Beste albiste batzuk

Etxarri Aranazko Udalak herri galdeketarekin jarraitzea erabaki du

Etxarri Aranatzen, aurrera eginen du autodeterminazio eskubidearen inguruko herri galdeketak. Joan den ostiralean, udalak osoko bilkura egin zuen galdeketarekin jarraitu edo ez erabakitzeko, eta galdeketaren alde egitea erabaki zuten. PPko zinegotzi bakarrak bozkatu zuen aurka, eta Bilduko sei zinegotzik eta NaBaiko hiruk egin zuten herri galdeketaren alde.

Kontsultan, galdera hau egingo diete herritarrei: "Ados al zaude Etxarri Aranatz, Euskal Herriko udalerria izanda, Europako Estatu independente berri baten parte izatearekin?". Otsailaren 2an abiatu zuen Etxarri 2012+1 egitasmoak galdeketa prozesua, eta udalari "erabakitzeko eskubidea bermatzeko eskaera" egin zion. 27/2007 Foru Legearen arabera, erroldakoen %10en babesa behar dute herri galdeketa egiteko, eta Etxarri 2012+1 egitasmoak 360 sinadura ditu. "Errolda kontuan hartuta, berrehun sinadura behar genituen", adierazi du Mikel Mundiñano egitasmoko kideak. Hortaz, udal batzarrean onartu zuten testuak dio "benetako demokraziaren balioetan" sakondu nahi dutela, "hala nola herritarren elkarbizitzan, parte hartzean eta herritarren iritzia aintzat hartzean".

PINTAKETAK EZABATU DITUZTE SAKANAN

Nafarroako Gobernuak Arbizun eta Etxarri Aranatzen "terrorismoa goresten duten pintaketak" ezabatu ditu, "udalek garbitzeari uko egiten dietelako". Arbizuko eta Etxarri Aranazko udalei duela hilabete eskatu zieten pintaketak ezabatzeko, eta, epea amai...

UPNk eremu laranja ezarriko du sanferminetan

Lehenengo aldiz, Iruñeko aurtengo sanferminetan ordaindu egin beharko da hirian autoa aparkatzeagatik. Hori adierazi zuen UPNk iragan astelehenean Sanferminetako Mahaian. Maiatzaren 30ean izanen dute hurrengo bilera, eta bertan eztabaidatuko dute gaia. Hala ere, adierazi dutenez, UPNk erabakia hartua du dagoeneko. Ignacio Polo UPNko Herritar Segurtasuneko zinegotziak eman du horren berri, baina ez du zehaztu Iruñeko auzo guztietan edo soilik batzuetan jarriko duten. Polok argi esan du sanferminetan eremu laranja izanen dela, baina, ordaintzeko txartela ez dela bi orduan behin aldatu behar eta egun osoan utz daitezkeela autoak aparkalekuan.

UPNko kideak adierazi duenez, sanferminetan eremu laranjak sortuko dituen arazoei irtenbideak emateko, hiri barneko garraio publikoa sustatuko dute, sanferminetan zerbitzu gehiago emanez. Hiriko sarreretan dauden doako aparkalekuak eta erdigunea lotu nahi dituzte horrela. Gainera, autoa erdibitzaileetan uztea debekatuko dute. Dena den, Polok ez ditu guztiz azaldu eremu laranja ezartzearen nondik norakoak, eta hilaren 30eko Sanferminetako Mahaian zehaztuko du gehiago.

Joan den maiatzaren 1ean ezarri zuen udalak eremu laranja Donibanen, Arrosadian, Azpilagañan, Ermitagañan eta Etxabakoitzen. Hortaz, egun, ia Iruñe osoan dago Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamendua zerbitzua (TAO).

Sanferminetan eremu laranja ezartzeaz gain, UPNk adierazi du altzairuzko zutoin bat jarriko dutela itxituran, entzierroan hildako guztien omenez. Sanferminetako Mahaia 2008. urtean sortu zuten, eta, besteak beste, entzierroaz, kultur programazioaz eta kaleko kontuez arduratzen dira. Udaleko alderdiek eta hainbat elkartek eta entitatek osatzen dute; besteak beste, Gazteriaren Kontseilua, Euskal Dantzarien Biltzarra eta Alde Zaharreko Merkatarien elkartea.

