Beste albiste batzuk

Astelehenenean hasiko dira UEUren udako ikastaroak, Iruñeko Jaso ikastolan

Heldu den astelehenetik aurrera, UEU Udako Euskal Unibertsitateak Iruñean eskaintzen dituen ikastaroak izango dira. Aurten ere, iaz bezala, Iruñeko Jaso ikastolan izango dute egoitza. Hiru egunez, ezagutzak garatzeko aukera izango da. Orotara, eremu anitzetako 11 ikastaro antolatu dituzte.

Denera, udako ikastaroen 41. edizioan, bost jakintza arlotan banatutako ikastaroak eskainiko dituzte: artea eta musika, giza zientziak, ingeniaritza eta teknologia, osasun zientziak, zientzia aplikatuak eta gizarte zientziak. Irati Iziar UEUko udako ikastaroetako arduradunaren arabera, "ahalik eta jende gehienarengana iristen" saiatu dira.

UEUn euskararen eta unibertsitatearen alde lan egiten dute. Arrazoi horrengatik, gaurkotasuneko eta interes orokorreko gaiak prestatu dituzte. Gainera, Iziarrek jakinarazi duenez, "ikastaroen edukien eta adituen kalitatearen maila ona" mantendu dituzte.

Arazoak gainditzen

Iazkoa urte zaila izan zen UEUko arduradunentzat. Horregatik aukeratu dute 40+1 leloa aurtengo ikastaroetarako. Izan ere, bertan behera gelditu zen azken hamabost urtean Eusko Jaurlaritzak ematen zien diru laguntza. Horrek proiektua bera kolokan jarri zuen neurri batean. Iziarrek azaldu duenez, diru laguntza hori bertan behera gelditu izanak kolokan jarri zuen UEUk erakunde gisa duen egitura.

Arazoak arazo, zenbait murrizketa egin ostean, azken urteetako egiturari eustea lortu dute UEUko kideek. Hala, Eibarren eta Baionan ikastaroak eskaini ostean, Iruñekoen txanda izango da astelehenetik aurrera. Gainera, aurten, Nafarroako Gobernuak 11 ikastarotatik bi homologatu ditu. Lehenengoak Guraso/hezitzaile eta haurren elkar ulertzea: zigorrak, xantaiak eta mehatxurik gabeko harremanak du izenburua. Bigarrena, berriz, Jendaurreko komunikazioan trebatzeko tailerra da. Bi ikastaro horietan parte hartzea meritu gisa aitortuko du, hortaz.

“Autismoaren mundua beste mundu bat da, eta hara hurbiltzen jakin behar da”

Nafarroako Autismo Elkartea iaz sortu zen, sindrome hori duten umeei laguntzeko asmoz. Umeek kurtsoan egindako lana garatzeko eta geldialdirik ez izateko, udako eskola martxan jarri dute bigarrenez. Elkarteko gizarte langilea da Paula Rodriguez (Iruñea, 1986), eta beharrezkotzat jo du errutina mantentzea.

Zer-nolako harrera izaten ari da udako eskola?

Arrakasta izan dugu bai umeen artean eta bai boluntarioen artean ere. Uda aurrera joan ahala gero eta ume gehiago azalduko diren arren, oraingoz berrogei ume inguru daude apuntatuta. Boluntarioei dagokienez, ehun baino gehiago ditugu jadanik. Gutxienez, bi aste egoten da boluntario bakoitza, eta, ondoren, norberak erabakitzen du lanaldia luzatu edo ez.

Zer egiten dute boluntarioek?

Elkarteko psikologoek uda hasieran prestatu eta trebatu zituzten boluntarioak. Prestakuntza ikastaroak astean bitan egiten ziren, egun bakoitzean hiru orduko eskolak jasoz. Bertan, elkarteak zein metodoren bidez lan egiten duen erakutsi zitzaien, jarraibide edo eredu batzuk emanez. Eskolaren barruan, boluntarioak umeen parte-hartze planean sartzen dira. Azken finean, autismoaren mundua asko aldatzen da kasu batetik bestera, eta guztiak hartu behar dira kontuan.

