenburua. Uztailaren 23 eta 24an izango da. Batez ere, Euskal Herriko ekonomia eta gizartea aztertu nahian dabiltzan pertsonentzat pentsatutako saioak dira. Irakasle nagusi moduan, Imanol Esnaola Gaindegiko koordinatzailea arituko da.

Giza zientziak

Ohiko ikuspegitik at

Trantsizioa Euskal Herrian? Ikuspegi berriak da giza zientzien eremuan Iruñean eskainiko den ikastaro bakarra. Ikastaro horrek Euskal Herrian trantsizio garaian emandako aldaketak aztertzea izango du xede. Hala, trantsizioa kontzeptua bera zalantzan jarri dute, Euskal Herriak dituen berezitasunak aintzat hartuta. Saioak uztailaren 22tik 24ra izango dira.

Artea eta musika

Hobetzeko parada

Artearen inguruko alorrek ere badute tokia UEUren udako ikastaroetan. Iruñean alor horretako ikastaro bakarra eskainiko dute, Ahots-teknika ikastaroa: kantua sentitu, jolastu, gozatu. Iziarren hitzetan, "kontuan izan behar da Euskal Herria herri kantaria dela eta kantua gure nortasunaren parte garrantzitsua dela". Ikastaro honen bitartez, ahots teknika ikasteko oinarrizko ezagutzak eskuratu daitezke.

Zientziak

Zertzeladak biologiaz

Lurzorua zer den ikasi ahal izango da oinarri-oinarrian, modu teoriko, dinamiko zein praktikoan uztailaren 22tik 24ra, Lurzorua: lehorreko bizitzaren sostengua ikastaroaren bidez. Lurzoruaren erabilera nagusiak ezagutzeko ikastaroan parte hartzen dutenek Ezkabara mendi irteera egingo dute. Ikastaroan, irakasle gisara lurzoruaren inguruan ezagutza handiak dituzten irakasleek parte hartuko dute, tartean geologoak, abokatuak eta biologoak. Lurzoruaren politikaz ere mintzatuko dira.

Osasun zientziak

Egonkortasun mentala

Ezagutzaren eremu honetan UEUk bi ikastaro programatu ditu. Lehenengoak Estresaren tentsiotik, bat-batekotasun bizigarrira du izenburua. Bi saiotan eskainiko dute. Gizarte industrializatuetan gehien edaturiko gaitza da estresa. Hori nola bideratu eta kudeatu ikasteko, hainbat gakoren berri emango dute adituek ikastaroan.

Neuropsikologiaren ekarpenak pertsonekin lan egiten duten adituentzat da alor honetako bigarren ikastaroa. Bi egunez, pertsonekin lan egiten dutenek pertsonen arazoak, zailtasunak eta gatazken sorburua identifikatzeko baliabideak ikastea da helburu nagusia. Fernando Trebol psikologoa izango da kasu honetan irakaslea.