Beste albiste batzuk

“Bizitza indar gehiagorekin bizi behar dugu; guztiz lotuta gaude”

Orain dela bost urte iritsi nintzen hona, neure burua lehenago iritsi bazen ere". Jose Eduardo Agualosa idazle angolarraren Estación de lluvias (Euriteen sasoia) liburua irakurri zuen Borja Monrealek (Lizarra, 1984). "Bete-betean harrapatu ninduen, eta Angolari buruz hasi nintzen interesatzen". 2008an egin zuen bidaia Afrikara. "Egia esan, aitzakia bat bilatu nuen hona etortzeko; bai edo bai etorri behar nuen".

Kazetaritza ikasketak egin ditu Monrealek, baina orain Angolako GKE batean lan egiten du. Lehen sektorean aritzen diren angolarrentzat dituzte proiektuak. "Hemengo herritarrei alternatibak eta aukerak ematen saiatzen gara". Horretaz gain, Monreal idazlea da. Txikia zenetik idazten du. "Sentimenduak eta ideiak transmititzeko eta horiek ulertzeko bide onenetarikoa da literatura". Harentzat idazle eta irakurlearen arteko harremana oso hurbila eta berezia izaten da askotan. "Momentu honetan jakitea norbait nire libururen bat irakurtzen ari dela sentipen interesgarria da".

Monrealen azken liburua Angola, la intensidad del SER humano da (Angola, gizakiaren intentsitatea). Liburuaren helburua iparraldeko zein hegoaldeko herrialdeen arreta erakartzea da. "Erakutsi nahi dut bizitza indar gehiagorekin bizi dezakegula, erakargarria eta dibertigarria izan daitekeela". Izan ere, Monrealen hitzetan, "guztiz lotuta gaude". "Ikasi, lana bilatu —seguruenik baldintza txarretan—, ezkondu, seme-alabak izan eta erretiroa hartu. Nik aldarrikatzen dut beste bizimodu bat".

Angolan sumatu du, gainera, hango herritarrek iparraldeko herrialdeen bizimodua goraipatzen dutela eta ez direla konturatzen haiek bizimodu askoz indartsuagoa dutela. "Hemengo herritarrak Europan ez ditugun zailtasun batzuekin bizi dira, muturreko egoerak dituzte; horrek pertsonak benetakoak izatea eragiten du. Bai onerako, baita txarrerako ere". Angolan ezagutu ditu Monrealek lagunik "kabroienak", baina baita onenak ere. "Eta horrek askoz gehiago balio du".

Gogoan du Monrealek Namibeko basamortura egindako bidaia. Gaua igaro zuten bertan, eta Mukubai etniako kide batzuen bisita izan zuten. Nomadak dira mukubaiak, eta ganaduarekin ibiltzen dira leku batetik bestera. Monreal eta haren lagunak sua egiten ari ziren, eta mukubaiak gerturatu zitzaizkien. "Ederra izan zen; haiek behatzen gintuzten guk genuen jakin-min berarekin". Elkarrekin afaldu zuten, eta hala moduz komunikatu ziren keinuekin. Ryszard Kapuscinski idazlearen El encuentro con el otro (Bestearekin topatzea) liburua izan zuen buruan orduan. "Bi taldeontzako bestea erabat ezezaguna zen, baina mesfidantza ordez laguntasun giro ederra sortu zen; oraindik ere, horretaz oroitzen naizenean, irribarrea ateratzen zait".

Huambo herrian bizi da Monreal, 2.000 metroko garaieran. Hala ere, Angolara iritsi zenean hiriburuan bizi izan zen, Luandan. "Guztiz desberdinak dira; orain, herri batean bizi naiz; askoz lasaiagoa da". Lau urtez bizi izan zen Luandan, eta hiri "kaotikoa baina oso dibertigarria" dela azaldu du Monrealek. "Herritartasun eta gizarte klase guztiak han bizi dira, eta egunero duzu istorio bat kontatzeko eta ikusteko".

Orain dela 11 urte bukatu zen Angolako guda zibila. 27 urte iraun zuen. "Gerrak betiko irauten du, eta arrastoak nonahi daude; hala ere, jendeak aurrera egin du sekulako indarrarekin". Gaur egun, gezurra badirudi ere, Luanda munduko hiribururik garestienetakoa da. "Angolako hazkunde ekonomikoa ez da proportzionatua izaten ari: produktu eta zerbitzuen eskaria erraldoia da, eta eskaintza, berriz, eskasa; horregatik, prezioek gora egin dute".

