Dormitaleria 54 sorkuntza gunea ireki dute Iruñean

Arte eta erakusketa gela bat ireki dute Iruñeko Alde Zaharreko Dormitaleria kalean. Hain zuzen ere, karrikaren izena hartu du hainbat artistak bultzatutako egitasmo horrek: Dormitaleria 54. "Sormenak, irriak eta jakintzak elkarri bostekoa emateko tokia" dela diote sortzaileek. Besteak beste, erakusketak, ikastaroak eta hitzaldiak eskaintzen dituzte; betiere, balio jakin batzuetan oinarrituta: ekintzak parte hartzaileak izatea eta artea edonoren eskura jartzea. Espekulaziorik gabeko artearen aldeko aldarria egiten dute Dormitaleria 54ko kideek. Astelehenetik larunbatera zabaltzen dute, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era. Ateak irekiak dituzte hurbildu nahi duen ororentzat.

Arteak berritutako eraikina

Argazkilaritza estudioa, informatika gela, eskulanak egiteko txokoa, sorkuntza laborategia, jantokia, patioa... Gune horiek guztiak irudikatzen dituzte Antigua Jaso Zaharra elkarteko kideek Etxabakoitzeko Jaso ikastola zaharraren eraikinean (Iruñea). Egun, abandonatutako etxea da, margoketaz josia eta belar txarrek hartua. Lapurren orube gutiziatua. Elkarteko sortzaileek, baina, artisten topagunea izan daitekeen eraikina ikusten dute: Jazar Sormen Fabrika. Alokatu diete jada, eta garbiketari ekin diote. Gauza bakarra baino ez zaie falta fabrikako ateak irekitzeko: Iruñeko Udalaren baimena.

Jazar egitasmoko partaideak dira Lilia Aizkorbe (Iruñea, 1988) eta Ioar Cabodevilla (Iruñea, 1988). Arkitektoak dira biak, eta sorkuntza lanak aurrera eramateko aukera nahi zuten; proiektuaren berri izan zutenean, "bitan pentsatu gabe" bat egin zuten. Batetik, nork bere obrak gauzatzeko beta ematen dielako; bestetik, artea herritarrengana eramateko asmoa duelako.

Lizentzia eman arte, ezinean

Osotara, 70 pertsona daude egitasmoaren bueltan, hala nola margolariak, grafitigileak, efektu berezietan aditutakoak, musikariak, antzerkigileak, eskulangileak, arkitektoak, zurginak eta dekoratzaileak. Astean behin batzen dira, batzar bitartez, erabakiak hartu eta aurrera eramateko asmoz. 2013ko maiatzean elkartu ziren lehenengoz, eta, geroztik, forma eman diote hasiera batean asmoa baino ez zenari. Hiru gune mota eraiki nahi dituzte fabrikan: lehenik eta behin, estudio pertsonalak; bigarrenik, erabilera komuneko espazioak, tartean liburutegia eta sukaldea; eta hirugarrenik, publikoarentzat irekitako areto zabalak.

Iruñeko Udalak baimena emango dien ala ez jakin gabe, ordea, "zaila" da ideia horiei forma ematea, Cabodevillaren hitzetan. Ondorioz, nahi eta ezinean dabiltza; izan ere, lizentzia lortzen ez badute, ezingo dituzte antolatu kanpora begirako ekinbideak.

Orain, udaleko ordezkariekin biltzen ari dira sortzaileen ordezkariak. Sormen fabrika martxan jartzeko negoziazioa mahaiaren gainean dago, beraz, eta oraingoz "ongi" doala deritzote. Udalari ez diote laguntza eskatzen, "trabarik ez jartzea" baizik. Hala ziurtatu du Cabodevillak.

