“Osasun Departamentuari ez zaio gustatu herri ekinbidea”

Mendialdeko eremuetan oinarrizko osasun eskubideak berma ditzatela exijitzeko, lege egitasmo bat eraman zuten Nafarroako Parlamentura Pirinioetako hainbat udalerrik. Parlamentuak ez zuen gaia eztabaidarako ere onartu. Dena den, hautetsiek eta herritarrek jarraitzen dute eskatzen gutxieneko baldintzak berma ditzatela. Orain, gainontzeko lege bideak baliatuko dituztela diote. Juana Zelai (Jaurrieta, 1965) herri ekinaldi legegileari forma ematen jardun zuen lantaldeko partaidea da, baita mendialdeetako larrialdietako medikua ere, Auritzen.

Zeintzuk dira lege egitasmoan jasotzen zenituzten oinarrizko osasun baldintzak?

Larrialdiei dagokienez, ezbehar larriak ordubetean artatzeko baliabideak eta baldintzak eskatzen genituen. Oinarrizko arretaren kasuan, profesionalak formatzea eta ordezkaritza egokiagoak antolatzea. Bestalde, espezializatutako medikuntzaren aferan, mendialdeko herritarrentzat propio pentsatutako artatzea nahi genuen, koordinatuagoa. Iruñera jaitsiz gero, egun bakarrean osasun proba bat baino gehiago egin ahal izatea. Horrez gain, kliniketara joateko garraio publikoa jartzeko ere galdegiten genuen.

Hilabeteak eman zenituzten lege egitasmoa prestatzen. Nola izan zen prozesua?

2012ko martxoan, Nafarroako Gobernuak oinarrizko arretari eta larrialdiko etengabeko arretari buruzko erreforma aurkeztu zuen, eta proposamenak kritikak jaso zituen: batetik, zerbitzua bera okertzen zuelako; bestetik, langileen lan baldintzak okertzen zituelako. Hala, 2013ko martxoan, parlamentuak bertan behera utzi zuen erreforma, eta urtebeteko epea eman zion gobernuari beste egitasmo bat aurkezteko, eremuaren errealitatea aztertu eta gero. Hori jakinda, gu ere hasi ginen inguruaren azterketa egiten, gobernuak erreforma berria aurkeztu aurretik guretzat oinarrizkoena zena finkatuta egoteko.

Zuen iritzia parlamentuan aditzeko herri ekinaldi legegilea erabili zenuten. Zertan datza?

Herri ekinaldi legegileak ahalbidetzen du merindade bateko udalen hiru herenek neurri bat babestuz gero neurri hori parlamentura eramateko eskubidea. Gu Zangozako merindadekoak gara; bertan, 74 udal daude, eta, beraz, 25 udalen babesarekin aski genuen. Baina lege bide horrek beste eskakizun bat dauka: merindadeko biztanleen %50 ordezkatu behar dute egitasmoarekin bat egin duten udalek. Beraz, 25en atxikimenduarekin ez genuen aski. Izan ere, Pirinioetan jende gutxiago bizi da, eta merindadeko udal handiagoen hauspoa behar genuen, Burlatako eta Eguesibarko udalena, kasurako. Azkenean, hori ere lortu genuen. Hala, parlamentarien artera eraman genuen gure lege egitasmoa.

Nola bururatu zitzaizuen sekula erabili gabeko lege zirrikitu hori erabiltzea?

Bildurekin, NaBairekin eta Ezkerrarekin bildu ginen, eta haiek proposatu ziguten.

Nola hartu zuen parlamentuak lege egitasmoa?

Parlamentuak ez zuen tramitera onartu. UPNk eta PPNk kontra bozkatu zuten, eta PSNk abstentzioa eman zuen. Oposizioko gainontzeko alderdiek alde egin bazuten ere, ezin izan genuen aurrera atera. Egoerak pena ematen du, batez ere atzean lan handia zegoelako, baina parlamentura irits dadin beste bide batzuk bilatuko ditugu. 2012an aurkeztutakoak kalte egiten zien zerbitzuari eta lan baldintzei. Oraingoak ez du hainbeste aldatzen zerbitzuaren funtzionamendua. Hor dago gakoa. Erreforma honek ere kritikak izan ditu, baina sindikatu eta profesionalen aldetik.