Iparraldetik hegoalderaino eta mendebaldetik ekialderaino zeharkatu du Monrealek herrialdea. "Angolako eremu guztiak ezagutu ditut, eta ez da batere erraza izan herrialdeak dituen azpiegiturak kontuan hartuta". Orain dela gutxi egin zuen Monrealek bere azken espedizioa. "Ia inork ikusi ez dituen ur-jauzi batzuen bila joan ginen". Esperientzia ona izan zen. "Matxetea eskuan bidea irekitzen, enborrak eta lianak mozten aritu ginen zazpi orduz". Hala ere, merezi izan zuen: "Kristorena izan zen iristea, David Livingstone bezalako esploratzaileak bagina bezala sentitzen ginen". Bidaiatzea gustatzen zaio Monreali, eta Angolaz gain, dagoeneko Afrika erdia ezagutu du. Orain, gainera, lekuz aldatzea pentsatzen ari da. "Ezagutu nahi ditudan beste lurralde batzuk daude, eta hemendik gutxira joatea espero dut. Ghana eta Boli Kostara joan nahi dut, adibidez".

Portugesez hitz egiten dute Angolan, eta horrela komunikatzen da Monreal hangoekin. Hala ere, Angolan hamar hizkuntza ofizial baino gehiago daude, eta beste horrenbeste ofizialak ez direnak. "Umbunduko hitz batzuk dakizkit, baina portugesarekin moldatzen naiz beti. Denbora gehiago izanen banu, hemengo hizkuntzak ikasiko nituzke".

“Kudeaketa publikoa beti da pribatua baino eraginkorragoa”

Haur eskolen izaera "publikoa" aldarrikatzen du Alfredo Hoyuelosek (Iruñea, 1963), 0-3 urteko Hezkuntza Zikloaren Plataformako kideak. Nafarroako Gobernuak eskola horietako ikasleen ratioa igotzeko hartu duen erabakia gaitzetsi du. Izan ere, Hoyuelosen irudiko, irakasle bakoitzak zenbat eta haur gehiagoren ardura izan, orduan eta kalitate txarragoko zerbitzua eskaintzen da haur eskoletan.

Zer defendatzen duzue 0-3 urteko Hezkuntza Zikloaren Plataforman?

Gure iritziz, haur guztiek dute hezkuntza eskubidea jaiotzen direnetik, eta horixe defendatzen dugu. Askotariko zerbitzuak daude haurrentzat: haurtzaindegiak, ludotekak, haur eskolak... Hezkuntza Departamentuak hartu behar du ardura afera horretan.

Zer alde dago haur eskolen eta haurtzaindegien artean?

Haur eskoletan, normalean, titulartasuna publikoa da. Haurtzaindegien titulartasuna, ordea, pribatua izan ohi da. Horrek esan nahi du publikoak diren zentroek kontrol zorrotzagoa izaten dutela. Espazioen ezaugarriak goitik behera zehaztuta daude. Haurtzaindegietan, esaterako, ez dute zertan jolastokirik izan. Beraz, ezberdintasunak handiak dira.

Plataforman behin baino gehiagotan salatu dituzue haurtzaindegietako langileen lan baldintzak.

Horrela da. Haur eskoletako langile guztiak profesionalak dira, eta lan baldintza duinak dituzte. Esaterako, ikasturte osoan etengabeko prestakuntza izaten dute euren ezagutzak garatu ahal izateko. Ez da horrela gertatzen haurtzaindegietako langileekin. Horretaz gain, bada errealitate bat oso adierazgarria dena. Gurasoak haurraren bila haur eskoletara joaten direnean barrura sartzeko inolako arazorik ez dute izaten. Haurtzaindegietan, berriz, atean utzi eta jaso behar izaten dituzte normalean.

Kudeaketa publikoa pribatua baino eraginkorragoa da?