"Malgutasuna" ere galdegiten diote. Cabodevillak argi ikusten du: "Eraikin zahar bat da; ezin dizkiote egitura berri bati eskatuko lizkioketen neurri berberak eskatu". Ildo beretik jotzen du Aizkorbek: "Erabiltzen ez den eraikin bat hartu eta berrerabili nahi dugu. Herritarrentzat onuragarria litzateke; artista gazteen lana plazaratzeko aukera emango luke, hiriarentzat aberasgarriak diren ikastaroak egiteko aukera...". Horregatik, Iruñeko Udalak "eskuzabal" jokatzea espero dute, hiriari ekar diezaiokeen "onuraz" jabetuta.

Behin-behineko gunea

"Jendeak lan egiteko gogoa dauka. Jazar Sormen Fabrika abiatzeko irrikan gaude", dio Aizkorbek irribarrea galdu gabe. Eta irrikan egotea ez da kasualitatea. Finean, pasatzen den egun bakoitzeko egun bat gutxiago dutelako Jazar gunean lan egiteko. 2016an botako dute Jaso ikastola zaharraren eraikina, alegia, proiektuaren egoitza litzatekeena. "Behin-behineko gunea da, eta badakigu. Denbora aprobetxatu behar dugu", azaldu du Aizkorbek.

Abiadura handiko treneko obrak egiteko eraitsiko dute eraikuntza. Hiru urteren buruan. Bitartean, bertan "gauza asko" egin daitezkeela uste dute proiektuan parte hartzen dutenek. Iraupen gutxikoa izango dela kontuan izanda prestatu dituzte oinarri arkitektonikoak. Denbora falta gabezia gisa hartu beharrean, "beste arkitektura mota bat" garatzeko aukera gisa ulertzen dute.

Sortuko duten espazioak, arkitektura aldetik, "indefinizio kutsu bat" eta "malgutasuna" izango dituela aurreratu dute. "Aldaketetara moldagarria" izango da.

"Ekologikoa eta ekonomikoa" izatea nahi dute, hau da, ingurumena errespetatuko duena eta, kostuei dagokienez, merkea. "Ahalik eta material gutxien erabilita sortua". Gainera, bertaratzen den edozeinek egitasmo bat aurkeztu eta hori aurrera eramateko aukera izatea dute xede. "Irekia" baita egitasmoa. "Egun, 70 bazkide gara, baina gehiago ere izan gaitezke", esan du Aizkorbek, herritarrei parte hartzeko gonbita eginez.

Mojak, ikasleak eta artistak

Historian atzera eginda, ibilbide oparoa du Jaso ikastola zaharraren eraikinak. Moja etxea izan zen, baina 1980an salgai jarri zuten. Urte horretan bertan, ikaslez gainezka zegoen San Fermin ikastola, eta hainbat gurasok zentro berri bat osatzeko eraikinak bilatzeari ekin zioten. Hala, komentua zena aurkitu eta erosi egin zuten ikastola bertan muntatzeko. Hala jaio zen Jaso. Auzolanean margotu, txukundu eta atondu zuten, eta hogei urtez egon zen martxan. 2000n, ordea, txiki geratu zen ikastola,eta lekualdatu zuten. Orduan, lapurretak eta txikizioak gertatu ziren. Orain, artistei alokatu diete, sorkuntza bultza dezaten.

USTEKABEKO TXARRIK EZ HARTZEKO

Iruñeko Udalak urpean gera daitezkeen aparkalekuetan kartelak jarri ditu gidariak arriskuaz ohartarazteko. Arga ibaitik hurbil dauden Arrotxapeko bost aparkaleku urpean gelditu dira hainbat aldiz azken urteetan. Hori dela eta, iragarpenen arabera Arga ibaiak gora egiteko arriskua duenean, sakelakora mezuak bidaltzen dituen sistema bat martxan jarri zuen udalak duela lau urte. Karteletan, sistema horretan izena emateko deia egiten zaie gidariei.

@sarean

Europako sormen fabriken inguruko informazioa duten hainbat webgune.

www.mataderomadrid.org. Madrilgo Matadero sorkuntza garaikideko zentroaren ataria.

www.radialsystem.de. Berlingo Radialsystem gunearen inguruko xehetasunak eta egitaraua.

