Merkea eta ona

Kabenzotz! Publizitate lelo ezin hobea oparitu diet Mercadonakoei, haietaz mintzatu behar baitut gaurkoan. Nire esperantza bakarra da artikulu hau ez dutela sekula santan irakurriko, berripaper hau ez baita ziurrenera haien negozio bidean agertuko. Ea hala den.

Mercadona supermerkatuen taldea 1977an sortu zen, Valentzian —nik Herrialde katalan gisa deituko dudan horretan—. Eta haien hedapen geldiezinean, beraiek Espainia deitzen duten horretan, bi erkidego bertzerik ez zitzaien falta mapa txintxetaz betetzeko. Bai, asmatu duzu, bi hauek. 2013an hasi ziren Nafarroan lehen Mercadona saltokiak irekitzen, eta bortz urtean denetara hogei supermerkatu zabaltzea espero dute. EAEn, berriz, aurten irekiko dituzte lehen dendak (Gasteizen), eta sei urtean 25 sortu nahi dituzte.

Produktu onak eta merkeak saltzen omen ditu Mercadonak. Ez dakit. Eta ez dut sekula jakinen, ez baitut Mercadona bat zapaltzeko inolako asmorik. Nire marra gorrietako bat da.

Bertze batzuek ez omen dute halako marra gorririk. Iruñean lehen Mercadona ireki zutelarik, hasieretako egun batean gazte bat ikusi nuen saltokitik ateratzen, eskuetan plastikozko hiru poltsa handi zituela, eta soinean Aranzadi bizirik errezatzen zuen elastikoa zeramala —bide batez, Arantzadiren aldekook, zergatik lapurtu zenieten t hori gure baratze maiteei?—.

Gazte hura polizia infiltratu txar bat ez bazen, argi dago sakan handia zuela bere aldarrikapenaren eta jokabidearen artean. Ez dirudi ongi lotzen direnik, ezta? Ez dakit. Bertze adibide bat jartzearren. Pentsa alderdi ezkertiar bateko diputatua zarela, Gaur egun ezkertiarra izan izenburuko liburua idatzi duzula, ezkertiar nor den eta nor ez den oso argi duzula eta horren arabera banatzen dituzula ezkertiar karnetak, eta zeure liburuaren aurkezpena egiteko El Corte Ingles baino leku aproposagorik ez duzula aurkitu. Bitxia, ezta?

Irakurle zentzudun hori, ez nuke nahi zuk nire hitzak hartzea pulpitutik botatzen diren horien gisa berean. Bakoitzak egin dezala sudur puntan jartzen zaiona, noski. Baina iruditzen zait ongi dagoela zenbait kontzeptu argi izatea, horren arabera marra gorri batzuk margotzea eta, ahal dela, inoiz ez zeharkatzea.

2013. urtearen bukaeran, Nafarroan 360 supermerkatu zeuden, 2000. urtean zeudenak halako bi. Zenbat lanpostu duin sortu dituzte horiek guztiek. Zenbat lanpostu duin suntsitu dituzte? Zenbat nekazari salbatu dituzte? Zenbat nekazari estutu dituzte haien lanbidea uzteraino? Zenbat denda txiki itxiarazi dituzte?

Mercadonak bertze edozein supermerkatu katek dituen ajeak izanen ditu. Ados. Horrekin konbentzitu ez bazaitut, eman diezaiegun Barcenasen paperei begiradatxo bat. Bai, Mercadona paperetan ageri da. Zer behar izanen zuen Juan Jose Roig enpresaburuak PPri ustez dirua emateko?

Horrekin nahikoa ez? Eta kontatzen badizut Mercadonak makina bat kontrako epai duela emakume langileen kontrako abusuengatik? Eta Mercadona txapelduna omen dela langileen gaixotasun eta amatasun eskubideak oztopatzen? Eta Mercadonak jasan behar izan zuela Kataluniako grebarik luzeena langileei jazartzeagatik eta segurtasun arauak urratzeagatik?

