AUTOBUS GELTOKIRIK EZ

Atarrabiako Martiket auzokoak haserre daude billabesako 4H linea duela zenbait hilabetetatik bertatik pasatzen ez delako. Udaberri aurreko ibilbidea egiteko eskatu dute auzokideek.

Pirinioetako lagunen bilgune

Hogei urte igaro dira Irati irratiaren ibilbidea hasi zenetik. Egun arte egin duten bidea ez da batere erraza izan. Mota askotariko arazoak izan dituzte: ekonomikoak, teknikoak... Hala ere, arazo, oztopo eta muga guztiak gainditu eta Aezkoa, Erroibar, Luzaide eta Agoitzen entzuteko parada dago. Zazpi urtez isilik egon zen arren, bihar, Garraldan 20. urteurrena ospatzeko egitaraua prestatu dute, orografiak banatzen duenak irratiak batzen duela ospatzeko.

"Egun on, Auñamendi", hala hasten du irratsaioa Arkaitz Almortza Irati irratiko esatariak astelehenetik ostiralera. Berez urnietarra izan arren, Irati irratiko esatari izateko erronkari uko ezin egin, eta ia urtebete darama Aezkoa aldean. "Niretzat erronka izugarria izan da hona etortzea, baina oso pozik nago", adierazi du Almortzak. Irati irratia irrati xumea dela dio, eta egia da.

Aezkoako Batzorde Nagusiak Ariben duen egoitzako gela batean dago Irati irratia. Leihotik begiratu, eta joan den astean errepide bazterrak elurtuta ikus zitezkeen. Luxu handirik gabeko irratia da. Hala ere, egunero bi ordu eta erdiko irratsaioa egiteko oinarrizkoa badute. "Denetariko lanak egiten ditut, teknikariarenak, kazetariarenak...", azaldu du Almortzak irri artean. Hala ere, nabari da iaioa dela irratiko mahaiko kontrolak gora eta behera mugitzen.

"Pirinioetako eskualdeetako informazioa lantzen dugu, informazio lokala, eta entzuleei iritzia emateko aukera ere eskaintzen diegu", jakinarazi du esatariak. Dena den, askotan jendeari deitzea kosta egiten zaiola gaineratu du. "Nik ez dakit zergatik den, baina jendeari irratian parte hartzea kosta egiten zaio", azaldu du atsekabetuta. Dena den, parte hartzea sustatzen jarraitzea da gorriz azpimarratutako irratiaren helburuetako bat.

Atzera begira jarrita, urrun gelditu dira irratia abian jartzeko 1990eko hamarkadako lehen urteetan, Aezkoa inguruan irrati bat sortzeko emandako pausoak. Nafarroako Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia sortu berria zen, eta diru laguntzak ematen hasi zen lekuan lekuko irratiak sortzeko. Irati sortu aurretik, Aezkoan bazen beste irrati txiki bat, egoitza Garraldan zuena. Espainiako Kultura Ministerioak bultzatutako programa bati esker sortu zen irrati hura. Helburua Aezkoa inguruko herrien arteko kohesioa eta harremana sustatzea ziren, baina ideiak ez zuen ez aurrera eta ez atzera egin, eta proiektua bertan behera gelditu zen.

Ondorioz, helburu horiek erdietsi gabe gelditu ziren. Herri eta eskualdeetako irrati txikien loraldiaren garaia zen, eta Aezkoa inguruan irrati baten beharra bete gabe zegoen. Nafarroako Gobernuaren diru laguntza bati esker, ibarreko hainbat lagunek Irati irratia sortu zuten, harreman sozialak bultzatu eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Hasieran, Irati irratia udal irratia bazen ere, kudeaketarako lantaldea sortzea erabaki zuten, eta horren bitartez sortu zen Irati elkartea.

