Orain dela 200 urte arbizuarrek sekulako hondamendia jasan zuten, Napoleonen soldaduek herriari su eman baitzioten. Bigarren mendeurrena gogora ekartzeko, herritarrek 1813 Arbizu errautsetatik jaiki ginenekoa izeneko antzerkia prestatu dute auzolanean...
Beste albiste batzuk
“Budapesten gehien nabaritu dudana askatasuna izan da”
Eskubaloia da nire bizitza". Kirolarengatik joan da Nerea Pena (Iruñea, 1989) Budapestera (Hungaria). Urtebete darama han FTC Budapest eskubaloi taldean jokatzen, eta datozen beste bi denboraldietan egonen da han, oraingoz, 2015. urtera arte. Kostatzen ari zaio egokitzea, batez ere hizkuntzarengatik, baina oso gustura dagoela adierazi du. "Esperientzia ahaztezina izaten ari da, eta esan dezaket hau dela nire bigarren etxea", aitortu du.
Txikitatik hasi zen eskubaloian jokatzen. Iruñeko Loiola taldean hasieran, eta 15 urte zituelarik Itxako taldeak ireki zizkion ateak. "Orduan hasi nintzen eskubaloia beste era batean bizitzen". Iaz arte egon zen Lizarrako taldean, eta orain bizimodu berria du Budapesten. Aldaketa ez da erraza izan, baina kontent agertu da. "Gogorra izan da. Etxetik urrun joaten naizen lehenengo aldia da. Han utzi dut familia, eta han utzi ditut lagunak". Joan den urteko uztailean iritsi zen Budapestera, denboraldi-aurrea hasi zenean. Orduan belauna zuen kezka nagusia —eskuineko belauneko lotailuak hautsi zituen iazko otsailean—, eta hutsetik hasi behar izan zuen. Taldearen babes osoa jaso zuen, eta osatzea lortu zuen. Joan den otsailean, hala ere, berriro hartu zuen mina belaunean, eta lesionatu zen. Zorte txarra izan du Penak eskubaloian, berak aitortzen duenez: "Nire bizitza lesioen segida baino ez da izan; espero dut gutxika-gutxika kiribil honetatik ateratzea". Orain, birgaitze prozesua egiten ari da, Iruñean. Gogorra izaten ari dela dio: "Hilabete hauek fisikoki baino psikologikoki gogorragoak izan dira; bolada txarra pasa dut". Oraindik ez dago sasoi betean, aitortu duenez, baina lanean jarraitzeko ilusioz dago.
Hara iritsi zenetik eskubaloian jokatzeko era guztiz desberdina zutela sumatu zuen. "Jokoa oso desberdina da, eta, hortaz, baita entrenamenduak ere. Ordutegiak gogorragoak dira, baina moldatu naiz", adierazi du. Horrez gain, emakumeen eskubaloiak Nafarroan baino "askoz indar handiagoa" duela baieztatu du. "Dagoen giroa izugarria da. Inoiz ez dut horrelakorik ikusi; harrigarria da". Itxakoko garaiak gogora ekarri ditu, eta denboraldi "indartsuak" izan zituela dio, baina ez duela zerikusirik Hungarian ikusi duenarekin. Dioenez, emakumeen kirola askoz gehiago baloratzen dute han: "Zaleek oso gertu sentitzen dute eskubaloi taldea".
Jokatzera moldatu da, baita bizimodu berrira ere. "Gehien nabaritu dudana askatasuna izan da. Hungarian egotea, bakarrik, eta nire kabuz moldatzen naizela konturatzea". Gainera, harreman onak egin ditu hangoekin. Hungariarrak pertsona "itxiak eta zakarrak" direla diote, baina Penak ez du inolako arazorik izan haiekin, eta hasieratik haien laguntza jaso du. "Oso adeitsuak dira, eta beti laguntzeko prest daude. Hungariako lagunek esaten didate zorte handia izan dudala haiekin!". Hizkuntzarekin du, ordea, arazo gehien. Hungariera ikasten ari da, baina zaila dela dio. Baditu lagun hungariarrak gazteleraz hitz egiten dutenak; eskubaloiko taldekideekin, berriz, ingelesez mintzatzen da —dakitenekin—, eta baditu lagun atzerritarrak. Beraz, ahal duen neurrian moldatzen da guztiekin.
