Beste albiste batzuk

“Bezeroari iruzur eginez gero, ez da tailerrera berriz itzuliko”

Txikia zela, anaia nagusiak motorrean nola ibiltzen ziren leihotik begira egoten zen, hanka puntetan jarrita, Felix Gamio (Irurita, Baztan, 1982). Abiadura eta motor hotsa biziki maite ditu. Apurka-apurka hazi zen heinean, begira egoteari utzi, eta motorrak eta autoak gidatzen hasi zen. Ez zuen inolako zalantzarik izan lanbide heziketan zer ikasi nahi zuen galdetu ziotenean: "Nik mekanikaria izan nahi dut", erantzun zuen. Ikasketak amaituta, duela hamabi urte hasi zen mekanikari gisa lanean, auto italiarrak saltzen dituen kontzesionario batean. Bere lanbidea afizioa ere badela jakinarazi du.

Azken hamarkadan autoen mekanika izugarri aldatu dela jakinarazi du Gamiok. "Alde handia dago auto zaharrak edo berriak konpondu", adierazi du. Mekanika asko garatu dela dioen arren, aurrerapen handiena elektronikaren bidetik heldu dela nabarmendu du. Horregatik, mekanikariak etengabeko formazioa izan behar duela azpimarratu du, eskaintzen den zerbitzua "kalitatezkoa" izan dadin.

Dena den, etorkizun laburrean autoek izan dezaketen garapena krisi ekonomikoaren mende egon daitekeela ohartarazi du Gamiok. Izan ere, 2008. urte amaieratik nabarmen jaitsi dira auto kontzesionarioetako salmentak. "Lehen, ohikoa zen bortz urtean behin autoa aldatzea; orain, ordea, ez dago halako konturik". Egoera ekonomikoa bideratzean jendeak lehengo ohiturak berreskuratuko dituen zalantzan jarri du Gamiok. Iruñerriko auto kontzesionario asko kinka larrian daudela jakinarazi du, gainera.

Berriak zein zaharrak izan, beti dago autoren bat konpontzeko. Baina autoaren iraupena luzatzeko azterketa teknikoak profesionalek agindutakoan egiteko gomendatu du. "Gehienetan gurera matxura larri xamarra duen autoren bat ekartzen dutenean, olioa garaiz aldatuta, hau da, mantentze egokia eginda, ekidin daiteke".

Hala ere, auto batek izan dezakeen matxura zehazteko protokolo zehatza jarraitzen dute mekanikariek. Lehenik, bezeroak autoan arazoren bat dagoenean zertan atzeman duen galdetzen diete. "Sarritan autoak egiten duen soinuan aldaketa bat izan delako ohartzen da bezeroa autoak arazoren bat duela". Matxura non den ebazteko "sena" ere erabiltzen dute, eta sen hori esperientziarekin batera garatzen dela argitu du.

Tailerrean finkoak diren bezeroen autoak ondo ezagutzen dituzte. Ezagutza horri jarraituta baliatzen dute sena. "Baina aitortu behar dut beti ez dugula asmatzen; batzuetan, bestelako azterketa batzuk egiten ditugu ordenagailuen bitartez". Gamiok ohartarazi duenez, auto kontzesionarioak zehaztuta dauka matxura mota bakoitza konpontzeko gutxi gorabehera behar duten denbora. Ondorioz, sarritan presiopean lan egiten dutela aitortu du, eta hori dela bere ofizioaren alderik txarrena.

"Konponketa guztiak ez dira berdinak izaten; arazoren bat sortzean presioa ere handitu egiten da". Dena den, mekanikari batek izan dezakeen baliorik garrantzitsuenetakoa "zintzotasuna" dela jakinarazi du. Izan ere, sarritan egotzi izan zaie mekanikariei faktura puzteko duten joera, behar baino konponketa gehiago eginda. Hala ere, mito hori ukatu egin du. "Bezeroari iruzur eginez gero, ez da tailerrera berriz itzuliko". Beraz, iruzur egiten duten mekanikariak gutxiengoa direla aldarrikatu du.