Pauso horien ostean, 1993ko urtarrilaren 20an emititu zen Irati irratiaren lehen saioa. Ederki oroitzen da garai horietaz Karmele Galarza. Euskararekin eta hainbat herri mugimendurekin konprometitutako emakumea da, eta zenbait urtez irratiko esataria era izan zen. Baina osasun arazoak direla medio, zeregina utzi egin behar izan zuen. "Izugarri gustatzen zait irratia, bertako informazioa lantzen duelako; eta halako komunikabideak behar-beharrezkoak dira", azaldu du. Nostalgia apur bat nabari zaio irratiaz hitz egitean. Hala ere, oso harreman estua du oraindik ere.

Irratiaren ibilbidea 1993ko urtarrilean hasi zen arren, zailtasunez betetako ibilbidea izan duela ondo baino hobeto daki Galarzak. "1993an hasi ginen irratian, baina 2009. urtera arte ez genuen lizentziarik lortu", dio. Egoera horrek hainbat zailtasun eragin zituen, tartean teknikoak. Hain justu, arazo tekniko horien eraginez, emititzeari utzi behar izan zioten 2002an. "Pentsatzen genuen azkar batean konponduko genituela arazo teknikoak, baina ia zazpi urtean irratia isilduta egon zen".

Berriz guztia martxan jartzea izugarri kostatu zitzaien Irati elkartekoei. Irratiko atea ireki eta guztia abiaraztea lan nekeza izan zen, batez ere Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideei ematen zizkien diru laguntzak erabat desagertu ostean. "Izugarrizko ahalegina egin genuen, eta lortu genuen Irati irratia abiaraztea", adierazi du Galarzak. Dena den, emititzeko lizentziak ordu arte izandako segurtasunik eza erabat desagerrarazi zuen.

Aldaketen garaia

Irratia asko aldatu dela dio Galarzak. Tristura apur bat antzematen zaio, igarotako garaien nostalgia dela eta. Almortzak argi dio aurrerapen teknologikoek izugarri erraztu eta arindu dutela irratigintza. Hala ere, sarritan oinarrizkoarekin, elektrizitatearekin arazoak izaten dituzte. "Gezurra dirudi, baina askotan elektrizitatea joan egiten da zuzenean ari garela", azaldu du Almortzak.

Dena den, aurrerapen teknologien olatuak hartzen jakin izan dute Irati irratiko kideek. Izan ere, 2011n Berria bekari esker, Aitziber Villalba Irati irratiko esatari ohiak hedabidearen webgunea garatu ahal izateko diru laguntza erdietsi zuen. Horri esker, egun Egun on, Auñamendi! saioa Internetez entzuteko aukera dago. Horrez gain, sakelakotik ere entzun daiteke Uhin Bank aplikazioaren bitartez.

Baina, ziurrenik, Aezkoan egoitza duen irratian aldaketarik handiena publizitateak eragin du. Aurten hasi dira iragarkiak saioekin tartekatzen, eta modu horretara proiektua finantzatzeko beste diru iturri bat erdietsi dute. "Aurten lehenengoz publizitatea izatea lortu dugu, eta hori aurrerapen garrantzitsua da", aitortu du Almortzak. Aurrerantzean ere publizitatea mantendu eta indartu nahi dute epe motzean lantzeko eremu gisa.

Hala ere, zailtasunak zailtasun, bihar jai giroan irratiaren hogeigarren urteurrena ospatuko dute. Irati irratiaren eguna izango da bihar. Goizean goizetik izango dira ekitaldi, kontzertu eta tailerrak. Bazkaria 14:30ean izango da, eta arratserako, pilota txapelketa eta pintxo poteoa izango da. Gauean kontzertuak antolatu dituzte.

Pirinioetako abeltzainek egin ohi duten bezala, auzolanean prestatu dute Irati irratiaren eguna. "Ni afarirako ogitartekoak egiteaz arduratuko naiz", dio pozik Galarzak. Izan ere, hedabidearen sustatzaileak elkarlanean aritzera ohituta daude. Aurrerantzean ere bide horretatik jarraitu nahi dute, orain arte bezala, Aezkoa ingurukoak informatuz.