Nola dago osatuta eskola?

Sei ikasgela egongo dira uda guztian. Bakoitzean, autismoan espezializatutako tutore psikologo bat dago, zaintzaile batekin batera. Horrez gain, ume bakoitzak bere boluntarioa dauka. Tutoreak esku-hartze plana egiten du, plan bakoitza pertsonalizatua izanik, umearen araberakoa. Boluntarioaren eginbeharra plan hori behar bezala gauzatzen laguntzea da, ezarritako helburuak bete ahal izateko.

Zein izaten da umeen egunerokoa?

Eskola 09:00etatik 14:00etara egoten da, astelehenetik ostiralera. Goizean tutoreak, zaintzaileak eta boluntarioak umeen bila jaisten dira, eta ikasgelara joaten dira. Boluntario bakoitzak ume batekin lan egiten du, eta haurren autonomia lortzen saiatzen dira. Iritsi bezain pronto, guztiak borobilean jarri, eta elkarrekin abesten dute, ongietorria emateko. Horren ondoren, ume bakoitza bere lan mahaian jartzen da, eta hor bakoitzak bere eginbeharrak izaten ditu. Horrez gain, aurten soinketa sartu dugu, ume batzuek mugitzeko arazoak baitituzte. Umeen garapenera bideratutako jolas orduak ere badituzte.

Umeen urrats txikiek poztasun handia sortuko dute, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Iaz, esaterako, bazeuden ume batzuk hasieran irribarrerik egiten ez zutenak, eta irribarretsu atera zirenak udako eskolatik; beste batzuek, berriz, ez zuten inolako produkzio fonologikorik, eta hotsak egiten ikasi zuten. Azken finean, ume horien egunerokotasunean ikusten diren urratsak zoragarriak dira denontzat. Lan handia egin behar da, baina lortutako emaitzek indarrez eta ilusioz betetzen gaituzte. Autismoaren mundua beste mundu bat da, eta hara hurbiltzen jakin behar da. Behin barruan egonik, oso aberasgarria da umeen garapena eta egindako lana ikustea.

Eskolaz gain, piktogramen inguruko proiektu bat duzue esku artean.

Bai, Iruñea osoan zehar seinaleak jartzeko asmoa dugu, ume autistek hiriko eraikinak identifika ditzaten. Normalean, eraikina zein den esanda ez dute ulertzen, baina, eraikin horren irudi bat ikusiz gero, berehala identifikatzen dute. Egia esan, proiektu horrek oso harrera ona izan du orain arte. Dagoeneko 80 bat eraikin pribatuk eman digute baiezkoa. Hasiera batean, egitasmoa Iruñera mugatzea pentsatu genuen, baina, Nafarroako Gobernuan aurkeztu genuenean, Nafarroa osora zabaltzeko proposamena egin ziguten. Hasieran zaila egiten ari zaigu, baina pixkanaka bere fruituak ematen ari da. Areago, uste genuen baino emaitza hobeak izan ditu gure asmoak.

Goiener Energia Kooperatibako bazkidea izango da Berako Udala

Goiener Energia Kooperatibako bazkide izatea erabaki zuen Berako Udalak joan den maiatzaren 14an egindako udalbatzan. Hala, kooperatibako kide den lehenengo udala da Berakoa. Udalak konpromisoa hartu du Goiener energia merkaturatzen hasten denean harekin zein energia kontratu egin aztertzeko.

Energia kontsumoaren eredu alternatiboa eraikitzeko konpromisoan oinarritutako proiektua da Goiener. Bazkideek ekarpen ekonomikoak egiten dituzte, eta, horren bitartez, energia berdea erostea ahalbidetzen dute. Kooperatibak erdietsitako etekinak iturri berriztagarrietatik sortutako —biogasa, eguzki eta haize bidezkoa— proiektu "berritzaileetara" bideratuko dituzte. Izan ere, taldea irabazi asmorik gabekoa da, eta, beraz, kooperatiban bertan inbertitu nahi dituzte mozkinak.

