“Bezeroari iruzur eginez gero, ez da tailerrera berriz itzuliko”

Txikia zela, anaia nagusiak motorrean nola ibiltzen ziren leihotik begira egoten zen, hanka puntetan jarrita, Felix Gamio (Irurita, Baztan, 1982). Abiadura eta motor hotsa biziki maite ditu. Apurka-apurka hazi zen heinean, begira egoteari utzi, eta motorrak eta autoak gidatzen hasi zen. Ez zuen inolako zalantzarik izan lanbide heziketan zer ikasi nahi zuen galdetu ziotenean: “Nik mekanikaria izan nahi dut”, erantzun zuen. Ikasketak amaituta, duela hamabi urte hasi zen mekanikari gisa lanean, auto italiarrak saltzen dituen kontzesionario batean. Bere lanbidea afizioa ere badela jakinarazi du.

Azken hamarkadan autoen mekanika izugarri aldatu dela jakinarazi du Gamiok. “Alde handia dago auto zaharrak edo berriak konpondu”, adierazi du. Mekanika asko garatu dela dioen arren, aurrerapen handiena elektronikaren bidetik heldu dela nabarmendu du. Horregatik, mekanikariak etengabeko formazioa izan behar duela azpimarratu du, eskaintzen den zerbitzua “kalitatezkoa” izan dadin.

Dena den, etorkizun laburrean autoek izan dezaketen garapena krisi ekonomikoaren mende egon daitekeela ohartarazi du Gamiok. Izan ere, 2008. urte amaieratik nabarmen jaitsi dira auto kontzesionarioetako salmentak. “Lehen, ohikoa zen bortz urtean behin autoa aldatzea; orain, ordea, ez dago halako konturik”. Egoera ekonomikoa bideratzean jendeak lehengo ohiturak berreskuratuko dituen zalantzan jarri du Gamiok. Iruñerriko auto kontzesionario asko kinka larrian daudela jakinarazi du, gainera.

Berriak zein zaharrak izan, beti dago autoren bat konpontzeko. Baina autoaren iraupena luzatzeko azterketa teknikoak profesionalek agindutakoan egiteko gomendatu du. “Gehienetan gurera matxura larri xamarra duen autoren bat ekartzen dutenean, olioa garaiz aldatuta, hau da, mantentze egokia eginda, ekidin daiteke”.

Hala ere, auto batek izan dezakeen matxura zehazteko protokolo zehatza jarraitzen dute mekanikariek. Lehenik, bezeroak autoan arazoren bat dagoenean zertan atzeman duen galdetzen diete. “Sarritan autoak egiten duen soinuan aldaketa bat izan delako ohartzen da bezeroa autoak arazoren bat duela”. Matxura non den ebazteko “sena” ere erabiltzen dute, eta sen hori esperientziarekin batera garatzen dela argitu du.

Tailerrean finkoak diren bezeroen autoak ondo ezagutzen dituzte. Ezagutza horri jarraituta baliatzen dute sena. “Baina aitortu behar dut beti ez dugula asmatzen; batzuetan, bestelako azterketa batzuk egiten ditugu ordenagailuen bitartez”. Gamiok ohartarazi duenez, auto kontzesionarioak zehaztuta dauka matxura mota bakoitza konpontzeko gutxi gorabehera behar duten denbora. Ondorioz, sarritan presiopean lan egiten dutela aitortu du, eta hori dela bere ofizioaren alderik txarrena.

“Konponketa guztiak ez dira berdinak izaten; arazoren bat sortzean presioa ere handitu egiten da”. Dena den, mekanikari batek izan dezakeen baliorik garrantzitsuenetakoa “zintzotasuna” dela jakinarazi du. Izan ere, sarritan egotzi izan zaie mekanikariei faktura puzteko duten joera, behar baino konponketa gehiago eginda. Hala ere, mito hori ukatu egin du. “Bezeroari iruzur eginez gero, ez da tailerrera berriz itzuliko”. Beraz, iruzur egiten duten mekanikariak gutxiengoa direla aldarrikatu du.

Autoak zaharberritzen

Erronkak maite ditu Gamiok. Horregatik, libre duen denbora apurra auto zaharrak konpontzen ematen du. Ibilgailu horiek duten mekanika “sinplea” maite du. “Kapota ireki orduko ageri-agerikoa da nola funtzionatzen duen autoak, eta hori atsegin dut”. Azkenaldian auto zaharrak konpontzeko afizioa dezente hedatu dela jakinarazi du Gamiok. “Beste eremu anitzetan bezala, moda kontua da”.

Zaharberritu dituen autoen artean Willys markako noranahikoa da gehien gustatzen zaiona. Batez ere, militarrek erabiltzen zuten noranahiko hori. Egun, oraindik hainbat armadak erabiltzen dutela dio. “Auto berezia da; zarata izugarria egiten du, eta maldan gora erraz ibiltzen da”. Willys noranahikoa Ramontxo anaiarekin batera erosi zuen —mekanikaria da hura ere—. “Hasieran, traste zahar bat besterik ez zen, eta apurka-apurka itxura ematea lortu genuen”.

Azaldu duenez, hasieran Willysaren piezak lortzea ez zen batere erraza izan. Baina gero eta gehiago dira Interneten halako piezak erosteko eta saltzeko aukera ematen duten webguneak. “Kostata, baina piezak lortu genituenean autoa muntatzen hasi ginen”. Azaldu du euren helburua ez zela eredu originalaren arabera zaharberritzea. Autoa txuriz margotu zuten. Gainera, Willysak autobus baten eserlekuak ditu. “Ez dira eserleku originalak izango, baina erosoak dira”, esan du, irri artean. Oraingoz, epe laburrean ez du halako beste proiekturik, batez ere halako autoak konpontzeko denbora behar delako.