Betaurrekoak

Ohartuko zineten honezkero: ate-joka dauzkagu sanferminak. Eta datozen festen aurrekari gisa, aurkeztu dituzte dagoeneko peñek beren pankartak. Askotarako eman du pasa den urteak gurean. Eta horren isla dira peñen oihalak: UPNren kudeaketa, Roberto Jimenezen krisia, Polo zinegotziaren komeriak, eta abar.

Sanferminek, orain eta beti, indarrean dagoen aginte ordena apurtu eta oinarritik bestelako bat eraikitzeko balio izan dute. Ez bakarrik peñen pankartengatik. Ez bakarrik iaz udaletxe parean zabaldutako ikurrin erraldoiagatik. Horregatik ere bai. Baina, batez ere, herritarrek bere gain hartu dutelako protagonismoa. Inori baimenik eskatu gabe atera dituztelako mahai eta aulkiak etxeko atarira, bazkari ederrez gozatzeko asmoz. Inori baimenik eskatu gabe jo dutelako musika eta dantza egin.

Bai, festa, hemen eta Euskal Herrian oro har, kritika eta parodiarako baliatua izan da. Eta, hori, beti da ona. Ordena sozialaz ari bagara, ordea, pentsatu beharko genuke ordena ez dela agintea bakarrik. Inguruan indartzen doazen jarrera eta balioak, gutako bakoitzak gure gain hartu eta praktikara eramaten ditugulako indartzen dira, ez besterik. Ordena horren parte eta partaide gara. Eta komeniko litzateke akaso geure buruari ere kritika egitea. Agintea kritikatzea erraza baita —eta kasu, baita beharrezkoa ere—, baina ez da nahikoa.

Jai eremuan oraindik ere izaten den sexismoari buruz idatzi berri dudan erreportaje batek ireki dizkit begiak. Zapalkuntza matxistak bizirik dirau gure festetan. Ez da harritzekoa, festa jendartearen isla baita beti. Jendarte bat den moduan ager dadin eskaparate perfektuena da jaia. Eta jendartea matxista bada, matxistak izanen dira haren festak.

Ez nabil iaz denok aztoratu gintuzten argazkiez bakarrik. Ez nabil sarri, sarriegi, izaten diren eraso, komentario lizun, ukitze eta bortxaketez bakarrik. Askoz sotilago, ia oharkabean gertatzen diren zapalkuntzez baizik. Egunero prest eduki ditzagun arropa zuriak tentuz garbitzen dizkigun amaz, emazteaz edo neska lagunaz ari naiz. Oholtza eta plazak, izan musikarako, izan kirolerako, desproportzio nabarian betetzen dituzten gizonez ari naiz. Festen prestakuntzan egiten den lan banaketaz. Karpa bat muntatzeko soka bati tiraka bideo batean ikusi ditudan gizonez ari naiz. Ikusi ez dudan emakume bakar bat ere horretaz.

Kasu, sanferminzalea naiz. Amorratua, gainera. Eta harro nago gure festek aginteari aurre egiteko beti erakutsi duten era irudimentsu eta jatorraz. Baina etxe barruan ere badago zer aldatu. Ongi etorriak, beraz, hainbat herri eragilek datozen sanferminetarako kaleratutako 3D betaurrekoak, bestelako Iruñe bat ikusteko prestatuak, mota guztietako eraso eta diskriminazioak gaitzetsiz. Betaurreko horiekin, udaletxeko balkoira ez ezik ondokoari ere begira diezaiokegulako. Eta baita, ispilu aurrean kokatuta, geure buruari ere.

Zubia herritarren bilgune

Igandetik aurrera, zuria eta gorria izango dira nagusi Lesakan. Ofizialki, 12:00etan hasiko dira jaiak, txupinazoarekin batera. Hala ere, txozna batzordeak eta tabernariek antolatutako jai egitarauari esker, jai giroa gaurtik aurrera nagusituko da. Hain zuzen ere, asteburuan espero dute bisitari gehien. Igandetik aurrera, Lesakakoen txanda izango da.