Gure iritziz, kudeaketa publikoa beti da pribatua baino eraginkorragoa. Enpresa pribatu bat atzean badago, dirua irabazi nahi du. Haur eskola publikoetan dena askoz ere gardenagoa da. Gainera, iruditzen zaigu kalitatea eskaintzeko ezinbestekoa dela irakasleek lan baldintza onak izatea. Normalean, kudeaketa publikoan irakasleen lan baldintzak askoz ere hobeak dira.

Nafarroako Gobernuak krisi ekonomikoaren harira egin dituen murrizketek zer-nolako eragina izan dute haur eskoletan ?

Orain arte, urtebete arteko zortzi haur bakoitzeko irakasle bat izaten zen, eta horrela jarraitzea proposatu du Nafarroako Gobernuak. Hala ere, 1-2 eta 2-3 urteko haurren geletan nabarituko dira murrizketak gehien. Izan ere, 1-2 urteko geletako irakasle bakoitzak hamahiru haurren ardura izango du —lehen, hamabirena zuen—, eta 2-3 urteko geletan, ratioa hamaseitik hemezortzira pasatuko da. Guk hasieratik esan dugu Europako Batzordeak zehaztutako gomendioak errespetatu behar direla. Egun zehaztutako ratioen erdia proposatzen du erakunde horrek. Nafarroako Gobernuak ez die jaramonik egin Europako gomendioei, eta ratioa murriztu beharrean handitzea erabaki du, eta, hala, zerbitzuaren kalitatea txartu egingo da.

Ratioa igota benetan aurrezten dela iruditzen zaizue?

Inolaz ere ez. Izan ere, administrazioak inbertsio handia egin beharko du haur eskoletako materiala egokitzeko, besteak beste. Gainera, ezin izanen da orain arte eman den zerbitzu ona mantendu. Oso garrantzitsuak dira haurraren lehen urteak,

Haur eskolek Hezkuntza Departamentuaren menpeko izan behar dutela diozu.

Bitxia da, baina haur eskolak Gizarte Politikako Departamentuaren menpekoak dira. Ezinbestekoa da ardura hori Hezkuntza Departamentuak hartzea bere gain. Izan ere, haur eskoletan haurrak hezi egiten dira, eta hori ez da alor sozialeko zerbait. Programatutako eskolak eta ekintzak eskaintzen dira, dena profesionalen gidaritzapean.

TAO zerbitzua martxan jarriko dute Iruñeko bost auzotan apiriletik aurrera

Hilabete baino gutxiago falta da Iruñeko bost auzotako aparkalekuetan TAO Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamenduaren sistema ezartzeko. Apirilaren 2tik aurrera, Donibanen, Ermitagañan, Mendebaldean, Azpilagañan eta Etxabakoitzen TAO zerbitzua jarriko du martxan Iruñeko Udalak. Hortaz, Iruñeak ordainpeko 22.636 leku izango ditu; orain, 10.920 ditu, hau da, 11.716 aparkaleku gehiago izanen ditu.

Iruñeko Udalak aparkatzeko arazo gehien duten kaleetan jarri ditu TAO guneak, autoen txandakatzea bultzatzeko. Hala ere, aparkatzeagatik ordaintzeko sistema jartzearen aurka azaldu dira hainbat bizilagun eta auzo elkarte. Dendariek uste dute ez dela beren mesederako izanen eta bezeroak galduko dituztela. Sinadurak biltzen aritu dira, eta elkarretaratzeak egin dituzte. Etxabakoitzen, adibidez, auzo plataforma sinadurak biltzen hasi da, eta Iruñeko Udalak erabakia aldatzea nahi dute. "Bidegabekeria" iruditzen zaie ordaintzea orain arte doan izan den zerbitzu batengatik. Horretaz gain, Etxabakoitzen aparkatzeko arazorik ez dutela ziurtatu dute.

Apirilaren 2rako dena prest izateko, egunotan aparkalekuetako marrak margotzen ari dira, eta parkemetroak instalatu dituzte. Iruñeko TAO zerbitzuak lau kolore ditu: urdina, laranja, gorria eta berdea. Dena den, ezarriko dituzten guneetako aparkaleku gehienak gune urdinak eta laranjak dira. 41 aparkaleku bakarrik izanen dira gorriak — bai egoiliarrek eta baita beste bezeroek ere bi orduz gehienez utz dezakete kotxea—. Urdina duten kaleetan bi orduz utz daiteke autoa gehienez ere, egoiliarrek izan ezik. Gune laranjetan, berriz, 24 orduz utz daiteke ibilgailua.