Marra gorririk ez duzula? Bai, ba! Aurpegian baduzu bat. Krema on batekin joanen zaizu. Mercadonan saltzen dituzte, merkeak eta onak.

5.000

HERRI EKINALDI LEGEGILEA EZTABAIDATZEKO BEHAR DIREN SINADURAKNafarroako Ordezkaritza Kanabikoak 5.000 sinadura behar ditu kalamu elkarteak arautzeko herri ekinaldi legegilea Nafarroako Parlamentuan eztabaidatu ahal izateko. Hilabetean, 1.500 bat lort...

Suaren garrek erretako lursaila

Ia sei hektarea erre ziren iragan larunbatean Esprontzedatik ia kilometro eta erdira, Santsolera bidean dagoen lursail batean. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, sutea 17:45ean sortu zen, eta Lizarrako bost suhiltzaile, Lodosako hiru eta Cordovil...

Nafarroako Autismoaren Elkarteak boluntarioak behar ditu udarako

IRUÑEA. Hilaren 24an hasiko da Nafarroako Autismoaren Elkarteak antolatzen duen Udako Eskolaren hirugarren aldia. Orotara, urtebete eta 16 urte artean dituzten hirurogei haurrek hartuko dute parte. Amaia Ariz elkarteko presidenteak jakinarazi duenez, 40 edo 60 bat boluntario behar dituzte proiektua gauzatu ahal izateko. Udako eskola abuztuaren 30a bitarte izango da martxan.

675

iRUÑEAN DAUDEN APARKATZEKO TXARTEL BEREZIAK

Iruñeko Udalak 675 aparkatzeko txartel berezi banatu ditu. Txartel horiek hainbat kolektibo, kargudun publiko eta pertsona ezezagunen artean banatu ditu. Zortzi txartel mota daude orotara. Txartel orokorrak ematen du eskubide gehien, eta 314 daude; besteak beste, txartel horiek zinegotzi ordezkariek eta Elizako lau buruk dituzte.

Erabakitzeko eskubidea lortzeko mugimendua zabaldu nahi dute

Euskal Herrian 150.000 pertsona baino gehiago batu ziren igandean erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katean. Nafarroan 46 kilometro bete zituen kateak, eta nafarrek horietako hamasei betetzeko helburua zuten. Datu zehatzak argitaratuko ez badituzte ere, antolakuntzak oso balorazio ona egin du, nahiz eta hasieran zailtasunak izan egitasmoa martxan jartzeko. Giza katea eginda, aurrera begiratzeko garaia da. "Gure Esku Dago sortu zenean, iraungitze datarekin sortu zen. Egun hori giza katearen eguna zen, ekainaren 8a. Hemendik aurrera zer egin, katean parte hartu genuenen artean erabaki beharko dugu. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu oraindik zabalagoa sortzeko", azaldu du Txetxu Ezkurrak, Gure Esku Dago Nafarroako koordinazioko kideak.

Iazko ekainean jarri zuten martxan Gure Esku Dago egitasmoa. Nafarroan, otsailean sortu zuten koordinazio taldea, gainontzeko herrialdeetan baino geroago. "Egitasmoa martxan jarri zenean, bete beharreko kilometroak herri eta auzo batzuen artean banatu zituzten. Beraz, kilometroak auzo eta herrietako taldeak sortzen saiatu gara".