Kanpaia jo

Nafarroako Unibertsitateko bekadunak ordenagailu aurrean jarraitzen du, burumakur. Nagusietako inor ez da halako eginkizunetarako prest agertu, lotsari ezin aurre eginda. Hargatik bidali dute mutil gominaduna, hizkiak teklea ditzan. Paper batean pasatu diote idatzi beharrekoa, ahoskatze hutsak gorritu ohi baititu. Bekadunak, lotsatuta, banan-banan zanpatu ditu teklak. Pantailan ageri da titulua, hizki handiz: Kaltegarria al da masturbazioa?. Erantzun argiko galdera, Opusentzat. Irakasleak bulegoko aterantz biratu du burua, eta testua lehenbailehen bidaltzeko agindu dio bekadunari, ingurutik sotanarik agertu aurretik. Mutikoak testua bidali du. Bere horretan argitaratu du ABC-k.

Emaitza bost paragrafoko artikulua da; perlen segida asegaitza. Opusen arabera, masturbazioak norberaren autoestimuarekiko poztasunik eza adierazten du, eta ez da "ez ona ez beharrezkoa osasunarentzat". Gainera, ezin du "asetze afektibo osorik ekarri, ez baita elkarren arteko esperientzia". Horregatik dio — ridikuluaren puntu gorena, bestalde— "ez masturbatzea posible" dela. Eta beste artikulu batean, hori lortzeko gomendioak —"inguruneko erotismotik babestu", kirola egin, denbora bete...— zerrendatzen ditu unibertsitateko aditu taldeak.

Opusek hezkuntza sexualaz lezioak ematea Jose Iribas Lars Von Trierren azken filmaren casting zuzendari izendatzearen parekoa da; ez hanka ez buru, eta ridikulua nabarmena. Baina, ongi pentsatuta, baliteke Opusek uste baino gehiago jakitea masturbazioaz. Nafarroan bederen, beti izan du eliz taldeak bere buruari plazera emateko zaletasuna, plazera gainerakoekin konpartitu baino. Bere jarduera eta ekimen oro bertako kide eta ingurukoen aldarte (eta karterak) alaitzera izan da bideratua. Masturbazio kolektiboa, nahi bada, baina masturbazioa.

Elizak —historiari so egitea besterik ez dago— berezko dohaina du gainontzekoen bizitzetan sartzeko. Zuzenean sutan erre edo gurutzetara iltzatzen ez gaituenean, gure gorputzekin zer egin edo ez egin beharko genukeen diosku. Edo agindu. Agian, hori da Opusek elkarrenganako harremanaz ulertzen duena: eurek agindu, gainerakook bete. Dominazio erabatekoa. Elizak, masturbazioa bai, baina bondagea ere baitu gustuko.

Baina guk, izaki hilkorrok, badugu ere ezetz esateko eskubiderik. Horretan, behintzat, bat gatoz sotanadun eta sotanagabeok: elkar borondatezkoa behar du harremanak. Horregatik esaten diegu Opusekoei ahaztu daitezela gurekin, utz gaitzatela bakean, eta bila dezatela beste nonbaiten amorante prestuagorik. Eta lasai egon daitezela bakartuta edo "inguruko erotismoaren" botereen aurrean kondenatuta sentitzen badira. Guk ez baitiegu aurpegiratuko egoera horretan, eta zeruko salbazioaren bila, elizako dorrera igo eta kanpaia joz ibiltzen badira.

91

Ingelesezko Ikasteko Programa izango duten zentroak. Nafarroan 61 ikastetxetan eskaintzen dute Ingelesez Ikasteko Programa. Datorren ikasturtean beste 30ek eskainiko dute. Horietako hamazazpi itunpekoak dira.