Herenegun, Marisol Taberna Berako alkateak Goienerreko arduradunekin sinatutako itunean, energia isurketak "murriztea" hitzartu zuten. Hala, 2020. urterako, energia kontsumoa %20 murriztu eta energia eraginkortasuna %20 handitu edo hobetu nahi dute. Helburu horiek betetzeko ekintza plana garatuko du udalak.

Lezkairuko lotura autobusa 514 lagunek soilik erabili dute

Aurtengo sanferminetan, berritasunetako bat izan da Iruñeko Lezkairu auzoan jarritako aparkaleku berezia. Udalak jaietarako eremu urdina mantentzea erabaki ostean hartu zen aparkaleku bereziaren neurria. Hala, aparkalekutik erdigunera joan nahi zutenentzat lotura autobusak jarri zituzten jaiek iraun zuten bi asteburuetan. Dena den, zerbitzu hori gutxi erabili dela aitortu dute Iruñerriko Mankomunitateko arduradunek, 514 lagunek soilik erabili baitute.

Horrez gain, iazko datuekin alderatuta, jaiek iraun duten bederatzi egunetan %2,06 murriztu da autobus zerbitzua erabili duten bidaiarien kopurua. 147 autobus ibili dira martxan Iruñerrian, eta, orotara, ia 1,7 milioi bidaiarik erabili dute horietakoren bat. Txupinazo egunean, uztailaren 6an izan zen bidaiari gehien, 235.428 hain justu.

Hondakin kopuruak, behera

Iruñerriko Mankomunitateak jakinarazi dituen datuen arabera, sanferminetan bildu duten hondakin kopurua %2,70 murriztu da 2012ko datuekin alderatuta. Uztailaren 6tik 15era bildutakoak hartu dituzte aintzat. Denera, 1.050 tona hondakin bildu dituzte.

Jasotako hondakinak oro har murriztu egin diren arren, bildutako beira kopurua %1,04 igo da: 337 tona jaso dituzte. Horietatik 120 tona taberna eta jatetxeetan bildu dira. Gainontzeko 217 tonak, berriz, jai eremuan jarritako edukiontzietatik berreskuratutakoak direla azaldu du Iruñerriko Mankomunitateak.

Gaineratu dutenez, bildutako hondakinen murrizketan eragin zuzena izan du Nafarroa Oinez-en eta Gora Iruñearen guneetan edalontzi berrerabilgarriak erabili izanak.

“Etxean Euskal Herriko albisteak gertutik jarraitzen ditugu”

Badira sei urte Nafarroara itzuli ez dela, eta bisitan etortzeko gogoa nabarmena da Nekane Olazarren (Doneztebe, 1958) hitzetan. 1987. urtean utzi zuen bere herria, Argentinara joateko, baina inoiz ez du moztu Euskal Herriarekin duen harremana, eta gertu sentitzen du.

General Villegas hirian bizi da Olazar, Argentinako panpan. Lautada erraldoia da, eta arto, gari eta soja zelaiz beteta dago. 20 urte zituela, Nafarroan ezagutu zuen gaur egun senarra duena, Sergio Rekarte argentinarra. Rekartek Euskal Herrira etorri behar izan zuen erbesteratuta Argentinako diktaduraren garaian, kartzelan bi urtez egon ondoren. Bertizko kaperan ezkondu ziren, eta Donezteben bizi izan ziren hainbat urtez, Argentinara joatea erabaki arte. Rekartek ez zuen lan egonkorrik lortu Nafarroan; garai zailak ziren, eta horregatik erabaki zuten ozeanoa zeharkatzea. "Erabaki zaila izan zen, batez ere niretzat, guztia utzi nuelako Nafarroan, eta asko sumatzen dut falta oraindik ere. Baina aukeratutako bidea izan zen, eta horri ekin genion".

