Beste albiste batzuk

D eredua gorde nahi dute Uharten

D eredua dagoen bezala uztea nahi dugu", dio Ainhoa Arrastiok, Aurrera D Uharte plataformako kideak. Nafarroako Gobernuak Ingelesez Ikasteko Programa ezarri nahi du Uharteko Virgen Blanca ikastetxe publikoan. Bertan, A, G eta D ereduak eskaintzen dituzte, eta D ereduko ikasleen gurasoak ez daude ados Ingelesez Ikasteko Programarekin. Iazko apirilean, Aurrera D Uharte plataforma sortu zuten hainbat guraso, irakasle eta herritarrek. Hezkuntza Departamenduarekin hitz egiten saiatu dira, programa berria ez dutela nahi adierazteko. Ostegunean, David Herreros Hezkuntza Departamenduko zuzendariarekin bildu ziren. Espero dute gobernuak bertan behera uztea egitasmoa. Dena dela, departamenduak ez badu haien aldarrikapena aintzat hartzen, plataformako kideek esan dute aurrera egingo dutela. "Ez gara geldirik egongo", adierazi dute.

Nafarroako Gobernua hainbatetan saiatu da ingelesezko ereduak jartzen Uharteko Virgen Blanca ikastetxe publikoan. "Orain hiru urte, isilean jakin genuen Hizkuntzen Trataera Bateratua jarri nahi zutela eskolan. Azkenean, horrek ez zuen aurrera egin, Eskolako Batzorde Pedagogikoa, klaustroa eta kontseilua aurka agertu zirelako", dio Iñaki Martinez plataformako kideak. Gero, 2012ko azaroan, 2013-2014ko ikasturterako Ingelesez Ikasteko Programa ezarriko zutela jakin zuten Uharteko eskolako gurasoek. "Departamenduak eskolako zuzendariari deitu zion, eta esan zioten %99koa zela 2013-2014ko ikasturtean eskolan Ingelesez Ikasteko Programa jartzeko aukera", azaldu du Garbiñe Lamariano plataformako kideak. Orduan, Zumedia guraso elkarteak hainbat mobilizazio egin zituen. Azkenean, 2013ko otsailean, aurrematrikulatzeko garaian Ingelesez Ikasteko Programa izan behar zuten eskolen zerrenda publikatu zuen Hezkuntza Departamenduak, eta Uharteko Virgen Blanca ez zen agertzen zerrendan. Hori bai, haurrak matrikulatzerakoan, idazkariek gurasoak ohartarazi zituzten. "Ez ziguten paperik erakutsi, baina ahoz aipatu ziguten 2014-2015eko ikasturtean Ingelesez Ikasteko Programa Haur Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan jarriko zutela, hau da, atzerako eraginarekin. Hori ez dute inoiz egin", azaldu du Arrastiok. Orduan, gurasoek pentsatu zuten urtebete zutela programa berriari aurre egiteko, eta biltzen hasi ziren. "Apirilean, Aurrera D Uharte plataforma aurkeztu genuen, webgunearekin eta manifestuarekin batera", dio Martinezek. Baina plataformako kideek gehien baloratzen dutena berezko diskurtsoa sortu izana da. "Orain arte, jendea programaren aurka zegoen, baina ez zuten argudiorik. Plataformak lan handia egin du bere burua argudioz janzteko", azaldu du Lamarianok.Iazko azaroan, eskolako klaustroak eta Uharteko udalbatzak bat egin zuten plataformaren aldarrikapenarekin. Era berean, Zumedia guraso elkarteak ere D eredua dagoen bezala uzteko eskatu du.

Nafarroako Gobernua hirugarren saioa egiten ari da aurten D ereduan ingelesezko eredua ezartzeko. Horren inguruan galdetuta, plataformako kideek susmo batzuk dituzte. "Iruñerrian, D eredua maila berean mantendu da azken urteetan, baina Uharten gora egin du, eta beste bi ereduak, A eta G, gainditu ditu. Uste dugu gobernuak D ereduaren igoera eten nahi duela", adierazi du Martinezek. Hezkuntza Departamenduko ikuskariek horrela adierazi diete, erabakia politikoa dela. Hezkuntza Departamenduko zuzendariak ere beste hainbeste esan zion Uharteko eskolako zuzendariari. "Herrerosek esan zuen berak ez zuela erabaki hori hartu, 'goitik' etorri zela". Plataformako kideak ez dira harritu horretaz. "Presidenteak berak esan zuen, telebistan, programa berria D ereduaren aurka egiteko sortu dutela", dio Arrastiok.

Baliabide gutxiko programa

Virgen Blanca ikastetxeko gurasoak ez dira fio Ingelesez Ikasteko Programaz. "Ez dago baliabiderik, eta irakasleak ez daude prestatuak", azaldu du Ainhoa Cendrak, Aurrera D Uharteko kideak. Plataformako kideen arabera, programa berrian ingelesezko ordu gehiago egingo dituzte. Horretarako, hainbat irakasgai emango dituzte ingelesez. Orotara, astean zortzi saio jasoko dituzte haurrek ingelesez. Saio horiek ez daude zehaztuta. "Ingelesez eman beharreko irakasgaiak eskola bakoitzeko irakasleen gaitasunaren araberakoak izango dira. Hau da, matematiketako irakasleak eta musikakoak ingelesez badakite, haiek emango dute euren irakasgaia ingelesez. Inprobisazio hutsa da. Ez dago batere planifikaziorik", esan du Martinezek.

