Tina Parrak 23 urte egin ditu lanean Correos Espainiako posta zerbitzuan. Baina, osasun arazoak tarteko, azken hamalau hilabeteetan 35 egunez ez da lanera joan. Espainiako Gobernuaren lan erreformak gaixoaldi hori langile bat kaleratzeko arrazoi nahik...
Iritzia
Lagun espainiar bat
Lagun espainiar bat daukat —bat baino gehiago ere bai—. Baina X deituko dugun hau berezia da. Euskal Herriarekiko jakin-min asegaitza dauka, eta aurreiritzi gutxi. Hastapen ona. Bada, Espainia aldeko herri txiki batean izan ginen orain gutxi batera.
Bandera gorri-horiz jositako herri bateko tabernan, sanferminetako txupinazoko ikurrinaren harira galdetu zidan. Eta zinez zaila da azaltzen zergatik jarri zuten ikurrin bat, baldin eta aurretik solaskideak uste badu gure ondoko autonomia erkidegoko bandera dela. Azkenean, asmatu nuen. Bai, gurea ere badela ikurrina, eta nafarrok ere euskaldunak garela eta euskara gure hizkuntza dela, eta horren errepikakor suertatzen diren halako makina bat kontu. Bale.
Behin haritik tira egin, eta ezin izan nion kontatzeari utzi. Arrantzale batzuek jarri zutela ikurrina. Gero, arrantzaleak atxilotu zituztela. Aurretik, haien sakelako telefonoak kontrolatu zituztela. Poliziak espiatu eta kalean hartu zituela atxilo. Behin polizia etxera helduta, hatz markak hartu zizkiela. Auskalo zer zigor eskaera eginen duten orain haientzat.
Solaskidea adi so, olibak jaten, harrituta. Sinetsi ezinik kasi. "Arrantzaleak? Hatz markak? Zer bizi zarete CSIn?", bota zuen arrapaladan. Nik ezetz, egia dela, baina ez dela hori bakarrik.
Hasiz gero, ez dago gelditzerik. Orduan, beste zerbeza bat eskatu genuen, solasean jarraitzeko. Behin arrantzaleena esanda, Olentzerorena ere kontatu behar: orain dela urte batzuk UPNk Olentzerorekin ateratzea debekatu zuela —aurretik, Olentzero zein den ere azalduta, bai—. Beno, kontua dela Olentzero kalejiran eramaten zutenek ere aurpegia bizar faltsuz estaltzen zutela. Izan ere, kalejiran terrorismoaren apologia egiten zela uste zuten agintariek.
Laguna begiak zabal-zabalik: "Panpina bat kalera ateratzeko ere mozorratu behar?". Nik, buruaz baietz. "Inauteriak gustatzen zaizkizue, ezta?", bota zidan. Esan nion kontua hemen aurpegia estaltzea dela. Azken finean, dena delako delitu zibismoaren Iruñean eta reketeen Nafarroan. Kaputxa edo maskara jarriz gero, terrorista zara. Baita jarri gabe ere. Halako aukera zabalarekin zaila da asmatzen.
Orduan, AHTaren kontrako protestarena kontatu nion. Lau ekintzaile direla, aurpegia estali gabe AHTaren makroproiektua kritikatzeko tartak bota zizkiotela Barcinari, eta orain bost eta bederatzi urte arteko kartzela zigor eskaerei egin behar dietela aurre.
X laguna zur eta lur, olibak kontrako eztarritik joanda. Kanpoko elkartasuna bilatu beharko genukeela esan zidan. Nik, baietz. Baina nola apurtu Espainiarekin daukagun komunikazio langa?
Gaur telefonoz deitu dit. Inauteritan arrantzalez jantziko dela esan dit, ikurrinarena ingurukoei azaltzeko. Bada zerbait.
GIZARTE ERAGILEAK, BILDU EZINIK
Hipotekak Kalte Egindako Barañaingo Plataformak urriaren 30ean ezin izan zuen bilerarik egin eskatua zuen kultur etxeko gelan. Bilera hasi behar zutela, plataformako kideei jakinarazi zieten ezin zutela gela hori erabili eta gela husten ez bazuten udaltzainei deituko zietela. Gela utzi eta bilera pasabidean egin zuten. Handik ere kaleratu zituzten plataformako kideak. Azken asteetan, herriko hainbat elkartek zailtasunak izan dituzte eraikin publikoetan biltzeko.
Alaporai
Nork daki. Beharbada, behinola, euskaldunek ez zekiten doministiku egiten. Edo, akaso, biriketako haizea sudurretik eta ahotik indarrez kanporatu beharrean bertze zuloren batetik kaleratzen zuten eta, beraz, ez zuten bi efektu fisiologikoen artean ezberdintasunik ikusten. Nolanahi dela ere, badirudi latinez mintzo zirenetatik ikasi zutela euskaldunek doministiku egiten eta, hartara, usin egitean opa egiten zen Dominus tecum hura (Jauna hirekin) doministiku bilakatu zuten.