Herri jaiak

Gora Iruñea taldeak ere pauso batzuk eman ditu sanferminetako herri mahaia sortzeko. Iruñerriko herritarrekin eta hainbat talderekin bildu dira, herri jai parte hartzaileen alde. Taldeak "ezinbestekoa" ikusten du Iruñeko sanferminetan "benetako mahaia" osatzea, erakundeek eta herritarrek antolatuko dutena. Hori da, beraz, hurrengo urteetarako egitasmoaren helburuetako bat.

Gainera, UPNk izan ezik, Iruñeko Udaleko alderdi guztiek mozioa aurkeztu dute aurten Gora Iruñea taldeak sanferminetan gune bat izateko, eta UPNri eskatu diote leku bat uzteko. Urtez urte sanferminak ospatzeko Iruñeko Udalak ez dio utzi inolako gunerik Gora Iruñeari, eta horren kexu dira.

“Naturaren kontzertuak dira hegaztien kantuak, eta haiek aditzen ikasi behar dugu”

Mendira joatea eta naturaren soinuak entzutea plazera da Eloisa Matheurentzat (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1956). Biologoa da, eta urteak daramatza animalien soinuak grabatzen eta gizarteari erakusten. Asteburu honetan, Zilbetiko pagadian izanen da, eta hegaztien kantuei buruzko ikastaro bat emanen du.

Zer ikasiko dute parte hartzaileek?

Hegaztien kantuak ezagutzeko ikastaro praktiko bat izanen da. Mendira joanen gara, eta, bertan, hegaztiak entzunen ditugu. Lehenengo, entzuten ariko gara, eta, gero, aditzen ikasiko dugu. Oso ohikoa da hegazti baten kantua ahaztea, eta, hori ez gertatzeko, garrantzitsua da ongi erreparatzea kantu bakoitzari, memorian gordetzeko eta ondoren gogoratzeko. Hegaztiak aditu ondoren, ikasgelan, grabazioak adituko ditugu. Mendian zer aditu dugun ulertuko dugu horrela.

Zein hegazti motaren kantuak entzuten dira Zilbetin?

Zilbetiko pagadian, basoko hegaztiak daude, gehienbat. Okil gibelnabarra dago, eta oso espezie interesgarria da, bakarrik inguru jakin batzuetan bizi delako. Horretaz gain, gerri txoriak, lepitzuliak, buztanluzeak eta kaskabeltzak adituko ditugu. Dena den, eguna iritsi arte, ez dakigu zer aurkituko dugun pagadian.

Eguneko zein momentu da onena kantuak aditzeko?

Dudarik gabe, egunsentia eta hurrengo bi edo hiru orduak dira egokienak, momentu horretan abesten dutelako gehien. Baita iluntzean ere, nahiz eta hainbeste ez kantatu. Gainera, udaberria da sasoirik onena, orduan ugaltzen direlako. Neguan mututu egiten dira hegazti gehienak.

Zergatik kantatzen dute?

Haien komunikatzeko era da. Arrek, adibidez, beren lurraldea babesteko eta emeak erakartzeko kantatzen dute. Kantuen bitartez, informazioa ematen diete emeei; haien adina, esperientzia eta desioa, besteak beste. Ikerketetan ateratako ondorioak dira. Gainera, orain arte gutxi aztertu da, baliabiderik ez zegoelako. Beraz, oraindik txorien kantuen inguruan ez dugu dena ezagutzen. Orain izaten ari da goraldia. Nik animalien soinuak grabatzen ditut, eta ondare gisa gordetzen ditut, gerora gizartean hedatzeko.

Zein da teknikarik egokiena hegaztia haren kantarekin erlazionatzeko?

Aditzea eta kantu bakoitzaren parametroetan —tonua, intentsitatea eta erritmoa, adibidez— erreparatzea. Zerbaitek atentzioa eman badizu, horrekin gelditzea eta memorizatzen saiatzea. Izan daiteke kanta motela izateagatik edo oso zorrotza izateagatik. Mendian kantuak aditzen ditugu, baina hor ez da gure lana bukatzen: aditutakoaren gainean lan egiten dugu. Gainera, hegazti batzuen kantuek lan gehiago eskatzen dute, zailagoak direlako. Aldi baterako, ikusmenaz ahaztu, eta gure entzumenean arreta jarri behar dugu. Azken finean, hegaztien kantuak naturaren kontzertuak dira, eta haiek aditzen ikasi behar dugu.

Zer behar du paisaia batek aditzeko egokia izan dadin?