Lege egitasmoaren inguruan sortutako mugimenduak eragin du oraingo erreforman?

Lege egitasmoa tramitera onartu ez zuten arren, hedabideetan azaldu zen, jendea mugitu zen... Osasun Departamentuari ez zaio gustatu. Eragin egin ziela uste dut. Orain, ez dira ausartu herritarrei zuzenean eragiten dieten zerbitzuetan aldaketak egiten, eta gehiago jo dute langileen lan baldintzen esparrua murriztera.

Beraz, osasun zerbitzuak ez dituzte aldatu kasik, baina oraindik ere zuen aldarrikapenak bete gabe daude. Zer egingo duzue?

Herri ekinaldi legegilean aipatzen genituen horiek parlamentuak aditu ditzan saiatuko gara. Nola egin dezakegun pentsatzen ari gara. Lege proposamena idatzita dagoenez, orain hautetsi eta zinegotziak ari dira, batez ere, nondik joan gaitezkeen aztertzen.

Abandonatutako mendialdea

Ingurune menditsua, elurte eta eurite ugarirekin. Horrelakoa da Nafarroako Pirinioetako ingurua. Bertan, Aezkoa, Erroibar, Zaraitzu eta Erronkariko ibarretan, geroz eta biztanle gutxiago daude, eta geroz eta zaharragoa da, gainera. Horregatik guztiagatik, behar-beharrezkoak dituzte zerbitzu medikoak, baina Nafarroako Gobernuaren erraztasun faltak ez die laguntzen. 2012an, Osasun Departamentuak murrizketak ezartzen zituen oinarrizko arretari eta larrialdiko etengabeko arretari buruzko erreforma aurkeztu zuen, baina medikuek arbuiatu egin zuten, eta 2013an parlamentuak bertan behera utzi zuen. Orain, planaren hirugarren erreforma aintzat hartu du gobernuak, eta maiatzaren 5ean jarriko du indarrean. Tokiko mediku eta erizainak, ordea, ez daude konforme: lan eskubideei kalte egingo diela diote, eta konpondu gabeko arazo bat erantzunik gabe uzten du: ez du jasotzen neurri zehatzik Pirinioetako biztanleen osasun eskubideak bermatzeko.

"Betiko polemika da hau. Iruñetik ordubetera edo gehiagora bizi gara, sakabanaketa geografikoak elkarren artean urrunduta gauzka eta erreferentziazko zentro medikoak oso urruti daude". Jose Ignacio Ubau Aezkoa ibarreko medikuarenak dira hitzok. Marta Vera Osasun kontseilariak aurkeztutako egitasmoak errealitateari muzin egiten diola deritzo, eta lekuaren berezitasunak aintzat ez dituela hartzen. "Osasun langileen artean hautsak harrotuko ditu neurriak", dio, tinko, eta horren lekuko da sindikatuen kritika. Erreformaren kontra azaldu dira osasun sindikatuen lan mahaiko ELA, LAB eta SMN. Hiruren artean, mahaiaren %55 ordezkatzen dute. Dena den, %45eko babesarekin egin du aurrera testuak; UGT, CCOO eta SATSE sindikatuek onartu dute neurria.

Batez ere, langileen kaltean

Erreformak ez ditu herritarren zerbitzuak asko aldatzen, batez ere profesionalen lan orduak eta ardurak moldatzen ditu. Nafarroako landa eremuan, oinarrizko arretako taldeak eta landa eremuetako larrialdi zerbitzuetako langileak daude. Egun, ordutegi eta betebehar jakin batzuk dauzkate: oinarrizko arretaz arduratzen diren medikuak 08:00etatik 15:00etara daude, eta ordu horretatik aurrera, larrialdietakoak. Erreforma martxan jarri ostean, oinarrizko arretan aritzen diren medikuek 15:20etik 20:00etara arteko txandak ere bete beharko dituzte, zenbait kasutan. Era berean, orain arteko atseden egunak gutxituko dizkiete. Larrialdiko taldeen kideen baldintzak ere moldatu dituzte: 20:00etan sartuko dira, 15:00etan sartu beharrean. Orotara, presentzia fisikoa eskatzen duten guardiek 34 orduko murrizketa izango dute. Sindikatuek diotenez, lau ordu eta 40 minutu luzatuko da, zenbait egoeratan, hainbat medikuren lan jarduna. "Arlo ekonomikoari begira pentsatutako plana da, aurrezteko asmoz egindakoa", esan du Ubauk.