Autoak zaharberritzen

Erronkak maite ditu Gamiok. Horregatik, libre duen denbora apurra auto zaharrak konpontzen ematen du. Ibilgailu horiek duten mekanika "sinplea" maite du. "Kapota ireki orduko ageri-agerikoa da nola funtzionatzen duen autoak, eta hori atsegin dut". Azkenaldian auto zaharrak konpontzeko afizioa dezente hedatu dela jakinarazi du Gamiok. "Beste eremu anitzetan bezala, moda kontua da".

Zaharberritu dituen autoen artean Willys markako noranahikoa da gehien gustatzen zaiona. Batez ere, militarrek erabiltzen zuten noranahiko hori. Egun, oraindik hainbat armadak erabiltzen dutela dio. "Auto berezia da; zarata izugarria egiten du, eta maldan gora erraz ibiltzen da". Willys noranahikoa Ramontxo anaiarekin batera erosi zuen —mekanikaria da hura ere—. "Hasieran, traste zahar bat besterik ez zen, eta apurka-apurka itxura ematea lortu genuen".

Azaldu duenez, hasieran Willysaren piezak lortzea ez zen batere erraza izan. Baina gero eta gehiago dira Interneten halako piezak erosteko eta saltzeko aukera ematen duten webguneak. "Kostata, baina piezak lortu genituenean autoa muntatzen hasi ginen". Azaldu du euren helburua ez zela eredu originalaren arabera zaharberritzea. Autoa txuriz margotu zuten. Gainera, Willysak autobus baten eserlekuak ditu. "Ez dira eserleku originalak izango, baina erosoak dira", esan du, irri artean. Oraingoz, epe laburrean ez du halako beste proiekturik, batez ere halako autoak konpontzeko denbora behar delako.

Belateko tunelak bikoizteko ideia lehiaketa bat abiatu du gobernuak

Sarritan izaten dira N-121-A errepideko Belateko tunelak hizpide, istripu zein luiziak tarteko. Ireki zirenetik, eztabaida eta polemika izan dira nagusi. Bi tunelek noranzko bakoitzerako errail bakarra dute. Ondorioz, tuneletako batean istripu edo arazoren bat denean, Belateko portutik joan behar izaten dute ibilgailuek. Arazoari irtenbide bat topatu nahian, Nafarroako Gobernuak lehiaketa bat jarri du martxan, Belateko tunelak bikoizteko ideiarik "onena" aurkitzeko asmoz.

Heldu den maiatzaren 16ra bitarte aurkeztu ahal izango dituzte lehiakideek proiektuak. Behin ideia "onena" zein den erabakita, Sustapen Departamentuak bost hilabete inguru hartuko ditu hori "sakonki" aztertzeko. Duela aste gutxi, Luis Zarraluki Sustapen kontseilariak onartu zuenez, "epe motzean, ertainean eta luzean Sustapen Departamentukoak lanean ari gara Belateko tunelak bikoizteko proiektuan". Oraindik ezer erabaki ez duten arren, Zarralukik aurreratu du noranzko bakoitzerako tunel bat izateko 200 milioi euroko inbertsioa egin behar dela gutxi gorabehera.

1997ko azaroan inauguratu zituzten Belateko tunelak, lanak hasi eta lau urtera. Orotara, 11.000 milioi pezeta eman zituen administrazioak Belateko tunelak eraikitzeko; hasieran aurreikusitakoa baino dezente gehiago. Ordutik, dozenaka konponketa egin behar izan ditu Sustapen Departamentuak, itogin, luizi eta istripuen eraginez. Iruñeruntz edo Behobiaruntz doazen ibilgailuak tunel beretik igarotzen direnez, arazoren bat denean ez da alternatibarik. Ondorioz, Belateko portutik igaro behar izaten dute.

Egoera hori ikusirik, etorkizunari begirako asmoa da noranzko bakoitzarentzat tunel bat eraikitzea. Egunean 10.000 ibilgailu inguruk zeharkatzen dituzte tunelak, eta horietatik %30 kamioiak dira. Hainbat eragilek azken horien zirkulazioa erregulatzeko eskatu dute.

Izan ere, N-121-A errepidea baliatzen dute kamioi gidari gehienek Europako herrialdeetara joateko. Iruñea Andoainekin lotzen duen A-15 errepidea, berez, ibilgailu kopuru handiagoa hartzeko diseinatua dago, noranzko bakoitzean bi errail dituelako. Hala ere, autobide maldatsua denez, kamioi gidariek nahiago izaten dute N-121-A errepidetik joan. Sarritan, A-15ean, kamioiak balaztarik gabe gelditzen dira, eta istripua izateko arriskua handia da.