Hilabete hauetan guztietan bidaiatzeko aukera izan du Penak, bai taldearekin eta bai bere kabuz ere. Han eta hemen egon da, baina zeharo desberdintzen ditu taldearekin egiten dituen bidaiak eta plazer bidaiak. Kirolaria izanda, asko bidaiatu du Penak. "Ikaragarri gustatzen zait bidaiatzea plazeragatik. Taldearekin bidaiatzea oso gogorra da, batez ere asteazken eta larunbat batean jokatu behar bada...".
Hiri handia da Budapest. Izugarri gustatzen zaio Penari. "Agian herrialdea ez da oso polita, baina hiria bai, hiria ederra da! Asko gustatzen zait, eta pozik nago hemen". Orain hiri bakarra da, baina aitzinean bi hiri ziren: Buda eta Pest. 1873. urtean elkartu ziren, baina "desberdinak" dira gaur egun ere. "Danubio ibaiak zatitzen du hiria, eta horrek hiri berezia izatea eragiten du. Buda izan zenak eraikin historikoak gordetzen ditu, eta xarma handiagoa du. Pest, berriz, negozioak dauden gunea da, eta han egiten dute herritarrek bizitza gehiena". Hiriko sinagoga gustatzen zaio Penari. Europako handiena da, eta "berezia" dela dio.
Pobrezia eta herritarren arteko desberdintasun handia ikusi du Penak. Bizi-kalitatea Nafarroakoa baino askoz baxuagoa dela dio, baina, hala ere, harrituta geratu da herrialdeak eskaintzen dituen baliabide guztiekin. "Ez dakit nola eskain diezaieketen hainbeste baliabide bai hemengo herritarrei eta bai atzerritarrei, bizi-kalitatea askoz baxuagoa izanda. Bitxia iruditzen zait". Bitxiak iruditzen zaizkio hungariarrek ospatzen dituzten festak ere. Pertsona bakoitzaren santuaren eguna ospatzen dute beti, eta jai erraldoiak egiten dituzte, urtebetetzeen antzekoak. Gonbidatuek tartak eramaten dituzte, eta festa antolatu duena zoriontzen dute.
Dirurik gabe utzi dute Oteiza katedra, eta bertan behera geratu da
Bertan behera geratu da Oteiza katedra, Nafarroako Gobernuak finantzaketarik gabe utzi duelako. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin zuten hitzarmena ezeztatu dute, eta ez dute inolako jarduerarik eginen. Unibertsitateak esan du katedra "oso garrantzitsua" dela, baina adierazi du Nafarroako Gobernuko Kultura Departamenduak ezin dituela ordaindu katedrako gastuak.
Urte honetarako aurreikusia zegoen Jorge Oteiza katedrak 120.000 euro jasotzea —2012. urteko aurrekontuak luzatu zirelako—, baina bakarrik 10.000 euro jaso ditu joan den urtean hasitako bi argitalpen bukatzeko. Miquel Barcelo sortzaileak eta Javier Goma filosofoak eman zituzten hitzaldiei buruzko argitalpenak dira. Madrilgo Mapfre fundazioak beste 10.000 euro eman ditu proiektuak gauzatzeko.
Martxoan utzi zuen gobernuak bertan behera Oteiza katedra. Hilaren 31n katedraz arduratzen zen langilea kaleratu zuten. Bi argitalpen horiez gain, katedrak ez du deus antolatuko, eta hemendik aurrera ez du inolako zerbitzurik eskainiko. Eloisa Ramirez NUPeko Kultura eta Gizarte Proiekzioko errektoreordeak heldu den urterako "zalantza eta ziurtasunik eza" dagoela jakinarazi du. "Gobernuak esan digu nahi duela berriro ezarri katedra, baina ezin du ziurtatu noiz izanen den hori. Horretarako dirua egonik". Erakunde kultural eta akademikoa 2002. urtean sortu zen, Nafarroako Gobernuaren eta NUPeko hitzarmen baten bidez.