Lesakako Kultur eta Turismo teknikaria da Belen Mutuberria. Azken egunak ero xamarrak izaten ari direla aitortu du, lanez gainezka baitabil. Izan ere, sanferminak hastear daude. Otsailean hasi ziren biltzen Jai Batzordeko kideak, egitaraua diseinatzeko. Mutuberriak azaldu duenez, herritarren parte hartzeari ematen diote batez ere garrantzia. Gaineratu duenez, lesakarrek asko parte hartzen dute beren jaietan, "eta horrek egiten ditu horren erakargarri".

Aurten San Fermin egunaren bezpera igandea denez, asteburua profitatu nahi izan dute Txosna Batzordeak eta herriko tabernariek. Horregatik, hamaika ekitaldi izango dira txupinazoaren aurretik -igandean izango da, 12:00etan—. Mutuberriak argi du asteburuan batez ere kanpotik joango dela jendea. "Igandetik aurrera, kanpotar gutxiago izango da", argitu du.

Izan ere, ohikoa da Lesakako jaietara joaten direnak asteburu pasa joatea. Herrian dauden zelaietan jartzen dituzte kanpin dendak. Mutuberriak azaldu duenez, zelai horiek berez ez dira kanpinentzat bereziki prestatzen. Hala ere, urtetik urtera ohitura zabaltzen ari dela jakinarazi du. Horren eraginez, herrian nahiko nahaste izaten da, batez ere, kanpinetan lo egiten dutenentzat ez dagoelako ez komunik ezta dutxarik ere.

Gaur, 18:00etan irekiko dituzte txosnak. Gauean, Sarkor eta Gose taldeen kontzertua izango da. Bihar, berriz, 17:30ean, Trikiti Txapelketa izango da, plazan. 23:30ean, Dolce&Tangana eta Revolutionary Brothers taldeen emanaldia izango da.

Igandean hasiko dira ofizialki jaiak. 12:00etan, plazan txupinazoa izango da. Mutuberriak jakinarazi duenez, askorentzat ekitaldi "maitatuenetakoa" izaten da. Aurten, Rafael Eneterreagak botako du txupinazoa, Lesakako kultur bilketan egindako lanagatik. Arratsaldean, dantza emanaldia izango da pilotalekuan. 20:00etan, Erraldoien eta Buru Handien konpartsa ibiliko da herriko kaleetan, danborradarekin batera. Gauean, Aske, Urban 13 eta Kalera taldeen kontzertua izango da, txosnetan.

Egun handia, astelehena, San Fermin eguna izango da. Ezpata dantzariek, eguerdi aldera, Zubigainekoa deituriko dantza dantzatuko dute Onin ibaiaren bi aldeetan. Arratsaldean, berriz dantzatuko dute, baina neskekin. Gauean, Trakets taldeak joko du.

Asteartea peñen eguna izango da; asteazkena, haur eta gazteen eguna, eta osteguna, berriz, bikoteen eguna. Mutuberriak jakinarazi duenez, aurten 58.000 euro eman dituzte sanferminetako egitaraua osatzeko. Azken urteen zenbateko bertsua.

Laffageri omenaldia Gazteluko plazan

2008ko uztailaren 7an hil zuen Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage Irungo (Gipuzkoa) gaztea. Geroztik ia zortzi urte igaro dira, eta Andrea elkarteak, urtero bezala, Laffageren omenezko ekitaldia egingo du, bihar, 12:00etan, Gazteluko plazan. Gainera,...

16.806

kRISIAN ekonomia ezkutuan mugitu diren milioi euroak

Nafarroan, ekonomia ezkutuan 16.806 milioi euro mugitu dira 2008 eta 2013 bitartean. Hala diote, behintzat, Ignacio Mauleon eta Jordi Sardak La economía sumergida en Navarra lanean (Ekonomia ezkutua Nafarroan). Zerbitzuetan eta eraikuntzan mugitzen da diru beltz gehien.

