Nafarroan dauden haur eskolak.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak emandako datuen arabera, egun, Nafarroan 95 haur eskola publiko daude. Horietako gehienak udalen jabetzakoak dira, nahiz eta gobernuarenak berarenak direnak ere badiren.

827 haur matrikulatu dituzte Iruñeko haur eskoletan

Dagoeneko amaitu da 0 eta 3 urte dituzten haurrak matrikulatzeko kanpaina. Orotara, Iruñeko haur eskoletan 827 haur matrikulatu dituzte, iaz baino %12 gutxiago. Fermin Alonso Iruñeko Udaleko Hezkuntza zinegotziak jakinarazi duenez, egun Iruñean hamabi udal haur eskola daude, eta 1.087 haurrentzako tokia dute. Horietatik 573 soilik gelditu ziren bete gabe, haur eskoletan ikasturtea egina zuten haurren matrikula berritu ostean. Beraz, eskariaren %80 bete ahal izan dutela azaldu du Alonsok. Seme-alabentzako plazarik lortu ez duten gurasoek haurtzaindegi pribatuetara jo beharko dute, sare publikoan ez baitago, oraingoz, eskariari erantzuteko adina tokirik.

“Haurrak zaintzeaz gain, hezi ere egiten ditugu”

Haur eskolako hezitzaile bokazioz dela azaldu du Kristina Goñi Baztango haur eskolako zuzendariak (Iruñea, 1968). Egun, hamar langilek lan egiten dute haur eskola horretan. Asteartean bildu ziren Garbiñe Elizegi Baztango alkatearekin. Udalak eman dien babesa eskertu du, aurrera jarraitzen laguntzen dielako. Horrez gain, Nafarroako Gobernuak iragarri duen %30eko murrizketak haur eskolen etorkizuna "kolokan" jartzen duela ohartarazi du.

Azken urteetan krisi ekonomikoaren eragina nabari dela jakinarazi dute. Zuen kasuan, antzeman duzue?

Matrikulazio jaitsiera gogorra izan da. 78 haur ditugu haur eskolan, baina matrikulazioa duela bi urtetik aitzinera dezente jaitsi da. Haur eskola honetan, beti hainbertze jende gelditzen zen zerrendan esperoan. Beti izan ditugu zortzi unitate, baina iragan urtean zortzirekin gelditu ginen.

Sarritan nahasten dira haurtzaindegia eta haur eskola. Nola definitzen duzue Baztanen eskaintzen duzuen zerbitzua?

Guk tinko erraten dugu haur eskolak ez direla haurtzaindegiak. Egin dugun ibilbidea aitortzen digute. Egia da duela 25 urte hasieran haurtzaindegia zela gurea. Baina berehala bihurtu genuen haur eskola. Heziketa proiektua egiten hasi ginen, eta talde guztiak ikastaroetan parte hartu zuen. Azken finean, guk badugu gure heziketa proiektu propioa. Erran behar da batzuetan gogorra dela familiei hori azaltzea, ez dela haurtzaindegia azaltzea, alegia. Haurrak zaintzeaz gain, hezi ere egiten ditugu. Arras garrantzitsua da guk dugun proiektu pedagogikoa.

Behin baino gehiagotan egotzi zaio Nafarroako Gobernuari haur eskoletan duen sinesmen falta. Zein da zure iritzia?

Beraiek erraten dute ematen dietela garrantzia haur eskolei, baina gero, bertze aldetik, zalantzan jarriko nuke. Egia da Nafarroan hainbertze haur eskola egin dituztela. Baina nik zalantzan jarriko nuke beraiek zenbateraino sinesten duten gurea bezalako proiektuetan. Izan ere, benetan sinetsiko balute ez lukete egin nahi duten murrizketa egingo. Sarritan iduritzen zaigu gobernuarentzat bigarren plateraren modukoak garela. Baina argi utzi behar da 0-3 zikloan lan egiten dugun langile guztiek sekulako bokazioa daukagula.

Asteartean, Baztango Udaleko ordezkariekin bildu zineten. Nola joan zen bilera hori?

Alkatearekin eta bi zinegotzirekin bildu ginen haur eskolako talde pedagogikoa osatzen dugun kide guztiak. Horrez gain, guraso elkarteko bi ordezkarik ere parte hartu zuten bileran. Udalak azaldu zigun Nafarroako Gobernuak iragarri duen %30eko murrizketak haur eskolaren egoera izugarri zailtzen zuela. Afera arras zail ikusten du, arras larri. Egoera hau ia ikasturtea bukatzear delarik etorri da. Udalak aurrekontuak eginak ditu, eta diru sail guztiak banatu ditu. Beraz, ez dago inolako aukerarik haur eskolara dirua bidaltzeko. Hala ere, babes osoa adierazi digute, eta elkarlanean jarraitzeko asmo sendoa daukagu.