“Egileen zinema erakusten dugu, eta hausnarketarako bide izatea nahi dugu”
Bi astez emakumeek egindako filmak izan dira protagonista Iruñean. Hogeita zazpigarren aldia izan du aurten Iruñeko Nazioarteko Zinema eta Emakumeak erakustaldiak; atzo bukatu zen, eta denera, zortzi film eta hainbat film labur eman dituzte Iruñeko Golem zinemetan. IPES elkarteak antolatzen du urtero, eta koordinatzaile lanetan aritu da Elena San Julian (Iruñea, 1955).
Atzo bukatu zen jaialdia. Zer iruditu zaizu?
Zortzi egunez eman ditugu filmak. Urte honetan erakustaldia luzeagoa izan da, film luzeak dokumentalekin tartekatu ditugulako. Hobeto joan zaigu horrela, eta publikoak ongi erantzun du. Lehenengo astean, adibidez, film guztien saioak bete ziren, eta jendea kanpoan geratu zen, toki faltagatik. Egia da dokumentalak ikustera pertsona gutxiago etortzen direla, baina, hala ere, harrera ona izan dute. Gai ezberdinak landu ditugu, oso bestelakoak, baina oinarri komun batekin: emakumeek egindako filmak dira. Gainera, filmen zuzendariak eta adituak etorri dira aurkeztera, eta filmaren ondotik debatea egon da.
Zeintzuk dira erakustaldiaren helburuak?
Gure helburua gaur egun emakumeek egiten duten zinema ikusaraztea da. Aztertzea emakumeek zineman dituzten estereotipoak, eta salatzea bidegabekeriak. Hemengo zinema ikusten dugu, hurbilekoa, baina baita ere kanpokoa, atzerrikoa, eta beste errealitate batzuk ezagutzeko balio digu. Eztabaidetan askotarikoak dira gaiak, aberasgarriak eta film bakoitzak ematen digu zerbaitetan sakontzeko aukera.
Nola aukeratzen dituzue filmak?
Nafarroan estreinatu gabeko filmak aukeratzen ditugu. Hemen inoiz estreinatuko ez diren filmak daude, ez dutelako banatzailerik, eta, hortaz, erakustaldi hau edo beste jaialdi batzuk dira aukera bakarrak film horiek ikusteko. Saiatzen gara mundu osoko filmak ekartzen, jatorria desberdina izaten, eta, horrekin batera, gaiak ez errepikatzen. Egileen zinema da guk erakusten duguna. Filmek zerbait esatea nahi dugu, hausnarketarako bide izatea. Golem zinemen laguntza dugu: haiek banatzaileak dira, eta, jaialdietan ibiltzen direnez gero, aholkuak ematen dizkigute.
27 urte bete ditu aurten erakustaldiak. Nola hasi zen?
IPES elkarteak beti izan du emakumeen departamentua, eta beti interesatu zaigu Iruñera adituak —feministak, ikertzaileak...— gonbidatzea. Era berean, liburutegi handia dugu gaiaren inguruan, eta ikastaroak egiten ditugu. Zinema oso tresna garrantzitsua dela uste dugu, interesgarria emakumeen inguruko gaiak mahai gainean jartzeko. Golem zinemekin harremanetan jarri ginen, ideia ona iruditu zitzaien, eta horrela hasi ginen, 1986an. Espainiako eta Hego Euskal Herriko erakustaldi zaharrena da Iruñekoa, urtero-urtero antolatu dugu. Dena den, ez da jaialdi handia, eta gure aurrekontua txikia da.
Aurten arazo gehiago izan dituzue krisia dela eta?