“Lesaka anitz maite dut, eta gustura egiten dut egiten dudana”

Lesakako Udalak Rafael Eneterreagaren esku (Lesaka, 1942) utziko du sanferminei hasiera emateko ardura, Lesakako kultur ondarearen bilketan egindako lanarengatik. Eneterreagarentzat ohore bat da lehenengo suziria botatzeko aukera izatea, baina, dioenez, oraindik ez dago urduri.

Nola eskatu zizuten txupinazoa botatzeko?

Karrikan lagunekin nengoela, Ainara Flores kultur zinegotziarekin topo egin nuen, eta orduan esan zidan herriko bestetako batzordean erabaki zutela niri galdetzea ea txupinazoa botako nukeen. Momentu hartan ezezkoa eman nien, baina handik egun pare batera udaletxera joan eta lehen suziria botatzeko arrazoia zein zen galdetu nien. Antza denez, kultura arloan egindako lana eskertzeko eman zidaten aukera hura, hala nola herritarrentzat zein kanpotarrentzat doako bisita gidatuak egiteagatik, Lesakaren inguruan liburuxka bat idazteagatik eta herriko berriak Facebook bidez zabaltzeagatik eskatu zidaten bestei hasiera emateko. Hori entzunda, baiezkoa ematea erabaki nuen.

Urduri zaude?

Oraindik ez, baina momentuan hala jarriko naizela pentsatzen dut. Halere, nolabait asmatzea espero dut, bertzela sanferminik gabe geratuko zarete [kar, kar, kar]! Gainera, lesakar guztientzat ohore bat da txupinazoa botatzea, eta niretzat ere halaxe da.

Nola bizitzen dituzu herriko bestak?

Asteburuan jende anitz etortzen da, eta agian hori da gutxien gustatzen zaidana. Garai batean, San Fermin egunean inguruko herritako jendea agertzen zen, eta listo. Baina orain sekulako jendetza egoten da. Hori kenduta, guztia gustatzen zait, eta zerbait aukeratzekotan, uztailaren 7arekin geldituko nintzateke. Egun hori sakratua da niretzat; ez dut sekula galtzen.

Egun horretako ekitaldiren bat aukeratzekotan, zein hautatuko zenuke?

Ezin dut bat aukeratu. Guztiak dira politak, eta guztiek osatzen dute egun berezi hori. Den-dena gustatzen zait.

Noizbait galdu dituzu sanferminak?

Bizitza osoan behin. Familiarekin oporretara joan nintzen, baina han ere izan genituen gure sanferminak. Gogoan dut San Fermin egunean guztiok zapi gorria jantzi eta telebistaz Iruñeko bestak ikusi genituela, Lesakakoak ikusterik ez zegoelako. Munduaren bertze puntan ere, sanferminak beti buruan.

Lesakari buruzko liburu bat idatzi zenuela erran duzu. Oihartzun handia izan du lesakarren artean?

Bai, bai. Iazko San Joan bezperan, Lesakako Euskara Batzordeak bisita gidatu bat antolatu zuen Lesakan zehar, eta ni izan nintzen gidari. Ordura arte jendeak errana zidan Lesakari buruz nekiena idazteko, eta egun hartan eskaera areagotu zela errango nuke. Horregatik erabaki nuen liburuxka xume hori egitea, eta uste baino arrakasta handiagoa izan du. Nabari da lesakarrek interes handia daukatela gure herriaz.

Lesakaren inguruan daukazun informazio guztia nondik eskuratu duzu?