Haserre daude, beraz, osasun arloko langileak. Eta herritarrak ez daude kontent; baina erreforma hau behintzat ez da aurreko urteetako proposamenak bezain kaltegarria. Beste planek ez bezala, aurtengoak ez du zerbitzuen nolakotasuna eraldatuko. Batetik, ona da, ez baitu murrizketarik ezarri; bestetik, negatiboa ere bada, hobekuntzak ekar zitzakeen egitasmoak ez duelako fruiturik eman.

Nekane Muño Erroibarko hautetsia da, eta osasun eskubideak aldarrikatzen aritu da azken urteetan. "Ez-nahikotzat" jo du erreforma. "Aurreko urtean, urtebeteren ostean alternatiba bat eskainiko zuela esan zuen gobernuak, eta ez du eskaini. Oraingo planak ez ditu zerbitzuak hobetzen". Itxi gabeko gatazka dagoela iruditzen zaio: "Gaiak mahai gainean egon beharko luke oraindik".

Udalak batuta, legea egiteko

2013ko martxoan, parlamentuko oposizioko alderdiek 2012ko erreforma lurperatu ostean, urtebeteko epea eman zioten gobernuari aurtengo urtarrilaren 24an ezagutarazi duen dokumentua idazteko. Txostena erredaktatzeko, Pirinioetako ingurunearen azterketa egin behar zuten agintariek. Herritarrek, baina, mesfidati hartu zuten ikerketa, eta aurreikusi zuten erreformak jaramonik ez ziela egingo beharrei.

Hori dela eta, paraleloki hasi ziren ingurunearen gabeziak aztertzen eta zerrendatzen, gobernuaren irakurketa hobetzeko asmoz. Muño izan zen horretan aritu zenetako bat. Hala, beste hainbat hautetsirekin eta osasun munduko langileekin elkarlanean, idazki bat egin zuen. Bertan, osasunari zegozkion ziurtatu beharreko puntuak paratu zituzten. Besteak beste, honako hobekuntza hauek nahi zituzten: larrialdiak hogei minutuan artatzeko baliabideak; artatutakoak Iruñean dagoen Nafarroako Ospitale Gunera ordubetean baino gutxiagoan eramatea; ospitaleetatik urruti dauden guneei lehentasuna ematea; mendialdeko orografiara egokitutako garraioak bermatzea; ekipo zehatzak eta medikatze dosi egokiak izatea; espezialitateak, adibidez, ginekologia, psikiatria... euren eremura hurbiltzea; eta medikuarenera joateko garraio publikoa eskaintzea. Beste hainbat eskakizunen artean, horiek ziren nabarmenenak.

Lehentasunezko eta larrialdiko planean eskatutakoa akaso ez zutela sartuko jakinda, beste lege bide batzuk bilatzeari ekin zioten, erreforman kontuan edukitzen ez bazituzten ere, parlamentuak nolabait aldarrikapenak aditzeko. Horrela, Nafarroan sekula erabili gabeko lege formula bat baliatzea otu zitzaien: herri ekinaldi legegilea. Horren bitartez, merindade batek lege proposamen bat aurkez dezake parlamentuan, betiere merindadea osatzen duten udalen herenek babesten badute, eta heren horrek biztanleriaren %50 ordezkatzen badu. Lortu egin zuten babesa. Zangozako merindadeko parte dira Pirinioetako herriak; merindadean dauden 64 udaletatik 56k babestu zuten. Alegia, udalen %87,7k; udal horiek herritarren %87,34 ordezkatzen zituzten.

Ondorioz, lege egitasmoa parlamenturaino heldu zen iazko abenduan. Bertan, NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak tramitera onartzeko bozkatu zuten; UPN eta PPN, aldiz, aurka azaldu ziren; eta PSN abstenitu egin zen. Asmoa, beraz, hutsean geratu zen. Muñok salatu du parlamentuak ez zuela "aditu ere egin". Haren irudiko, "entzungor" egin zioten "herritarren hitzari". Iritzi berekoa da Ubau: "Ez zioten behar adina kasu egin; parlamentari batzuek ganberatik alde egin zuten proposamena aurkezten ari ginen bitartean, eta beste batzuek ez zuten arretarik jartzen... momentu batean urtebeteko lana zapuztu zuten".

