Beste albiste batzuk

“Fibromialgia gaixotasun ikusezina eta askotan sinesgaitza izaten da”

Gaur eta bihar, fibromialgiaren eta neke kronikoaren jardunaldiak egingo dituzte Iruñean, Iturrama auzoan dagoen Civivoxen. Frida Nafarroako Fibromialgia eta Neke Kronikoaren Elkarteak antolatu ditu jardunaldi horiek. Eva Martinez (Luecia, Zaragoza, Espainia, 1946) da elkarteko presidentea. Gizarteak eta zenbait medikuk fibromialgiari eta neke kronikoari bizkarra ematen dietela salatu du.

Fibromialgia gaixotasun ezezaguna da oraindik. Zer eragin du horrek zuengan?

Gure elkarteak gaixotasunaren ibilbide bertsua dauka. Fibromialgia ezagun egin den heinean gure elkartea ere ezagunago egin da. Hala ere, oraindik, gaixotasuna ikusezina eta askotan sinesgaitza izaten da. Baina, 2000. urtetik aitzinera, aurrerapausoak eman dira osasun eremuan lan egiten dutenen sentsibilizazioan. Gaixo gehienak emakumezkoak gara, eta hori ez da kasualitatea. Gaixotasun hori dugunok alfer, ero eta histeriko moduan etiketatu gaituzte. Baina etxetik kanpo lan egiten genuen emakumeok gaixo agiria genuela-eta lanera joateari utzi genionean hasi ziren kontuak.

Etxetik kanpo lan egiten zuten emakumeei esker sinesgarritasuna lortu zenutela diozu?

Bai, inolako zalantzarik gabe. Batez ere, etxetik kanpo lan egiten genuen emakumeoi sinesgarritasun handiagoa aitortzen ziguten, gure gaixotasunak enpresen produktibitatean eragina zuelako. OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, biztanleen %3-%6 inguruk fibromialgia eta min kronikoa dituzte. Hala ere, batez ere emakumeen gaixotasuna dela esan daiteke. Izan ere, gaixotasuna duten 21 pertsonetatik bakarra da gizonezkoa. Orotara, Nafarroako Osasun Departamentuak dituen datuen arabera, fibromialgia dugunon %18k soilik dugu diagnosia.

Zer sintoma ditu fibromialgiak?

Nire kasuan, oro har gaizki sentitzen nintzen. Ohetik jaikitzen saiatzen nintzen, eta ezinezkoa zen niretzat. Mina orokorra izaten da. Apurka-apurka izugarri gaizki sentitzen nintzen. Denbora luzea medikutik medikura igaro ondoren, fibromialgia diagnostikatzen dute, beste aukerak bazter utzita. Ez dago inolako datu objektiborik azterketa medikoetan zein gaixotasun dugun adierazten duenik. Oinarri bat bada diagnosia egiteko: denbora batez min berarekin egotea, erabateko nekea sentitzea... Baina, oro har, izugarri kostatzen da diagnosia izatea. Azken azterketen arabera, bost eta sei urte artean behar izaten dira diagnosia izateko.

Diagnosiaren ondoren, zer pauso eman daitezke?

Nire kasuan, etxera pozik itzuli nintzen, zer nuen banekielako. Une horretan frogatu ahal izan nuen zer gaixotasun nuen. Behin baino gehiagotan pentsarazi zidaten mina neronek eragiten niola neure buruari. Fisikoki ez du gaixo gaudenik ematen. Diagnosia egiteko horrenbeste urte behar direnez, gaixotasuna onartzea izugarri kostatzen da. Nire kasuan, fibromialgia nuela jakin nuenean, bizitza goitik behera aldatu behar izan nuen, eta bi urtez jaso nituen tratamendu psikologikoa eta psikiatrikoa. Hala ere, tratamendu psikologoa nire poltsikotik ordaindu nuen, Gizarte Segurantzak ez duelako zerbitzu hori eskaintzen.

Fibromialgiagatik bizitza aldatzen zaizue?

Bai, goitik behera. Pertsona askok lan egiteari utzi behar izaten diote. Gainera, enpresa askotan gaixotasuna duten lagun asko kaleratu egiten dituzte. Elkartean pertsona ugari daude fibromialgia zutela esan eta kaleratu dituztenak. Nire kasuan, lana egiteari utzi nion, nahiz eta nire lanbidea ez zen fisikoa. Gainera, kontuan hartu behar da Gizarte Segurantzak ez duela fibromialgia gaixotasun desgaitzailetzat jotzen. Beraz, ez dago ezintasunen bat aitortzeko inolako aukerarik.