Erretiratu aurretik jada banuen horrelako zerbait egiteko gogoa, eta, behin lana bukatuta, Lesakako artxiboan, Elizakoan eta Iruñeko Artxibo Nagusian informazio bila hasi nintzen, herriari buruzko gauzak aurkitu nahian. Gainera, artxibora joan eta hiru-lau ordu konturatu gabe pasatzen dira.

Afizioa ofizioa bilakatu zaizu.

Bai, bai. Ahal izanez gero, egunero joaten naiz artxiboetan saltsan ibiltzera. Halere, maiz nire bilobekin egoten naiz, eta aitatxiren lana ere zoragarria da. Bi gauzak bateragarriak dira, eta bietan ibiltzen naiz hagitz gustura.

Facebooken ere ibiltzen zara herriko berriak zabaltzen hainbat kontutan.

Bai, bortz kontu ditut: nire kontu pertsonala, Lesakako gai ezberdinak, Lesakako ihauteriak, Lesakako sanferminak eta Lesakako olentzero. Lehen, ateratzen zen berri bakoitza horri zegokion kontuan sartzen nuen, baina orain hasi naiz berri guztiak kontu guztietan argitaratzen, ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz, denetan ez baititut lagun berak.

Txupinazoaren ondoren ere, Facebook martxan jarriko duzu?

Noski. Argazki kamera hartu, eta Facebookera kargatzeko argazkiak ateratzen hasiko naiz, beti bezala. Hala, kanpoan dauden lesakarrek beren herrian gertatzen ari dena ikusteko aukera izanen dute. Anitzek eskertzen didate hori, eta ni ere poztu egiten naiz halakoetan, nik egindako lanak zerbaitetarako balio duela sentitzen dudalako.

Lan eskertua da zurea, orduan.

Dudarik gabe. Txupinazoaren kontua ere eskerrak emateko modu bat da, eta jende andana etorri zait zorionak ematera. Lesaka anitz maite dut, eta gustura egiten dut egiten dudana. Lesakarrak kontent baldin badaude, ni ere bai.

208

Gizakia helbururen programetan artatutakoakIaz, 208 pertsona artatu zituen Nafarroan Gizakia Helburu elkarteak. Kokaina, speeda eta bestelako pizgarriak kontsumitzeagatik jo zuten elkartera gehienek, artatutakoen %43,7k. Alkohol kontsumitzaileak %41,3...

Sexu erasoak salatzeko telefonoa 24 orduz martxan

Jai eremuetako sexu erasoak salatzeko telefonoa du Gora Iruñea plataformak. Hain justu, eragile horrek jai herrikoi, euskaldun, parte hartzaile eta parekideen alde lan egiten du. Arrazoi horregatik, Iruñeko Udalak bat egin du Eraso sexistarik gabeko jaien alde kanpainarekin. 699-68 76 87 telefono zenbakia 24 orduz egoten da piztuta. Sexu erasoren bat jasan edo ikusi dutenek soilik deitu dezakete telefono zenbaki horretara. Deia jasotzeko arduradunak erasoa jasan duenaren datuak bilduko ditu. Miren Aristu Gora Iruñea plataformako kideak jakinarazi duenez, beharrezkoa den kasuetan, sexu erasoa jasan dutenei polizia etxera laguntzeko prest daude.

Jai herriko eta euskaldunak xede

Auzolana eta konpromisoa dira Gora Iruñearen funtsa. Jai herrikoiak aldarrikatu eta gauzatzeko lana gogor egiten dute urte osoan. Euren zeregina ez da sanferminetara soilik mugatzen. 2006an sortu zen ofizialki Gora Iruñea plataforma. Nafarroako hiriburuko kultur eta gizarte eragile andana biltzen dira plataforma horretan: peñen ordezkariak, auzoetako jai batzordeak, erraldoi eta dantza taldeak... Iruñeko kultur ekintza herrikoiak sustatzea dute xede. Iragan urtean, lehenengoz jai gune bat lortu zuten sanferminetan eta aurten esperientzia errepikatu ahal izango dute, Arrotxapeko Runa parkean.

