Txikienen heziketa, murrizketen jomugan

Begitan hartu ditu Nafarroako Gobernuak haur eskolak. Krisi ekonomikoa arrazoi gisa hartuta, finantzabidean murrizketak iragarri ditu Hezkuntza Departamentuak. Iragarpena modu zelebre batean egin zuen. Izan ere, posta elektroniko bidez jakin zuten Nafarroako udaletako alkateek haur eskolak finantzatzeko jasotzen duten diru saila %30 murriztuko duela administrazioak. Horrek kolokan jar dezake hainbat eta hainbat haur eskolaren etorkizuna, zenbait udalek ez dutelako zerbitzuari eusteko diru sarrera nahikorik.

Egun, Nafarroan 95 haur eskola daude. Ehunka haur hezten dituzte zentro horietan. Azken finean, haurren heziketaren lehen murgilketa eskaintzen dute, nahiz eta ez duen hezkuntza arautu gisa aitortzen Hezkuntza Departamentuak. Errealitate horrek hainbat arazo ekar ditzakeela ohartarazi du Gari Torregrosa Sortzen elkarteko Nafarroako koordinatzaileak. Ofizioz haur hezitzailea da. "Argi dago Nafarroako Gobernuak ez duela haur eskoletan sinesten, eta horregatik hartu du diru saila murrizteko erabakia".

Azken urteetan, hainbat alderdi politikok haur hezkuntza arautzeko saio bat baino gehiago egin dute. Baina beti bertan behera gelditu dira saioa horiek, Nafarroako Gobernuak ez duelako arautzeko borondaterik izan. "Gaur egun, edozeinek ireki dezake haurtzaindegi ziztrin bat edozein tokitan", salatu du Torregrosak. Gainera, nabarmendu du haurtzaindegiak ez direla haurrak gurasoak lanean dauden bitartean egoten diren toki soilak.

Izan ere, haur eskolek hezkuntza eredu propioa izaten dute, proiektuetan oinarritutakoa. Haurrei bizitzako lehen hilabeteetan ingurunea ezagutzeko parada ematen diete. Aurkikuntzaren bitartez ikasten dute normalean haurrek, gauzak ukituz, ikusiz eta dastatuz. Gainera, mahaian eserita egoten eta euren kabuz —zikinduta ere berdin du— jaten ere ikasten dute. Beraz, hezkuntza arautua izan ez arren kalitatezko hezkuntza eskaintzen dutela ziurtatu du Torregrosak. Alde horretatik, ohartarazi du Batxillergoa ere ez dela derrigorrezko hezkuntza gisa ulertzen, eta inork ez duela "zalantzan" jartzen etapa horretara eta besteetara ere Hezkuntza Departamentuak diru laguntzak bidali behar dituenik.

Nafarroan dauden 95 haur eskolen kudeaketaz, batez ere, enpresa pribatuak arduratzen dira, jabetza publikoa izan arren, gehienetan udalena. Ana Maeztu Berako haur eskolako hezitzailea da. "Kezkatuta" agertu da gobernuak iragarri dituen murrizketak direla eta. Dioenez, krisi ekonomikoaren eragina izugarri nabaritu dute. "Guraso askorentzat oso garestia da euren seme-alabak haur eskolara ekartzea", azaldu du. Murrizketa gauzatzen bada, ziur agertu da haur eskolen prezioa garestitu egingo dela.

Maeztuk haur eskoletan sinesten du, bai profesional moduan baita guraso modura ere. Bi haurren ama da, eta biak izan dira hiru urtez haur eskolan, bat Beran eta bestea Arantzan. Seme-alabek jaso duten heziketarekin "oso pozik" dagoela aitortu du. Hala ere, laguntzetan %30eko murrizketa gauzatzen bada bere moduko hezitzaileen lanpostuak kolokan egon daitezkeela ohartarazi du.

Oraingoz, badirudi Nafarroako Hezkuntza Departamentuak haur eskolen finantzaketaren %70 soilik ziurtatu duela. Astelehenean, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko ordezkariekin—gehienak UPN eta PSNkoak— bildu zen Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria. Helburua azken egunetan sortu den krisi egoera bideratzea izan da. Bilera horretan, itun bat adostu zuten Udalerri eta Kontzejuen Federazioko ordezkariek Iribasekin. Horren arabera, Nafarroako Gobernuak udalei aurrekontuaren %70 ordainduko die, 0 eta 3 urte arteko zentroak finantzatzeko. Hori hala izan dadin, itun bat sinatu behar dute udalek eta Hezkuntza Departamentuak.