“Argazki on batek istorio bat kontatuko du berak bakarrik”

"Photoshopekin, denbora gehiago eman behar da ordenagailu aurrean kamerarekin baino". Hala dio Josu Santesteban argazkilariak (Iruñea, 1975). Teknologia berriek erabat aldatu dute argazkilaritza Santestebanen ustez. "Lehen, argazkia atera eta horrela gelditzen zen. Orain, ordea, ukiturik ematen ez bada, lanaren erdia falta dela ematen du". Horrez gain, teknologia berrien sozializazioak argazkilaritza egoera prekariora eraman duela uste du, egun teknologia berriak oso eskura baitaude, eta hedabideak horren jakitun dira. Hala ere, argazkilariak bere lanaren garrantzia nabarmendu du; haren aburuz, prekarietateak kalitatearen jaitsiera handia ekarri du. "Argazki on batek istorio bat kontatu behar du berak bakarrik, inork ezer gehiago esan gabe", dio Santestebanek.

Betidanik gustuko izan du Santestebanek argazkilaritza. Hori dela eta, ikus-entzuneko ikasketak egin zituen Iruñeko Arte eta Lanbideen Eskolan. "Eskolatik atera, eta Canal 4-n hasi nintzen lanean, kamerari gisa. Ikus-entzunezko modulua argazkilaritzara telebistara baino zuzenduago dago. Baina ni telebistan hasi nintzen". Telebistako lanarekin batera, argazkilaritzan bidea egiten hasi zen. "Niri argazkilaritza gustatzen zitzaidan, eta Euskaldunon Egunkaria-rekin kolaboratzen hasi nintzen". Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuenean, Nabarreria argitalpen enpresa sortu zuen beste lagun batekin. "Urte dezente egon nintzen bertan. Garairik onenetan Gara egunkarirako kolaborazioak eta sei edo zazpi auzo aldizkari egin genituen", esan du Santestebanek. Baina krisi ekonomikoak eta beste hainbat arrazoik Nabarreria proiektuaren itxiera ekarri zuten. Horren ondorioz, hainbat auzo aldizkari bertan behera gelditu ziren. Hala ere, duela hamabost urte Santestebanek eta beste bi lagunek sortu zuten Txantrean Auzolanean aldizkariak bizirik dirau. "Aldizkaria itxi zenean, hainbat pertsona elkartu ziren, eta aldizkariak aurrera jarraitu behar zuela erabaki zuten. Orduan, hasieran bezala funtzionatzen hasi zen berriz ere, auzolanean. Hori bai, esperientzia gehiagorekin", adierazi du Santestebanek.

Argazkilaritza egoera txarrean dago. "Prentsan lan gutxi dago. Egun, 'edonor' izan daiteke argazkilaria. Hedabideek badakite hori, eta euren interesen arabera baliatzen dute. Hainbatetan kazetariak bidaltzen dituzte argazki kamerarekin, eta esaten diete: 'Atera argazkiak eta egin bideo bat'". Baina horrek argazkien kalitateak behera egitea dakar. "Ni milaka prentsaurrekotan egon naiz. Ikusi ditut kazetariak lekutik altxatu gabe argazkiak ateratzen. Ez da zertan espezialista izan. Baina, gutxienez, argazkia egingo zaionarengana hurbildu eta begia egokitu". Azken urteetan ohiko bilakatu da hedabideek hainbat gairen inguruan irakurleei eta ikus-entzuleei argazkiak eskatzea. Horrelako ekinbideek argazkilarien lana gutxitu dute erabat: "Jada ez da argazkia ondo edo gaizki egina dagoen baloratzen. Pixel kopuruari bakarrik jartzen zaio arreta; gero eta Pixel gehiago, gero eta argazki hobea", dio Santestebanek.

Estudioetan ere lan egiten dute argazkilariek. Bertan, hainbat lan mota egiten dituzte, besteak beste, jaunartze, ezkontza eta iragarkietarako katalogoak. Baita norberarentzako argazkiak ere. Nabarreria proiektua bertan behera geratu zenean, estudioko lanean sartu zen buru-belarri Santesteban. "Beste bi lagunekin, estudio txiki bat nuen Antsoainen. Bigarren mailako lan bezala nuen, lagunentzako gauzak egiteko. Baina estudioko lanarekin modu serioan hasi nintzenean, lekuz aldatzeko beharra nuen. Oso toki txarrean baitzegoen Antsoaingo estudioa". Beraz, beste leku baten bila hasi zen Santesteban. Burlatako Morea kalean aurkitu zuen lokal egokia. Bertan du estudioa eta denda txiki bat. Horrez gain, Pixel Art enpresa sortu du beste bi lagunekin. Argazkia eta bideoa uztartzen dituen proiektu bat da. Argazkilaritzaren egoerak etengabeko egokitzapenera bultzatu du Santesteban.