Baina, N-121-A errepidea kamioi gidariek nahiago duten arren, urtean dozenaka istripu izaten dira. Iragan astean, esaterako, Urdiaingo neska gazte bat larri zauritu zen oraindik zehaztu gabe dauden arrazoiengatik, kamioi batekin talka egin ostean. Beste behin, agerian gelditu da N-121-A errepidearen arriskua.

Hain justu, errepidearen arriskuez mintzatzeko bilera bat egin zuen Zarralukik, Baztan, Bortziriak eta Malerrekako alkateekin. Zarralukiren arabera, arazoari "irtenbide integrala" eman behar zaio. Hala, datozen asteetan, errepideko 66. eta 64. kilometroetan aldaketak egingo dituzte. Iragarri duenez, errepideko zorua berrituko dute datozen asteetan.

Bestalde, apirilaren 10ean Nafarroako Parlamentuan egindako osoko bilkuran, N-121-A errepidea eta Belateko tunelak izan zituzten eztabaidagai. Bilkura horretan, Nafarroako Gobernuari N-121-A errepidean hartu beharreko neurriak zehazteko eskatzeko mozioa onartu zuten. Dena den, hainbat alderdik neurri zehatzagoak ere eskatu zituzten, PPNk kasurako.

Izan ere, Eloy Villanueva PPNko parlamentariak ohartarazi zuen N-121-A errepidea abiadura handiko errepideen artean bikoiztu gabe dagoen bakarra dela. Pirinioetako edota Bideko autobideek baino zirkulazio handiagoa duela gogorarazi zuen. Aralarrek, bestalde, Iruñea eta Behobia lotzen dituen errepidearen leku arriskutsuen inguruko azterketa "zehatza" egiteko eskatu dio gobernuari.

Martxan dira asteburuko eta hiriko barnetegiak

Iragan urtean izandako emaitza onak kontuan hartuta, Nafarroako AEK-k asteburuko eta hiriko barnetegiak antolatu ditu Arantzan eta Lizarran, hurrenez hurren. Bereziki, euskaraz A2 maila duten euskara ikasleentzat daude pentsatuta barnetegiok. Hala ere...

Sarrigurenen eskola berria eskatzeko greba egingo dute gaur

"Non da kalitatezko hezkuntza?", galdetzen du Sarrigurengo hezkuntza komunitateak. Denak berdin jarraituz gero, heldu den ikasturtean mila ikaslek baino gehiagok ikasiko dute Sarrigurenen dagoen eskola publiko bakarrean (Eguesibar). Matrikulazio kanpainaren ostean, 236 ikasle berri matrikulatu dira. Arazoa da eskolan 675 ikaslerentzako gelak baino ez daudela, eta eremu komunak laurehun ikaslerentzat egin zituztela. Egoera hori hamaikagarrenez salatzeko, mobilizazio astea egin du eskolako hezkuntza komunitateak aste honetan. Gaur greba egingo dute. Goizean, 09:00etan, Sarrigurengo eskola publikoaren aurrean elkartuko dira, eta, 10:30ean, manifestazioa egingo dute Iruñeko Merindadeen plazatik Hezkuntza Departamentura. Han, eskola publiko berri bat eskatzeko instantziak aurkeztuko dituzte.

Sarrigurengo hezkuntza komunitateak salatu du gobernuak 2015-2016ko ikasturtera arte atzeratu nahi dituela eskola berria egiteko lanak. "Horrek ez ditu konponduko gure arazoak; hiru urtean pilatuta egotera zigortzen gaituzte". Martxoan matrikulazio datuak jakin zirenean, Sarriguren Hazi eta Hezi guraso elkarteak ikasle pilaketari erantzunen bat emateko eskatu zion Hezkuntza Departamentuari. Horren erantzuna argia izan zen: "Heldu den ikasturterako matrikulatu diren 236 ikasleentzako eta gehiagorentzako tokia dago Sarrigurenen. Antolakuntza kontua baino ez da".