Behin akordioa gauzatuta, egun gutxiren buruan kobratuko dute aurreikusitako diru sailaren %70. Hala ere, horrek ez du esan nahi falta den gainontzeko %30ari uko egiten diotenik, hala ziurtatu du behintzat Iribasek. Baina ez du jakinarazi falta dena kobratuko duten ala ez. Maeztuk aitortu du, dena den, kezkatuta daudela, lagun askoren lanpostuak egon daitezkeelako kolokan.

Torregrosak, berriz, aitortu du ez dakiela irtenbidea non egon daitekeen. Hala ere, urte bat baino gehiagoko finantzaketa plana aldarrikatu du. Izan ere, haur eskolek izango duten diru laguntza urtetik urtera zehazteak sektoreari ezegonkortasuna ematen diola irizten dio. Orain, lantalde bat eratzekotan dira, haur hezkuntzaren alorreko gaiak aztertzeko. Iribasek jakinarazi duenez, asmoa lantalde hori hamabostean behin biltzea da.

Unai Lako Agoizko alkateak, bestalde, jakinarazi du agindutako finantzaketaren %70 ziurtatuta dagoen arren berandu datorrela. Izan ere, ikasturtea joan den abuztuan hasi zen, eta ordutik zentimorik ere ez diete ordaindu. Agoizko haur eskolaren kasuan, jabetza udalarena da, baina enpresa pribatu bat arduratzen da kudeaketaz. Lakoren iduriko, diru laguntzaren %30 murriztea "jaitsiera handia" da. Hain justu, jaitsiera hori salatzeko, joan den ostiralean ekitaldi sinboliko bat egin zuten Nafarroako Gobernuaren egoitzan. Nafarroako EH Bilduko alkateek, haur eskoletako giltzak hartu, eta gobernuari entregatu zizkioten, egoera salatzeko ikur moduan. "Murrizketa kolpe gogorra da, eta kasu askotan hiltzeko kolpea ere izango da", ohartarazi du Lakok.

Krisi ekonomikoa dela eta, udalen irabaziak gero eta txikiagoak dira. Lakok berak aitortu duenez, eraikuntzaren sektorea geldirik dagoenez gero eta gutxiago irabazten dute eraikinak egin edo berritzeagatik kobratzen dituzten zergengatik. "Gobernuak orain arte eman ez duen laguntza gu ari gara aurreratzen", salatu du.

Oraingoz, finantzaketa jaitsiera berraztertzeko asmo tinkorik ez du aurkeztu Hezkuntza Departamentuak. Ikus beharko da udalen eskaerak kontuan hartu eta %100 ematen duen azkenean.

Hiru talde lehiatuko dira bihar Lesakan jokatuko den Bardoak bertso lehian

Ia hiru hilabeteko ibilbidearen ostean, bihar Lesakako pilotalekuan jokatuko den finalarekin amaituko da Bardoak Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa. Baztango Lepatanatuek 2, Iruñeko Bertze Maldikoak eta Leitzako Harrapazank taldeak sailkatu dira finalera. Orotara, 110 lagunek parte hartu dute Bardoak-en, eta horietariko hirurogei inguru aritu dira bertsolari modura.

"Baikorra" da Nafarroako Bertsozale Elkarteko kide Gontzal Agotek taldekako txapelketaz egiten duen balorazioa; baita txapelketa jokatu aurreko bezperan ere. Saio guztiak txikiak izan arren "bertsozaleen erantzuna oso ona" izan dela azaldu du. Izan ere, auzolana izan da Bardoak-en funtsa. Talde lehia izaki, parte hartzaileak elkarlanean aritu dira lehia gauzatu ahal izateko, eta Agotek azaldu du publikoak ere ondo erantzun duela, batez beste saio bakoitzean 50 lagun elkartu direlako.

Otsailetik aurrera egindako saioak txikiak izan badira ere, finalerako Lesakako pilotalekua hautatu dute. Agotek onartu duenez, finala non egin erabakitzerakoan hainbat "zalantza" izan dituzte. Dena den, agertoki gainean bederatzi bertsolari izango direla kontuan hartuta, tokirik egokiena Lesakako pilotalekua izango dela ebatzi dute.