%34,8

Nafarroan egiten diren epaiketen artean, azkarrak izan direnen ehunekoa. Nafarroan urtarriletik irailera 4.334 administrazio eta zigor epaiketa egin dira. Horietatik 1.512 epaiketa azkarrak, epaiketa guztien %34,8. Orain 10 urte legeztatu zituzten epaiketa azkarrak.

“Aniztasunaren sarea” hedatu nahi du EH 11 Kolore ekinbideak Nafarroan

"Nafarroan bizi den eta sentitzen duen edonor, bertan edota munduko edozein lekutan jaio bada ere, nafarra da", adierazi du Leire Olza Euskal Herria 11 Kolore ekinbideko Nafarroako ordezkariak. EH 11 Kolorek urtebete egingo du laster. Ekinbidea Gipuzkoan jarri bazen ere martxan, Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu nahi dute lana. Euren helburua elkar ezagutzeari eta errespetuari mesede egingo dion "aniztasunaren sarea" hedatzea da. Horrez gain, 2014ko aniztasunaren jaia Iruñean egingo dutela jakinarazi zuten.

Iruñeko Hizkuntza Eskolan egindako aurkezpenean, Olzak eta Xabier Mendiguren euskaltzaleak parte hartu zuten. Hainbat elkarte, talde eta sindikaturen babesa izan zuten. Olzaren arabera, EH 11 Kolorek Nafarroako gizarte osoan elkarrizketa eta eztabaida iraunkorra sustatu nahi du, aniztasunean oinarritutako elkarbizitza eredu bati gogoetak eta adostasunak eskaintzeko helburuarekin. Mendigurenek esan zuen aurkezpenaren egunak esanahi berezia zuela —abenduaren 2a, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezpera—. "Frantzisko Xabierkoarekin irten zen euskara mundura, eta irteten jarraitu zuen garai guztietako arrantzale, merkatari, emigrante eta bidaiariekin. EH 11 Kolore pozarren dago, ez soilik euskarak munduratzen jarraitzen duelako, baizik eta gaur egun mundua bera delako euskarara datorrena ere", adierazi du Mendigurenek. Nabarmendu dute gaur egun D ereduko hezkuntza jasotzen dutela, besteak beste, Ekuador, Ukraina, Txile, Galizia, Maroko, Senegal eta Andaluziako umeek.

EH 11 Kolorek, iazko abenduan sortu zenetik, hainbat kanpaina eta jardunaldi egin ditu aniztasun kulturala, linguistikoa eta jatorri aniztasuna ardatz hartuta; adibidez, ekainean Donostian egindako Aniztasunaren Eguna.

789

Nafarroako familien Gabonetako batez besteko gastua. Iratxe kontsumitzaileen elkarteak esan du Nafarroako familiek batez beste 789 euro gastatuko dituztela Gabonetako erosketetan. Elkartearen arabera, 789 euro horietatik 202 jakietan gastatuko dituzte.

Irati irratiaren bazkide kopurua.

Azken zenbaketen arabera, egun Irati irratiak 176 bazkide ditu. Hala ere, aurten ahalegin berezia egin dute bazkide berriak egiteko. Izan ere, aurten, 68 bazkide berri erdietsi dituzte. Horiei esker, aurrera jarraitzen du Irati irratiak.

Gobernuak Zilbetiko meategia babestu izana gaitzetsi dute

Kezkatuta eta haserre agertu dira Seo/BirdLife eta Aldude koordinakundea Pirinioetan egitekotan diren meategien proiektuei babesa adierazi dielako Nafarroako Gobernuak. Bi talde horiek beste behin ohartarazi dute Zilbetin Magnesitas Navarra SA Magna enpresak egin nahi duen silizea ateratzeko meategiak "izugarri kaltetzen" duela ingurumena.