Gurasoek ezin dute sinetsi gertatzen ari dena. "Ikastetxea bost irakaskuntza lerrorako eginda dago. Hori gelei dagokionez, eremu komunak hiru lerrorentzat eginda daudelako, eta orain hamar lerro sartu nahi dituzte". Horrek hainbat ondorio ditu: besteak beste, talde guztiek gimnasioa ezin erabiltzea eta jantokiak gainezka egotea. Gainera, Sarrigurenen hiru hezkuntza eredu daude, eta elkarrekin egon behar dute "pilatuta".

Egoera hori ikusirik, mobilizazioa beharrezkotzat jotzen dute Sarrigurengo gurasoek. "Familiok bat eginda egon behar dugu. Horrek bakarrik emango digu Nafarroako Gobernua estu hartzeko behar dugun indarra eta ahalmena". Haien aburuz, gobernuaren betebeharra kalitatezko hezkuntza publikoa eskaintzea da, eta ez dira hori betetzen ari.

“Berdin zait maskotak arraza batekoak edo mestizoak diren”

"Albaitaritza ikastea erabaki nuen animaliak maite ditudalako", dio umoretsu Nati Lucas albaitariak ( Alcala de Henares, Espainia, 1977). Hamabi urte daramatza lanean Lucasek. Albaitaritzak hainbat adar baditu ere, berak maskotekin lan egitea erabaki zuen. Orain sei urte ireki zuen Buztintxuri albaitaritza klinika Iruñean. Bertan, beste bi albaitarik eta laguntzaile batek lan egiten dute. Medikuntza prebentiboa egiten dute gehienbat. Etxeko animalia gehienak txakurrak eta katuak badira ere, joerak aldatuz doazela dio Lucasek. "Txakurrak eta katuak dira jende gehienak dituen maskotak. Azken urtetan, katuek aurrea hartu diete txakurrei, denbora gutxiago dugulako eta ez direlako kalera atera behar. Azken batean, etxean edukitzeko erosoagoak direlako. Bestalde, gero eta animalia exotiko gehiago ikusten ditut, hala nola kakatuak, hudoak eta untxiak".

Animaliak etxean izatea gomendatzen du Lucasek. Betiere, argi izanda animalia baten ardura izateak sortzen dituen erantzukizunak. Horregatik, maskota bat hartu baino lehen informazio bila albaitariarenera joatea gomendatzen du. Lucasek bi katu, bi txakur, harris arrano bat eta belatz bat ditu. Zaintzeko arazorik ez duela dio, "ez dute zaintza berezirik behar". Gakoa ez da animalia asko edo gutxi izatea, animaliak behar bezala zaintzeko aukera izatea baizik. Lucasek uste du zenbaitetan jendeak ez duela hori kontuan izaten. "Badago jende ugari animalia baten ardura hartzen duenean badakiela zer egiten ari den. Baina beste batzuek ez dakite zer hartzen duten. Bat-bateko bulkadagatik txakur bat erosten dute animaliek dituzten beharrak ezagutu gabe, eta behar horiei erantzuteko gai izango diren jakin gabe". Arazo horiek saihesteko, lehenengo eta behin norberak zer nahi duen argi izan behar duela dio Lucasek. "Ez da gauza bera, papagaitxo bat edo katu bat edukitzea". Behin gustuko animalia aukeratuta, norberak animaliari zer eskaini ahal diezaiokeen pentsatu behar du, animaliaren beharrak zeintzuk diren eta mantentzeak zer-nolako kostua duen.

Animalia baten ardura izatea gauza serioa da, baina erabat positiboa dela uste du Lucasek. "Txakurren kasuan adibidez, onak dira harremanak egitea kostatzen zaion jendearentzat. Txakurrak kalera ateratzera behartzen baititu, eta behin kalean egonda, txakurrak dituzten beste pertsonekin sozializatzeko aukera dute. Bestalde, adineko jendea ere laguntzen dute, euren denboraren tarte bat animaliaren beharrak asetzen pasatzen baitute. Umeei dagokienez, animaliak zaintzean ardurak hartzen ikasten dute".