Rekarteren hirira joan ziren, General Villegasera. Saltoki bat ireki zuten iritsi eta gutxira, eta mantentzen dute oraindik ere. Olazarren bizitza han dago, baina oso presente du Euskal Herria. Oso urrun dagoen arren, oso gertu sentitzen du. Euskal etxea sortu zuten 2001ean General Villegasen, eta hango lehenengo lehendakaria izan zen Olazar. "Urte politak izan ziren, eta herrian azkar onartu gintuzten jarduera asko egiten genituelako, betiere euskal kultura defendatzen eta sustatzen".

Euskara eta dantza eskolak, txikien abesbatza eta hitzaldiak antolatzen zituzten, besteak beste. Eta Euskal Herriko egun "bereziak" —sanferminak, Aberri Eguna eta Gernikako bonbardaketaren urteurrena, adibidez— gogoratu. "Baina gutxika-gutxika hori guztia amaitu zen. Euskal etxeko zuzendaritza batzordearentzat kultura ez zen oinarrizkoena, eta haientzat garrantzitsuagoak ziren afari eta bazkariak. Horregatik, nire kargua uztea erabaki nuen".

Dena den, Olazarrek ez zuen utzi han hasitako guztia, eta abian zuen irrati saioarekin jarraitu zuen. 2006. urtetik euskal etxeak bazuen astero ordubeteko saio bat hiriko irrati batean. Argentinako Euskaldunen Federazioaren proiektua zen, eta euskal etxe guztietarako egiten zuten. Haiek jasotzen zuten saio osoa grabatuta, eta 15 minutu zituzten euskal etxearen jarduerak azaltzeko. Horretan hasi zen Olazar, La hora de los vascos programan. "Irrati esatari gisa hasi nintzen 15 minutuak betetzen, eta azkenean nik egiten nuen saio osoa". 2012. urtera arte izan zen hori, euskal etxeko zuzendaritzak bertan behera uztea erabaki baitzuen, "finantzaketa arazoengatik".

Baina han hasitako bidea gustatu zitzaion Olazarri, eta ez zuen amore eman. "Irratiko zuzendariarekin hitz egin nuen, eta ordubeteko saioa egiteko espazioa eman zidan". Otsailetik, ostiral guztietan, Desde el Alma programa egiten du Olazarrek. Bertan, Argentinako eta Euskal Herriko gaiak izaten ditu hizpide, elkarrizketak egiten ditu, eta euskal musika entzuten da gehien bere saioan. "Azkenean lortu dut nahi nuena: nire saioa izatea", azaldu du, pozik.

Ez dira gutxi euskaldunak Argentinan. Ohikoak dira euskal abizenak, eta ia guztiek dute arbaso euskaldunen bat. Olazarrek azaldu duenez, argentinarren %10ek dute euskal jatorria. "General Villegasen sorterriko euskaldunak bi baino ez gara, baina euskaldunen ondorengo asko bizi dira; euskal etxean, hasieran, 400 bat bazkide ginen, eta gehienak Nafarroako iparraldekoak ginen".

Orain dela 24 urte iritsi zen Olazar Argentinara, eta azkar ohitu zen hango bizimodura. Ezagutzen zituen hango ohiturak, senarrak kontatuta, eta bizitzera joan baino lehen bidaia bat egin zuten Argentinara. "Azkar ohitu nintzen, baina faltan sumatzen dut, adibidez, lagunekin tabernetan tragoxka batzuk hartzea. Hemen ez dago ohitura hori; etxeetan elkartzen gara, baina ez gara tabernaz taberna ibiltzen, eta gustatzen zait ohitura hori". Urte hauetan guztietan euskaldunen eta argentinarren arteko desberdintasunez konturatu da Olazar. "Argentinarrak oso irekiak dira, hizlariak, eta euskaldunak, burugogorrak. Dena den, euskaldunak oso ongi ikusita daude hemen. Adibidez, euskaldun hitza esaera erabiltzen dute argentinarrek, agindutakoa beteko dutela esateko.