Zein helbururekin antolatu dituzue gaurko eta biharko jardunaldiak?

Batez ere, fibromialgiaren eta neke kronikoaren inguruko lau gai nagusi landuko ditugu: mina eta arazo psikologiko eta psikiatrikoak, bikote arazoak, ezintasun iraunkorra eta justizia arazoak, ikerketa eta egun martxan dauden tratamenduak. Eremu askotako profesionalek parte hartuko dute, eta nik uste oso jardunaldi interesgarriak izango direla. Batez ere, egunerokoan sakonki lantzen ez diren gai eta arazoak landuko ditugu profesional garrantzitsuen bitartez.

Iruñerriko garraio zerbitzuan 3,95 milioi euroren zorrak aurreikusi ditu TCC enpresak

"Neurriak hartu beharra dago". Hala adierazi du ohar bidez TCC Iruñerriko autobus zerbitzua kudeatzen duen enpresa pribatuak. Antza denez, neurriak hartzen ez badira, lau urteren buruan 3,95 milioi euroren galerak izango dituztela aurreikusi dute. Egoera bideratzeko asmoz, enpresak proposatu du heldu den urteetarako langileen soldata %5 murriztea eta lanaldia 40 ordura txikitzea.

Neurri horien harira, heldu den asterako lanuzte partzialak deitu dituzte Iruñerriko autobus zerbitzuan lan egiten duten langileek. Hala, zerbitzua etengo dute azaroaren 19an, 07:30etik 09:30era eta 18:00etatik 20:00etara. Azaroaren 21ean ere lanuzte partzial berberak izango dira. Jose Iribarren UGT sindikatuko kidearen arabera, "ez dugu soldatak igotzea nahi, egun dauzkagun lan baldintzei eustea baizik".

TCC enpresaren datuen arabera, krisi ekonomikoak gogor jo du garraio publikoaren sektorean ere. Ohartarazi duenez, 2008tik 2013ra bitarte, 4,7 milioi bidaiari galdu dituzte. Konpainiak jakinarazi duenez, bidaiari galerak zuzenean eragin die.

Enpresak esanagatik egungo baldintzetan zerbitzua ez dela "bideragarria", Iruñerriko Mankomunitateak egindako kalkuluen arabera, 2012tik 2016ra bitarte, TCC enpresak 2,6 milioi euroren irabaziak izango ditu.

“Orain hogei urte larunbat goizean San Nikolas kalea lepo egoten zen”

"Oro har, lau arrain mota baino ez dira saltzen: legatza, oilarra, hegaluzea eta antxoak. Besteak garaiaren arabera saltzen dira", ziurtatu du Fernando Lopezek (Iruñea, 1965). Cipriano arrandegia Iruñeko Alde Zaharreko San Nikolas kalean dago. Lopezek ez daki zehazki noiz hasi zen Cipriano arrandegia. Aitonak XX. mendearen hasieran hartu zuen denda. "Gure aita 1933an jaio zen, eta ordurako aitonak bazuen arrandegia". Lopezek 14 urte zituenetik lan egiten du bertan. Duela hogei bat urte hartu zuen negozioa. "San Nikolas kaleko dendaz gain, Santo Domingoko merkatuan postua dugu, eta Mendillorri sortu zenean beste arrandegi bat jarri genuen bertan. Mendillorrira anaia joan zen, eta San Nikolasen ni geratu nintzen". Tradizio handiko arrandegia da Cipriano; hala ere, garaiak aldatu egin dira. Saltoki handiak martxan jarri zituztenean asko nabaritu zuten, eta, orain, krisiarekin ahal duten bezala ibiltzen dira. "Orain hogei urte larunbat goizetan San Nikolas kalea lepo egoten zen". Lopezek dio lehen herrietako jendea Iruñera joaten zela erosketak egitera baina orain saltoki handietara joaten dela, "askoz erosoagoa delako".

