Asteko Gaiak

@sarean

Ekologista taldeek pozoiaren aurkako kontzientziazioa lortu nahi dute.

www.venenono.org. Pozoiaren erabilera gutxitzeko egitasmoa.

pwww.gurelur.org. Nafarroako talde ekologistaren webgunea.

www.ekologistakmartxan-nafarroa.blogspot.com.es

2006tik gutxitu egin da miru kopurua Nafarroan

Gorosti natur zientzia taldeak urtero egiten du miruen errolda Nafarroan. Iaz, 1.521 miru gorrik pasa zuten negua Nafarroan, duela bi urte baino 289 gutxiagok. Errolda hasi zenetik, 1992. urteaz geroztik, %28 jaitsi da hegazti harrapari horren populaz...

Life+ Veneno egitasmoa pozoia akabatzeko

2010-2014 bitarte, Seo/Birdlifek pozoiaren erabilera gutxitu nahi du. Horretarako proiektua martxan du —Life+ Veneno—, eta lanean ari dira bai gobernuek eta bai udalek ere pozoiaren aurkako neurriak indartzeko eta ehiza barrutietan eta abere guneetan zaintza lanak hobetzeko.

“Azken 25 urteetan okerrera egin du pozoiaren gaiak Nafarroan”

Nafarroan hamaika hegazti pozoituta hiltzen dituztela salatu du Toño Munilla Gurelur talde ekologistako kideak. Gogoan du Muskilda izeneko ugatza. 1997. urtean pozoitu zuten lehenengo aldiz Muskilda. Gurelurreko kideek sendatu zuten, tartean Munilla zegoela. Aske utzi zuten berriz ugatza, eta Pirinioetara itzuli zen, etxera. Baina 2001. urtean hil zen, pozoituta. "Onartezina da gobernuaren jarrera".

Noiztik ezagutzen dituzue pozoituta hil diren hegaztien kasuak Nafarroan?

Duela 25 urte lanean hasi ginenetik ezagutzen ditugu pozoituta hil diren hegaztien kasuak, baina lehenago ere baziren. Ez da arazo berria. Orain 25 urte hasi ginen kasuak salatzen, eta Madrilgo laborategi batera eramaten genituen animaliak aztertzeko, Nafarroako Gobernuak ez zuelako deus egiten.

25 urtean zer bilakaera izan du pozoiaren gaiak Nafarroan?

Zalantzarik gabe, okerrera egin du azken 25 urteetan. Nafarroako Gobernuak ez du bere jarrera aldatu mende laurden honetan. Gai politikoa da, eta politikariei ez zaizkie axola hegaztiak eta haien hilketak, ehiztariak babesten dituzte. Gainera, legedia animaliei pozoia jartzen duten pertsonek isuna ez ordaintzeko egina dago; beraz, ez du ezertarako balio. Horregatik, salaketek ez dute inoiz aurrera egiten. Gobernuak milioika euro barkatu die arduradunei. 33.000 ehiza lizentzia daude, eta horrek esan nahi du 33.000 boto jokoan daudela. Beraz, ehiztariekin kontuz ibiltzen dira.

Zer-nolako jarrera du Nafarroako Gobernuak hegaztien pozoitzeen auzian?

Gobernuaren betebeharra da norbaitek pozoia erabiltzean —ehiza barrutietan edo beste leku batean— auzitegietan salatzea eta lege protokoloari jarraitzea. Baina ez dute hori egiten. Beraz, lehenengo arduraduna auzi honetan Nafarroako Gobernua da, eta bigarrenak, pozointzen dutenak. Ehiztariek Nafarroako ehiza kudeatzen dute; gobernuak ez du eskurik sartzen. Horregatik, urte osoan ehizatzen dute, pozoia jartzen dute... Oso erraza da pozoia erostea; edozein lekutan erosten dute agiririk erakutsi gabe.

Batzuetan nahi gabe pozoitzen dituzte hegaztiak edo beti kontzienteki egiten dute?

Beti kontzienteki egiten dute. Tuterako aferan eta beste guztietan nahita hiltzen dituzte hegaztiak eta beste animaliak. Basapiztiak direla uste dute, eta ez dute nahi ehizatzen duten lekuan egotea, oztopatzen dituzte. Haien pentsaera halakoa da, eta gobernuak pentsaera hori izaten jarraitzen laguntzen du, baimenak ematen dituztelako.

Nafarroan inoiz egon den pozoitze kasurik handiena Tuteran eta Cintruenigon gertatutakoa dela diote talde ekologista batzuek.

Bai, baina ez da egia. Nafarroan sarraski handiagoak egon dira. Baina kasuak, askotan, ez dira azaleratzen, eta, askotan, animalia hilak ezkutatzen dituzte; orduan inor ez da jabetzen gertatutakoaz. Kasu batzuk komunikabideetara eta jendearengana iristen dira, baina beste asko, tamalez, ez. Behin, espeleologo batzuek dozenaka animalia aurkitu zituzten hilik Martzillan. Biltegi batera sartu ziren, eta han txakurrak, katuak, hegazti harrapariak, denetik aurkitu zuten. Ikerketa abian jarri genuen, eta denak pozoituta hil zituzten. Salaketa jarri genuen, baina ez zuen aurrera egin.

Orduan, zer egin kasu horien guztien inguruan?

Salatzen jarraitzea, guk egiten dugun bezala; ez dago besterik. Arartekoaren aurrean salatzen ditugu kasuak, eta arrazoia ematen badigu ere, Ingurumen Departamentuak ez ditu salaketak onartzen, eta atzera botatzen ditu. Gobernuak aldatu egin behar du bere jarrera.