Elementu guztiak eraldatu gabe eta harmonian egotea. Hau da, ez egotea ezer soberan, ezta ezer faltan ere. Kutsadura izan daiteke elementu kaltegarri bat, eta baita bertakoak ez diren espezieak ere. Baina mendian hegaztiak entzutea gozamena da; jarduera erabat baikorra eta aberatsa da. Egun, ez digute soinuak aditzen irakasten, baina ahalegin hori egin behar dugu. Mundu erabat bisualean bizi gara, eta natura sumatzeko modu ona da kantuak aditzea.

Harrobia egin nahi dute Zilbetin, eta horrek arriskuan jarriko ditu pagadian bizi diren espezie guztiak.

Bai, horrela da. Ikastaro hau antolatzeko arrazoietako bat hori izan da. Zilbetiko egoera aditzera ematea eta, era berean, tokia ezagutzea. Interes handiko lekua da Zilbetiko pagadia, eta harrobiak kalte eginen dio zentzu guztietan. Dagoen lasaitasuna eta bakea hautsiko du, eta erabat aldatuko du bizitza.

Solaskide programa bertan behera utzi dute diru faltagatik

Aurten ez da egonen Solaskide programa, Nafarroako Gobernuak diru laguntzarik gabe utzi duelako. Hori salatu dute IKAk, AEK-k, NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta NIZE Nafarroako Ikastetxeen Zuzendarien Elkargoak. Orain dela urte batzuk, Nafarroako Gobernuak abian jarri zuen Solaskide programa, eta Nafarroako ikastetxeetako gazteen ahozkotasuna bultzatzea zuen helburu. Aurten, diru falta dela eta, ez da izanen programa.

Solaskide programaren inguruan aritu diren lau erakundeek, IKA, AEK, NIE eta NIZEk, Nafarroako Gobernuaren "utzikeria" salatu dute: "Euskararen erabilera, motibazioa eta irakaskuntza indartzeko egitasmoetan gobernuak ez du ahaleginik egin, alderantziz, kentzen eta murrizten saiatu da". Adierazi dutenez, azkeneko urteetan Solaskide programaren aurrekontua murriztu den arren, proiektuari eustea lortu dute. Aurten, berriz, ezinezkoa egin zaie. Beraz, euskararen proiektuen inguruan gobernuaren interesik eza agerian gelditu dela uste dute.

Izan ere, Solaskide eta gisako programak "beharrezkotzat" jo dituzte IKAk, AEK-k, NIEk eta NIZEk, gazteen euskararen erabilera indartzen baitute. Urte hauetan guztietan, Nafarroako ikastetxeetan —A zein D ereduetan— IKA eta AEK-ko irakasleek astean ordubeteko saioak egin dituzte, gaztetxoen ahozko gaitasuna hobetzen laguntzeko. Denera, ehun bat ikastetxetan aritu dira, eta saio bakoitzean bi irakaslek parte hartu dute. Ikasleek eskolan euskaraz hitz egiteko eta mintzamena lantzeko balio izan du programak; izan ere, aukera gehiago izan dituzte praktikatzeko.

Gainera, Solaskide programaren ikasturtea antolatzeko hainbat bilera eginak zituzten. Baina berriki Nafarroako Hezkuntza Departamentuak mezu elektroniko baten bitartez jakinarazi zien Solaskide programa ez dela egonen. "Nafarroako Gobernuaren ageriko gaitasunik ezak eta euskararen kontrako jardun iraunkorrak horixe eragiten dute: euskararen aldeko proiektuak bertan behera geratzea", salatu dute.

Urteotan IKAk eta AEK-k Solaskide programaren diru laguntza jaso dute, eta NIE eta NIZEko ikasleek jaso dituzte lan saioak. "Ez dira gai izan proiektu xume honi eusteko; aurrekontuetan aurreikusita zegoen Solaskide programa baztertuko zuela Nafarroako Gobernuak. Jarrera ezin adierazgarriagoa izan dute", adierazi dute prentsa ohar baten bidez.

“Gobernuak orain du aukera kontratua hausteko eta herriaren nahia asetzeko”

Herriaren borondatea betetzea. Hori nahi du Iñaki Zabaletak (Leitza, 1984), Maxurrenea Herrintzat plataformako kideak; gaur egun Leitzako Guardia Zibilaren kuartela dena herritarren esku geratzea. Kultur erabilpena eman nahi diote. Orain, Nafarroako Gobernua da etxearen jabea, eta Espainiako Gobernuari alokatu zion, aurreko jabearen erabilpen baldintzak bete gabe. Duela hamar urte izan zen hori, eta, gaur egun, Leitzako herritarrek uste etxea berreskuratzeko aukera dagoela.