Etxean egunero irakurtzen dituzte Euskal Herriko egunkariak, eta lagunak mantentzen dituzte Nafarroan. "Etxean Euskal Herriko albisteak gertutik jarraitzen ditugu. Kultura, politika, musika, kirolak...". Gogora ekarri du hara joan zenetik sei bidaia egin dituela Euskal Herrira, baina ez daki noiz izanen den hurrengoa: "Dena den, Doneztebe beti dago gure planetan. Egun, gure alaba Maite ikasten ari da, eta oraingoz hori da oinarrizkoena guretzat".

“Bideoa Esako urtegiaren handitze lanak gelditzeko tresna izatea nahi dugu “

Eguzki Bideoak-eko kidea da Laura Berro (Iruñea, 1986), eta buru-belarri dabil proiektu berri batekin: Esako urtegiaren handitze lanen kontrako dokumentala martxan jartzen. Izan ere, aurreko astean lortu zuten bideoa finantzatzeko behar zuten aurrekontua, finantzaketa kolektiboaren sistemari esker. René Petiten amesgaiztoa deitzen da lana, eta orain hasiko dira filmatzen; bost hilabete barru, dokumentala prest izatea espero dute.

Nor zen René Petit, eta zein zen haren amesgaiztoa?

Esako urtegia diseinatu zuen ingeniaria da. Haren amesgaiztoa urtegia handitzea zen; handitzea oso arriskutsua litzatekeela zioen. Eta, hala ere, egun handitzen ari dira! Ez al da ironikoa? Oso esanguratsua iruditu zitzaigun hark handitzearen kontra egitea, eta hori baliatu dugu dokumentalaren izenburu gisa.

Nola sortu zen proiektua?

Dokumentala egitea Esa+Ez eta Rio Aragon plataformei bururatu zitzaien, eta ideia ona zela pentsatu genuen guk ere. Arazoa zera izan zen: ez genuela dokumentala finantzatzeko dirurik.

Orduan, finantzaketa kolektiboa erabiltzea bururatu zitzaizuen.

Bankuari ez genion mailegurik eskatu nahi; maileguek bankuarekiko esklabotza harremana izatera behartzen zaituzte. Beraz, finantzaketa kolektiboa oso aukera interesgarria iruditu zitzaigun.

Nola funtzionatzen du finantzaketa kolektiboaren sistemak?

40 egun baino ez dauzkazu beharrezko dirua lortzeko. Denbora tarte horretan ez baduzu lortzen aurreikusitako kantitatea, dena galtzen duzu. Guk 14.000 euro eskatu genituen René Petiten amesgaiztoa aurrera ateratzeko.

Finantza kolektiboa bukatzeko 25 ordu baino falta ez zirenean bildu zenituzten 14.000 euroak. Lortuko ez zenutelako beldur zineten?

Lortzeko esperantza geneukan, bilketaren azkenengo egunetan 14.000 euroak lortzeko diru gutxi falta zitzaigun eta. Lehenengo eta bigarren asteetan, erraza da jendeak dirua ematea: gaia pil-pilean dago, eta gaurkotasun handikoa da. Hirugarren astean sufritu genuen gehien, astebetean ez ziguten kasik dirurik eman. Laugarren astean, baina, hobera egin zuen: Esaren kontrako manifestaldia egin zen, eta Casas geologoak handitzearen kontra esandakoek ere asko lagundu ziguten.

Azkenean, 284 mezenasek 14.860 euro eman dizkizuete. Horiek zer lortzen dute proiektua babestuz?

Emandako diru kopuruaren arabera, hainbat abantaila dauzkate: dokumentalaren afixa, DVDa, Eguzki Bideoak-en bideo sorta... Horretaz aparte, mezenasak proiektuaren parte sentitzeko aukera dauka. Jendeak diruaz gain, ilusioa ere ematen du.

Nolakoa izango da dokumentala?

Urtegiaren handitze lanak gelditzeko tresna izatea nahi dugu. Ikus-entzunezko obra deigarria sortzea aurreikusi dugu. Thriller moduko bat grabatzea da hasierako ideia; pertsonaia batzuen ikuspegitik, bideo ulergarri eta entretenigarria egitea. Ez dugu argudiatze zurrun, hertsi eta aspergarri bat nahi, baizik eta dokumental dinamiko bat.