Egoera zail honen aurrean, zer neurri hartuko dituzue?

Oraindik ez ditugu zehaztu, baina argi utzi behar da borrokatuko garela. Egin nahi dituzten murrizketek ez dute inolako zentzurik. Krisi garaietan gizarte zerbitzu guztiak indartu behar dira.

MURRIZKETEN UZTARRIA KENTZEKO

Dozenaka lagun elkartu ziren joan den ostiralean, Iruñeko Sanduzelai auzoan murrizketen aurka hango eragileek deitutako manifestazioan. Osasun eta hezkuntza alorretan murrizketarik ez lelopean, auzoko kale garrantzitsuenak zeharkatu zituzten. Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak krisi ekonomikoa arrazoitzat hartuta egin dituzten murrizketak "ez direla" zilegi ohartarazi zuten manifestazioan, "ongizate gizartea desagerrarazten ari direlako".

Bardoak 2014

Bardoa: herri zelten kondairak, istorioak, berriak eta abar ahoz transmititzen zituen pertsonaia. Hala agertzen da hainbat hiztegi eta entziklopediatan. Kalez kale joaten ziren istorioak kontatuz eta kantatuz, herriaren kulturaren sua itzal ez zedin. Berdin zitzaien noren aurrean zeuden, ezinbestekoa zen lana behar bezala betetzen zuten. Halere, helarazten zituzten mezuen arabera, agintarientzat arriskutsuak ere izan zitezkeen.

Baina bardoak ez dira herri zeltetan geratzen. Hor dugu Gartxot, XII. mendeko Itzaltzuko koplaria. Gure herriaren oroimena sustatuz bizi izan zen; euskaldunon arbasoak gogoratuz. Nafarroako bardoa bere seme Mikelotekin batera ibiltzen zen herriz herri kontakizunak eta bertsoak kantatuz, harik eta soldaduek bahitu zituzten arte. Orreagako abade berriak Mikelotek latinez abestea nahi zuen, baina egoera jasan ezinik, Gartxotek semea hil zuen. Hargatik, Itzaltzuko bardoa Elkorretako dorre batean giltzapetu zuten. Ia hamar mende pasa direnean, urtero igotzen dira dozenaka lagun Elkorretara, Gartxot goraipatzeko eta oroitzeko xedearekin.

Koplari moduan ere, Gartxoten oihartzuna gaur arte iritsi zaigu, eta horren lekuko zuzenak dira aurten Nafarroako taldekako bertso ekinaldian parte hartu duten hainbat eta hainbat bertsolari eta bertsozale. Duela bi urte sortu zen Bardoak iniziatiba, Nafarroako bertso eskolak indartzeko eta bertako harrobia sustatzeko asmoz. Asko dira bakarkako txapelketan parte hartzera ausartu ez, eta Bardoetan haien gaitasun eta truku guztiak agerian uzten dituztenak. Izan ere, lehiakortasuna erabat ezabatu ez arren, txapelketa kontzeptua alde batera utzi, eta talde lana bultzatu nahi da.

Hori dela eta, arau zehatz batzuk ditu proiektuak; zorrozki bete behar diren eta bete diren arauak, alegia. Horien artean daude elkarlana, parte hartzea, laguntasuna eta giro ona. Taldekakoak, adin eta maila guztietako bertsozaleoi bertsoaz gozatzeko eta gozarazteko aukera eskaini digu. Udaberrian loreak loratzen ari diren bezala, Nafarroako bertsolaritzak ere bere fruituak eman ditu, euskal kultura edertuz.

Hala, otsailaren 7an hasi eta apirilaren 12an Lesakan bukatu zen ibilaldia guztiaren gainetik festa handi bat izatea lortu du Nafarroako bertsozaletasunak, orotara tokian tokiko 23 saio antolatuz. Proiektu txiki hau erraldoi bilakatu da berriz ere, beraz. Horrenbestez, eskerrak eta zorionak ematea bertzerik ez zait geratzen. Zorionak bigarrengoz ekinaldi hau posible egin duzuen parte hartzaile, antolatzaile, ikusle… guztiei! Zuetariko bakoitza txapeldun handi bat dela erakutsi duzue, gure kulturaren indarra bertze behin ere azaleratuz.

592

2013an Nafarroan itxitako banketxeetako bulegoak. Krisi ekonomikoaren eta, batez ere, finantza krisiaren eraginez, banketxeek Nafarroan dituzten bulegoen zenbatekoa murrizten ari da urtetik urtera. Esaterako, iaz, 592 bulego itxi zituzten, %3,7.

35

36ko gerran hil zituzten Nafarroako funtzionarioen kopurua. 36ko gerran hildako pertsonen senideen elkarteek esan dutenez, 1936an Nafarroako Diputazioan lan egiten zuten 35 pertsona hil zituzten.