Aurten krisiak gogor jo du erakustaldia. Beti jaso ditugu diru laguntzak, adibidez, Nafarroako Berdintasun Institutuarenak, baina aurten ez da egon deialdirik. Aurrera ateratzea lortu dugu, baina beti gaude ziurgabetasun horrekin. Azken momentura arte ez dakigu antolatzeko dirurik izanen dugun ala ez.
Urte hauetan guztietan zer-nolako bilakaera ikusi duzu zineman emakumeen inguruan?
Ez da eman aurrerapauso handirik. Industria honetan oso motel doa berdintasunaren gaia, eta oraindik ere jarraitzen dute bidegabekeriek. Adibidez, orain dela lau urteko ikerketa baten arabera, Espainian egiten diren filmen %7,4 bakarrik dira emakumeek egindakoak. Oro har, kultura ez dago batere ongi, baina uste dugu hau bezalako erakustaldi bat antolatzea funtsezkoa dela desberdintasunei aurre egiteko. Oraindik zentzua duela uste dugu.
“Eskaintza musikala askoz zabalagoa da”
Klabezina eta pianoa dira haren bi afizioak. Eta afizioa ofizio bihurtu du. Musikaria da Eloi Orzaiz (Iruñea, 1983), eta sei urte daramatza atzerrian bere ibilbidea egiten. Egun, Basilean (Suitza) bizi da; klabezin masterra ari da egiten, baina, horretaz gain, Herbehereetan eskolak ematen ditu.
Txikia zela hasi zen musikarekin, eta, ordutik, tarte handia eskaini dio bere bizitzan. Iruñean du sorburu haren karrera guztiak. Anaia hasi zen Iruñeko Joaquin Maya kontserbatorioan, eta Orzaizek, "naturalki", anaiak egindako bideari jarraitu zion. 7 urte zituen orduan, eta harpa eta biolina gustuko zituen. Hala ere, azkenean pianoa hautatu zuen. Aitortu duenez, ikasle gehienek hautatzen dute instrumentu hori. Musika barrokoa interpretatzea gustatzen zaio, eta horrek piztu zion garai hartako instrumentuekiko interesa. "13 urte nituela Bachen Brandenburgoko kontzertuen grabazio bat erosi nuen, eta musikariek instrumentu historikoekin jotzen zuten, klabezina tartean. Niretzat epifania antzeko bat izan zen". Horregatik hasi zen klabezina jotzen ikasten, eta, egun, masterra ari da egiten. "Bachek idatzitako obra bakoitza maisulan bat da, bai pianoan, bai klabezinean, baita organoan ere".
Atzerrian izan du horretan guztian sakontzeko aukera. Baina kanpora joan aurretik goi mailako piano ikasketak egin zituen Musikenen (Donostia). Herbehereetara joan zen ondoren, Hagako kontserbatorioan piano interpretazioan masterra egiteko. Lau urtez egon zen Hagan, urtebetez Alemanian eta duela urte eta erdi iritsi zela Suitzara. Azaldu duenez, ingelesarekin moldatzen da leku guztietan, baina bertako hizkuntzak ere ikasi ditu. "Nederlandera ikasi nuen, baina orain alemanarekin nahasten dut, eta Basilean alemanez hitz egiten dute, baina ez da Alemaniako aleman bera".
Dena den, ez da batere erraza goi mailako musika ikasketak aurrera eramatea atzerrian, eta beken laguntza izan du Orzaizek. Nafarroako Gobernuak eman zion lehenengo beka ikasketak kanpoan jarraitzeko, baina "arriskuan" egon ziren bekak. "Urte horretan bertan gobernuak bertan behera utzi zituen diru laguntzak, eta, era berean, Osasunari 4,5 milioi euro eman zizkion futbol zelaiaren izena aldatzeko", gogora ekarri du.