2012an hasi ziren taldekako lehiaketarekin, Nafarroako Bertsolari Txapelketa urtero egitea ez zela egokiena iritzita. Banakakoa eta taldekakoa txandaka egitea erabaki zuten orduan. Bertsolaritza herri txiki eta ohiko tokietara gerturatu du taldekako lehiak. Gainera, Bardoak lehiaketan aritu diren bertsolari askorentzat, jendaurrean abesteko lehen aukera izan da. Joana Ziganda, esaterako, 2012an hasi zen bertso eskolan. Aurten parte hartu du lehenengoz, bere lana ahalik eta ondoena egiteko helburuz.

Apurka-apurka, taldekako lehia fruitua ematen ari da. Esaterako, joan den urtean egin zen Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu zuten bertsolarietatik hiruk 2012ko Bardoak-en abestu zuten lehenengoz jendaurrean.

Biharko finalaz galdetuta, txapeelduna hiru taldeetako bat izango den arren, Agotek nabarmendu du garrantzitsuena ez dela lehia. "Guretzat, bertsolaritza eta bertsozaletasuna sustatzea da helburu nagusia; lehia bigarren mailakoa da". Garaileentzat ez dela sari handirik izango ohartarazi du. Halere, tarte batez bertsoez gozatzeko parada izango da, umorea eta jai giroa izango baitira nagusi. Gainera, finalaren ondoren, jaiarekin jarraitzeko, afaria egingo dute Lesakako Linddurrenborda sagardotegian. Oraindik txartelik erosteko aukerarik baden galdetuta, guztiak amaitu direla adierazi du Agotek.

Sagardotegirako ez, baina Bardoak taldekako txapelketako finalerako sarrerak erosteko aukerarik bada oraindik. Gaur Bera, Leitza, Lekunberri, Etxarri-Aranatz eta Iruñean bertso saioetako sarrerak erosteko, ohiko tokietan eskuratu ahal izango dira, eta baita Internet bidez ere, www.bertsosarrera.eu web atarian. Bihar, sarrerarik geldituz gero, finala baino lehen salgai izango dira, Lesakako pilotalekuko leihatilan.

Eskolarteko txapelketa

Mikel Lasarte barañaindarrak irabazi zuen hirugarren aldiz joan den asteburuan jokatutako Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, eta Maddalen Lopez lesakarra sailkatu zen bigarren. Orotara, 14 eta 18 urte arteko zortzi bertsolarik parte hartu zuten finalean. Heldu den ekainaren 21ean Orion (Gipuzkoa) jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, Nafarroako ordezkari gisa abestuko dute Lasartek eta Lopezek.

Zortzi lagun ariko dira behatzaile lanetan

Igandean Etxarri Aranatzen egingo den independentziaren inguruko herri galdeketan gauzak "behar bezala" egiten direla ziurtatzeko, zortzi lagun ariko dira behatzaile gisa lanean. Behatzaileetako bi herrikoak bertakoak izango dira, Araceli Markotegi erretiroa hartutako abokatua eta herriko alkate izandako Maider Goñi. Horiez gain, beste sei lagun ariko dira: EHUko soziologo Mario Zubilaga, Josep Manel Ximenis Arenys de Munteko herri galdeketako koordinatzailea, Anna Arque Kataluniako kontsultaren aldeko koordinakundeko kidea, Tatjana Zdanoka Letoniako eurodiputatua, Jan Van Esbroeck Belgikako Parlamentu Federaleko diputatua eta Inaki Irazabalbeitia europarlamentaria.

“Berdin zait maskotak arraza batekoak edo mestizoak diren”

"Albaitaritza ikastea erabaki nuen animaliak maite ditudalako", dio umoretsu Nati Lucas albaitariak ( Alcala de Henares, Espainia, 1977). Hamabi urte daramatza lanean Lucasek. Albaitaritzak hainbat adar baditu ere, berak maskotekin lan egitea erabaki zuen. Orain sei urte ireki zuen Buztintxuri albaitaritza klinika Iruñean. Bertan, beste bi albaitarik eta laguntzaile batek lan egiten dute. Medikuntza prebentiboa egiten dute gehienbat. Etxeko animalia gehienak txakurrak eta katuak badira ere, joerak aldatuz doazela dio Lucasek. "Txakurrak eta katuak dira jende gehienak dituen maskotak. Azken urtetan, katuek aurrea hartu diete txakurrei, denbora gutxiago dugulako eta ez direlako kalera atera behar. Azken batean, etxean edukitzeko erosoagoak direlako. Bestalde, gero eta animalia exotiko gehiago ikusten ditut, hala nola kakatuak, hudoak eta untxiak".