Antzeri eremua Nafarroako Gobernuak hala erabakita, Natura 2000 sarearen barruan dago. Hala, 2005. urteaz geroztik, ZBG Zaintza Bereziko Gune gisa dago izendatuta, besteak beste, dituen balio ekologikoak direla eta. SEO/BirdLife taldeko kide diren hainbat elkarte zientifikok eta aditu ezagunek, ohartarazi dutenez, Nafarroako Gobernuak "sustatutako" meategien proiektuak ez dira bateragarriak eremuari aitortutako ingurumen babes mailarekin.

Oraindik, Zilbetiko Antzeri parajean meategia egiten hasi ez badira ere, heldu den urte hasieran eraikitzen hasteko asmoa agertu du behin baino gehiagotan Magna-k. Dena den, SEO/BirdLife eta Aldude koordinakundeko kideek ohartarazi dutenez, hori hala izan ez dadin "borrokan" jarraituko dute. Nafarroako Gobernuak araudia ez duela betetzen iritzita, Europako Kontseiluan —bere erabakiz sortu zen Natura 2000 sarea— kexa formala aurkeztu dute. Gainera, afera auzitegietan ere badago. Bi taldeek ohartarazi dutenez, justiziak arrazoi emango ez baliete, litekeena da Europako Kontseiluan aurkeztutako kexa formala handitzea.

Oraingoz, Nafarroako Auzitegi Nagusiak zer erabakitzen duen zain daude. Izan ere, Aldude koordinakundeak eta SEO/BirdLife taldeak Zilbetiko meategiaren aurka helegitea aurkeztu zuten. Justiziaren ebazpena urte amaierarako espero dute.

Horrez gain, bi taldeek jakinarazi dutenez, Antzerin egin nahi duten meategiak hainbat erreka kaltetuko lituzke. Hori dela eta, Ebroko Ur Konfederazioaren baimena eskuratu behar izan zuten proiektuaren sustatzaileek. Ramon Elosegi SEO/BirdLife taldeko kidearen arabera, "Ebroko Ur Konfederazioak emandako baimenak oso mugatzaileak dira eta ia ezinezkoa da arau horiek beteta meategia martxan jartzea".

Magna-k Zilbetin meategia martxan jarriz gero, Zubiriko lantegiak martxan jarraitzeko aukera izango duela adierazi du behin baino gehiagotan. Hori gezurtatu dute SEO/BirdLife eta Aldude koordinakundekoek, "Zubiriko Azkarate meategian beste 20 urterako erreserbak daudelako oraindik".

“Sevilla II-ko zuzendariak giza eskubideak urratzen ditu”

Moron de la Fronterako (Sevilla, Espainia) Sevilla II espetxean 11 euskal presok gose greba hasi zuten urriaren 28an. Geroztik, batik bat osasun arazoak direla eta, preso batzuek protesta utzi behar izan dute, eta egun seik jarraitzen dute. Lau urte daramatzate bakartuta, eta horrez gain, beste hainbat oinarrizko eskubide urratuta dauzkate. Presoen egoeraz ohartarazteko, urriaren 18tik 22ra itxialdia egin dute bederatzi lagunek Iruñeko Done Laurendi elizan. Bertan, informazio gune egonkor bat ezarri dute. Presoen aldeko ekintzaz beteriko astea izan dute itxialdikoek; haietako bat da Josu Urrutia (Iruñea, 1966).

Zer gertatzen ari da Sevilla IIko espetxean?

Sevilla II espetxean dauden 13 euskal presoek lau urte daramatzate bakartuta. Espetxeko arautegian zigor gisa agertzen da bakartzea, eta beti denbora tarte jakin baterako. Kasu horretan, modu sistematikoan erabiltzen ari dira bakartzea. Egungo egoerak ez du inolako zentzurik.

Zer ondorio ditu bakartzeak?