Zein da bideoaren helburua?

Helburua jendearengana heltzea da; gaia ezagutzen ez dutenengana ere iristea. Aragoin gaia asko landu da, izan ere, lur desjabetzeak egin dira, eta gatazka handia sortu da. Nafarroan, ordea, ez da gaiari buruz asko hitz egin, eta eztabaida piztea nahi dugu.

Eta behin dokumentala grabatu eta gero?

Esako urtegiaren inguruko herrietan bistaratuko dugu. Bideoa arazoa gizarteratzeko tresna izateko asmoa dugu. Ezkutuko errealitate baten bozgorailu izan nahi du dokumentalak; administrazioak isildutako gatazka baten isla.

Obrak hasiak dituzte. Oraindik geldiaraz daitezke handitze lanak?

2001etik ari dira obretan, eta aurreikusitako aurrekontua baino %300 gehiago gastatu dute. Handitze lanak geldiaraz daitezke; borroka irabazteke dago.

Donejakue bideko elizak eta monumentuak bisitatu ahal izanen dira

Arteaz gozatzeko aukera ere eskaintzen dute udako hilabeteek. Nafarroako Gobernuak herrialde horretako kultur ondarearen zati diren 37 eliza eta monumenturen ateak zabalduko ditu datozen asteotan, datorren abuztuaren 31 bitarte.

Zehazki, Donejakue bidekoak dira bisitatu ahal izanen diren eraikinak, bertzeak bertze, Santiago eliza Luzaiden, San Migel eliza Zizur Txikian, Andre Mari Eunatekoaren eliza, Muruzabalen, eta Iruñeko San Saturdi eliza.

Goizez, 10:30etik 13:00etara izanen dira eraikinotako ateak zabalik; arratsaldez, berriz, 17:30etik 20:00etara. Iaz ere Nafarroako kultur ondarea ezagutzeko programa martxan jarri zuen Nafarroako Gobernuak. Denera, 63.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten, aurreko urtean baino %12 gehiago, hain zuzen ere.

“Kulturen arteko nahasketaren erakusgarri dira hemengoak”

Nafarroan geldialdi bat egin ondoren, Errusiatik Ekuadorrera salto egin zuen Leire Ordunak (Iruñea, 1980). Moskun lau urtez euskara irakasle aritu zen, eta horren ondoren, Iruñera itzuli zen irakaskuntza masterra egitera. "Iruñean lan onik atera ez zitzaidanez, Ekuadorko unibertsitatean aritzea aukera hobea iruditu zitzaidan, eta bitan pentsatu gabe hona etorri nintzen". Duela sei hilabete izan zen hori, eta egun, Esmeraldas izeneko hirian bizi da, Kolonbiarekin muga egiten duen kostaldean.

Koloreak ematen dio izena hiriari. Landaredia ugaria da eskualdean eta paisaiak aberatsak dira, postal baten modukoak. "Kolore berdeek, hezetasunak elikatutako mendiek, hondartza argitsuek eta palmondoek izena ematen diote eskualdeari". Egun luzeak dira hangoak. Horixe nabaritu du Ordunak. Goizeko bostetan eguzkiak argitzen duenetik, hondartzan zalaparta hasten da. "Futbolean jokatzen edo paseatzen, lanera joan aurretik eguna irribarre batekin hasten dute hemengoek". Eta presarik gabe egun bakoitza aurrekoaren antzekoa dela azaldu du Ordunak. Urtarorik gabeko klima du Ekuadorrek, eta urte osoan mauka motzean ibiltzen da jendea. "Klima horrekin, naturak fruitu tropikal gozoak eskaintzen ditu".