Aurkezpen orokorraren ostean, tokian tokiko aurkezpenak egin zituzten Nafarroan. "Aurkezpenak egiten genituen, eta, bertaratzen zen jendearen arabera, lan taldeak sortu ziren", azaldu du Ezkurrak. Nafarroan errealitate ezberdinak daude. Hori dela eta, eskualde batzuetan besteetan baino gehiago kosta izan zaie kilometroak betetzea. "Azken kilometroa Arrosadia, Azpilagaña eta Alde Zaharraren auzokideen artean bete zuten. Auzo horietan aurkezpenak egin ziren, eta Gure Esku Dago taldeak sortu zituzten. Martxa ona hartu zuten", dio Ezkurrak. Baina beste eskualde batzuetan, ez da horren azkarra izan prozesua. "Ni 113. kilometroaren arduraduna izan naiz. Orbaibar, Izarbeibar, Tafallalde eta Zangozaldeko herriek bete behar zutena. Pentsa zenbat herri dauden. Bertan, ahoz aho lagun eta ezagunen artean hitz eginez funtzionatu du".

Egunean kilometroak aise bete bazituzten ere, hirian eta herrietan zegoen batez besteko kopurua oso ezberdina zen. "Arazo soziologikoa da hori; beti dena azken momenturako uzteko ohitura dugu. Jende asko egunean bertan joan zen giza katera. Horregatik hiriko hainbat tokitan jendea pilatu zen, eta herrietara aurretik izena emanda zeudenak joan ziren".

Mugimendua zabalduz

Ekainaren 8an giza katea egitea lortu zuten. Dinamikaren aurkezpenean mugarri gisa definitu zuten egun hori. "Giza katea egin dugu, baina orain mugimendu zabala egituratu behar da", azaldu du Ezkurrak. Udazkenean, Gure Esku Dago dinamika aurrera eraman duten taldeak lanean hasiko dira erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu berri bat sortzeko. Giza katearekin erabakitzeko eskubidearen alde daudenak sarean lotu nahi izan dituzte. "Giza katean parte hartu zuen mundu guztia inplikatzea lortu behar dugu. Erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubidea da. Horregatik, gizarteko sektore guztietara heldu behar dugu. Orain arte egindako lanaren bikoitza egin beharko dugu aurrerantzean".

2

nafarroako gobernuaren zorra milioi eurotanGizarte Segurantzak ia 1,1 milioi euro erreklamatzen dizkio Nafarroako Gobernuari, familia laguntzaren kotizazioa zor diolako. Gainera, zor hori "larria" dela ebatzita, 800.000 euroko zigorra ezarri dio ordai...

Eskuz lotutako katea

Durango eta Iruñea banatzen dituzten 123 kilometroak milaka lagunen bitartez lotuko dituzte igandean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Eskuak, minutu batzuez, kate begi bilakatuko dira. Ia urtebetez garatu den lana gauzatuko da orduan. Hala ere, Gure Esku Dago ekinbideko arduradunek jakinarazi dute astelehenean ere erabakitzeko eskubidearen alde lanean jarraituko dutela, igandekoa abiapuntua besterik ez delako izango.

Mikel Soto Gure Esku Dago ekinbideko Nafarroako koordinatzaileetako bat da. Taldean, orotara, sei lagun inguru dira. Azken asteetan gogor ari dira lanean. Aitortu duenez, igandeko data, ekainaren 8a alegia, gorriz borobildua dute egutegian. Mugarri izatea nahi dute, batez ere parte hartzaileen aniztasunagatik. Gainera, mugimendua guztiz herritarra dela jakinarazi du. "Izaera herritar hori dela eta, jendea mobilizatzeko lan handia egin behar da", azaldu du Sotok. Dena den, ahoz ahokoak "ondo baino hobeto" funtzionatu duela esan du. Herritarren artean sortu den harremana oso garrantzitsua da Sotoren irudiko: "Guretzat, garrantzitsuena herritarren arteko saretzea da, eta giza katearen bidez hori lortzen ari gara".