Bakartuta dauden presoak hiru ordu baino ezin dira atera patiora; goizean, ordu eta erdi, eta arratsaldean, beste ordu eta erdi. Bi egunean, 48 orduan, 26 ordu pasatzen dituzte jarraian ziegan sartuta. Gainera, arautegiaren arabera, medikuak bi egunean behin pasatu beharko luke bakartze modulutik. Horren ordez, bi edo hiru astean behin pasatzen da, eta, askotan, ez die presoei inolako kasurik egiten. Patiora ateratzean, miaketak izaten dituzte, ukituak eta mota guztietako umiliazioak. Batzuetan indarkeria kasuak ere izan dira, tartean hainbat jipoi. Senideak ere miatu dituzte, eta noizbait bisita egin gabe itzuli dira etxera.

Zergatik gertatzen da salbuespen egoera hori?

Duela gutxi, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak errieta egin zion Espainiako Estatuari Parot doktrinaren harira. Epaitegiak argi utzi du Espainiak ez dituela giza eskubideak errespetatzen. Parot doktrinarekin egin duten bezala, kasu honetan ere giza eskubideak urratzen ari dira. Egoera hori izanik, presoek gose greba egitea beste aukerarik ez dute izan. Kontuan izan hori dela presoek protesta egiteko duten biderik gogorrena. Dagoeneko 26 egun egin dituzte gose greban [elkarrizketa azaroaren 22an egin zen]. Egoera larria da, pisu asko galtzen ari dira eta euren osasuna gero eta okerragoa da.

Zein da presoen egoera gaur egun?

Bakartze moduluan daude. Batez beste, 10-13 kilo galdu dituzte. Gose greban zeuden preso batzuek protestaldia utzi behar izan dute arazo fisikoengatik. Besteak oso ahul daude; muturreko egoera da.

Eskubide urraketa horiek auzitegietan salatu dituzue?

Bai, Espetxe Zaintzako epailea Sevillara joan zen, baina ez du ezer egin. Horrez gain, presoek espetxeko zuzendariarekin bilera eskatu dute behin baino gehiagotan. Baina zuzendariak ez du inolako neurririk hartu egoera hori bukatzeko. Sevilla II espetxea bereziki gogorra da. Zuzendariak giza eskubideak urratzen ditu, eta ez du atzera egin nahi.

Noiz arte jarraituko dute presoek gose greban?

Printzipioz, gose greba mugagabea da. Beraz, espetxeko zuzendaritzak salbuespeneko neurriak kentzen dituen arte. Nolabait esateko, egoera normal batera itzultzen direnean utziko dute gose greba presoek.

Zer ekintza mota egin dituzue itxialdian?

Aste honetan zenbait eragile politiko, sozial eta sindikalekin bildu gara. Egunero kalean egon gara, presoen inguruko informazioa banatzen. Parlamentura joan gara, hainbat batzorde biltzen ziren egunean, politikariei ere presoen egoera azaltzeko. Ostegunean [azaroak 21] Bilduk, Ezkerrak eta Aralar-NaBaik eskatu zuten Sevillan dauden Nafarroako bi presoen senideek parlamentuan hitz egitea. Juan Mari Etxabarri eta Txus Goikoetxea dira Sevillako espetxean gose greban dauden Nafarroako bi presoak. Baina ezin izan zuten hitz egin; UPNk, PSNk eta PPk ezinezko egin zuten. Gaur bertan [azaroaren 22an] bi pertsona kateatu dira Iruñeko Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren atean. Kontu horretan estatuak baitu azken hitza.

BIKTIMAK EGUNERO OROITZEKO

Genero indarkeriaren biktimen oroimenez, Iruñeko Donibane eta Ermitagaña auzoak lotzen dituen ingurubideari Azaroak 25 izena jarri diote, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Astelehen Lilak taldeko kideek gogor kritikatu dute astelehen goizean inauguratu izana, eragileek joateko aukerarik izan ez zutelako. Bestetik, kartela ele bitan egon arren, euskaraz aurkako hitza jan egin dute, eta kontrako mezua zabaltzen du.