Iruñeko Udala hamar egun barru Labriteko Baluartearen harresia berreraikitzen hasiko da. Otsailaren 14an, Labriteko baluartearen harresiaren hemezortzi metro inguruko zati batek behera egin zuen Jito Alai pilotalekuaren gainera. Ikerketa hasi du udalak, Iruñeko harresiaren zati bat zergatik erori den argitzeko asmotan.
Orain, udaleko teknikariak berreraikitzeko proiektua lantzen ari dira, eta harresitik eroritako harriekin altxatu nahi dute eroritako zatia. Lanak hasi bitartean, langileek harresiaren goiko aldean dauden "elementu arriskutsuak" kendu dituzte; harriak eta lurra, besteak beste. Gainera, garabia lekuz aldatu dute. Iruñeko Udalak jakinarazi duenez, ez dago "inolako arriskurik" harresiaren beste zati batek behera egiteko. Segurua dela azaldu du Jose Ignacio Alfonsok, Iruñeko Udaleko Proiektuen zuzendariak.
Alfonsoren ustez, euriteen ondorioz erori da harresia, baina ez ditu beste arrazoi batzuk ere baztertzen. "Kausa posible guztiak ikertzen ari gara", azaldu du. Jakinarazi du eroritako harresi zatian oraindik ez zituztela lanak hasi, arazoak sortzen dituen gune bat delako eta lekua "ikertzen" ari zirelako. "Harresi zaharraren eta berriaren arteko gunea da eta horregatik ez da besteak bezain egonkorra". Beheko zatia 1950eko hamarkadan eraikitakoa da, eta goiko zatia, kanoiduna, jatorrizko gotorlekuarena da.
Dena den, zaharberritze lanekin jarraituko dutela jakinarazi du Alonsok, eta esan du gertatukoak ez duela obren atzerapena eragingo. "Eroritako zatia berriztatzeko lanak noiz hasiko diren zehazterik ez dago, baina gainerako obrek behar bezala jarraituko dute". Joan den ostegun arratsaldean erori zen, eta eroritako lurrak eta harriek ez zuten inor harrapatu azpian.
2002. urtetik ari da Iruñeko Udala zaharberritze lanak egiten harresietan. Iazko abenduan hasi ziren lanean Labriteko baluartean eta hamalau hilabeteko epea dute obrek. Iruñeko Udalaren aurrekontua 1.830.511 eurokoa da. Datozen asteetan ikerketak argitu beharko du zerk eragin duen Labriteko pareta behera etorri izana, eta harresia berreraikitzen hasiko dira.