Urtarrilaren 29an, plataformako kideek mahai ingurua antolatu zuten hizkuntzen irakaskuntzako adituekin. Parte hartu zuten, besteak beste, Pablo Sotes NUPeko Hizkuntza Plangintza zuzendariak, Uri Ruiz Bikandi hizkuntza irakaskuntzan aditu eta EHUko irakasleak eta Ernesto Delas Sortzeneko kide eta Ingelesez Irakasteko Programako irakasleak. Ruizen arabera, hobe da umeak nerabezaroan hastea irakasgaiak ingelesez jasotzen. Horiek ez dituzte irakasgaiak ingelesez ulertzen, ez baitakite nahikoa. Gainera, programa berrirako ez dago ia materialik. "Erabiltzen diren liburuak laburpenak dira", esan zuen Delasek.

Materialaz gain, irakasleen prestakuntzaz jardun zuten mahai inguruan. "Urik esan zuen materiala bezain garrantzitsua dela irakaslearen adierazpen gaitasuna. Horretan ere, programak kale egiten du, irakasleei ez zaielako beharrezko maila eskatzen", dio Lamarianok. Ingelesez eskolak emateko C1 maila behar da. "Hezkuntza Departamenduan esan ziguten irakasleen erdiek ez zutela ingelesezko C1 maila, ezta hurrik ere. Beraz, gobernuak azterketa berezia egiten du. Hori gaindituz gero, bi urtez eskolak ingelesez emateko baimena dute irakasleek", dio Cedranek. Tere Rekalde Virgen Blancako irakaslea da, eta C1 maila du: "Nik ez dut neure burua gai ikusten eskolak ingelesez egiteko, ez baita gauza bera hizkuntza jakitea eta eskolak ematea. Hizkuntza teknika ezagutu behar da".

Udalen Maparen aurka sinatu dute 712 hautetsik

Joan den larunbatean ehunka hautetsik Berriozarren egindako agerraldiaren ostean, behin-behinean Udal Mapa berriaren proiektua bertan behera uztea erabaki du Nafarroako Parlamentuak. Bildu eta Aralarrek egindako eskaera aintzat hartu zuten Nafarroako ...

Iruñeko udal jantokiko erabiltzaile kopurua ia %20 hazi da azken urtean

Gero eta familia gehiagok jotzen dute Iruñeko udal jantokira. Azken urtean, erabiltzaileen %18,7 adingabeak ziren. Zerbitzua martxan jarri zutenean, 2010ean, adingabeak %4,5 baino ez ziren. Horrez gain, erabiltzaile kopuru orokorrak ere gora egin du. Iaz, 282 lagunek jan zuten udal jantokian; 2012an, berriz, 234k. Orotara, urtebetean ia %20 hazi da erabiltzaile kopurua.

Oscus 0,50 udal jantokia 2010ean jarri zuen martxan Iruñeko Udalak. Nabarreria kaleko 31. zenbakian dago, eta 50 pertsonarentzako tokia du. Bertan, 0,50 euroren truke ematen dituzte bazkariak eta afariak. Otorduak jasotzeko eskubidea izateko, udaleko gizarte zerbitzuen azterketa pasatu behar da.

Iaz, 28.474 otordu eman zituzten: 16.610 bazkari eta 11.864 afari. Egunero, batez beste 80,1 zerbitzu eskaini dituzte. Duela bi urte, egun bakoitzean batez beste 72,6 otordu ematen zituzten. Horrek esan nahi du %10 igo dela egunerokoan zerbitzua jaso zuten pertsonen kopurua.

Hala ere, 2013an 2012an baino afari gutxiago eman zituzten. Jantokia ireki zutenetik aurrez aurreko bazkariak eskaintzen zituzten, eta afaltzeko, berriz, tuperrak ematen zituzten. Baina 2013. urtean, tuperrak emateari utzi, eta aurrez aurreko afariak eskaintzen hasi ziren. Jantokiko arduradunek uste dute aldaketa horren eraginez jende gutxiagok afaldu duela jangela publikoan; izan ere, lehen afariak eguerdian bertan ematen zizkieten erabiltzaileei. Hala, behin baino ez zuten joan behar jantokira. Iragan larunbatean, afaltzeko tuperrak ematen hasi ziren eguerdian.

Jantokiko erabiltzaileen profilari dagokionez, gehienak gizonezkoak dira, eta ez dute inolako gizarte laguntzarik jasotzen. Jantokia egunero irekitzen dute, sanferminetan izan ezik.

“Pastak ez du gizentzen, pastari botatzen dioguna da gakoa”

"Nahiago dut pestizida, belar hiltzaile, ongarri eta nitrato gabeko elikagaiak hartzea". Hala dio Maximiliano Martinelli pastagileak (Barga, Italia, 1971). Eskuz egindako pasta ekologikoa egiten du. Duela hogei urte etorri zen Euskal Herrira, maitasunagatik. Betidanik gustuko izan du pasta, Italian bizi zenean ia egunero jaten zuen. "Txikitatik egin dugu pasta etxean; oroitzapen onak ekartzen dizkit". Pastak, karbohidrato asko dituenez, gizentzen duen ustea dago. Martinellik hori gezurtatu du. "Pastak ez du gizentzen, ogia bezalakoa da. Pastari botatzen dioguna da gakoa. Pastari carbonara saltsa botaz gero, normala da gizentzea. Baina barazkiekin eta olio pixka batekin janez gero, ez dago inongo arazorik", azaldu du Martinellik.

"Bost urte baino gehiago daramatzat kontsumo talde batean. Nire egunerokoan saiatzen naiz gauza ekologikoak erosten, besteak beste, janari ekologikoa eta hemen egindako arropa", azaldu du Martinellik. Horregatik erabaki zuen pasta ekologikoa egitea, bere buruarekin kontsekuente izateko. Gainera, pastagile asko daude; Martinelliren produktua, ordea, berezia da, eta horrek tokia egiten dio merkatuan.

Produktu ekologikoak egiteko, lehengaiek ere ekologikoak izan behar dute. Gari gogorrarekin egiten du pasta Martinellik. Bila hasi zen, eta Nafarroan ez zuen gari gogor ekologikorik aurkitu. "Aragoin gari gogor ekologikoa lantzen duen kooperatiba bat aurkitu dut". Gari hori erabiltzen du, proteina asko dituelako, eta pasta egiteko beharrezkoa den semola lortzen du horrela. Pasta ekologikoa, integrala eta zuria egiten du.

Lehengaiez gain, pasta lantzeko modua ere garrantzitsua da. Semola uretan jartzen du 20 minutuz, ondoren, brontzezko trefilarekin mozteko. "Brontzezko trefilak porositate handia ematen dio pastari. Hori, egosterakoan, baina baita saltsarekin nahasterakoan ere, asko nabaritzen da", azaldu du Martinellik. Moztu eta forma eman eta gero, pasta lehortu egin behar da. "Lehorketa motela egiten dut nik, pasta 40 gradutik beherako tenperaturan utzita. Bero gehiagorekin pasta azkarrago lehortzen da, baina kalitate handia galtzen du".

Aurrera begira beste ideia batzuk ere baditu. "Martxo aldera, espelta gariarekin saiatuko naiz pasta egiten". Elikadura adituen arabera, espeltak gari gogorrak baino digestio hobea eragiten du. Horrez gain, uda aldera azenarioa, tipula eta tomatearekin pasta egiteko ahalegina egin nahi du. "Orain, baratzean ez dago gauza askorik. Uda heltzean saiatuko naiz pasta berriak egiten. Betiere ekologikoak direnak". Buruan duen beste produktua tagliatelleak dira. Baina horretarako pasta egiteko makina egokitu behar du. "Makinatik mozteko orduan, pasta luzera ezberdinean mozten du. Beraz, dena luzera berean mozteko, kurba egiten duen gailua behar dut. Horren bidez, pasta ez da hautsiko, eta nahi dudan unean moztu ahal izango da".

Iazko urtarrilean hasi zen enpresa sortzen. Garraiolari lanetan ibili da urtetan Martinelli, kamioiarekin. Hilabetetako lanaren ostean, azaroan hasi zen pasta saltzen. "Hiru hilabete daramatzat saltzen, eta oraingoz aurrera doa. Behin erosita, hainbatek errepikatu egin dute. Gainera, produktua gero eta ezagunagoa da". Interneten saltzen du, baina baita dendatan ere. "Belar dendatan saltzen dute Martinelli pasta. Leku berezietan saltzeko produktua da". Pasta industriala baino garestiagoa bada ere, Martinellik uste du eskuz egindako pasta ekologikoa izateko ez dela garestia: 2,10 euro kilo erdiak.

Gaur egun, Iruñerria osoan saltzen du, eta Gipuzkoara zabaltzen ari da. "Donostia, Irun, Andoain eta Errenterian badago salgai. Nafarroatik kanpo joatea garrantzitsua da, abuztuan ez baita inor gelditzen", dio pastagileak. Garraiolaria zenean baino ordu gehiago egiten du lan Martinellik orain. Baina ez zaio axola, orain gustuko lana egiten baitu. "Goizean 06:00etan altxatzen naiz egunero, eta 14:30 arte lan egiten dut lantegian. Gero, bazkaldu, eta arratsaldean saltzaile lana egiten dut. Dendaz denda joaten naiz, nire pasta saltzen".

Jateko hamaika modu

Pasta mota asko daude. Martinellik kiribila, maskor itxurakoa eta makarroiak egiten ditu. Guztiak edozein modura jan daitezke; hala ere, Martinellik baditu bere lehentasunak. "Kiribilak finagoak dira, beraz, nik nahiago dut, adibidez, olioa eta gazta parmatar xehatuarekin jan. Makarroiak eta maskor itxura dutenak, hobeak dira saltsarekin jateko. Baina bakoitzak nahi duen bezala jateko dira". Martinelliri asko gustatzen zaio pasta, eta edozein erara jaten du, baina bereziki gogoko du pasta kiribila, olio, baratxuri eta kaiena apur batekin jatea.

Enpresa martxan jartzeko hamar hilabete behar izan ditu Martinellik. Hiru hilabete baino gutxiago daramatza saltzen, baina enpresa txikia aurrera doa. Kalitatezko produktu osasuntsuak eskaini nahi ditu Martinellik.

“Jendeak edozertarako hartzen ditu pilulak, gero eta gehiago”

"Lehen, jendea elizara joaten zen konfesatzera; orain, medikuok egiten dugu lan hori, baina penitentziarik gabe", dio erdi brometan Arantxa Martinez medikuak (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1954). Basaburuan lan egiten du orain dela 28 urtetik. Herrietako jendea beste kasta batekoa dela uste du Martinezek. "Herrietan, jendea oso gogorra da; medikuarenera doazenean, oso larria delako da". Lanean eman dituen urteetan denetarik ikusi du, baina, azkenaldian, gustuko ez duen joera bat igarri du gizartean. "Azken urteetan, jendeak edozertarako hartzen ditu pilulak, gero eta gehiago. Esaten dute: 'Gidabaimena atera behar dut, baina oso urduri jartzen naiz; pilula bat behar dut'. Ez dakit zergatik gertatzen den; badirudi jendeak ez dakiela frustrazioei aurre egiten", adierazi du Martinezek.

Umea zenetik, argi zuen medikua izan nahi zuela. "Las chicas de la Cruz Roja filma ikusi [Gurutze Gorriko neskatoak], eta esan nuen: 'Medikua izan behar dut'", kontatu du Martinezek. Hori bai, ikasketak aukeratzeko orduan, zalantza izan zuen. "Matrikulatu behar nuenean, pentsatu nuen: 'Zergatik ez ditut zuzenbide ikasketak egingo?', baina zalantza bat baino ez zen izan. Medikuntza egin nuen, Zaragozan [Espainia]". Medikuntza orokorrean espezializatu zen, eta, geroztik, 32 urte daramatza lanean. Urte gehienak, 28, Basaburuan eman ditu. Hasieran, Arrasateko ospitalean lan egin zuen (Gipuzkoa). "Urtebete egon nintzen Arrasaten, larrialdietan. Asko ikasi nuen, baina oso urte gogorra izan zen", esan du Martinezek. Gipuzkoatik Nafarroara mugitu zen gero, Iruñera. Han, ordezkatzeak egin zituen hainbat tokitan. "Hamar egun leku batean eta hilabete bestean; horrela ibiltzen ginen. Txantrean pasatu nuen denbora gehien". Horren ostean, oposizioa gainditu, eta Basaburuan lana topatu zuen.

Hainbat urte daramatza lanean, eta gauzak asko aldatu dira. "Hasi nintzenean, egunero egin behar ziren zaintzak. Beti egon behar genuen aurkitzeko moduan. Gero, sakabanaketa egin zutenean, bailarako hiru medikuen artean txandakatzen ginen. Guretzat, aurrerapauso handia izan zen, beti egoten baikinen zaintzan". Martinezentzat "oso gogorra" zen hura, besteak beste, umeak zituelako etxean. "Nire senarrak, albaitaria izanik, zaintzak egin behar zituen. Beraz, norbait kontratatu behar genuen gauetan umeekin gelditzeko. Ezin genituen bakarrik utzi", azaldu du. Gaur egun, ez du zaintzarik egiten, 55 urtetik aurrera medikuek eskubidea dutelako zaintzarik ez egiteko. Hala ere, zaintzak egiten dituzten medikuek hilean "hiru edo lau egun" baino ez dituzte egin behar.

"Egunak berdinak dira, baina pertsonak, ezberdinak", dio Martinezek. Egunero, 08:00etan hasten du lana, eta 15:20an bukatzen. "Aurreko urtean hogei minutu luzatu ziguten lanaldia, eta gutxiago kobratzen genuen, gainera", kexu da Martinez. Eriak ikusteko ordutegia 09:00etatik 12:00etara baldin bada ere, jendearen ordutegietara moldatzen dira. "Batzuek esaten dute: 'Zera, 08:30ean lanean sartu behar dut'. Orduan, pixka bat lehenago artatzen ditut. Edo lana 14:00etan Iruñean bukatzen badute, bada, 14:30ean geratzen naiz haiekin. Administrazioko langileei eskaera guztiak hartzeko esaten diegu", azaldu du Martinezek. Hala ere, kontsultan ez da pilatzen jende asko. "Teorian, gaixo bakoitzarekin hamar minutu pasatu behar ditugu, baina arazorik badago edo kasu bereziren bat baldin bada, hogei minutuz edo ordu erdiz artatzen ditugu gaixoak".

Heriotzarekin aurrez aurre

Osasun arloan lan egiten dutenek heriotza parez pare dute egunero. Hainbat kasu daude: batzuetan, aurreikus daitezke, baina, beste batzuetan, heriotza bat-batekoa da. Lanean urteak eman arren, Martinezek dio ezinezkoa dela heriotzara ohitzea. "Oso gogorra da; minbiziarekin, adibidez, jendea prestatzen saiatzen zara. Azaldu nahi izaten diezu gertatuko dena, eta guztia bukatzen ari dela. Baina, bat-batean, bezperan konturatu izan naiz ez dutela ezer ulertu. Orduan, ez dakit nik gaizki azaldu dudan edo besteek ez duten ulertu nahi. Heriotza beti da gogorra; haientzat gehiago, baina medikuentzat ere bai", esan du. Heriotza bizitzako azken urratsa da, eta, haren aburuz, jendea ez dago horretarako prestatua. Gaizki pasatu du heriotza batzuekin: "Egunak egin ditut lo egin ezinik. Heriotza aurreikustea bada zerbait, baina, batzuetan, bat-bateko zoritxarrak gertatzen dira, eta hor ere egon beharra dago".

Egunero, hamaika gaitz aztertzen ditu Martinezek. Batzuetan, istorio latzak ere ezagutu behar izaten ditu. Hala ere, egunero kontsultan egon behar du, umore onez. Beti prest egotea nola lortzen duen azaltzean, hark dio gustuko lana egiten duela. "Nire ustez, lana gustatuz gero, ez dago arazorik. Mundu honetan lana egin behar da. Orduan, gustukoa baldin bada, hobeto egiten da".

“Bihotzean jotzen duen geziaren gisakoa da dantza ikuskizun hau”

Corpus eguneko dantzak bildu dituzte Besta berri ikuskizunean. Besteak beste, Oñatiko (Gipuzkoa) eta Heletako (Nafarroa Beherea) dantzak ikusteko parada izango da. Juan Antonio Urbeltz antropologoa (Iruñea, 1940) aritu da koreografo lanetan. Dantza ikuskizuna "zoragarria" dela aitortu du. Ildo beretik mintzatu da Aritz Ibañez (Iruñea, 1979) Iruñeko Duguna dantza taldeko zuzendaria ere. Orotara, ehun dantzari inguru izango dira agertoki gainean, 30 bat Dugunakoak. Iruñean emanaldi bakarra izango da, bihar, 20:00etan, Baluarte jauregian.

Corpus egunean egiten zen Bestaberri. Baina zer da festa hori zehazki?

JUAN ANTONIO URBELTZ. Corpus Christi egunean Euskal Herriko toki askotan egiten zen festa da Bestaberri. Ipar Euskal Herriko hainbat herritan eta Oñatin oraindik ere egiten dute. Corpus egunean arratsaldeko hiruretan ateratzen dira. Guk Heletan (Nafarroa Beherea) egiten dutena hartu dugu oinarri gisa. Niri izugarri polita iruditzen zait Heletako festa. 1992an, adibidez, Parisera joan ginen, Heletako dantzariekin; Besta Berriko dantzak Champs Elysees antzokian eskaini zituzten, eta ikaragarria izan zen. Hala ere, Besta berri ikuskizunaren atzean denetik dago: makil dantza, ezpata dantza, zomorroak...

Nola sortu zen Besta berri ikuskizuna egiteko ideia?

J. A. U. 70 urte egin nituenean, bileratxo bat egin genuen Argiako kideok. Hamarkada berri baten aurrean nengoen, eta buruan neuzkan ideia batzuen berri eman nuen bilera horretan. Besteak beste, liburu batzuk idazteko eta dantza ikuskizun batzuk egiteko asmoa nuela helarazi nien. Lehenengo xedea, Besta berri ikuskizuna gauzatzea zen, eta, zorionez, lortu dugu. Profesionalak ez diren dantzariek parte hartzen duten ikuskizuna da. Bihotzean jotzen duen geziaren gisakoa da dantza ikuskizuna. Zoragarria!

Zein dantza nabarmenduko zenituzkete biharko ikuskizunetik?

ARITZ IBAÑEZ. Biharko saioak lau zati nagusi izango ditu. Alde batetik, ezpata dantza eta brokel dantza izango dira. Brokel dantzan, garai bateko Donostiako jostunei egingo diegu keinu. Horren ostean, Heletako makil txiki eta jauzia dantzak eskainiko ditugu. Hirugarren zatia Oñatin Corpus egunean dantzatzen dituzten dantzek osatzen dute. Ikuskizunari amaiera 1989. urtean Argiak estreinatu zuten Muriska laneko dantza batzuen bitartez emango diogu.

Nolatan erabaki duzue Muriska-ko dantza batzuk dantzatzea?

J. A. U. Lehen esan dudan bezala, Muriska 1989. urtean estreinatu genuen. Ordutik belaunaldi oso bat igaro da. Muriska izugarria da, leherketa bat. Ni 1959. urtean hasi nintzen dantzan, eta orduan dantza gutxi batzuk bakarrik zeuden, Luzaidekoa, Gipuzkoakoak eta gutxi gehiago. Hura basamortua zen! Urte haiek pasatu ziren, eta orain dantzak duen egoera zoragarria da. Muriska-ren bitartez, euskaldunen gaitasunak agertuko ditugu.

Gainera, Besta berri-n, Jorge Oteiza artista ere ekarriko duzue gogora.

J. A. U. Jorge [Oteiza] zoragarria zen. Arantzazurako hamalau apostolu egin zituen, eta arrazoi zuen. Hala, ikuskizunean, Oñatiko dantzariek arkuekin ingurutxo moduko bat dantzatzen dute. Apostoluak irudikatzen dituzte. Hamabi dantzariak dira, eta aurrekari bat izaten dute aurrean eta atzekari bat atzean. Modu horretan omenaldi txikitxo bat egiten diogu artista oriotarrari. Ikuskizunak erlijioarekin lotura zuzena du. Jesukristo ere irudikatuko dugu, baina oso modu berezian. Eguzkia ere hor egongo da, eta baita deabrua ere, jolasaren adierazle gisa.

Baluarten hainbat dantza talde izango dira, tartean Duguna. Nola sortu zen Argiaren eta Dugunaren arteko hartu-emana?

A. I. Argiarekin 2007. urtean hasi ginen elkarlanean. Lehenago ere izan genituen hartu-eman batzuk, baina 2007an Gipuzkoako dantza batzuen inguruko ikastaro batean hartu genuen parte. Gainera, Iruñeko ezpata dantza berreskuratu nahi genuen, eta Juanani [Urbeltz] eskatu genion laguntza. 2009ko Aldapako sanferminetan estreinatu genuen.

J. A. U. Lehengo aldiz ikusi nuenean izugarri hunkitu nintzen. Jendeak Iruñeko ezpata dantza ikusi zuenean, pentsatu zuen betidanik egiten zela. Guk ez dugu ezer asmatu, berreskuratu baizik. Horregatik iruditzen zaio jendeari Iruñeko ezpata dantza beti dantzatu izan dela. Osagaiak garai jakin bati ez badagozkio, emaitza ere ez.

Lehen aldia da halako ikuskizun bat Baluarten eskaintzen dena.

A. I. Erronka handi samarra da. 1.300 lagun inguru sartzen dira. Lehen aldia denez, guretzat erronka handia da. Gainera, guretzat ohikoena kalean dantzatzea da. Biharkoa polita izanen delakoan nago.

Langileak murriztu izana salatu dute basozainek

Azken urteetan izan den langile murrizketarekin "kezkatuta" dagoela jakinarazi du Nafarroako Oihanzainen Elkarteak. Izan ere, salatu du Nafarroako Gobernuak bi urtean %20 inguru murriztu duela basozainen kopurua. 2013ko urtarrilean 128 basozain zeuden...

“Erronkarin mikroklima dago; horregatik dugu gazta berezia”

Erronkari Nafarroako ipar-ekialdeko bazterrean dagoen ibar txiki bat da. Bertan daude Euskal Herriko mendirik garaienak, 2.000 metrotik gorakoak. Kokapen geografiko hori dela-eta, berezko gazta berezia sortzen dute hango gaztagileek. "Erronkarin mikroklima dago; horregatik dugu gazta berezia", dio Josu Alastuei gaztagileak (Uztarroze, 1958). Ardi gazta da Erronkarikoa, eta klimak modu berezian ontzen du. Alastueik eta lankideek Ekia gazta egiten dute. Ibarrean sei gaztategi daude, batzuk handiagoak eta beste batzuk txikiagoak. Lehia badute beren artean, baina, ibarra txikia izanda, askotan bat egin behar izaten dute ekoizleek. "Guztiok arazo berak ditugu; beraz, elkarri laguntzen diogu aurrera egiteko. Merkatuan topo egiten dugu, baina onartu behar da mundu guztiak duela saltzeko eskubidea", adierazi du gaztagileak.

Alastuei nekatua zegoen lanean alde batetik bestera ibiltzeaz. "Bi bazkide gara, biok Uztarrozekoak. Beti ibiltzen ginen han eta hemen lanean; Iruñean urteetan aritu gara lanean. Baina gogoa genuen herrira itzultzeko eta bertan zerbait egiteko", azaldu du Alastueik. Patxarana egiten hasi ziren. Gazta ere egin nahi zuten, baina ez zuten lokalik. Azkenean, lokala lortu, eta gaztarekin buru-belarri aritzea erabaki zuten. "Bi gauzak batera ezin genituen egin, eta gaztaren alde egin genuen". Betiko lokalean jarraitzen dute; 1993. urtean hasi ziren han lanean. Gaztategia izateaz gain, denda txiki bat ere badute Uztarrozeko lokalean, Kabila enean.

Lau pertsonak lan egiten dute Ekia gazta ekoizteko. Garai onetan zazpi langile ere egon ziren, baina krisiak gogor jo ditu. "Duela sei bat urte, krisia baino lehen, 55.000 kilo gazta egiten genituen urtean; aurten, 32.000 kilo egin ditugu". Azken finean, haiena eskuz egindako produktua da, eta hori prezioan ere nabaritzen da. "Gure produktua pixka bat garestia da. Gainera, ez da premiazko produktua. Eta, nahi izanez gero, gazta merkeagoak ere badaude salgai", dio Alastueik. Gaztategi txikia izanda, ez da nahikoa gazta ona egitea; saltzen ere jakin behar da, eta horretarako mugitu egin behar da. "Napar Bideak kooperatibaren barruan gaude. Bertan hainbat eskulangile batu gara. Saltoki handietan saltzeko, elkartzea halabeharrezkoa da, bestela ez baitute kasurik egiten. Elkartzean, produktu sorta eskaintzen dugu, eta horrela kasu gehiago egiten dute".