Arrandegiko lana eguzkia agertu baino askoz lehenago hasten da. Lopezek urtebete darama bizkarreko gaitzekin, baina ordura arte egunero 05:15ean esnatzen zen. "Oso goiz dirudi, baina ohitzea besterik ez da", esan du. Horren ostean, Merkairuñara joaten zen. Bertan, aurreko egunean telefonoz portuetako enkanteetan erositakoa jasotzen zuen. Horrekin batera, Merkairuñan bertan, beste hainbat arrain erosten zituen. Ondoren, furgoneta kargatu eta dendara igotzen zituen erositakoak. Deskargatu, eta 09:00etan denda irekitzen zuen. Gaur egun, Lopez ez da Merkairuñara joaten, baina lan hori beste lankide batek egiten du. Hura dendara zuzenean joaten da. "Orain, ordu eta laurden beranduago esnatzen naiz, eta aldea nabaritzen da". Gaur egun, krisiak gogor jo ditu haiek ere. Lehen, astearte, ostiral eta larunbatetan lan mordoa zuten. Orain, ordea, erabat irregularrak dira salmentak. "Lehen, ostiralean saltzen zen gehien. Orain, ordea, batzuetan ezer ez eta beste batzuetan gehiago saltzen da". Urteko garaiaren arabera, alde handia zegoen salmentetan. "Lehen, hilabete batzuetan beste batzuetan halako bi irabazten zen, baina hori jada ez da gertatzen". Udan nahiko gutxi lan egiten zuten; sanferminetan, ostalaritzarekin baino ez. Baina urri, azaro, abendu eta Gabonetan asko saltzen zuten.

Gabonetan otordu bereziak prestatzen dira beti. Bazkari eta afari horietan arrainak protagonismo handia izan ohi du. Lopezek dio azken urteetan legatza eta txipiroiak izan direla gehien saldu dituztenak. Hala ere, Gabonetan gehien saldu ohi zituzten produktuak bisigua, angulak eta txirlak ziren. "Legatzari probetxu handia atera dakioke. Kiloko bisigu batekin bi edo hiru lagunek jan dezakete; kiloko legatzarekin, ordea, bostek jaten dute", azaldu du Lopezek. Angulak ere produktu preziatua dira ospakizun egunetan. Garestiak ere badira, baina asko saltzen dira urtero. "Makina bat angula saldu ditugu; ez sinestekoa da". Behin, duela hogei bat urte, larunbata zen, eta 10:30erako angularik gabe zeuden. Orduan, 20 edo 25 kilo eskatu zituzten. "Angulak 20:00 aldera ekarri genituen, baina denda 17:30etik bete-betea zegoen, eta ez zuen inork erosten. Denak zeuden angulen zain", kontatu du Lopezek. Mila istorio bizi izan dituzte dendan. Gabonetan eurek zer jaten duten galdetuta, honako hau dio: "Guk sobratzen dena eramaten dugu".

Orotariko bezeroak

"Ciprianon beti saldu da arrain ona; beraz, garestia ere bada", dio Lopezek. Bezeroei dagokienez, denetarikoak dituzte. Asko Alde Zaharrekoak bertakoak dira, baina badira Iruñeko beste auzoetatik joaten direnak ere. "Garai batean, beste auzoetatik etortzen ziren arraina erostera. Orain, ordea, ez. Baina Alde Zaharrera etortzen baldin badira, zapatak edo prakak erostera, Ciprianotik ere pasatzen dira. Horiek noizbehinka datozen bezero finkoak dira", azaldu du. Adin guztietako jendea joaten da Ciprianora. Badira Lopezen aitonaren garaitik bezeroak direnak. Baina adin guztietako bezeroak dituzte. "Gehien erosten duena 40-50 urte arteko jendea da, familia dutelako; adineko jende asko bakarrik bizi da, eta gazteak bakarrik edo bikotekidearekin bizi dira". Ostalaritzarekin ere lan egiten dute: fakturazioaren %25ek ostalaritzako bezeroengan du jatorria.

Arraina prestatzea ez dela erraza dio Lopezek. "Kontu apur batekin lantzen ez bada, oso erraz apurtzen da. Haragiarekin ez da horren tentuz ibili behar; bi kolpe emanda ere ez da apurtzen", dio Lopezek. Baina uste du ikastea eta praktika pixka bat besterik ez dela behar. Umeak ere arraina jaten txikitatik ohitu behar direla dio Lopezek, zaporea ezagutu eta hezurrak kentzen ikas dezaten. "Nik baditut nire adineko lagunak hezurrengatik arrainik jaten ez dutenak".