Zergatik izan behar du herriarena Maxurreneak?

Bikote batek erosi zuen etxea, eta Leitzako fundazio bati, Amazabali, eman zion, herriaren beharrak asetzeko eta kultur eta heziketa jarduerak egiteko hor. Fundazioa desegin zenean Maxurrenea Nafarroako Gobernuaren esku geratu zen, aurreko baldintza berekin. Baina gobernuak ez zituen baldintzak bete, eta Espainiako Gobernuari alokatu zion Guardia Zibilaren kuartela jartzeko. Orain dela hamar urte izan zen hori, 2003an, eta gobernuak 15 urteko kontratua sinatu zuen. Hala ere, hamar urteren ondoren, gobernuak kontratu hori eten dezake inolako kalte ordainik gabe. Urrian beteko dira hamar urteak, eta orduan eska daiteke etxea itzultzeko. Guk, herri talde bat garen heinean, jarraituko dugu lanean.

Nafarroako Gobernuak etxeari hainbat erabilera ematea kontuan izan zuen, baina azkenean ez zituen baldintzak bete. Zergatik?

Urte horretan bertan lehenago zegoen kuartelaren alokairua amaitzen zen. 100 urteko kontratua zuen, eta amaitu zenean, aukera aprobetxatu zuen gobernuak eta Maxurrenea alokatu zion Espainiako Gobernuari kuartela egin zezan.

Aurten aukera ikusten duzue etxea berreskuratzeko?

Etxeak leitzarren esku egon behar du, Leitzako herriak nahi duena egiteko. Dena den, auzi honetan azken erabakia Nafarroako Gobernuak du. Borondate kontua da. Orain du aukera kontratu hori hausteko eta herriaren borondatea asetzeko. Nafarroako Gobernuari bilera eskatu diogu, gure asmoak azaltzeko; izan ere, badakigu borrokatu gabe ez dugula ezer lortuko.

Joan den astean agerraldia egin zenuten Nafarroako Parlamentuan. Zer balorazio egiten duzue?

Joan den asteazkenean izan ginen parlamentuko lan batzordean. Gure asmoak azaldu genizkien alderdiei guztiei, eta, PPNk izan ezik, beste alderdi guztiek bat egin zuten gurekin, eta gure eskaera kontuan hartu zuten. PPNko Eloy Villanuevak bakarrik esan zuena Maxurreneak gaur egun duen erabilera egokia dela eta bere horretan jarraitu behar duela. Beste alderdiek esan zuten, berriz, Leitzan kultura eta heziketa sustatzeko lekurik ez dagoela eta Maxurrenea leku egokia dela. UPNk eta PSNk gure eskaera kontuan hartu zuten, baina adierazi zuten herriak Maxurrenea eskuratzen baldin badu Guardia Zibilaren kuartelari beste leku bat bilatu beharko zaiola.

Behin baino gehiagotan eskatu duzue Maxurrenea herriarentzat izan dadila.

Nafarroako Gobernuak kontratua egin zuenean herria aurka azaldu zen; mobilizazio ugari egin genituen. Argi geratu da azkeneko hamar urteetan herriaren borondatea zein izan den, eta, aurten, hamar urte bete direnez gero, beste bultzadatxo bat ematea nahi dugu. Leitzako 30 eragile sozialen babesa dugu, eta sinadura bilketa martxan jarri dugu, adibidez. Herriaren nahia beti izan da etxe hori Guardia Zibilaren kuartela ez izatea.

Zer beste erabilpen emanen dio herriak Maxurreneari?

Etxe horren baldintzetan jartzen du erabilpena kulturala izan behar duela, eta, beraz, horrela izanen da. Gu, dena den, herri talde bat garen heinean, ez gara inor esateko etxe horri zer erabilera eman behar zaion. Herriaren erabakia izan behar du.

“Denekin fidatzen dira hemengo herritarrak; oso zintzoak dira”

Nafarroatik milaka kilometrora dago Zeelanda Berria eta askorentzat herrialde ezezaguna izan arren, gehienek ezagutzen dituzte hango paisaiak, The Lord of the Rings (Eraztunen Jabea) filman ikusita. Urte hasieran iritsi zen Gari Etxeberria (Leitza, 1986) Zeelanda Berrira. Hainbat hiri eta herritatik igaro ondoren, orain Milford Sounden bizi da. Herrialdeko lekurik turistikoenetarikoa da Milford Sound, fiordoengatik ezaguna.