Sei gune

Donibane auzoak, TAO sistemako 4.588 aparkaleku izanen ditu; Ermitagañak, 1.943; Mendebaldeak, 2.151; Azpilagañak, 1.506; Arrosadiak, 675, eta Etxabakoitzek, 853. Orain arte lau gune zeuden Iruñean TAO zerbitzuarekin: Alde Zaharra, Zabalgunea, Iturrama eta Arrosadiko zati bat. Heldu den hilabetetik aurrera, berriz, bi gune gehiago izanen ditu: Donibane eta Etxabakoitz, Mendebaldea eta Ermitagaña gunea. Astelehenetik ostiralera 08:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara funtzionatzen du TAOk. Larunbatetan 08:30etik 14:00etara izaten da, eta igandeetan eta jaiegunetan ez dago zerbitzurik.

Joan den otsailaren 28ra arte, egoiliarren txartela lortzeko aukera izan zuten guneetako bizilagunek. Apiriletik abendura arte, adibidez, 36,26 euroko kuota ordainduko dute. Merkataritza jardueraren bat egiten dutenek ere aukera dute txartela ateratzeko eta gune laranjan aparkatzeko. Txartela lortzeko, 349,65 euro ordaindu beharko dute, eta edozein momentutan eska dezakete. Auzo gehienetan kale nagusiak gune urdinak dira, eta beste kaleak, berriz, gune laranjak.

“Hizkuntza anitz desagertu dira, orain museoetan daude itzalak”

Kanguroak bezala, Zaraitzuko Itzaltzu herri txikitik Australiara salto egin zuen Iñigo Auzmendik (Itzaltzu, 1978) duela bi urte. Wagga Wagga izeneko hirira iritsi zen, eta mahastiak ikertzen dihardu.

Sydneytik 475 kilometrora dago Wagga Wagga. "Askok hiria deitzen diote, baina nire ustez herri handi bat da". Biztanleak pisuetan bizi ordez, etxe baxuetan bizi dira. "Oso lasaia da hemen egotea". Wagga Waggak erroien lekua esan nahi du bertako hizkuntzan, wiradjuri hizkuntzan; "euskarazko Erroitegi edo Erroizu bezala". Wiradjuri hizkuntza, hala ere, desagertu egin da, "beste asko bezala; orain, haien itzalak museoetan eta leku izenetan ikus ditzakegu". Kasualitate hutsa dela dio Auzmendik, baina iaz Estella izeneko barridean bizi zen, eta ondoko karrikak Corella zuen izena.

Nekazaritza Ingeniaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta doktoretza bukatu zuenean Australiako unibertsitate batean lan egiteko aukera sortu zitzaion. Mahats eta mahastizaintzaren inguruan aritzen da lanean. "Eredu matematikoak eta ordenagailuzko simulazioak erabiltzen ditugu mahatsondoa nola hazten den aztertzeko, klima eta nekazaritzaren eragina kontuan harturik". Gero, mahastizainen arazoak konpontzeko erabiltzen dituzte eredu horiek. "Adibidez, beroaren kalteak gutxitzeko edo mahatsaren konposizioa egokitzeko erabil daitezke".

Australian bizi da, baina Auzmendik ez du eten bere herriarekiko harremana. Itzaltzun ditu erroak, familia eta lagunak. Gainera, 2011n Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordi zinemagileek Itzaltzuko bardoaren animaziozko filma egin zuten, Gartxot. Han ezagutu zituen Auzmendik Urmeneta, Elordi eta filmeko beste arduradun batzuk. "Berehala ihardukitzen hasi ginen: Itzaltzu, Zaraitzu, euskara, Gartxot, Arturo Campion... Geroztik harremana mantendu dugu. Itzaltzu txikia da, eta guztiok elkarlanean aritzen gara". Gartxoten hizkuntza hitz egiten du Auzmendik. Euskara batua ikasi zuen eskolan, baina zaraitzuera ere badaki. "Haurzutuan eskolan euskara batua ikasi nuen. Eta gure amorzeak euskarazko eleak, kantuak eta kontuak erakutsi zizkidan. Beratango euskarazko testuak leitzen hasi nintzen: Zoilo Moso, Federiko Garralda...".