Animaliak etxean izatea gomendatzen du Lucasek. Betiere, argi izanda animalia baten ardura izateak sortzen dituen erantzukizunak. Horregatik, maskota bat hartu baino lehen informazio bila albaitariarenera joatea gomendatzen du. Lucasek bi katu, bi txakur, harris arrano bat eta belatz bat ditu. Zaintzeko arazorik ez duela dio, "ez dute zaintza berezirik behar". Gakoa ez da animalia asko edo gutxi izatea, animaliak behar bezala zaintzeko aukera izatea baizik. Lucasek uste du zenbaitetan jendeak ez duela hori kontuan izaten. "Badago jende ugari animalia baten ardura hartzen duenean badakiela zer egiten ari den. Baina beste batzuek ez dakite zer hartzen duten. Bat-bateko bulkadagatik txakur bat erosten dute animaliek dituzten beharrak ezagutu gabe, eta behar horiei erantzuteko gai izango diren jakin gabe". Arazo horiek saihesteko, lehenengo eta behin norberak zer nahi duen argi izan behar duela dio Lucasek. "Ez da gauza bera, papagaitxo bat edo katu bat edukitzea". Behin gustuko animalia aukeratuta, norberak animaliari zer eskaini ahal diezaiokeen pentsatu behar du, animaliaren beharrak zeintzuk diren eta mantentzeak zer-nolako kostua duen.

Animalia baten ardura izatea gauza serioa da, baina erabat positiboa dela uste du Lucasek. "Txakurren kasuan adibidez, onak dira harremanak egitea kostatzen zaion jendearentzat. Txakurrak kalera ateratzera behartzen baititu, eta behin kalean egonda, txakurrak dituzten beste pertsonekin sozializatzeko aukera dute. Bestalde, adineko jendea ere laguntzen dute, euren denboraren tarte bat animaliaren beharrak asetzen pasatzen baitute. Umeei dagokienez, animaliak zaintzean ardurak hartzen ikasten dute".

Moden eragina

Lanean daramatzan urteetan, maskotak aukeratzeko orduan modek nola eragiten duten ikusi du. "Garai batean, artzain txakur aleman asko zeuden. Gaur egun, Frantziako bulldogak eta Maltako bichon-ak dira gehien ikusten diren txakurrak". Baina urteak pasatu ahala ez da hori bakarrik aldatu, jabeen jarrerak ere ezberdinak dira. "Animalien jabeek bestelako jarrerak dituzte. Orain, Interneten informazio asko bilatzen dute. Batzuetan ondo egiten dute, baina beste batzuetan, ez horrenbeste. Hainbatetan, jabeek gaixotasunik arraroenen informazioa jasotzen dute Interneten eta arduratu behar ez duten gauzekin arduratzen dira".

Animalien moden aurka dago Lucas. Animalia politak hezi eta saltzea negozioa da. Baina horrek arazoak sortzen ditu, kanon jakin batetik aldentzen diren animaliak baztertzen direlako. "Niretzat, maskotak dira denak. Berdin zait maskotak arraza batekoak edo mestizoak diren. Saltzeko asmoarekin katuak eta txakurrak heztearen arazoa da kumeak arazo genetikoren batekin jaiotzen badira, bizi-kalitate ona izan dezakete, baina ez dira saltzeko errazak. Horrek egoera okerrean uzten ditu animalia horiek, eta horrelako egoerak ez zaizkit batere gustatzen".