Urtebeteko baimena hartu zuen bere lanean hara joateko. "Euskal Herrian dugun egoera ikusita, ingelesa ikasteko aukera ezin hobea zela pentsatu nuen; izan ere, baliteke nire bizitzan ez izatea hain urrun bidaiatzeko beste aukerarik". Probestu behar zuen. Lagunek oso ongi hitz egin zioten Zeelanda Berriaz eta herrialdeko lan egoerari buruz; beraz, ez zuen gehiegi pentsatu eta paisaia ederrak ikusita, motxila hartu eta joan zen. Itzultzeko asmoa du, baina ez daki noiz, printzipioz urtebete egonen da Zeelanda Berrian eta etorkizunean zer gertatuko den zalantza du. Orain woofer bezala aritzen da. Herrialdean horrela lan egiteko eskaintza asko daudela ziurtatu du Etxeberriak. Berak borondatezko lana egiten du, eta trukean ostatua eta janaria jasotzen du.

Natur paradisua da herrialdea. Mendi aunitz daude, sumendiak, lakuak, fiordoak, eta flora eta fauna aberatsa. "Ederra da; gainera hemengo herritarrek izugarri zaintzen dute natura. Ez dute ukitu, ezta leku turistikoak gehiegi ustiatu ere", azaldu du Etxeberriak. Orain dela gutxi, adibidez, bozketa batean herritarrek erabaki zuten errepide bat ez egitea, natura kontserbatzeagatik.

Dagoeneko hango bizitzara moldatu da Etxeberria, baina hasieran ohitzea kostatu zitzaion. Hizkuntzarengatik, bereziki. Ia ingelesik jakin gabe iritsi zen Zeelanda Berrira, eta komeriak bizi izan zituen lehenengo asteetan. Gogorra izan zen: bizitza aldaketa eta gertuko jenderik gabe. Hala ere, bere bidaiaren asmoa hori da, ingelesa menperatzea, eta poliki poliki lortzen ari da. "Oraindik asko ikasi behar dut, baina behintzat ulertzeko gai naiz, eta baita bakarrik ibiltzeko ere". Amerikako Estatu Batuetako, Irlandako, Zeelanda Berriko eta Suediako lagun batzuekin bizi da Etxeberria eta egunero praktikatzeko aukera du.

Lehenengo hilabetetan Aucklanden bizi izan zen Etxeberria, herrialdeko hiririk handienean eta motor ekonomikoan. Hala ere, hiri lasaia dela azaldu du Etxeberriak, herrialdea bezala. Han zegoenean, harrigarria egiten zitzaion hain kotxe gutxi ikustea erdigunean, adibidez.

Ingelesa ikasteko eskola batean izena eman zuen Aucklanden eta sei hilabeterako ikastaro bat ordaindu zuen. Hala ere, bi hilabete eta gero uztea erabaki zuen. Gainera, zortea izan zuen eta aurreratutako dirua itzuli zioten. "Asko ikasi nuen, baina nik nahiago dut nire kabuz eta sorterrikoekin ikastea". Beraz, Auckland utzi eta Queenstown hiri txikira —10.000 biztanle— joan zen, baina bost egun baino ez zituen igaro han. Beste leku batean lan egiteko eskaini zioten: "Milford Sound leku turistikoan lana eskaini zidaten eta horretan nago orain".

Gustura dago lan egiten. Izan ere, erraztasunak baino ez dira han. "Laneko giroa oso ona da, batez ere nagusiekin harremana, nagusiak direla ahazten zaigu". Gainera, jakinarazi duenez, asko baloratzen dute egindako lana ongi egina egotea. "Asko dugu ikasteko haiengandik...".

Harreman ona egin du zeelandaberritarrekin. Oso irekiak eta prestuak direla dio, eta beti dituztela haien etxeko ateak irekiak. "Denekin fidatzen dira; oso zintzoak dira ". Behin, adibidez, merkatu batean zegoela fruitu postu bat hutsik ikusi zuen. Ez zuen inork ikusi postua zaintzen eta arraro egin zitzaion Etxeberriari. Ondoren konturatu zen fruituen ondoan poltsatxo bat zegoela prezioekin eta bertan jendeak sartzen zuela dirua.