Hala ere, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua Nafarroan motel xamar ibili dela aitortu du Sotok. Arrazoiak zeintzuk izan daitezkeen galdetuta, uste du zioetako bat izan daitekeela proiektuaren sorburua Gipuzkoan egotea. Duela nahiko gutxi arte ekimena ia oharkabean igaro da, baina ahoz ahokoak izugarri ongi funtzionatu duela irizten dio Sotok. Herri askotan modu autonomoan sortu dira erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeak. Nafarroako aurkezpen ofiziala iragan urte amaieran egin zuten, baina ordutik jaso dituzten atxikimenduak hazten joan direla azaldu du Sotok.

"Sarritan herrietatik zuzenean deitu digute esanez talde bat sortu nahi dutela, eta nola egin dezaketen galdezka, eta hori oso pozgarria da", jakinarazi du. Ainara Aiestaran egun Uharte-Arakilgo koordinatzailea da, eta Gure Esku Dago ekinbidearen berri hedabideen bidez izan zuela adierazi du. "Dinamika oso erakargarria iruditu zitzaidan erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko erronka", azaldu du Aiestaranek. Bere burua eskaini zuen Sakanan dagoen kilometro baten ardura bere gain hartzeko. "Sakanan, konkretuki Etxarri Aranatzen, apirilaren 13an egin zen kontsultarekin sortutako giroa aprobetxatzea ezinbestekoa zela iruditu zitzaidan", azaldu du Aiestaranek. Eskualdean jendea bereziki itxaropentsu dagoela esan du, batez ere gehiengoak Etxarri Aranatzen independentziaren alde egin zuelako.

Azken asteetan sortu den itxaropena bere horretan ez gelditzea espero du Aiestaranek. Ideia horrekin bat egiten du Sotok ere: "Igandeko ekimena izugarri ona iruditzen zait, herritarren artean sortzen den harremanak sare bat eratzen lagunduko duelako gerora bestelako planteamendu batzuk gauzatzeko". Izan ere, Gure Esku Dago ekinbidearen ezaugarri nagusiena hori da, proiektuak berak izan duen izaera herritarra.

Hainbat alderdi politikok eta hainbat politikarik atxikimendua adierazi dute, eta bat egin dute igandeko giza katearekin, baina ekinbidearen sustapenarekin ez dute zerikusirik izan. Sotok dioenez, errealitate horrek ere lagun andana erakarri du. Izan ere, Gure Esku Dago-n parte hartzen duten norbanakoak sentsibilitate eta ideologia ezberdinetakoak dira. "Batzuk abertzaleak dira, baina beste batzuek ez dute zertan; nahikoa da erabakitzeko eskubidearen alde egotea proiektuarekin bat egiteko". Aniztasun hori nabarmendu du Sotok, politikariez gaindi gauzatutako proiektua delako.

Aldarria eta jaia, biak bat

Hilabete luzez dozenaka ekitaldi izan dira Euskal Herrian eta, hein berean, Nafarroan. Azkena, esaterako, Iruñeko Txantrea auzoan egin zuten, larunbatean. Dozenaka lagun bildu ziren euskal herritarrek duten erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Sotok dioenez, oso zaila egiten zaio Nafarroako kilometroetan zenbat lagun izango diren kalkulatzea. Orotara, 41 kilometro izango ditu giza kateak Nafarroan; hortaz, 35.000 eta 40.000 lagun artean kalkulatu ditu. Beraz, ohartarazi du jendetza hori dena koordinatzea izango dela zailena. Hala ere, ziur da dena ondo aterako dela.

Festarako tartea ere izango da etzi. Etxarri Aranatzen, esaterako, egitarau oparoa antolatu dute; besteak beste, herri bazkaria, haurrentzako gunea eta Vendetta, Xaiko eta Tximeleta taldeen kontzertuak izango dira. Aiestaranek esan duenez, oso garrantzitsua da erabakitzeko eskubidea jai giroan eta inolako gatazkarik gabe ospatzea. Iruñearen kasuan, ez da kontzertu berezirik izango. 14:00etan, giza gaztelu bat eraikiko dute, eta, horrekin batera, bertsolariak eta jotak izango dira Sarasate pasealekuan.