Moden eragina

Lanean daramatzan urteetan, maskotak aukeratzeko orduan modek nola eragiten duten ikusi du. "Garai batean, artzain txakur aleman asko zeuden. Gaur egun, Frantziako bulldogak eta Maltako bichon-ak dira gehien ikusten diren txakurrak". Baina urteak pasatu ahala ez da hori bakarrik aldatu, jabeen jarrerak ere ezberdinak dira. "Animalien jabeek bestelako jarrerak dituzte. Orain, Interneten informazio asko bilatzen dute. Batzuetan ondo egiten dute, baina beste batzuetan, ez horrenbeste. Hainbatetan, jabeek gaixotasunik arraroenen informazioa jasotzen dute Interneten eta arduratu behar ez duten gauzekin arduratzen dira".

Animalien moden aurka dago Lucas. Animalia politak hezi eta saltzea negozioa da. Baina horrek arazoak sortzen ditu, kanon jakin batetik aldentzen diren animaliak baztertzen direlako. "Niretzat, maskotak dira denak. Berdin zait maskotak arraza batekoak edo mestizoak diren. Saltzeko asmoarekin katuak eta txakurrak heztearen arazoa da kumeak arazo genetikoren batekin jaiotzen badira, bizi-kalitate ona izan dezakete, baina ez dira saltzeko errazak. Horrek egoera okerrean uzten ditu animalia horiek, eta horrelako egoerak ez zaizkit batere gustatzen".

Medikuntza prebentiboa da Lucasek gehien lantzen duena. Animalia txikiak eta exotikoak artatzen dituzte. Txertoak jarri, bizkarroigabetu eta antzuarazteko ebakuntzak egiten dituzte. Horrekin batera, ehun bigunetako edozein ebakuntza mota egiten dute. Baina, logikoa denez, dena ez da horren erraza. Noizbehinka okertzen diren patologiak dituzten animaliak artatzen dituzte, eta normala denez, hainbatetan zoritxarreko bukaerak izaten dituzte. Hala ere, askotan, nahiz eta animaliek zauri larriak izan, bizi-kalitate onarekin jarrai dezakete. "Animalia bati hanka bat moztu behar badiote baina bizi-kalitate ona mantentzen badu, itzel".

Klinikan, denetariko istorioak ezagutu dituzte sei urteotan: bizipen alai, triste eta baita bitxiak ere. "Orain dela pare bat aste, kameleoi bat ekarri zuten. Astebete zeraman kaka egin gabe, eta jabea arduratua zegoen. Kameleoia ekarri zuen, eta atetik sartu bezain laster, kaka egiten hasi zen. Ikaragatik edo izango zen. Hau da, atetik sartu bezain laster osatu genuen, ezer egin gabe".

Hiru talde lehiatuko dira bihar Lesakan jokatuko den Bardoak bertso lehian

Ia hiru hilabeteko ibilbidearen ostean, bihar Lesakako pilotalekuan jokatuko den finalarekin amaituko da Bardoak Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa. Baztango Lepatanatuek 2, Iruñeko Bertze Maldikoak eta Leitzako Harrapazank taldeak sailkatu dira finalera. Orotara, 110 lagunek parte hartu dute Bardoak-en, eta horietariko hirurogei inguru aritu dira bertsolari modura.

"Baikorra" da Nafarroako Bertsozale Elkarteko kide Gontzal Agotek taldekako txapelketaz egiten duen balorazioa; baita txapelketa jokatu aurreko bezperan ere. Saio guztiak txikiak izan arren "bertsozaleen erantzuna oso ona" izan dela azaldu du. Izan ere, auzolana izan da Bardoak-en funtsa. Talde lehia izaki, parte hartzaileak elkarlanean aritu dira lehia gauzatu ahal izateko, eta Agotek azaldu du publikoak ere ondo erantzun duela, batez beste saio bakoitzean 50 lagun elkartu direlako.

Otsailetik aurrera egindako saioak txikiak izan badira ere, finalerako Lesakako pilotalekua hautatu dute. Agotek onartu duenez, finala non egin erabakitzerakoan hainbat "zalantza" izan dituzte. Dena den, agertoki gainean bederatzi bertsolari izango direla kontuan hartuta, tokirik egokiena Lesakako pilotalekua izango dela ebatzi dute.

