Ni ez naiz inor, kanpotik etorri eta nafarrek egin behar dutena esateko", erantzun du David Fernandez CUPeko diputatuak (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1974), norbaitek Nafarroako errealitate politikoaz galdetu dionean. Apaltasunez hitz egiten du, ahapeka ia, baina bere hizkera lasaiaren gibelean, gogoeta sakonak eta iritzi ausartak ezkutatzen dira. Iragan den asteartean, aldaketa ekonomiko-politikoaz eta subiranotasunaren dimentsio sozialaz hitz egin zuen Burlatako kultur etxean, ELA sindikatuak gonbidatuta.
Bere burua "mugarik gabeko independentistatzat" du Fernandezek. "CUPen borroka ez da inoren kontrakoa, zerbaiten aldekoa baizik. Jarrera konstruktiboa da, eta guretzat exijitzen duguna munduko beste edozein herrirentzat ere eskatzen dugu, izan Kurdistan, Tunisia edo Nafarroa".
Izan ere, subiranotasuna eta independentzia "tresnak dira" Fernandezen irudiko. Egungo egoera iraultzeko eta paradigma soziala errotik aldatzeko tresnak: "Ez dago auzi sozialik, auzi nazionala kontuan hartu gabe; eta aldi berean, auzi nazional oinarrizkoena auzi soziala da". Horregatik, Kataluniakoaren gisako prozesu politikoak "egitasmo demokratiko eta demokratizatzaileak" direla uste du, subiranotasunaren kontzeptua hiru esparrutara zabaltzen dutelako: "Subiranotasun politikoa, debekuak ezartzen dituen estatu baten aurrean; subiranotasun ekonomikoa, kapitalismo zaharkituaren kontra; eta herri subiranotasuna, elite nahiz oligarkien itzaletik kanpo".
Testuinguru horretan, Nafarroako egungo egoera politikoa "oso itxaropentsua" dela uste du CUPeko ordezkariak, aldaketa ezinbestekotzat jotzen baitu, "higiene demokratikoa lortze aldera". UPNren gobernuak —"Madrilgo eskuin kleptomanoaren sukurtsala"— herritarrei bizkarra emanda gobernatu duela nabarmendu du, eta akats horiek ez errepikatzeko aholkatu die aldaketaren aldeko alderdiei: "Ezin ditugu alde batera utzi herri mugimenduak, elkarteak, eragile sozialak... Duten garrantzia aitortu behar zaie".
Hala ere, bidea malkartsua izanen dela ohartarazi die aldaketaren alde dauden herritarrei: "Eguzkia ikusi ahal izateko, lokatza zapaldu beharko duzue, eta Madrildik ere ez dizuete lana erraztuko, Nafarroa estatu afera izan baita beti".
Hortaz, boterera igotzeko presarik ez izateko aholkatu die gobernu alternatiboa osatuko duten indarrei, "ezkerraren etsairik handiena euforia izan baita beti". Fernandezen ustez, benetako aldaketa ez da piramidearen puntatik helduko, oinarritik baizik. "Podemos-en eta enparauen arabera, agintea hartzearen ondorioz helduko da aldaketa. Behin gobernuan egonda, dena aldatuko dutela diote. Baina historiaren zamak zanpatzen du ikuspuntu hori. Zer gertatu da ezkerra agintera igo den bakoitzean? Benetan aldatu al dira gauzak?".
Horregatik, diputatu katalanarentzat, aldaketaren metafora egokiena ez da olatu erraldoi bat, inurriek pixkanaka-pixkanaka egindako lana baizik. "Ez naiz tsunamien zalea, baina bai inurri lanarena. Eta benetako aldaketa hortik etorriko dela iruditzen zait. Oinarritik egin behar dugu lan, kalean, kontzientziak astinduz eta elkarlanerako espazioak sortuz".
Ezadostasunak kudeatzen
Indar askoren arteko gobernu alternatibo zabalak osatzeko garaian, desadostasunak azaleratzea ohikoa dela dio Fernandezek. "Koherentzia tapaki bat bezalakoa da, gorputz osoa estaltzera iristen ez den tapakia. Nahiz eta saiatu, beti geldituko zaizkizu gabeziak agerian, eta horietatik sor litezke eztabaidak". Hala ere, ezadostasun horien beldur ez izateko deia egin du: "Kalitate urriko demokrazia honetan, kriminalizatu egin dugu gatazka, eta nire ustez, gatazkak, polemikak eta eztabaidak aberasgarriak izan daitezke. Benetako arazoa ez baita kontraesanak izatea, kontraesan horiek ongi kudeatzen jakitea baizik".