Medikuntza prebentiboa da Lucasek gehien lantzen duena. Animalia txikiak eta exotikoak artatzen dituzte. Txertoak jarri, bizkarroigabetu eta antzuarazteko ebakuntzak egiten dituzte. Horrekin batera, ehun bigunetako edozein ebakuntza mota egiten dute. Baina, logikoa denez, dena ez da horren erraza. Noizbehinka okertzen diren patologiak dituzten animaliak artatzen dituzte, eta normala denez, hainbatetan zoritxarreko bukaerak izaten dituzte. Hala ere, askotan, nahiz eta animaliek zauri larriak izan, bizi-kalitate onarekin jarrai dezakete. "Animalia bati hanka bat moztu behar badiote baina bizi-kalitate ona mantentzen badu, itzel".

Klinikan, denetariko istorioak ezagutu dituzte sei urteotan: bizipen alai, triste eta baita bitxiak ere. "Orain dela pare bat aste, kameleoi bat ekarri zuten. Astebete zeraman kaka egin gabe, eta jabea arduratua zegoen. Kameleoia ekarri zuen, eta atetik sartu bezain laster, kaka egiten hasi zen. Ikaragatik edo izango zen. Hau da, atetik sartu bezain laster osatu genuen, ezer egin gabe".

ALDAKETA ALDARRI GAZTELUKO PLAZAN

Nafarroako egoera ekonomikoa eta soziala eraldatzeko beharraz ohartarazteko, Aldaketa plaza lelopean Gazteluko plaza "okupatuko" dute hainbat gizarte eragilek bihar. Ainhoa Aznarez ekinbideko kidearen arabera, "herritarrentzat adierazpen eta ekintza g...

Erabakia hartzen lehenak

Oztopoz betetako bidearen ondotik, azkenean, igandean egingo dute Etxarri Aranatzen herri galdeketa. Euskal Herri independente bateko herritarrak izan nahi duten ala ez erabaki ahal izango dute 16 urte baino gehiago dituzten Etxarri Aranazko herritarrek. Lehen aldia da Euskal Herrian halako galdeketa bat egiten dena. Debeku, zalantza, muga eta arazoez gaindi, duela bi urte herritar talde batek hasitako bidea helmugara iritsiko da igandean. Gainera, antolatzaileen iduriko, beste herrietan ere antzeko ekinbideak abiarazteko eredu izan daiteke Etxarri Aranazko galdeketa.

Atzerako kontua hasia dute Etxarri 2012 plataformako kideek. Buru-belarri dabiltza igandean dena behar bezala atera dadin. Galdeketa egiteko prozesua oso konplexua izan da, Joseba Beltza galdeketako antolatzaileetako batek aitortu duenez. Galdeketaren inguruko prozesua oso ariketa "interesgarria" dela dio. "Herritarrei galdetu nahi diegu nongoak izan nahi duten, eta hori ariketa guztiz demokratikoa da", ohartarazi du. Azken egunetan lanez gainezka ibili dira plataformako kideak; hala ere, guztia ondo aterako dela ziurtatu du Beltzak.

Herrian giro berezia sumatzen da. Kaleargietan Har dezagun hitza eta Parte hartuz eraiki etorkizuna irakur daitekeen banderatxoak dituzte jarriak, datorrenaren iragarle. Hala ere, askori kosta egiten zaie gaiaz hitz egitea. "Igandeko galdeketa...?, nik ez dakit ezer", ohartarazi du kafea hartzera doan 50 urte inguruko gizonezko batek. "Lanik ez dagoela da nik dakidan bakarra", salatu du. Azken hilabeteetan, hedabideetan bolo-bolo ibili den gaietako bat izan da Etxarri Aranazko galdeketa, baina iduri du oraindik kosta egiten dela kalean halako gaien inguruan hitz egitea. "Gai politikoez publikoki hitz egitea ez zait batere gustatzen", aitortu du botikatik atera berria den emakume batek.

Errealitate hori ukaezina dela aitortu du Beltzak: "Hainbat arrazoi tarteko, askori kosta egiten zaie adiera politikoa duten ekinbideetan parte hartzea". Egoera hori horrela dela jakin arren igandekoa oso ariketa garrantzitsua izango dela irizten dio Iñaki Mundiñano Etxarri Aranazko irakasleak. Ekinbidea gertutik jarraitu du, eta hainbat ekitalditara joan da. Baina zerbait nabarmentzekotan, galdeketa gauzatzeko prozesua "garbia" izan dela nabarmendu du. Gainera, antolatzaileek informazioa hedatzeko egin duten ahalegina nabarmendu du.