Zenbait talde eta komunikabideren presioari esker lortu zuten azken momentuan gobernuak bekak berriro ezartzea. Urte hauetan guztietan beste beka eta sari batzuk jaso ditu. Harentzat bekak "erabat ezinbestekoak" dira ikasteko. Bizimodu gogorra darama: "Karrera honek energia, denbora eta lan handia eskatzen du, eta, horretaz gain, inbertsio ekonomikoa". Zortea izan du Orzaizek, gurasoen sostengua eduki duelako beti. "Tamalez, musikari guztiek ezin dute gauza bera esan".
Orkestra askorekin jo du Orzaizek, eta joan den urtean Europako Batasuneko Orkestra Barrokoan aritu zen. Esperientzia "ahaztezina" izan zen, eta musikalki "oso aberasgarria". Europa osoan bidaiatu zuen, eta, oso nekagarria izan arren, "xarma" handiko urte gisa gogoratzen du. Orzaizek dioenez, Europan ezagutu dituen herrialdeetan —batez ere Suitzan— eskaintza kulturala askoz zabalagoa da, eta "bereziki eskaintza musikala". Ez du zerikusirik Euskal Herriko ikuspegiarekin. Nonahi eta noiznahi kontzertu batez gozatzeko aukera dago, eta, gainera, "kontzertuek jendea erakartzen dute".
Baina ezin dira konparatu bi herrialdeak. Suitza Nafarroa baino askoz herrialde garestiagoa da, eta biztanleek ere erosteko ahalmen handiagoa dute. Dena den, Orzaizek ez du harreman handirik bertako biztanleekin, eta onartu du "burbuila" moduko batean bizi dela. "Egunero etxetik eskolara eta eskolatik etxera". Kontserbatorioan ikasten duten gehienak antzera ibiltzen direla azaldu du, ahalegin handia eskatzen duelako eskolak. Gainera, kontserbatorioan gehienak atzerritarrak dira, eta Suitzako ikasle gutxi daude. "Eskolako lagunekin ibiltzen naiz gehien; gehiago ezagutu beharko nituzke suitzarrak".
Harreman handia du Nafarroarekin, hemen baititu familia eta lagunak, eta, gainera, gaurkotasuna gertutik aztertzen du. "Egunero irakurtzen ditut egunkariak, eta familiak eta lagunek hango albisteak kontatzen dizkidate. Aitortu behar dut lotsa sentitzen dudala. Ziur nago suitzarrek ere edukiko dituztela kontu lotsagarriak, baina Españistan-en ematen du ustelkeria eta telebistako Gandia's shore programaren izpiritua nagusi direla. Ematen du inozo nahi gaituztela". Hala ere, Nafarroara itzultzea edo Nafarrotatik gertu bizitzea gustatuko litzaioke Orzaizi, baina gaur egun zaila ikusten du, eta, oraingoz, han jarraituko du.
UHOLDEEK UTZI DUTENA
Joan den asteburuko uholdeek hogei milioi euro inguruko kalteak eragin zituzten. Uholdeek hondatutako 1.500 etxebizitza, etxabe, auto, enpresa eta denda zenbatu dituzte, eta oraindik ere sumatzen dira uholdeen arrastoak. Ez dute baztertzen kalteak lar...
NUPeko matrikula tasak %1,3 igoko dira datorren ikasturtean
Heldu den ikasturterako Nafarroako Gobernuak erabaki du matrikula tasak mantentzea eta ez igotzea NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko titulazioen prezioak. Bakarrik Nafarroako urte arteko inflazioa ezarriko du, %1,3koa. Hortaz, 2013-2014ko ikasturt...
Sanferminetan Runa parkea erabiltzeko lehiaketa martxan jarri du udalak
Sanferminetan Runa parkeko espazioa erabiltzeko lehiaketa abiatu du Iruñeko Udalak. Gora Iruñea plataformak eskatu zion espazio hori haien jaietako egitaraua gauzatzeko, eta espazioa erabiltzeko aukera bakarra lehiaketara aurkeztea zela esan zien. Gora Iruñea taldea, hala ere, ez da aurkeztuko, "iruzur hutsa" delako.