Parlamentuaren ezetza

Kopeta beltz eta buru makur bueltatu ziren etxera. Izan ere, lege egitasmoak ez zuen aurrera egin, eta orain, gainera, ikusi dute Nafarroako Gobernuak aurkeztutako erreformak ere ez duela Pirinioetarako hobekuntzarik jasotzen. Muñok hala laburbildu du auzia: "Hemen ez dute ezer aldatu erreformarekin; langileen eskubideak eta baldintzak okertu dituzte, baina, herritarrei dagokienez, denak berdin-berdin jarraitzen du".

Esperantza ez dute galdu, ordea. Horren adibide da Muño: "Berriro landuko dugu gaia. Espero dugu talde politiko batzuek parlamentuan gogoraraztea". Ildo berberari eutsi dio Ubauk. Trabak traba, eta agintarien jarrerarekiko kritikoa bada ere, kontent dago medikuen lanarekin: "Arreta ona eskaintzen zaie herritarrei, medikuen esfortzu eta arretari esker". Dena den, argi dauka asko dagoela aldatzeko: "Zerbitzua hobetzeko forma bilatu behar da". Herritarrek markatutako osasun gabeziak gobernuak konpondu behar dituela deritzo.

Oroimena lantzeko ariketa

Arropa, kalean eskegia. Praka batzuk, pijama baten beheko aldea, alkandora, bi galtzerdi eta sukaldeko bi zapi. Hori da Venancio Amillano Altsasuko eskultorearen gaztetako oroitzapenetako bat eta haren Aire zabalean lana. Zazpi eskultura aurkeztu ditu Amillanok Oroimena erakusketan, zazpi une, 1940ko hamarkadatik 1960ko hamarkadara bitartekoak. "Lehengo herrietako bizimodua eta arropa nola garbitzen zen irudikatu nahi dut", adierazi du Amillanok. "Erakusketa iraganeko oroitzapena da, horren guztiaren oroimena". Iruñeko Ziudadelako Labea gelan egongo da ikusgai erakusketa, maiatzaren 18ra arte.

Arroparekin lotu ditu oroitzapen guztiak, ikuzgailu eta lehorgailuen aurreko garaiarekin. Batzuetan uda da, besteetan negua. "Nire amak eta arrebek garbitzen zuten arropa ni gaztea nintzenean. Hori guztia, noski, inongo makinarik gabe. Nire familiari baina, bereziki, nire ama eta arrebei zuzendua dago erakusketa", azaldu du Amillanok. Eskultoreak baditu gehien maite dituen uneak. Eguzkitan zabaldutako arroparen urrin freskoa, lisatu berri duten arroparen leuntasuna eta iritsi eta berokia kentzean sentitzen den epeltasuna. Baina nork bereak gogoratu behar ditu. Gogoeta sustatu nahi duen erakusketa baita. Erakusketaren bidez, gogoeta ariketa bat bultzatu nahi da oroitzapenen indarrari eta haren iraunkortasunari buruz, nahiz eta iraunkortasun horrek hauskorra dirudien.

Ziudadelako Labea gela txikia eta biribila da. Sartzean arropak ikusiko ditu bisitariak. Baina ez dira arropa soilak. Egurrez eta harriz egindako arropak dira. Hainbat urtarotako arropak aurkezten ditu Amillanok. Garaien arteko aldeak ere nabariak dira. Gelan sartu, eta bertan esekitokia dago. Kapela, gabardina, etxeko jantzi eta aterkiarekin. Egurrez egindakoak, ezkiarekin eta nekostarekin. Neguko arropak. Beharbada noizbait bustiak egon dira. Babestuta lana da.

Hortik gertu, gabardina potoloa horman zintzilik, Nomex. Haritzaz egindako gabardina. Gero, alkandorak ere badaude, Izpilikua izenekoak. Denak ondo lisatuta eta modu egokian tolestuak aurkeztu ditu eskultoreak.

Baina ez dira bakarrik neguko arropak ikusten. Uda giroko irudiak ere badaude. Aire zabalean lanak irudikatzen ditu kanpoan eskegita lehortzen ari diren hainbat arropa. Azken lan horrek aurrekoak baino oroitzapen zaharragoa dakarkio burura Amillanori, 1950eko hamarkadakoa baino lehenagokoa.