2012an hasi ziren taldekako lehiaketarekin, Nafarroako Bertsolari Txapelketa urtero egitea ez zela egokiena iritzita. Banakakoa eta taldekakoa txandaka egitea erabaki zuten orduan. Bertsolaritza herri txiki eta ohiko tokietara gerturatu du taldekako lehiak. Gainera, Bardoak lehiaketan aritu diren bertsolari askorentzat, jendaurrean abesteko lehen aukera izan da. Joana Ziganda, esaterako, 2012an hasi zen bertso eskolan. Aurten parte hartu du lehenengoz, bere lana ahalik eta ondoena egiteko helburuz.

Apurka-apurka, taldekako lehia fruitua ematen ari da. Esaterako, joan den urtean egin zen Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu zuten bertsolarietatik hiruk 2012ko Bardoak-en abestu zuten lehenengoz jendaurrean.

Biharko finalaz galdetuta, txapeelduna hiru taldeetako bat izango den arren, Agotek nabarmendu du garrantzitsuena ez dela lehia. "Guretzat, bertsolaritza eta bertsozaletasuna sustatzea da helburu nagusia; lehia bigarren mailakoa da". Garaileentzat ez dela sari handirik izango ohartarazi du. Halere, tarte batez bertsoez gozatzeko parada izango da, umorea eta jai giroa izango baitira nagusi. Gainera, finalaren ondoren, jaiarekin jarraitzeko, afaria egingo dute Lesakako Linddurrenborda sagardotegian. Oraindik txartelik erosteko aukerarik baden galdetuta, guztiak amaitu direla adierazi du Agotek.

Sagardotegirako ez, baina Bardoak taldekako txapelketako finalerako sarrerak erosteko aukerarik bada oraindik. Gaur Bera, Leitza, Lekunberri, Etxarri-Aranatz eta Iruñean bertso saioetako sarrerak erosteko, ohiko tokietan eskuratu ahal izango dira, eta baita Internet bidez ere, www.bertsosarrera.eu web atarian. Bihar, sarrerarik geldituz gero, finala baino lehen salgai izango dira, Lesakako pilotalekuko leihatilan.

Eskolarteko txapelketa

Mikel Lasarte barañaindarrak irabazi zuen hirugarren aldiz joan den asteburuan jokatutako Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, eta Maddalen Lopez lesakarra sailkatu zen bigarren. Orotara, 14 eta 18 urte arteko zortzi bertsolarik parte hartu zuten finalean. Heldu den ekainaren 21ean Orion (Gipuzkoa) jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, Nafarroako ordezkari gisa abestuko dute Lasartek eta Lopezek.

“Argazki on batek istorio bat kontatuko du berak bakarrik”

"Photoshopekin, denbora gehiago eman behar da ordenagailu aurrean kamerarekin baino". Hala dio Josu Santesteban argazkilariak (Iruñea, 1975). Teknologia berriek erabat aldatu dute argazkilaritza Santestebanen ustez. "Lehen, argazkia atera eta horrela gelditzen zen. Orain, ordea, ukiturik ematen ez bada, lanaren erdia falta dela ematen du". Horrez gain, teknologia berrien sozializazioak argazkilaritza egoera prekariora eraman duela uste du, egun teknologia berriak oso eskura baitaude, eta hedabideak horren jakitun dira. Hala ere, argazkilariak bere lanaren garrantzia nabarmendu du; haren aburuz, prekarietateak kalitatearen jaitsiera handia ekarri du. "Argazki on batek istorio bat kontatu behar du berak bakarrik, inork ezer gehiago esan gabe", dio Santestebanek.