Euskarazko eleak, gainera, Australiaraino iritsi dira. Behin, Auzmendi Tasmaniako (Australia) lagun batekin ari zen hizketan mahats barietateei buruz. Lagunak bi mahats aldaera aurkeztu zizkion, gaixotasunekiko erresistentzia handia omen zutenak. Mahats aldaera horiek Australian etorkizun handia izanen zutela azaldu zion lagunak, eta Auzmendi zur eta lur geratu zen lagunak mahats aldaeren izenak esan zizkionean. "Semebat eta Egiodola deitzen ziren. Ezin nuen sinetsi, euskara entzutea espero nuen azkenengo lekua zen!". Lagunak geroago azaldu zion mahats mota horiek Bordelen sortu zituztela orain dela hirurogei urte eta sortzailea euskalduna omen zela.

Australiarrek batik bat Euskal Herria berri politikoengatik ezagutzen dutela adierazi du Auzmendik. Hala ere, asko bidaiatzera etorri direla dio. "Iruñeko sanferminetara, Donostiara edo Donejakue bidea egitera".

Orain dela bi urte heldu zen Australiara, eta denbora fite pasatu zaio. "Ez dut ezer faltan sumatzeko astirik izan. Baina familia, lagunak eta mendiak hurranago izatea gustatuko litzaidake", azaldu du. Australian bi urte, baina Nafarroatik kanpo sei urte daramatza Auzmendik. "Manchesterren (Ingalaterra) lau hilabetez bizi izan nintzen, eta gero Lleidan (Herrialde Katalanak) egin nuen doktoretza lau urtez". Denbora horretan, gainera, Kalifornian (AEB) egon zen ikerketa lanetan.

Australian jarraitzeko asmoa du. Gustura bizi da han. Australiarrak oso jatorrak direla dio: "Oso ongi hartu ninduten hasieratik". Hala ere, lagun gehienak sortzez Australiatik kanpokoak ditu. "Bertako" australiar gutxi ezagutzen ditu Auzmendik, beste herrialdeetako lagun asko bizi baita. "Oso desberdinak dira. Irlandar, ingeles eta italiarren nahasketaz osaturiko kultura berria dute, eta orain, batez ere hiri handietan, txinatarren eragina sumatzen da". Gogora ekarri du duela gutxi kate bat ezarri dutela telebistan —NITV—, eta bertan sorterriko australiarren dantzak eta kulturak ikus daitezkeela anitz aldiz. "Maori, masai, kitxua, apatxe, ojibwa, inuk eta beste herri batzuen film eta saioak ikusten ditugu".

"Erraldoia" da Australia, eta eta hirien eta herrien arteko distantziekin harrituta dago Auzmendi. Nafarroa eta Australia konparatu ditu. "Nafarroan bi orduko bidaia kotxez bidaia luzea da. Australian, berriz, sei orduko bidaia kotxez normalena da". Dena den, bidaia "bitxiak" izaten ditu Auzmendik. Lanetik ateratzen denean kanguroak ikusten ditu. Landa eremuetan ikusten ditu gehienbat.

Transplantea egiteko organoaren zain laurogei gaixo daude Nafarroan

Nafarroako 54 herritarri egin zieten iaz transplantea, eta beste 80 herritar daude transplante baten zain. Cristina Ibarrola Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko zuzendariak eman ditu datuak. Azaldu duenez, Osasunbideak organo emaile gehiago izateko kanpaina bat jarriko du abian, eta, horretarako, "estrategia berriak" erabiliko ditu.

Transplantea behar duten 80 lagunetatik, 68k giltzurrunekoa behar dute, 11k gibelekoa, batek birikakoa eta beste batek bihotzekoa. Iaz egindako 54 transplanteetatik, berriz, 32 giltzurrunekoak izan ziren, 17 gibelekoak eta bost bihotzekoak. 2011ko datuekin alderatuta, 18 transplante gutxiago egin zituzten iaz. Izan ere, duela bi urte 72 pertsonari egin zieten transplantea. 40 pertsonari giltzurrun transplantea, 27ri gibelekoa eta beste bosti bihotzekoa, hain zuzen ere.

