“Tristea da halako sariak gure baliabide bakarrak izatea”

Ander Perez

Far East Folk Tales (Ekialde urruneko herri ipuinak) lanak eman dio saria Leire Urbeltzi ( Iruñea, 1985). Paper, oihal eta metalezko euskarrian akuarelaz eta gouachez egindako obra da. Ilustrazioa, bere ohiko esparrua, eremu berrira eraman du, liburuetatik aldenduz. Eta ekialde urruneko iruditegia baliatu du, «narrazio tentsio» bat sortzeko.

Nola jaso zenuen saria?

Emozio pila bat nahastu zitzaizkidan: poza, urduritasuna, baina batez ere esfortzu handi baten aitorpen gisara jaso nuen. Azken finean, gure jarduera mantentzea ez da erraza izaten, ez baita etekin handirik ateratzen.

4.000 euroko diru laguntza dakar sariak, artearen sorkuntzan edo formazioan inbertitu beharrekoak. Horrek ere bultzada emango dizu.

Bai, noski. Batetik, instituzioak lan bati egindako aitorpena da saria. Bestetik, materialak edo bestelako gastua zein formazioan dirua inbertitzeko aukera. Azken finean, materialak garestiak dira, eta horrek, azkenean, baldintzatzen gaitu gauza batzuk edo besteak egiterako momentuan.

Ez baita erraza artetik bizitzea. Ez dakit zuk lortzen ote duzun.

Nik nire jardueraren joko-zelaia zabaldu dut, mugak jarri beharrean ateak ireki. Lehen irudigintzan nenbilen, euskal argitaletxeen liburuentzako irudiak egiten, eta hortik ateratzen nuen diru laguntza handiena, bizi ahal izateko. Orain, batez ere arte hezkuntzan ibiltzen naiz, gaur egun hor baitago lan gehiena. Ez da gauza bera sortzea eta sormenaren inguruko hezkuntzan ibiltzea, baina behintzat alor berean nabil, eta ez da gutxi.

Ez da erraza arteaz bizitzea, baina Nafarroan, akaso, are zailagoa?

Tristea da halako sariak izatea daukagun baliabide bakarra. Ez dago aukera handirik artearen profesionalizaziorako. Nafarroan ez daukagu beste euskal lurraldeetan dauden ekoizpen zentroak, adibidez, Bilbao Arte (Bilbo) edo Tabakalera (Donostia) bezalakoak. Hemen, Nafarroan, ez dago diru laguntza handirik. Eta are gutxiago krisi garai hauetan.

Ez ekoizpenean, eta ezta formazioan ere. Arte Gaztearen Topaketetan, adibidez, kanpoan ikasiak zarete gehienak.

Bai, hemen ez daukagu halako aukerarik ikasteko.

Zer harreman dago gizartea eta artearen artean? Arreta jartzen diogu arteari? Eta uleru?

Denborarekin konturatzen ari naiz jendeak ez dituela kontzeptualagoak diren proiektuak ulertzen. Nire lana zentzu horretan atsegina da, azken finean marrazkia delako. Saria jaso duen obra honetan ordu asko sartu ditut lanean, eta jendeak nolabait hori eskertzen du, ahalegin hori. Autokritika eginez, bestalde, ikusten dut beste proiektu batzuk kontzeptu aldetik akaso interesgarriagoak izan daitezkeela. Nik ahalegina egin behar izaten dut beste proiektuen inguruan ikasteko. Bestalde, jauzi handia dago arte garaikidea eta publikoaren artean. Horregatik, artearen hezitzaile lana interesgarria da.

Ilustrazioa da zure ohiko esparrua. Zer ematen dizu?

Ilustrazioa narratibitatez janzten den irudia da. Ilustrazioan, egilearen komunikatzeko gaitasuna lantzen da. Ilustrazioa tradizio zahar batetik dator, eta ilustratzerakoan tradizio hori guztia ere kontuan hartzen dugu.

Zure kasuan, ilustrazioaren ohiko mugak eta euskarriak gainditzen saiatzen zara. Hori bera aitortu dizu topaketen epaimahaiak.

Bai. Krisia dela, argitaletxeek ere krisi sakona bizi dute. Duela urte batzuk, ebook-aren inguruko zalantzak sortu ziren, eta uste zen paperezko argitalpenak desagertzeko arriskuan zeudela. Ikusi da hori ez dela horrela izan. Baina, bere momentuan, horrek zalantza sortarazi zidan: liburuak desagertzekotan, irudi horiek zein formatu hartuko lukete? Bakarrik formatu digitalera pasako gara, edo irudiek mantenduko dute beste euskarririk? Zenbat pausu eman daitezke liburutik erakusgarria izango den objektura? Edo zer forma har dezake irudiak? Ez dakit, nire buruari egindako galderak izan dira. Azken finean hipotesi bat da, aitzaki bat, zerbaiten gainean lanean hasteko. Niri interesgarria suertatu zitzaidan.

Lengoai propioa ere eman diozu ilustrazioari. Bigarren lerrotik atera, nolabait.

Bai, hori da. Ilustrazioa, tradizioz, beti izan da bigarren mailako artetzat hartua. Irudia testuaren apaingarri edo osagarri gisa erabiltzen zen. Egun, sortzaile batzuk ari dira ikertzen eta bestelako narrazio bisualak planteatzen, eta zentzu horretan, ilustrazioa protagonismoa hartzen ari da. Eskola oso interesgarriak daude ilustrazioa ikasteko, eta geroz eta irudigile gehiago eta geroz eta hobeak daude.

Saritua izan den lan horretan, zer nahi izan duzu adierazi?

Asko orokortuz, narrazio tentsio bat dela esango nuke. Badirudi irudiak zerbait kontatzen duela, baina egia esan, inkognita bat baino ez du planteatzen. Zoria asko erabili nuen prozesu horretan. I Ching orakulu txinatarrari heldu nion sinboloak edo irudiak lortzeko. Ez da ekialdeko ipuin jakin batzuetan oinarritzen, baina badago horien aztarnarik.

Ekialde urruneko irudiz josita dago lana. Zergatik zaizkizu hain erakargarriak?

2010.an Pekinera (Txina) joateko beka egokitu zitzaidan. Inpaktua oso bortitza izan zen, hainbeste jende eta ikurrekin betetako hirak oso erakargarriak suertatu zitzaizkidalako. Hango tenpluetan arkitektura bera ilustratua dago, eraikin sakratuetako bigak margotuta daude, eta margo horiek oso narratiboak dira, kontaerak ekartzen dizkigute. Horietan inspiratuta sortu nuen lan hau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude