“Jendeak edozertarako hartzen ditu pilulak, gero eta gehiago”

“Lehen, jendea elizara joaten zen konfesatzera; orain, medikuok egiten dugu lan hori, baina penitentziarik gabe”, dio erdi brometan Arantxa Martinez medikuak (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1954). Basaburuan lan egiten du orain dela 28 urtetik. Herrietako jendea beste kasta batekoa dela uste du Martinezek. “Herrietan, jendea oso gogorra da; medikuarenera doazenean, oso larria delako da”. Lanean eman dituen urteetan denetarik ikusi du, baina, azkenaldian, gustuko ez duen joera bat igarri du gizartean. “Azken urteetan, jendeak edozertarako hartzen ditu pilulak, gero eta gehiago. Esaten dute: ‘Gidabaimena atera behar dut, baina oso urduri jartzen naiz; pilula bat behar dut’. Ez dakit zergatik gertatzen den; badirudi jendeak ez dakiela frustrazioei aurre egiten”, adierazi du Martinezek.

Umea zenetik, argi zuen medikua izan nahi zuela. “Las chicas de la Cruz Roja filma ikusi [Gurutze Gorriko neskatoak], eta esan nuen: ‘Medikua izan behar dut'”, kontatu du Martinezek. Hori bai, ikasketak aukeratzeko orduan, zalantza izan zuen. “Matrikulatu behar nuenean, pentsatu nuen: ‘Zergatik ez ditut zuzenbide ikasketak egingo?’, baina zalantza bat baino ez zen izan. Medikuntza egin nuen, Zaragozan [Espainia]”. Medikuntza orokorrean espezializatu zen, eta, geroztik, 32 urte daramatza lanean. Urte gehienak, 28, Basaburuan eman ditu. Hasieran, Arrasateko ospitalean lan egin zuen (Gipuzkoa). “Urtebete egon nintzen Arrasaten, larrialdietan. Asko ikasi nuen, baina oso urte gogorra izan zen”, esan du Martinezek. Gipuzkoatik Nafarroara mugitu zen gero, Iruñera. Han, ordezkatzeak egin zituen hainbat tokitan. “Hamar egun leku batean eta hilabete bestean; horrela ibiltzen ginen. Txantrean pasatu nuen denbora gehien”. Horren ostean, oposizioa gainditu, eta Basaburuan lana topatu zuen.

Hainbat urte daramatza lanean, eta gauzak asko aldatu dira. “Hasi nintzenean, egunero egin behar ziren zaintzak. Beti egon behar genuen aurkitzeko moduan. Gero, sakabanaketa egin zutenean, bailarako hiru medikuen artean txandakatzen ginen. Guretzat, aurrerapauso handia izan zen, beti egoten baikinen zaintzan”. Martinezentzat “oso gogorra” zen hura, besteak beste, umeak zituelako etxean. “Nire senarrak, albaitaria izanik, zaintzak egin behar zituen. Beraz, norbait kontratatu behar genuen gauetan umeekin gelditzeko. Ezin genituen bakarrik utzi”, azaldu du. Gaur egun, ez du zaintzarik egiten, 55 urtetik aurrera medikuek eskubidea dutelako zaintzarik ez egiteko. Hala ere, zaintzak egiten dituzten medikuek hilean “hiru edo lau egun” baino ez dituzte egin behar.

“Egunak berdinak dira, baina pertsonak, ezberdinak”, dio Martinezek. Egunero, 08:00etan hasten du lana, eta 15:20an bukatzen. “Aurreko urtean hogei minutu luzatu ziguten lanaldia, eta gutxiago kobratzen genuen, gainera”, kexu da Martinez. Eriak ikusteko ordutegia 09:00etatik 12:00etara baldin bada ere, jendearen ordutegietara moldatzen dira. “Batzuek esaten dute: ‘Zera, 08:30ean lanean sartu behar dut’. Orduan, pixka bat lehenago artatzen ditut. Edo lana 14:00etan Iruñean bukatzen badute, bada, 14:30ean geratzen naiz haiekin. Administrazioko langileei eskaera guztiak hartzeko esaten diegu”, azaldu du Martinezek. Hala ere, kontsultan ez da pilatzen jende asko. “Teorian, gaixo bakoitzarekin hamar minutu pasatu behar ditugu, baina arazorik badago edo kasu bereziren bat baldin bada, hogei minutuz edo ordu erdiz artatzen ditugu gaixoak”.

Heriotzarekin aurrez aurre

Osasun arloan lan egiten dutenek heriotza parez pare dute egunero. Hainbat kasu daude: batzuetan, aurreikus daitezke, baina, beste batzuetan, heriotza bat-batekoa da. Lanean urteak eman arren, Martinezek dio ezinezkoa dela heriotzara ohitzea. “Oso gogorra da; minbiziarekin, adibidez, jendea prestatzen saiatzen zara. Azaldu nahi izaten diezu gertatuko dena, eta guztia bukatzen ari dela. Baina, bat-batean, bezperan konturatu izan naiz ez dutela ezer ulertu. Orduan, ez dakit nik gaizki azaldu dudan edo besteek ez duten ulertu nahi. Heriotza beti da gogorra; haientzat gehiago, baina medikuentzat ere bai”, esan du. Heriotza bizitzako azken urratsa da, eta, haren aburuz, jendea ez dago horretarako prestatua. Gaizki pasatu du heriotza batzuekin: “Egunak egin ditut lo egin ezinik. Heriotza aurreikustea bada zerbait, baina, batzuetan, bat-bateko zoritxarrak gertatzen dira, eta hor ere egon beharra dago”.

Egunero, hamaika gaitz aztertzen ditu Martinezek. Batzuetan, istorio latzak ere ezagutu behar izaten ditu. Hala ere, egunero kontsultan egon behar du, umore onez. Beti prest egotea nola lortzen duen azaltzean, hark dio gustuko lana egiten duela. “Nire ustez, lana gustatuz gero, ez dago arazorik. Mundu honetan lana egin behar da. Orduan, gustukoa baldin bada, hobeto egiten da”.