Hala ere, saltoki eta dendetan saltzen dutenak baino gehiago, salmenta zuzenak ematen dizkie irabazi gehien. Erronkarin bertan saldu egiten dute, bereziki udan eta zubietan, turistak etortzen direnean. Horrez gain, eskulangileen eta Erdi Aroko azoketara asko joaten dira. "Gehienbat Nafarroa eta Gipuzkoara joaten gara; baita Araba eta Bizkaira ere, baina gutxiago". Udaberriko eta udako asteburu gehienak etxetik kanpo ematen dituzte. "Etxetik kanpo joatea, kilometroak egitea, asteburuetan lan egitea eta abar eskatzen du azoketara joateak. Baina gehien saltzen dugun tokiak dira. Gainera, normalean bitartekariek jasotzen duten zatia guk geuk hartzen dugu azoketan. Beraz, komeni zaigu mugitzea", dio Alastueik.

Euskal Herritik kanpo saltzeko banatzaileak dituzte Madril, Bartzelona eta Zaragozan, baina ez dituzte kopuru handiak mugitzen. Internet ere hor dago. "Napar Bideak-en webgunean Ekia gazta erosteko aukera dago. Oraindik ehunka batzuk baino ez dira saltzen. Nik uste dut jendea oraindik ez dagoela ohitua Internet bidez erosten". Baina etorkizunerako merkatu garrantzitsua dela uste du.

Gaztaren berezitasunak

Ardi gaztarekin egiten da Erronkariko gazta. Historikoki latxa eta rasa ardiekin egin izan dute. Baina rasa ardiak oso esne gutxi ematen du. Beraz, latxarekin lan egin dute gehienbat Erronkariko gaztagileek. Duela urte batzuk, gazta eskari handia zenean, hainbat ekoizlek latxak baino esne gehiago ematen dituzten ardiak erabili nahi zituzten. Baina erabaki hori Europako Batasuneko erakundeei dagokie, haiek zehazten baitituzte Erronkari sormarkaren irizpideak. "Assaf ardia erabili nahi izan dute hainbat ekoizlek. Ardi hori Alemaniako milchschaf eta Israelgo awasi ardien arteko nahasketaren emaitza da. Lacaune ardi frantsesak ere esne asko ematen du. Oraingoz, gaztaren %50 esne horrekin egitea lortu dute", dio Alastueik. Hasieran berezko ardiak zituzten, latxak, baina lan handia zen ardiak zaindu eta gazta egitea. "Lan gehiegi zen; erabaki genuen hobe genuela zereginetako batean arreta jarri eta ahal bezain hobe egiten saiatu". Beraz, ardiak utzi zituzten. Orain, latxaz gain assaf eta Lacaune ardiak ustiatzen dituzten artzainei erosten diete esnea.

Gaztagintzaren sektorea ez da alferkerian ibiltzekoa. Alastueik urte osoa pasatzen du lanean. Gogorra da, baina, gustuko tokian, aldaparik ez. "Urtean astebete opor hartzeko larri ibiltzen gara, baina ohitzea besterik ez da".

“Emakumeen militantzia bigarren mailan utzi dute beti”

Biktima gisa irudikatzen dira askotan gerrek harrapatzen dituzten emakumeak. Izan ere, gerra gizonek egiten dute. Jarrera aktiboa ukatzen zaie emakumeei; ama, arreba, alaba edo emazte dira. Ezkabako espetxean gizonak sartu zituzten, baina preso horien bizitza askoz gogorragoa izango zen haien inguruan sortu zen laguntza sarea sortu izan ez balitz. Laguntza sareek presoak eta haien familiak laguntzen zituzten, eta emakumeek sortu zituzten. Askok senideak zituzten barruan, baina beste batzuek ez: militantzia politikoagatik egiten zuten. Historiaren bigarren mailan geratu diren gertaera horiek gogora ekarri nahi ditu Amaia Kowasch antropologia ikasleak (Iruñea, 1990).

Zer ari zara ikertzen?

Ezkabako espetxean 1934an hasi ziren presoak sartzen, Asturiasko iraultzaren ostean. Horren inguruan, hainbat emakumek laguntza sareak osatu zituzten. Oro har, bi sare mota daude. Alde batetik, Iruñeko emakumeek beren ideologiagatik eta militantziagatik hamaika gauza egiten zituzten Ezkabako presoak laguntzeko; besteak beste, janaria eta arropa eraman, eskutitzak atera, Iruñeko berriak kontatu eta bisitan joan. Bestalde, Espainia osoko emakumeak zeuden. Nik ikertu dut Segoviako hainbat herritan zuten antolakuntza. Senideak Ezkaban preso zituzten emakumeak antolatu egiten ziren bisitak egiteko. Guztien artean dirua eta janaria jartzen zuten, eta txandaka igotzen ziren. Nik Segoviako kasua ikertu dut, baina Espainia osoan sortu ziren horrelako sareak. Badakit Valladoliden ere antzeko sare bat egon zela.

Nolakoa zen Segoviatik Iruñerainoko bidaia?