Iruñeko Udalak sanferminetan hiriko benetako errealitatea ezkutatzen duela uste du Xabier Gartzia Gora Iruñea plataformako bozeramaileak. Azken urteetan, jaiek hartu duten norabidearekin ez datoz bat. Dioenez, sanferminak kanpora begira egindako jaiak dira. Gainera, sarritan jaien irudi herrikoi faltsua helarazten dela ere jakinarazi du. Egoera horri erantzuteko sortu zen hain justu Gora Iruñea 2006an. Helburua argia zuten: "Iruñeko herri egutegia indartzea, koordinatzea eta sustatzea".

1999. urtean Yolanda Barcinak Iruñeko alkatetzara iristearekin batera, jai herrikoien aurkako oztopoak eta isunak areagotu zirela ohartarazi du Gartziak. Traba horiek gainditzeko kultur eta gizarte eragileek bat egiteko beharra atzeman zuten. "Auzoetako jai batzorde guztiek eraso bera jasotzen zituztenez, plataforma bat sortzeko beharra ikusi genuen. Gainera, argi genuen udalaren trabei aurre egiteko plataforma soil bat ez genuela izan nahi", azaldu du Gartziak.

Jai herrikoiak dira Gora Iruñearen muina. Iragan urtean, ia ezustean, jai gunea izatea lortu zuten sanferminetan. Gartziak 2013ko uztailaren lehen egunak "ero xamarrak" izan zirela onartu du. Hala ere, iaz udalak emandako jai guneak aurrekari bat badu. 2009ko sanferminetan, Santa Ana plazan txoko bat izan zuen Gora Iruñea taldeak. Hala ere, eszenatoki "txiki" eta taberna bat jartzeko aukera besterik ez zuten izan. Besteak beste, zezenketen orduan ekitaldiak antolatu zituzten, zezenketez gaindi beste egitarau bat posible zela frogatzeko. Dena den, Santa Anako eskaintza oso "mugatua" zela onartu du Gartziak. Izan ere, gauerdia baina lehen amaitu behar izaten zituzten ekitaldi guztiak. "Eguneko kontua zen, astean zehar bakarrik eskaini ahal izan genuen gure egitaraua, baimenak soilik hori baimentzen zuelako", azaldu du Gartziak.

Hurrengo urtean, 2010ean, Gora Iruñeak ez zuen gunerik izan. Beste behin, udalak euren eskaintza debekatu egin zituen. "Beti ibili gara debekuen mende, sarritan nekagarria ere izan da. Hala ere, argi izan dugu Gora Iruñea bezalako plataformak beharrezkoa zela", onartu du Gartziak.

Iruñeko jai batzorde ezberdinak saretzeko Gora Iruñea plataformak egindako lana goraipatu du Leticia Molina Alde Zaharreko Jai Batzordeko kideak: "Jai batzorde ezberdinen arteko elkarlana sustatu ahal izan da Gora Iruñearen bidez, eta hori izugarri garrantzitsua da". Urte sasoiaren arabera, bi astean behin edota astero biltzen dira. Argitu duenez, gabonen bezperan, astero biltzen dira Olentzeroren kalejira eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsek urtero Anaitasunan eskaini ohi duten ikuskizuna antolatzeko.

Hamabi urte txosnarik gabe

Gizarte eragile eta alderdi politikoen txosnak duela hamabi urte debekatu zituen Iruñeko Udalak. Gartziak dioenez, txosna horietan ezker abertzalearekin lotutako tabernak izaten ziren arren, beste hainbat ildo politikotako alderdiek ere izaten zuten bere tokia. Hala ere, Gora Iruñeak aurten bigarrenez Runa parkean izango duen guneak txosnekin zerikusi "gutxi" duela irizten dio Gartziak. "Guk gune bat baino zerbait gehiago eskaintzen dugu. Egitarau erakargarria, osatua euskalduna eta herrikoia eskaintzen dugu Gora Iruñearen gunean", dio Gartziak. Urte luzez egun Iruñeko autobus geltoki berriaren inguruan egoten ziren lehen txosnak. Egia da orduan ere ekitaldi batzuk antolatzen zirela, baina ez dute zerikusirik Runa parkeko eskaintzarekin.