Ibarrolak Osasun Departamentuak hartuko dituen neurri berriak azaldu ditu. Jakinarazi duenez, Nafarroako Ospitaleen Guneak asistolian —bihotzaren jarduera elektrikoa eta mekanikoa galtzea ezaugarri duen sindromea— organoak emateko protokoloa jarriko du martxan udan. Horretaz gain, Osasun Departamentuak bizirik dauden emaileek organoak ematea indartu nahi du. Horrelako lau emaitza izan ziren 2012an, eta aurten gehiago nahi dituzte. Lortzeko, Ibarrolaren ustez, "eragile guztien motibazioa eta kontzientziazioa" handitu behar da.

Tuterara eta Lizarrara eramanen dute, gainera, Nafarroako Ospitaleen Guneak emaile posibleak ahalik eta lasterren identifikatzeko eta monitorizatzeko erabiltzen duen eredua. Aipatutako hiru estrategiekin, Osasun Departamentuak emaileen eta organoen gabeziari aurre egin nahi dio, heriotza entzefalikoak murriztu egin baitira.

Jose Elizalde Nafarroako Ospitaleen Guneko transplanteen koordinatzailearekin batera eman ditu datuak Ibarrolak. Elizalderen ustez, asistolian egindako transplanteak "zailtasun handikoak" dira, eta langileak formatzen ari dira operazioak behar bezala egiteko eta Transplanteen Erakunde Nazionalak agintzen dituen protokoloak betetzeko. Horretaz gain, Elizaldek azpimarratu du Nafarroan "emateko kultura" oso hedatua dagoela, ez emateko kasuak "oso eskasak" direlako. Hala ere, Elizalderen iritziko, emaile gehiago behar ditu lurraldeak: "Transplantea behar duten %6 itxaron zerrendan hiltzen dira".

Nafarroako transplanteen datuak "kezkagarriak" direla dio Alcerrek. Giltzurrunetako gaixotasunen kontrako elkartea da Alcer, eta urteak daramatza donazioen aldeko kanpainak eta kontzientziazioa egiten Nafarroako gizartean. Iazko urtean donazioek atzera egin zutela jakinarazi dute. "Nafarroak emaile kopuru oso baxua du: 18,6 pertsona milioi bat biztanleko". Gainera, adierazi dutenez, 32 giltzurrun transplante egin zituen Nafarroak iaz. 2011rekin alderatuz, %20 gutxiago.

“Harrera familiei eskatzen zaien bakarra haurra zaintzeko nahia izatea da”

Nafarroako harrera familien eta adopzioen saileko zuzendaria da Maite Miguez (Altsasu, 1954). Babesik gabe dauden haurrentzat aldi baterako etxeak bilatzeaz arduratzen da. Harrera familiek ez dituzte familia biologikoak ordezkatu nahi, osagarri izan nahi dute. Gurasoek "zailtasunak" gainditzen dituztenean, umeak haiekin itzultzea da helburua.

Askotan nahasten dira adopzio eta harrera familia kontzeptuak. Zein da desberdintasuna?

Biak haurrak babesteko neurriak dira. Baina desberdintasun nagusiena da harrera familiak aldi baterako direla, eta adopzioak ez. Hau da, adopzioetan jatorrizko familiarekin lotura guztiak mozten dira. Harrera familia behin behineko neurria da; adopzioa, berriz, iraunkorra.

Nolakoa da haur bat hartzeko prozesua?

Bi harrera familia desberdindu behar ditugu: umearekin nolabaiteko lotura dutenak (izeba-osabak, aitona-amonak...) eta loturarik ez dutenak. Haurrak bere jatorrizko familiarengandik banatu beharra duenean, zentro batera eramaten dugu bi edo hiru hilabeterako. Bitartean egoera aztertzen dugu, eta erabakitzen dugu zer babes neurri hartu. Orduan hasten dugu harrera familiaren bilaketa. Haurrarentzako familia egokiena izan dadin saiatzen gara, eta umearen erritmoak markatzen du harrera. Egokitze prozesua deitzen diogu horri. Harrera familia egunero elkartzen da umearekin zentroan.

Zein da zuen lana?

