“Baztango historia ezagut daiteke etxeetan erreparatuta”

Baztango historia ikertzea eta ezagutzea maite du Peio Iriartek (Irurita, 1979), baita kanpotik joaten direnei azaltzea ere. Turismo gida da ofizioz. Aste Santuan dozenaka laguni erakutsi dizkie Elizondoko zein Baztango gainontzeko herrietako kale eta bazterrak. Dioenez, aurten iragan urteetan baino bisitari gehiago izan dira ibarrean. Turista kopuruaren goranzko joeraren atzean hainbat arrazoi izan direla irizten dio, tartean zinemaren eragina. Izan ere, azken urteetan hainbat film grabatu dira Baztanen, Baztan filma, kasurako, zeinak agoten errealitatea azaleratzen duen.

Asturiasen, Oviedoko Unibertsitatean egin zituen Artearen Historiaren ikasketak Iriartek. Uda pasatzera herrira itzultzen zen, Iruritara, eta orduan hasi zen gida moduan lanean. Lehen bisita gidatua egin zuenetik hamabost urte inguru igaro dira. Hasieran udan diru apur bat irabazteko zena ofizio bilakatu da. Gainera, azaldu du bere burua ez duela ikusten beste zeregin batean.

Orain, esaterako, turismo zerbitzuak eskainiko dituen enpresa bat eratzen dabil Iriarte buru-belarri. Zerbitzu integrala eskaini nahi du, Baztanera joaten den bisitariaren beharrak asetzeko xedea duena. Hala, aste gutxiren buruan taberna bat irekiko du Iruritako Jauregian. “Berez, Aste Santuan ireki nahi nuen, baina ez gara garaiz iritsi”, azaldu du. Dena den, ilusioz beteta dagoela aitortu du, urte luzez landutako proiektua gauzatzea lortzen ari delako. Ziurrenik bi asteren buruan taberna martxan jartzeko moduan izango da, baldin eta berriz atzerapenik ez bada suertatzen.

Iriarte ez da inola ere geldik egotekoa. Baztanen pertsona aski ezaguna da. Urte luzez Elizondoko Etnografia museoan aritu da lanean. Horrez gain, Dorrea elkarteko kidea ere bada. Baztango ondare arkitektonikoari buruzko informazioa jaso, ikertu, hausnartu eta irakatsi egiten dute. Azken urteetan, ahalegin handia egin dute Dorrea elkarteko kideek Baztango ondasun arkitektonikoa ezagutarazten. Erakusketa andana egin dituzte, jauregi eta dorretxe esanguratsuen inguruan, batez ere.

Hain justu, arkitektura ikertzea da Iriarteri gehien gustatzen zaiona. Elizondon egiten dituen bisita gidatu gehienak bertako arkitekturari buruzkoak izan ohi dira. Dioenez, kanpotik joaten diren bisitariei harrigarria egiten zaie Elizondoko arkitektura, etxebizitzak handiak direlako eta askok armarri ikusgarria dutelako. Elizondok izan duen garapen ekonomiko eta soziala etxebizitzak aztertuta ezagut daitekeela jakinarazi du Iriartek: “Baztango historiaren berri izan daiteke etxeetan erreparatuz gero”.

Horregatik abiatzen du Elizondon egiten duen bisita gidatua Etnografia museotik, Braulio Iriarte kaletik, hain zuzen. Lehenik eta behin, Baztanen kokapenaz mintzatzen da. Izan ere, Iriarterentzat Baztanen historian oso garrantzitsua izan da haren kokagunea, askorentzat estrategikoa izan delako. Kokagune estrategiko horrek historikoki lagun askoren interesa erakarri izan duela nabarmendu du Iriartek. Artista askoren elkargune era izan da. Ohikoa zen Pio Barojak Elizondon egonaldi luzeak egitea.

Museoa dagoen eraikina, Puriosenea, ziurrenik Baztango etxerik zaharrena da. Harrizkoa da, eta leiho txikiak ditu. Turismo bulegoa ere bertan dago. Bertara joanda izaten dute bisitari gehienek Iriartek egiten dituen ibilbideen berri.

Braulio Iriarte kaleko eraikinak ezagutu ostean, tartean hainbat baserri, Jaime Urrutia kalean jarraitzen du bisitak —lehen kale nagusi modura ezagutzen zen—. Batez ere Juan Goienetxek izan zuen garrantzia kale horretan nabarmentzen dela azaldu du Iriartek: “Baztandar askok zuten noble izaera baliatu zuen Goienetxek Madrilgo gorteetan boterea lortu eta dirutza irabazteko”. Goienetxek pilatu zuen aberastasun horren adierazle da egun Arizkunenea kultur etxea dagoen eraikina. Politikariaren garaian zegoen egoera bertsuan dago egun ere eraikina, nahiz eta garai hartako altzaririk-eta ez den mantentzen. Ziurrenik, Jaime Urrutia kaleko eraikinik handiena eta ikusgarriena da.

Liburuaren eragina

Duela hamabost urte inguru egiten hasi zen bisita gidatu bertsuak egiten ditu gaur egun ere Iriartek. Hala ere, azkenaldian Dolores Redondoren Zaindari ikusezina liburuaren eragina izugarri nabaritu duela adierazi du Iriartek: “Azken hilabeteetan bisitari asko etorri da Baztanera liburuak erakarrita. Zentzu batean zoramena ere izan da”. Duela hilabete batzuk, enpresa pribatuak liburuan oinarritutako bisitak eskaintzen hasi ziren. Iriarteri ere halako bisitaren bat edo beste eskatu izan diote, nahiz eta oraindik ez duen halakorik egiten.

Baztanen turismoaren bidea egonkortzea ezinbestekoa dela irizten dio Iriartek. Egun batzuetako egonaldia egiteko toki “paregabea” dela uste du, eta horregatik jarraitu nahi du orain arte bezala turismo gida izaten.