Jon Etxeberria Sakantzen sareko etxarri aranaztarrak ere galdeketaren aldeko ekinbidea gertutik jarraitu duela adierazi du. "Herrian oso giro baikorra dagoela esango nuke, azken finean zer izan nahi dugun erabaki nahi dugulako", azaldu du, pozik. Zenbait ekitalditara joateko parada izan duen arren, gehiago parte hartu ahal izatea gustatuko litzaiokeela adierazi du. "Etxarri aranaztar moduan galdeketari ezin izan diot nahi adina denbora eskaini". Denbora arazoez gaindi, etziko galdeketan botoa eman ondoren, herrian izango den jaian parte hartuko duela ziurtatu du. Gainera, jaia eta eskubide aldarrikapena uztartzea ideia "paregabea" dela adierazi du.

Etxarri Aranatzen galdeketa gauzatzeko bigarren saioa izango da igandekoa. Iragan urtean, herritar talde batek hala eskatuta, udalak galdeketa bat egiteko prozesua jarri zuen abian. Hala ere, ekinbide hori bertan behera utzi zuen Nafarroako administrazio auzitegiak, Yolanda Barcinaren gobernuak salaketa jarri ostean.

Lehen saioa ezerezean gelditu ondotik, Beltza eta beste dozena erdi bat lagun biltzen hasi ziren. 2013ko azaroa zen lehen bilerak egiten hasi zirenean. Azaldu duenez, ekinbidea ideologikoki plurala den jendearen artean gauzatu dute. Aniztasun hori jomuga izan dute. Izan ere, galdeketaren sustatzaileek ez dute baiezko edo ezezko botorik eskatu. Aldarria bat eta bakarra dute, "erabakitzeko eskubidea".

Aldarri hori ekinbidearen muina bilakatuta, apurka-apurka pausoak ematen hasi ziren. Besteak beste, galdeketarekin lotutako ekitaldiak antolatu dituzte. Esaterako, Herrialde Katalanetan egin ziren hainbat herri galdeketatako esperientzien inguruko hitzaldiak izan dira herrian.

Katalunian, 2009ko irailean egin zuten independentziaren inguruko lehenengo galdeketa. Eredu hori baliatu dutela adierazi du Beltzak, eta gainera "oso lagungarria" izan dela nabarmendu du; oztopoak gainditzeko, esaterako. Galdeketa egin ahal izateko, ez dute udal azpiegiturarik. Hala, galdeketa norbanako batek utzitako lokalean egingo dute.

Horrez gain, ez dute errolda erabiltzeko aukerarik. "Erroldarik erabili ezin dugunez, galdeketan parte hartuko dutenen herritartasuna frogatzeko modua mugatua da", ohartarazi du Beltzak. Hala ere, ofizialki Espainiako herritartasuna duten hautesleen kasuan, Espainiako nortasun agiria, pasaportea, gidabaimena edo EHNA erakutsi beharko dute botoa eman ahal izateko.

Jai giroan egitearen garrantzia

Fran Balda musikariak azken egunetan lanez gainezka dagoela jakinarazi du. Igandean izango diren kontzertuen antolakuntzan dabil. Pozik dago igandeko galdeketaren harira. "Etxarri Aranatz herri gatazkatsu gisa ezagun egin da, eta orain halako gauza batengatik hedabideetan agertzea garrantzitsua dela iruditzen zait".

Iritzi berekoa da Lur Larraza herrikidea ere. "Nik uste jendea igandea iristeko gogotsu dagoela; egun hauetan nabari da halako giro ezberdina herrian". Batez ere lagun artean gaiaren inguruan dezente hitz egin dutela adierazi du. Baina, bereziki, galdeketa jai giroan egitea nabarmendu du, Baldak egin bezala. Izan ere, galdeketa antolatu dutenek egun osoko jai programa oparoa prestatu dute.

Behin galdeketa eginda zer gertatuko den ez dakiela erantzun du Beltzak. Euren zeregina galdeketa egitea izan dela. Ez daki igandetik aurrera zer gertatuko den. Hala ere, ziur da beste herri batzuek Etxarri Aranazko esperientzia baliatuko dutela antzeko prozesuak abiarazteko. Eta, nabarmendu duenez, ahalegina handia izan arren Etxarri Aranatz mugarri izango da erabakitzeko eskubidearen eremuan.