Harrera familiei laguntzen diegu. Sostengua eta orientazioa ematen diegu, askotan ez delako erraza. Gainera, umearen harrera egin aurretik ikastaroa egiten dugu harrera familiarekin. Izan ere, ume bat harreran hartzea ez da bakarrik haztea, balio erantsiak ditu. Bi familia ditu umeak —haurrarentzat zaila izaten da onartzea— , eta harrera familiak umeari azaldu behar dio hori. Umeak onartu behar du bere jatorrizko familiak ezin duela zaindu eta horregatik beste familia batekin dagoela.

Hobe da umeak harrera familiekin egotea zentroetan baino?

Bai, hori da gure helburua, baina ez dugu beti lortzen. Askotan arazoak ditugu, adin jakin batetik aurrera zaila delako harrera familiak aurkitzea. Adibidez, ez da erraza 8 edo 9 urteko ume bati familia aurkitzea. Anaien edo ahizpen kasuetan berdin gertatzen zaigu. Saiatzen gara elkarrekin joatea familia batera, baina ez da beti posible, harrera familiek askotan ezin dituztelako bi ume hartu bere gain, edozein arrazoi dela medio.

Zenbat ume daude orain Nafarroan ahalik eta lasterren harrera familia behar dutenak?

Egia esan, orain bakarrik bi anaia ditugu harrera familia baten zain. Dena den, bihar izan dezakegu harrera familia gehiagoren premia; izan ere, inoiz ez dakigu noiz beharko duen haur batek etxe bat. Edozein momentutan izan daiteke. Horregatik, egokiena da familiak prest izatea beti haur bat zaintzeko.

Zer baldintza eskatzen zaizkie harrera familiei?

Familiei eskatzen zaien bakarra haurra zaintzeko nahia da. Horretaz gain, familiako kide guztiek ados egon behar dute umearen harrerarekin. Familiek egonkortasun emozional eta ekonomikoa izan behar dute, eta oso argi izan hartutako umea ez dela haien seme-alaba baina seme-alaba balitz bezala zaindu beharko dutela. Beste guraso batzuk dituen seme- alaba da, eta harrera familiak onartu behar du edozein momentutan bere jatorrizko familiarekin itzuliko dela haurra. Harrera familiarekin dagoen bitartean haurrak ez du harremana galtzen bere jatorrizko familiarekin.

Joan den urtean, adibidez, zenbat umek lortu zuten harrera familia?

2012ko abenduaren 31ra arte, 244 haur hartu zituzten harrera familiek. Denera, 210 familiatan daude. Horietatik, 129 familiak umeekin nolabaiteko lotura dute, eta 81 familia loturarik gabekoak dira.

“Hemen mundu guztiak du gertaera latz bat kontatzeko”

Senarrak lana lortu Argentinan, eta familia osoak zeharkatu zuen ozeanoa. 2011ren azaroan iritsi ziren Txus Chalezquer (Carcar, 1978) eta Dani Agreda San Isidrora (Argentina). Hiru seme-alabekin joan ziren: Irati, Amaia eta Enekorekin.

Carcarkoa da Chalezquer, baina Mutiloagoitin bizi ziren bostak, orain dela urtebete arte. Agredak Volkswagenen lan egiten du, eta enpresak San Isidron duen lantegian lana lortu zuen. Eskaintza aprobetxatu, eta hara joatea erabaki zuten. Hiru urterako egonen dira ozeanoaren bestaldean. "Nik uste dut hiru urteak pasa ondoren Nafarroara itzuliko garela, baina batek daki; Daniri kontratua luzatzen badiote, pentsatuko dugu zer egin, eta berdin lehenago itzultzeko eskatzen badigute". Suran eta Amarok auto modeloak egiten dituzte San Isidron.

Buenos Airesen ondo-ondoan dago hiria. "Ordu erdi luzean iristen gara Buenos Airesko erdialdera". Iruñeak bezainbeste lagun ditu hiriak, baina ez du "zerikusirik" Nafarroako hiriburuarekin. "Hemen lorategia eta igerilekua dute etxe gehienek; lur eremu handia dute". Parke asko ditu hiriak, eta eremu berdez inguratua bizi da Chalezquerren familia. Rio de la Plata ibaiak zeharkatzen du hiria, eta haien etxe ondotik igarotzen da. "Itsasoa bezalakoa da, baina ur gezakoa".