Betidanik gustuko izan du Santestebanek argazkilaritza. Hori dela eta, ikus-entzuneko ikasketak egin zituen Iruñeko Arte eta Lanbideen Eskolan. "Eskolatik atera, eta Canal 4-n hasi nintzen lanean, kamerari gisa. Ikus-entzunezko modulua argazkilaritzara telebistara baino zuzenduago dago. Baina ni telebistan hasi nintzen". Telebistako lanarekin batera, argazkilaritzan bidea egiten hasi zen. "Niri argazkilaritza gustatzen zitzaidan, eta Euskaldunon Egunkaria-rekin kolaboratzen hasi nintzen". Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuenean, Nabarreria argitalpen enpresa sortu zuen beste lagun batekin. "Urte dezente egon nintzen bertan. Garairik onenetan Gara egunkarirako kolaborazioak eta sei edo zazpi auzo aldizkari egin genituen", esan du Santestebanek. Baina krisi ekonomikoak eta beste hainbat arrazoik Nabarreria proiektuaren itxiera ekarri zuten. Horren ondorioz, hainbat auzo aldizkari bertan behera gelditu ziren. Hala ere, duela hamabost urte Santestebanek eta beste bi lagunek sortu zuten Txantrean Auzolanean aldizkariak bizirik dirau. "Aldizkaria itxi zenean, hainbat pertsona elkartu ziren, eta aldizkariak aurrera jarraitu behar zuela erabaki zuten. Orduan, hasieran bezala funtzionatzen hasi zen berriz ere, auzolanean. Hori bai, esperientzia gehiagorekin", adierazi du Santestebanek.

Argazkilaritza egoera txarrean dago. "Prentsan lan gutxi dago. Egun, 'edonor' izan daiteke argazkilaria. Hedabideek badakite hori, eta euren interesen arabera baliatzen dute. Hainbatetan kazetariak bidaltzen dituzte argazki kamerarekin, eta esaten diete: 'Atera argazkiak eta egin bideo bat'". Baina horrek argazkien kalitateak behera egitea dakar. "Ni milaka prentsaurrekotan egon naiz. Ikusi ditut kazetariak lekutik altxatu gabe argazkiak ateratzen. Ez da zertan espezialista izan. Baina, gutxienez, argazkia egingo zaionarengana hurbildu eta begia egokitu". Azken urteetan ohiko bilakatu da hedabideek hainbat gairen inguruan irakurleei eta ikus-entzuleei argazkiak eskatzea. Horrelako ekinbideek argazkilarien lana gutxitu dute erabat: "Jada ez da argazkia ondo edo gaizki egina dagoen baloratzen. Pixel kopuruari bakarrik jartzen zaio arreta; gero eta Pixel gehiago, gero eta argazki hobea", dio Santestebanek.

Estudioetan ere lan egiten dute argazkilariek. Bertan, hainbat lan mota egiten dituzte, besteak beste, jaunartze, ezkontza eta iragarkietarako katalogoak. Baita norberarentzako argazkiak ere. Nabarreria proiektua bertan behera geratu zenean, estudioko lanean sartu zen buru-belarri Santesteban. "Beste bi lagunekin, estudio txiki bat nuen Antsoainen. Bigarren mailako lan bezala nuen, lagunentzako gauzak egiteko. Baina estudioko lanarekin modu serioan hasi nintzenean, lekuz aldatzeko beharra nuen. Oso toki txarrean baitzegoen Antsoaingo estudioa". Beraz, beste leku baten bila hasi zen Santesteban. Burlatako Morea kalean aurkitu zuen lokal egokia. Bertan du estudioa eta denda txiki bat. Horrez gain, Pixel Art enpresa sortu du beste bi lagunekin. Argazkia eta bideoa uztartzen dituen proiektu bat da. Argazkilaritzaren egoerak etengabeko egokitzapenera bultzatu du Santesteban.

Baliabideen "sozializazioaz" gain, argazkiak moldatzeko aukera erabat zabaldu da. "Jendeak esan ohi du: 'Kendu hori edo jarri beste hura'". Santesteban horren aurka dago. "Nik koloreak eta argia ukitu ohi ditut, baina ezer gehiago ez. Norbaitek ximur edo orbainen bat badu, ez dut kenduko. Norbera den modukoa da. Hala ere, baten bat oso astuna jartzen baldin bada, kenduko diot. Baina ez dut gogoko", dio Santestebanek.

Arazo guztien gainetik, argazkilaritza maite du Santestebanek. Aukeratzekotan, prentsan lan egin nahiko luke. "Informatua zaude, eta jende gutxi hel daitekeen tokietara heltzen zara". Horrez gain, norberaren lana publikatuta ikusteak sortzen duen harrotasunaz ere hitz egin du. "Argazkiek informatu bai, baina gehienbat transmititu egin behar dute". Horretarako, argazki makina menperatu behar da. Baina hori bezain garrantzitsua da "argazkiarekin kontatu nahi dena argi izatea".