Hango bizimodua zeharo desberdina dela sumatu du Ordunak. "Afrikar jatorriko folkloreak mugimendu latinoekin bat egiten du asteburueroko dantzetan". Baina astearen edozein egunetan ere ozenki entzuten dira etxe aurrera herritarrek ateratzen dituzten bozgorailuak, eta hurrengo egunean goiz jaiki behar izateagatik bat ere kezkarik izan gabe, afalostean karaoke festak antolatzen dituzte auzokideen artean. Festa maite dute, eta edozein momentu da ona ospatzeko. "Hutsetik tabernak sortzen dituzte hondartzaren parean. Autoaren atzealdean bozgorailuak eramaten dituzte, eta garagardoa edaten dute". Oso alaiak dira, eta lagun berriak egitea gustatzen zaie. Ordunak onartu du hasieran ez ziela gazteleraz ulertzen, herritarrek duten azentua dela eta.

Kultura indigena oso agerikoa da Ekuadorren, baina, oro har, aniztasunaren irudia da Ekuadorkoa. Are gehiago Esmeraldasen. "Garai batean espainiarrek Afrikatik ekarritako esklaboak kostalde honetan jarri zituzten lanean. Espainiarrak tokiko emakumeekin eta esklaboekin oheratu ziren, eta aldi berean, beltzak eta jatorrizko biztanleak nahastu ziren". Lau mende geroago, aniztasunaren argazkia ikus daiteke Esmeraldasen: "Herritarren aurpegiek askotariko hazpegiak erakusten dituzte, kulturen nahasketaren eta tokiko aniztasunaren erakusgarri".

Harrituta geratu da Orduna bikotekiderik gabeko emakume gazte askok umeak dituztela ikusita. Azaldu duenez, hezkuntzan eta lan munduan sartzeko aukera emateko, umea eskolara edo bulegora ekartzen uzten diete emakumeei. "Arraroa da benetan eskolan ume bat mahaien artean korrika ikustea edo azterketa batean, eskolan, amaren zain dagoen haurra negarrez entzutea", dio harrituta.

Ingeles eskolak ematen ditu Ordunak Esmeraldasko unibertsitatean. Azaldu du hango lan giroa eta Errusiakoa guztiz bestelakoak direla. Euskal Herriko Unibertsitatetik Moskuko Lomonosov unibertsitatera euskara eskolak ematera joan zen. "Hizkuntzalaritzako ikasleek hizkuntzen gramatika alderatzeko oso interesgarri ikusten zuten euskara. Benetan ikasle azkarrak ziren, eta berehala hasten ziren euskaraz hitz egiten!". Lomonosov unibertsitatetik asko ikasi duela onartu du Ordunak, batez ere antolakuntza. Errusiako hezkuntza sistemak luzaroan emaitza onak lortu dituela azaldu du. "Kultura aberasgarria da, oso. Orain faltan sumatzen ditut Errusiako balioak". Gainera, ikasleek motibazio handia zuten eta zintzoak ziren.

Ekuadorren, berriz, puntualtasuna ez da garrantzitsutzat jotzen, eta ikasteko ohitura gutxi dute. Dena den, ikasleek parte hartze handia dutela eta eskolan barre egiten dutela nabarmendu du Ordunak. "Oro har, oso giro ona dago". Edertasunaren erregina aukeratzen dute urtero unibertsitatean, eta bitxia iruditu zitzaion. "Duela pare bat aste lanera iristean, neska bikinidunak erakusten zituzten paperaz beteta topatu nuen unibertsitatea. Ikasleen artean aukeratzen dute erregina, eta ikasle eta irakasle guztiek parte hartzen dute festa handi horretan".

Errusian eta Ekuadorren ez ezik, Alemanian eta Kroazian ere bizi izan da Orduna. Alemanian Frankfurteko Nintendo enpresan bideo jokoak probatzen lan egiten zuen. "Bai, bideo jokoetara jokatzeagatik ordaintzen zidaten", esan du ironikoki. Gainera, Errusian igaro zituen lau urte horietan bidaiatzeko denbora izan zuen, eta Asiako hainbat herrialde bisitatu zituen: Siberia, India, Thailandia, Malaysia eta Vietnam. Orain lana du Ekuadorren eta han geratzeko asmoa du, baina argi du etorkizunean lana ateratzen zaion txokora mugituko dela.