Urtero abiatzen du Iruñeko Udalak espazio hori erabiltzeko lehiaketa, eta egitarau ofizialeko ekitaldiez gain "beste jai ekitaldi batzuk ospatzeko" gunea izatea nahi dute. 20.000 euroko bermea eta 600.000 euroko asegurua kontratatzea eskatzen dute. Eskaintzak heldu den ekainaren 21era arte aurkeztu behar dira. Dena den, joan den urtean aurkeztu ziren hiru enpresak aurten ez dira aurkeztuko, eta hainbat sustatzailek "zaila" ikusten dute espazio hori erabiltzea, ez delako "batere errentagarria".
Iazko sanferminetan Accion Cultural enpresak erabili zuen gunea, eta esana du ez dela lehiaketara aurkeztuko. Horrekin batera, Ylaluna Espectaculos enpresa aurkeztu zen iaz, eta aurten ez du gune hori erabili nahi. Gora Iruñea taldeak joan den astean adierazi zuen ez zela aurkeztuko. Plataformari ez zaio egokia iruditzen kolektiboak lehiatzea ekitaldiak prestatzen dituzten enpresekin. Duela gutxi aurkeztu zuen Gora Iruñeak aurtengo sanferminetarako egitaraua. Hamaika ekitaldi zeuzkaten prestatuta Runako parkean egiteko, baina "berriz ere" Iruñeko Udalak debekatu egin die eremu horretan ekitaldiak egitea, eta ez die baimenik eman antolatua zuten guztia egiteko.
Horretaz gain, apirilean, UPNk izan ezik, Iruñeko Udaleko alderdi guztiek mozio bat aurkeztu zuten aurten Gora Iruñea taldeak sanferminetan gune bat izateko, eta UPNri eskatu zioten leku bat uzteko. Urtez urte sanferminak ospatzeko Iruñeko Udalak ez dio utzi inolako gunerik Gora Iruñeari, eta horren kexu dira.
Runa parkearen erabilera bi modutakoa izan daiteke: alde batetik, ekitaldi guztiak doakoak izatea publikoarentzat, eta, bestalde, barrutia ixtea eta sartzeagatik kobratzea. Dena den, aurkezten diren eskaintzen artean Iruñeko Udala ez badago ados egin nahi dituzten ekitaldiekin, hutsik utz dezake gunea. Eta, aurten, guneak hutsik geratzeko aukera handia duela diote hainbat sustatzailek. Haien ustez, sanferminetan Runa parkea ez da oso "erabilgarria", eta gehienbat jaietako asteburuetan erabiltzen dela diote. Azaldu dute ez dagoela hiriaren erdialdean eta festatik urrun dagoela.
Bermea eta asegurua ordaintzeaz gain, gunea hartzen dutenek zorua okupatzeagatik udal tasak ordaindu beharko dituzte. 6.000 euro inguruko kostua dute. Karparen funtzionamendua 12:00etatik 03:00etara izanen da, hiru egunetan izan ezik. Uztailaren 7an, 13an eta 14an 04:00 arte irekita egon daiteke.
HAMARKADA OSPATZEKO KONTZERTUA
2003ko ekainaren 21ean argitaratu zen BERRIA egunkariko lehen zenbakia. Urteurrenaren harira, proiektuaren atzean dagoen komunitatearekin egon eta eskerrak emateko xedez hainbat ekitaldi egin dira, tartean Altsasukoa. Bertako udalaren, Sakanako Mankom...
“Oinez Basoa ikastola eta euskaltzale guztien proiektua da, dudarik gabe”
Heldu den urrian Tuterako Argia ikastolaren alde egingo dute Nafarroa Oinez, Nafarroako ikastolen aldeko festa. Jai horrek ingurumenean eragingo duen "kaltea" murriztu nahian, baso bat egitekotan dira Argiakoak, Oinez Basoa deiturikoa. Modu horretako ...