Domingo Akasuso zallarrak sortu zuen hiria, eta, horregatik, ezagunak dira euskaldunak hirian. Konkistatzaile bizkaitarra 1608. urtean iritsi zen Rio de la Platara. Bertan kontrabandistak kontrolatzen aritu zen, eta kapitain izendatu zuten. Kondairak kontatzen du, behin, Akasuso kontrabandisten atzetik zebilela eta geldialdi bat egin zuela bidean. Lo gelditu zen. Ametsetan San Isidro Nekazaria agertu zitzaion, eta horrek eskatu zion kapera bat eraikitzeko lo gelditu zen lekuan. Dirua lortu zuenean, 1706. urtean, santuak eskatutakoa bete zuen Akasusok, eta, urte berean, San Isidro hiria sortu zuen. "Horregatik, euskaldunak oso ezagunak dira, eta ez bakarrik San Isidron, Argentina osoan". Izan ere, argentinar asko euskaldunen oinordekoak dira, eta ugariak dira euskara ikasteko eskolak eta euskal etxeak.

Chalezquerrek eta Agredak 6, 4 eta 2 urteko seme-alabak dituzte. Argentinan ikasturtea martxotik abendura izaten da, eta familia iritsi zenean hango umeak eskolak bukatzen ari ziren. "Oso lotsatiak dira hirurak, baina irakasleen eta ikaskideen harrera oso ona izan zen", gogora ekarri du Chalezquerrek. Lagunak laster egin zituzten, hangoak "oso irekiak" baitira: gozoak eta amultsuak. Alde okerrena Chalezquerrena berarena izan zen. "Hiri handi batean oso zaila da jendea ezagutzea eta lagunak egitea". Orain, unibertsitatera sartzeko ikasten ari da, arazoak izan baititu titulua homologatzeko.

Argentina osoa ez, baina dagoeneko zati handi bat ezagutu dute. Bidaiatzea oso garestia dela dio Chalezquerrek, eta, horregatik, autoa erabiltzen saiatzen dira herritarrak, hegazkinak eta autobusak ez direlako batere merkeak. "Argentinan distantziak ikaragarriak dira". San Isidrora iritsi zirenetik, Patagonia —Ushuaia eta El Calafate—, Valdes penintsula, Iguazu eta Rosario ezagutu dituzte. Puerto Madrynera azken bidaia egin zuten (Valdes penintsula), eta asko gustatu zitzaien, bereziki umeei. "Itsas elefanteak, itsas lehoiak, baleak eta pinguinoak ikusi genituen". Hurrengo bidaia prestatzen ari dira, gainera. Neguan, Saltara —herrialdearen iparraldean dagoen hiria— joan nahi dute autoz eta bidean geldialdiak eginez.

Jendeak duen segurtasunik eza dela-eta kezka azaldu du Chalezquerrek. "Auzo itxietan bizi dira, eta umeak ez dira kalean jolasten; mundu guztiak du kontatzeko gertaera latz bat". Chalezquerrek ez zuen Hego Amerika ezagutzen, eta gizartearen arteko desberdintasunak oso agerikoak direla azaldu du. Horretaz gain, bitxia iruditu zitzaion hizkuntza bera hitz egin arren hasieran bereziki ulertzeko arazoak izan zituela. Umeek, gainera, arazo bera izan zuten, baina azkar aurkitu zuten irtenbidea. "Eskolan daudenean hango umeek bezala hitz egiten dute, eta etxera iristean, txipa aldatu, eta gazteleraz mintzatzen dira". Askotan Nafarroan egotea gustatuko litzaioke Chalezquerreri. "Kalera atera, eta patata tortillaren pintxo bat janen nuke".

Janari ona du, hala ere, Argentinak. Haragiak ospea du mundu osoan, eta hala baieztatu du Chalezquerrek. Baina onartu du bera nekatu dela hainbeste haragi jateaz. "Hala ere, argentinarra ez da inor barbakoarik gabe". Behin, hango lagun batek kontatu zion Chalezquerri oporretan joateko apartamentu baten bila zebilela. Oso merkea eta hondartzaren ondoan zegoen apartamentu bat aurkitu zuen, baina hain zen merkea, arraroa iruditu zitzaion. Orduan, ziurtatzeko deitzea erabaki zuen, eta konturatu zen zergatik eskatzen zuten hain diru gutxi: ez zuen barbakoarik. Orduan, barbakoa zuen apartamentu bat bilatu zuen lagunak.