Kontrasteak nagusi

Harria eta egurra material gogorrak dira. Horiek lantzen ditu Amillanok. Baina erakusketan ez da gogortasunik nabari. Arropak eta ehunak dira eskultoreak aurkezten dituen irudiak. Gaztetatik lantzen ditu zura eta harria Amillanok. Erakusketa honekin beste buelta bat eman nahi izan dio material horien lanketari. Material gogor horiek leundu egin ditu, ehunak irudikatuz eta zentzumenetan kontrasteak sortuz.

Amillano oso pozik dago Ziudadelan erakusketa egiteko aukera duelako. Baina ez da geldirik geratzekoa Altsasuko eskultorea. Memoria historikoa landuko du bere hurrengo lanekin, 36ko gerra Altsasun nola bizi izan zuten irudikatuko duena.

Etengabeko arretako lau gune itxiko dituzte

Nafarroako Gobernuaren oinarrizko arretari eta larrialdiko etengabeko arretari buruzko erreformaren ondorioz, etengabeko arreta eskaintzen duten lau zentro itxiko dituzte: Erriberri I, Villatuerta Hegoaldea, Andosilla eta Azkoien II. Horrez gain, Burlatako, Ermitagañako eta Arrotxapeko larrialdi zerbitzuak ere bertan behera utziko dituzte, baina, diotenez, San Martingo eta Buztintxuriko zentroek beteko dute beste hiru zerbitzuek ematen zuten eskaintza. Nafarroako Osasun Plataformak murrizketak salatu ditu.

“Baztango historia ezagut daiteke etxeetan erreparatuta”

Baztango historia ikertzea eta ezagutzea maite du Peio Iriartek (Irurita, 1979), baita kanpotik joaten direnei azaltzea ere. Turismo gida da ofizioz. Aste Santuan dozenaka laguni erakutsi dizkie Elizondoko zein Baztango gainontzeko herrietako kale eta bazterrak. Dioenez, aurten iragan urteetan baino bisitari gehiago izan dira ibarrean. Turista kopuruaren goranzko joeraren atzean hainbat arrazoi izan direla irizten dio, tartean zinemaren eragina. Izan ere, azken urteetan hainbat film grabatu dira Baztanen, Baztan filma, kasurako, zeinak agoten errealitatea azaleratzen duen.

Asturiasen, Oviedoko Unibertsitatean egin zituen Artearen Historiaren ikasketak Iriartek. Uda pasatzera herrira itzultzen zen, Iruritara, eta orduan hasi zen gida moduan lanean. Lehen bisita gidatua egin zuenetik hamabost urte inguru igaro dira. Hasieran udan diru apur bat irabazteko zena ofizio bilakatu da. Gainera, azaldu du bere burua ez duela ikusten beste zeregin batean.

Orain, esaterako, turismo zerbitzuak eskainiko dituen enpresa bat eratzen dabil Iriarte buru-belarri. Zerbitzu integrala eskaini nahi du, Baztanera joaten den bisitariaren beharrak asetzeko xedea duena. Hala, aste gutxiren buruan taberna bat irekiko du Iruritako Jauregian. "Berez, Aste Santuan ireki nahi nuen, baina ez gara garaiz iritsi", azaldu du. Dena den, ilusioz beteta dagoela aitortu du, urte luzez landutako proiektua gauzatzea lortzen ari delako. Ziurrenik bi asteren buruan taberna martxan jartzeko moduan izango da, baldin eta berriz atzerapenik ez bada suertatzen.

Iriarte ez da inola ere geldik egotekoa. Baztanen pertsona aski ezaguna da. Urte luzez Elizondoko Etnografia museoan aritu da lanean. Horrez gain, Dorrea elkarteko kidea ere bada. Baztango ondare arkitektonikoari buruzko informazioa jaso, ikertu, hausnartu eta irakatsi egiten dute. Azken urteetan, ahalegin handia egin dute Dorrea elkarteko kideek Baztango ondasun arkitektonikoa ezagutarazten. Erakusketa andana egin dituzte, jauregi eta dorretxe esanguratsuen inguruan, batez ere.