Hala ere, Gartziaren irudiko, txosnek egindako ibilbidea oso garrantzitsua izan da jai ereduaren inguruan hausnartzeko. "Txosnak proiektu edo ideia politiko batzuk finantzatzeko erabiltzen ziren. Guk , aldiz, ez dugu inolako irabazi asmorik", argitu du. Gora Iruñea plataformaren helburua ekonomikoa gastuak estaltzeko adina diru erdiestea da.

Iaz, guztia arrapaladan egin behar izan zuten. Uztailaren 6ko bezperako egunetan jaso zuten Runan jai gunea jartzeko baimena. Udalak lehiaketa bat jarri zuen abian parkean jai gune bat jartzeko baina ez zen inor aurkeztu. Hautagairik ez zegoenez, Gora Iruñea plataformari eskaini eta "zalantzarik" egin gabe proposamena onartu zuten.

Egun haietaz oroitzean irri egiten du Xabier Gartziak. Dioenez, udalaren proposamena ez zuten espero eta beraz guztia bat-batean martxan jarri behar izan zuten. Azken une arte ezin izan zieten kontratatutako taldeei konfirmatu gunea izango zuten ala ez. Ondorioz, baimena jaso zutenerako askok ezin zutela Iruñera etorri jakinarazi zieten. "Aurrez programatuta genituen ekitaldi asko erori egin zitzaizkigun, baina egia da elkartasun izugarria jaso genuela", dio Garciak.

Pozik oroitzen da nola Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek deitu zion bere burua eskaintzeko. Horrez gain, ehunka boluntario aritu ziren lanean gunea muntatzeko, segurtasunean, tabernetan... "Oker ez banago 1.100 lagun aritu ziren musu truk Gora Iruñearen gunean lanean". Horrez gain, ehunka jende erakarri zituzten Esne Beltza, Gose edota Vendetta taldeek.

Aurten ere iazko ereduari jarraituko diote. Eguerdi partetik aurrera ekitaldi ugari izango dira eta adin guztiei zuzenduta. "Gora Iruñea gunea denena izatea nahi dugu. Lanean ari gara denak jai gunean eroso senti daitezen", azaldu du Gartziak. Gora Iruñea plataformako kideak gogor ari dira lanean, bigarrenez jai gunea gauzatu ahal izateko behar duten 20.000 euroko bermea lortzeko. Gartziak ez du uste arazorik izango dutenik zenbateko hori lortzeko.

Horrez gain, hasi dira uztailaren 6tik aurrera, jai gunean lanean arituko direnen txandak antolatzen. Arkaitz Otazuri esaterako, uztailaren 8an lan egingo duten lagunen antolaketa kudeatzea egokitu zaio. Txanda ezberdinak izango dira egun horretan, batzuk goizez, beste batzuk arratsaldez... "Dagoeneko hasi da jendea deika Gora Iruñearen gunean boluntario moduan lan egin nahi dutela esanez. Egia esan eskertzekoa da jendeak duen borondate ona". Oraindik, Otazuk ez ditu lotu uztailaren 8an denak ondo funtzionatu dezan behar dituen 110 lagunak. Ziur da ez dutela arazorik izango. Boluntario gisa lan egin nahi dutenek txandak.gune@gmail.com helbidean eman behar dute izena.

Helburua lortu duten arren, Gartziak argi du Iruñeko Udalak bestelako jai eredu baten alde egingo balu Gora Iruñearen jai gunea ez litzatekeela beharrezkoa izango. Hala ere, jakinarazi du, Iruñean Gazteluko plazan izaten diren kontzertuekin alderatuta kultur eskaintza anitzagoa dela, eta hori da hain justu euren gunean eskaintzen dutena.