“Ezin dugu ahaztu ingurumenak ez dituela inoiz oporrak hartzen”

Iruñea inguruko mendi eta basoak inork baino hobeto ezagutzen ditu Jose Javier Garcia-Falcesek (Iruñea, 1970). Basozain gisa egiten du lan Iruñerri inguruan dauden mendi eta oihanetan. Txikitatik izan du naturarekin lotura. Haurra zela, asteburu-pasa joaten zen guraso eta anai-arrebekin Ballariain herrira. "Txikitatik asko gustatu izan zait ingurumena. Aita ehiztaria zen, eta hark erakutsi zigun mendia maitatzen", dio. Haurra zenean, txorien habiak egiten edota egindakoak tokiz aldatzen ibiltzea atsegin zuen gehien Garcia-Falcesek. " Karabina hartu, eta txoritxoak hiltzen aritzen ziren batzuk, baina guri hori ez zitzaigun gustatzen".

Aitortu du bere lanbidean zerikusi zuzena izan duela haurra zela basoan eta ingurune naturalean jolastu izanak. Izan ere, lanbide heziketa hautatzeko orduan, argi eta garbi izan zuen basozaina izateko ikasiko zuela. Baita helburua lortu ere. 1995. urtetik da Nafarroako Gobernuko basozaina. Azaldu duenez, bokazioz da basozaina.

Garcia-Falcesen irudiko, bere lanbidea ez da ezaguna. "Gizartean ez da gure lanbidea oso ezaguna. Askok uste dute noranahikoan sartuta paseoan igarotzen dugula egun osoa", dio. Basozaina izatea hori baino gehiago dela ohartarazi du. Gaineratu duenez, gauza mordoa egiten dituzte: animalia zaurituak artatu, diru laguntzak eskuratu ahal izateko eskaerak egin, basoen garapenaren zaintza...

Garcia-Falcesek ez du bere burua zortzi orduz bulego batean lanean ikusten. "Ez dut uste halako lanbide baterako prestatuta nagoenik". Dena den, jakinarazi du azken urteetan egin behar dituzten burokrazia lanak asko ugaritu direla. "Nire lanbidetik gehien maite dudana inprobisazioa da". Dioenez, eguneko zereginak aurrez antolatu arren, beti izaten dituzte ezustekoak, eta, horregatik, antolamendua guztiz aldatu behar izaten dute.

Hala ere, aitortu duenez, basozain izateak bere alde txarrak ere baditu. Sarritan administrazioren eta herritarren arteko bitartekari lanak egiten dituzte. Esaterako, txakurra eta katua bezala ibiltzen dira zenbaitetan ehiztariekin. "Ehizari dagokion araudia betetzea ezinbestekoa da. Uxaldietan kontuz ibili beharra dago. Gure zeregina da segurtasun neurriak bermatuta dauden ala ez ikertzea. Edozein tokitan bezala, ehizan ere segurtasunak izan behar du lehentasuna".

Basozain gisa zaintza lanak egiten dituen ingurunean bizi direnekin harreman estua izatea atsegin du Garcia-Falcesek. "Askotan, noranahikoan nabilela, etengabe atera behar izaten dut eskua ezagunak agurtzeko", azaldu du irri artean. Bestalde, askotan lanaldia beharretara egokitu behar izaten dutela dio basozainak. "Ezin dugu ahaztu ingurumenak ez dituela inoiz oporrak hartzen".

Basozainen zeregina urtaroekin estuki lotuta dago. Esaterako, azken asteetan ohikoa da Nafarroako baso eta oihanetan barrena onddo edo perretxikoak biltzen ari diren lagunak ikustea. Hain justu, duela pare bat aste, Nafarroako Basozainen Elkarteak onddo biltzaileentzako gomendio batzuk kaleratu zituen. Garcia-Falces bera da elkarte horretan lehendakariordea. Dioenez, askotan biltzaileei ahaztu egiten zaie biltoki duten ingurua errespetatu behar dutela. "Hiritik mendira joaten diren askok uste dute eskubide guztien jabe direla, eta ez dute inolako errespeturik han bizi direnekin".