Hain justu, arkitektura ikertzea da Iriarteri gehien gustatzen zaiona. Elizondon egiten dituen bisita gidatu gehienak bertako arkitekturari buruzkoak izan ohi dira. Dioenez, kanpotik joaten diren bisitariei harrigarria egiten zaie Elizondoko arkitektura, etxebizitzak handiak direlako eta askok armarri ikusgarria dutelako. Elizondok izan duen garapen ekonomiko eta soziala etxebizitzak aztertuta ezagut daitekeela jakinarazi du Iriartek: "Baztango historiaren berri izan daiteke etxeetan erreparatuz gero".

Horregatik abiatzen du Elizondon egiten duen bisita gidatua Etnografia museotik, Braulio Iriarte kaletik, hain zuzen. Lehenik eta behin, Baztanen kokapenaz mintzatzen da. Izan ere, Iriarterentzat Baztanen historian oso garrantzitsua izan da haren kokagunea, askorentzat estrategikoa izan delako. Kokagune estrategiko horrek historikoki lagun askoren interesa erakarri izan duela nabarmendu du Iriartek. Artista askoren elkargune era izan da. Ohikoa zen Pio Barojak Elizondon egonaldi luzeak egitea.

Museoa dagoen eraikina, Puriosenea, ziurrenik Baztango etxerik zaharrena da. Harrizkoa da, eta leiho txikiak ditu. Turismo bulegoa ere bertan dago. Bertara joanda izaten dute bisitari gehienek Iriartek egiten dituen ibilbideen berri.

Braulio Iriarte kaleko eraikinak ezagutu ostean, tartean hainbat baserri, Jaime Urrutia kalean jarraitzen du bisitak —lehen kale nagusi modura ezagutzen zen—. Batez ere Juan Goienetxek izan zuen garrantzia kale horretan nabarmentzen dela azaldu du Iriartek: "Baztandar askok zuten noble izaera baliatu zuen Goienetxek Madrilgo gorteetan boterea lortu eta dirutza irabazteko". Goienetxek pilatu zuen aberastasun horren adierazle da egun Arizkunenea kultur etxea dagoen eraikina. Politikariaren garaian zegoen egoera bertsuan dago egun ere eraikina, nahiz eta garai hartako altzaririk-eta ez den mantentzen. Ziurrenik, Jaime Urrutia kaleko eraikinik handiena eta ikusgarriena da.

Liburuaren eragina

Duela hamabost urte inguru egiten hasi zen bisita gidatu bertsuak egiten ditu gaur egun ere Iriartek. Hala ere, azkenaldian Dolores Redondoren Zaindari ikusezina liburuaren eragina izugarri nabaritu duela adierazi du Iriartek: "Azken hilabeteetan bisitari asko etorri da Baztanera liburuak erakarrita. Zentzu batean zoramena ere izan da". Duela hilabete batzuk, enpresa pribatuak liburuan oinarritutako bisitak eskaintzen hasi ziren. Iriarteri ere halako bisitaren bat edo beste eskatu izan diote, nahiz eta oraindik ez duen halakorik egiten.

Baztanen turismoaren bidea egonkortzea ezinbestekoa dela irizten dio Iriartek. Egun batzuetako egonaldia egiteko toki "paregabea" dela uste du, eta horregatik jarraitu nahi du orain arte bezala turismo gida izaten.

Nafarroan dauden haur eskolak.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak emandako datuen arabera, egun, Nafarroan 95 haur eskola publiko daude. Horietako gehienak udalen jabetzakoak dira, nahiz eta gobernuarenak berarenak direnak ere badiren.

827 haur matrikulatu dituzte Iruñeko haur eskoletan

Dagoeneko amaitu da 0 eta 3 urte dituzten haurrak matrikulatzeko kanpaina. Orotara, Iruñeko haur eskoletan 827 haur matrikulatu dituzte, iaz baino %12 gutxiago. Fermin Alonso Iruñeko Udaleko Hezkuntza zinegotziak jakinarazi duenez, egun Iruñean hamabi udal haur eskola daude, eta 1.087 haurrentzako tokia dute. Horietatik 573 soilik gelditu ziren bete gabe, haur eskoletan ikasturtea egina zuten haurren matrikula berritu ostean. Beraz, eskariaren %80 bete ahal izan dutela azaldu du Alonsok. Seme-alabentzako plazarik lortu ez duten gurasoek haurtzaindegi pribatuetara jo beharko dute, sare publikoan ez baitago, oraingoz, eskariari erantzuteko adina tokirik.