Komunikazioa ez zen gaur egungoa bezalakoa. Nik hiru herritako emakumeak elkarrizketatu ditut: Cuellar, Cova eta Nava de Asuncionekoak. Lehenengo eta behin, Segoviara joan, han trena hartu, eta Medina del Campora heltzen ziren. Bertan trenez aldatu, eta Altsasuraino joaten ziren. Han, berriz ere trenez aldatu, eta Iruñeraino. Bidaia luzea zen, 24 ordukoa. Etxera itzultzeko, beste horrenbeste. Beraz, gutxienez hiru egun behar zituzten bidaia egiteko. Emakumeek lana baldin bazuten, lanegunak galtzen zituzten. Kanpotik zetorren jendeak harremana zuen bertako laguntza sareko emakumeekin. Tren geltokira joaten ziren bila; etxean hartu, eta jateko pixka bat ematen zieten. Espetxera nola igo ere esaten zieten.

Zenbatean behin egiten zuten bidaia?

Bi astean behin egiten zuten bidaia. Lehen esan bezala, emakume guztien artean dirua eta janaria jartzen zuten, eta binaka igotzen ziren. Nik ez dut testigantzarik lortu, baina, dirudienez, batzuetan ez ziren joaten espetxe bakarrera. Behin bidaia egiten zutela, Saturraranera joaten ziren [Mutriku, Gipuzkoa], gero Iruñera, eta bueltan baita Madrilgo Las Ventaseko espetxera ere.

Sare bakarra zegoen, edo bat baino gehiago ziren?

Nik Iruñean bi testigantza ditut orain arte. Bakoitzak era batera laguntzen zuen. Lehena emakume abertzalea zen; emakume horrek bere ideologiakoak bakarrik laguntzen zituen. Ezkabako espetxea brigadetan banatua zegoen; Bilboko jende abertzalea zegoen brigada batean. Bilboko emakumeak etortzen ziren haien etxeetara, eta, gaur egun, oraindik badute harremana. Bigarrena nire amona da. Hura Laguntza Gorrikoa zen, garaiko erakunde batekoa. Abertzalea zen, baina ez zuen ideologia kontuan hartzen laguntza emateko garaian. Bartzelonako anarkista baten familiarekin egon zen, Madrilgo beste batekin, eta beste hainbatekin.

Zer arrisku zituen laguntza hori emateak?

Oso bizimodu gogorra izan zuten emakume horiek. Gizonak espetxean egon ziren, eta garrantzi handia eman zitzaien. Emakumeen militantzia bigarren mailan utzi dute beti. Gainera, askotan modu biktimistan agertu dira, ilea mozten zietelako eta abar. Badaude ikerketak emakumeen aurkako errepresiorik gogorrena aztertu dutenak, baina ez da inon agertzen emakume horiek egin zuten borroka senarra edo semea espetxetik ateratzeko eta, aldi berean, familia aurrera ateratzeko. Badirudi espetxean egon ez zirenez ez duela inporta. Baina asko borrokatu ziren. Lan egiten zuten ahal zuten tokian; edozer egiten zuten Iruñera etorri ahal izateko. Denak ez ziren emazteak; bazeuden 16 urteko presoak ere. Horiek ez zuten ez bikoterik ez ezer, eta familia arduratzen zen guztiaz. Niri testigantza batean esan didate: "Preso nituen osaba, aitona, aita eta neba: familiako gizon guztiak". Emakume batzuk hona etortzen ziren bizitzera herrian ez zutelako ezer, eta, gainera, jazarriak ziren. Mundu guztiak zekien haien familia preso zegoela beste aldekoa izateagatik. Hainbat kasutan, argia, ura eta etxea kentzen zieten, edo lanik gabe uzten zituzten. Egoera horretan, nahiago zuten Iruñera etorri. Horrez gain, laguntza sareetako emakumeak atxilotu, polizia etxera eraman, eta torturatu egin zituzten. Ezkabako presoak laguntzeagatik edo haiekin hitz egiteagatik salatzen zituzten. Hainbatetan, laguntza sareko emakumeak ez ziren sartzen presoen familietakoak eta senideak izango balira bezala. Asko arriskatzen zuten.

Zer jarrera izaten du jendeak galdezka zoazenean?

Hitz egin nahi duten emakumeek asko hitz egiten dute. Gainera, hitz egin ostean burutik pisu bat kendu dutela dirudi. Alde batetik, ez dute uste norbaiti interesatu ahal zaionik beren historia. Baina, beste alde batetik, pentsatzen dute badela garaia norbaitek haiek egindako lanaz galdetzeko: zeinen gaizki pasatzen zuten Ezkabara igotzen, edo nola egun batean ia bertan geratu ziren elurra zela eta. Gero, badaude emakumeak hitz egin bai, baina testigantzarik eman nahi ez dutenak. Oso testigantza gogorrak dituzte, eta oraindik beldur dira. Nik esaten diet nahi izanez gero ez dudala izenik jarriko, baina grabazioa gutxienez egin behar dudala. Hainbatetan, elkarrizketa bukatu eta galdetzen didate ea zerbait gertatu ahal zaien hori kontatzeagatik.