Krisiaren eragina

Negua iristear dela eta, ohikoa da udazken aldean etxeetako tximinietan erretzeko egurra moztea. Garcia-Falcesek jakinarazi duenez, egun hauetan sutarako mozteko egur dezente ari dira markatzen. Azaldu du oihanean moztu behar dituzten zuhaitzak banan-banan aukeratzen dituztela. "Oso lan nekosoa da. Basoko zuhaitz masa hobetzen lagunduko duelakoan mozten ditugu zuhaitzak". Argitu duenez, naturaren prozesua azkartu egiten dute. "Zuhaitz bat ahul dagoenean, gainontzekoak baino txikiagoa denean hil egiten da. Guk, hil baino lehenago moztu egiten ditugu".

Herri lurretako basoetako zuhaitzak egur gisa erabiltzeko eskubidea nork duen kontzeju edo udalek erabakitzen dute. Araudi zehatza izaten dute eskubide hori eman edo ukatzeko orduan. Alor horretan, azkenaldian egiten diren eskariak "nabarmen" handitu direla jakinarazi du basozainak. "Krisi ekonomikoaren eraginez gasolio prezioa garestitzen denean, zuhaitzak mozteko baimen eskaeren kopurua izugarri igotzen da. Normalean, pagoak eta haritzak mozten dira".

Goizak eta arratsaldeak mendian igarotzen ditu gehienetan Garcia-Falcesek. Batzuetan bakarrik sentitzen ote den galdetuta, ezetz dio. Hala ere, askotan noranahikoan beste lankideren batekin joaten saiatzen da, batez ere autoan istripua izateko arriskua nabarmena delako. Baina pozik dagoela dio, ofizioa afizioarekin uztartzeko moduan delako.

Paris 365 gizarte jantokiari 5.190 euro eman dizkiote

Iruñeko eguraldiaren inguruko txantxa batek elkartasun proiektu bat abian jarri du. Ana Yerro eta Jorge Perezek 2010. urtean martxan jarri zuten Iruñea Mordor da Facebook orrialdea. Bertan, Iruñeko eguraldiaren inguruko txantxak egiten zituzten, J.R.R. Tolkinek asmatutako lurraldearekin konparatuz. Facebook orrialdeak arrakasta handia izan du: hiru urtean 10.000 jarraitzaile lortu ditu. Hori dela-eta, aurreko ekainean Iruñea Mordor da lelodun elkartasun txapak saltzea erabaki zuten. Irailean utzi zioten txapak saltzeari, eta irabazitako 5.190 euroak Paris 365 gizarte jantokiari ematea erabaki zuten. Jasotako diruarekin gizarte jantokiak 5.190 otordu edo 86 oinarrizko saski egin ahal izango ditu. "Oinarrizko saski kopuru horrekin 35 familia elika daitezke hilabete eta erdiz", azaldu dute Paris 365 gizarte jantokiko kideek.

"Gisa horretako ekintza txikiak, eta ez horren txikiak, osatzen dute jantokiaren finantzaketaren %70", esan du Patxi Lasa Paris 365eko presidenteak. Elkartasun txapak saltzeko, Yerrok eta Perezek Iruñerriko 40 dendaren, saltokiren eta tabernaren baino gehiagoren laguntza izan dute. Lodosan eta Auritzberrin ere salgai izan dituzte. Internet bidez ere hainbat eskari jaso dituzte, besteak beste, Erresuma Batutik, Irlandatik, Alemaniatik eta AEBetatik.

Tren geltokiaren “erabilera” aldarrikatu du Tafallako Udalak

Tren geltokiaren "erabilera" aldarrikatu du Tafallako Udalak. AHTaren eraginez, arriskuan egon liteke geltoki hori. Izan ere, aurreikusitako proiektuaren arabera, litekeena da geltokia desagertzea laster. Iaz, ia 28.000 bidaiari igaro ziren geltoki horretatik Iruñera edo Tuterara bidean trena hartzeko.

Egoera "larria" dela ebatzita, Tafallako Udala osatzen duten alderdiek —UPN, Bildu, PSN eta Iniciativa por Tafalla— aho batez onartu zuten tren geltokia mantentzeko eskatzeko mozioa. Udalak jakinarazi duenez, geltokia desagertuz gero, Tafallako eta inguruko herritarrak izango lirateke kaltetu nagusiak.