Era berean, garai batean, agian, euskaldunak Arkadia eder eta alai batean bizi ziren. Ez zuten diruz zikinduriko merkataritza ezagutzen, komunismoa praktikatzen zuten —hura zer zen batere jakin gabe— eta beharrezko lehengaiak trukean lortzen zituzten. Baina, hara non, erromatarrek kapitalismo basatia ekarri zieten eta haren oinarri-oinarrizko esamoldea, in quantum (zenbatean?), enkante bihurtu zen euskaldunen ahoetan.
Ziurrenera, euskarazko hitz gehienak ez dituzte euskaldunek sortu. Izan ere, latina grezierarekin aberastu zen modu berean, euskara ere latinarekin eta haren ondorengoekin hornitu eta edertu zen. Mailegu erraten zaie bertze hizkuntza batetik aldaketa ortografiko eta fonetiko handirik gabe hartzen diren hitzei. Oso gauza arrunta da mailegua. Beharrezkoa. Eskertzekoa.
Ez nahasi, ordea, aurreko guztia orain kontatuko dudanarekin. Twitter euskaraz jarri zutelarik, orduantxe sartu nintzen bertan, txioak euskaraz, eta bakarrik euskaraz, egiteko asmoz. [Bide batez, umap.eu, gauzatxo bat: oraindik bada hobetzeko tarte zabala, ezta? Izan ere, zin dagizuet nire txio eta bertxio guzti-guztiak euskaraz egiten ditudala, baina zuek %89ko portzentajea ematen didazue].
Eta Twitterren ikusitako jokabide batek nau kezkatzen: nola euskara indarge uzten ari diren batzuk, gatz eta piperrik gabe, 140 karakteretako esamolde adierazkorrenak gaztelaniaz ematen baitituzte, aldaketa fonetikoa eginez, hori bai. Eta, kasu, ez naiz bi esaldi juntatzen ez dakiten nerabeeeeeez ari, euskaraz ongi edo oso ongi idazten duten batzuez baizik. Eta erraten ari naizena gehiegikeria dela uste baldin baduzue, egin ezazue proba: idatz itzazue gaztelaniazko txioak behean zerrendatzen ditudan (benetako txioetatik harturiko) esamoldeak ingelesez txertatuz. Zer iruditzen?
Aber: Ea ongi ulertzen dugun, aber hori a ver esapidetik dator, ez haber-etik.
Alaporai: Horixe ba, pikutara euskara(z)!
Al loro: Kasu hurrengoari! Adi!
Bale: Ongi. Gareth Ongi.
Bastante: Nahikoa da, ez?
Dale: Emaiok, emaion.
Eske: Ez baitakit hau euskaraz nola eman…
Guapa: Ederra eta polita neskekin; ederro eta polito mutilekin (euskarari generoa ezberdin egiteko gaitasuna eman diotenetik: badakizue, "Paristik datorren artisto bat naiz ni").
Laostia: Hau guztia izugarria da, bai.
Majo: Jator. Noski Jator.
Porke: Sudur puntan jartzen zaidalako, zait eta, baitzait.
Puto amoa: Izatekotan, amo putoa, ez? Munduko txapeldunak gara, inoizko onenak, gaztelaniaz ez dakiten euskaldunak kanpoan uzten.
Sindudarik gabe: Hibrido honek zalantzarik gabe, ezbairik gabe, ez du ez hanka eta ez cabeza. Dudarik gabe, dudarikabe, dudaikabe, dudaikebe, duaikebe, doaikebe, doikebe, doikee… Doike!
Ya lo creo: Ez da hain zaila, ez horixe. Jakina! Noski!
BEDERATZI HILABETE ETA GERO IREKITA
Urtarrileko euriteek eragindako luizi batengatik itxita egon da Atarrabia eta Uharte lotzen dituen errepidea. Ondorioz, bederatzi hilabetez, Uharteko herritarrek beste errepide batzuetatik igaro behar izan dute autoz, tartean Aretako industrialdetik e...
Udazkeneko fruituak
Haizego epelak laztanduta, eta ilargi betearen eraginpean, egunotan oparotasuna gozatzen da mendialdean. Gaztainak, ezkurrak, urrak eta intxaurrak gure oihanetan, erreka-bazterretan; arbolen indarretik ale bat ekartzen diguten elikagaiak. Sagardiak et...
ERRIBERAN ERE EUSKARAZ BIZITZEKO
Jendetza bildu zen igandean Tuteran egin zuten Nafarroa Oinez-en. Eguraldia lagun izan zuten Tuterara bildutakoek. Sei kilometroko ibilbidean lau gune egon ziren. Horietan, besteak beste, kontzertuak, herri kirolak eta puzgarriak izan ziren. Argia ika...