Armairu linguistikotik ateratzea

Bi kafesne, faborez", adeitsu eskatu dizkiot irribarre bat zuzenduta barra atzeko neska gazte bati; "Eh?", erantzun dit, galduta bezala, ulertu ez izanaren espresioz, aurpegi neutroz, baina nora ezean. "A, bale, ez daki euskaraz", barne-ahotsak argitu dit ahopean, eta atsegina izateari utzi gabe, arrapaladan diot bota: "Dos cafés con leche, por favor".

"Zer esan didazu lehen? Bi kafesne? Ez dut entzun". Euskaraz esan dit. Eta nik baietz buruaz, lotsagorrituta, hizkuntzaren kontsaesanei eta aurreiritzien pisuari eutsiaz.

Zerk ote garamatza "E?" bat berdin "Ez dakit euskaraz" moduan irakurtzera? Zerk, monosilabo hori gure usteen arabera hezur-mamitzera eta hizkuntz-ohiturak moldatzera? "Eh?": bi hizki -kasualitate absurdoz, Euskal Herriaren akronimo-, hain huts eta horren bete. Gazteleraz gorpuztuko ditugun elkarrizketen sorburu.

Aurreko astean Sortir de l´armari lingüístic liburuarekin egin nuen topo, Ferran Suya eta Gemma Sanginesen obra. Gaia: hizkuntza eta hizkuntzafobia, baita hizkuntza minorizatuetan solas egiten dugunon konplexuen analisia ere. Besteak beste, honakoak lantzen zituen: Katalana ikasi eta gutxietsiak sentitzen diren hiztunak, denak gazteleraz zuzentzen zatzaizkielako; katalanez hitz egiteko lotsa diren horien kasua; eta zerbitzu publikoak euren hizkuntzan exijitzeaz nazkatuta daudenak. Erraz estrapolatu ditzakegu egoerak gurera, situazio sozio-politikoen berezkotasunak aintzat hartuta ere, euskaraz bizi nahi duen euskaldunaren parabola ez baita horren ezberdina, ezta baztertuta sentitzen den euskaldun berriarena ere.

Liskarrak liskar, konponbideak proposatzen ditu liburuak, "euskalduna naiz eta euskaraz eginen dut" konplexurik gabe ahoratzeko teknikak. Armairu linguistikotik ateratzeko gida bat da, finean. Hori bezain sinplea; garena aitortu eta aldarrikatzeko aholku-sorta.

Akaso, beti pentsatu beharko genuke denek dakitela euskaraz, kontrakoa esplizituki esan arte, eta ez kontrara, egin ohi dugun bezala. Eta, agian, ez litzateke euskaldun berririk existitu behar, klase borrokaren inguruan hausnartzen dugun herri honetan, ikusi beharko genukeelako lengoaiaren produkzio sisteman euskaldun zaharraren labelak euskaldun berriak zapaldutako proletargo izatera daramatzala. Askapen borroken territorio honetan, beharbada euskaldun berri eta zaharrak askatzea da Euskal Herri euskaldunago bat eraikitzeko klabea. Binarismoak kalte baino ez baitu egiten, eta ez generoaren inguruan ari garenean soilik. Beraz, "zahar" eta "berri" kategoriak deuseztatzea euskara zaharberritzeko gakoa izan daiteke. Sor dezagun euskal hiztun queer-agoa, desitxuratuagoa, zentzurik zabalenean.

Euskal Hiztunen Askapen eta Harrotasun Eguna antolatu artean, segi dezagun nork gure aletxoa jartzen. "Euskalduna naiz eta harro nago", esaldiari "eta arraroa banaiz ez zait inporta" esaldia ere gehituko nioke. Harrotasunez.