Baliabideen "sozializazioaz" gain, argazkiak moldatzeko aukera erabat zabaldu da. "Jendeak esan ohi du: 'Kendu hori edo jarri beste hura'". Santesteban horren aurka dago. "Nik koloreak eta argia ukitu ohi ditut, baina ezer gehiago ez. Norbaitek ximur edo orbainen bat badu, ez dut kenduko. Norbera den modukoa da. Hala ere, baten bat oso astuna jartzen baldin bada, kenduko diot. Baina ez dut gogoko", dio Santestebanek.

Arazo guztien gainetik, argazkilaritza maite du Santestebanek. Aukeratzekotan, prentsan lan egin nahiko luke. "Informatua zaude, eta jende gutxi hel daitekeen tokietara heltzen zara". Horrez gain, norberaren lana publikatuta ikusteak sortzen duen harrotasunaz ere hitz egin du. "Argazkiek informatu bai, baina gehienbat transmititu egin behar dute". Horretarako, argazki makina menperatu behar da. Baina hori bezain garrantzitsua da "argazkiarekin kontatu nahi dena argi izatea".

%78

Atez atekoarekin Sakanan lortu duten birziklapen tasa. Sakanan duela sei hilabete ezarri zuten hondakinen atez ateko bilketa. Sistema berria jarri baino lehen birziklapen tasa %25 zen, eta gaur egun %78ra igo da.

“Artistak bakarrik ez gaudela ikusteko balio du Jazar Sormen Fabrikak”

Kazetaria da ikasketaz Iñigo Ziganda (Astrain, 1983), eta kazetaria zen ofizioz ere, krisi ekonomikoaren ondorioz lanpostua galdu zuen arte. Orduan, beste zer edo zer egin behar zuela bururatu, eta ipuin pertsonalizatuak sortzen hasi zen. Caracolmirikol deitu dio proiektuari. Ume bakoitzaren ezaugarrietan oinarritutako istorioak dira, hark idatzi eta marraztutakoak. Hala, sorkuntzaren bidean murgildu zen. Orain, Jazar Sormen Fabrika ezagutu, eta buru-belarri sartu da proiektuan. Artea norbanakotik ez ezik taldean ere landu behar dela deritzo.

Nola sartu zara Jazar egitasmoan?

Oso mugitua naiz. Ikaragarri polita iruditu zitzaidan artea zabaltzearen ideia, eta segituan batu nintzen.

Sormen fabrika irekitzea da ideia. Zuk zer egingo zenuke bertan?

Estudio bat izan nezake, edo ur margoko klaseak eman nitzake. Baina, horrez gain, asko ikas nezake.

Zer ikas zenezake, bada?

Diziplina anitzeko artistak ezagutzeko aukera izango nuke, baita bestelako arte adierazpenak gertutik bizitzeko aukera ere. Hazten jarraituko nuke.

Oraindik ez dituzue obrak egin. Dena den, nola imajinatzen duzu lokala?

Atsegina eta beroa. Leku handia, espazio zabalekin, gela mota askorekin, txokoekin; haren barnean egitasmo mordoa bildu ahalko duen inguruekin. Denentzat irekitako lokala imajinatzen dut.

Profil zabaleko artistak zarete: artista grafikoak, musikariak, antzerkigileak... Zer ezaugarri komun duzue?

Lanerako gogoa. Diziplina mota askotako sortzaileak gara. Jazarrek bakarrik ez gaudela ikusteko balio du.

Elkarlanean proiektuak aurrera eramateko aukera ere emango dizue guneak.

Bai, geroz eta gehiago izan, orduan eta ekinaldi gehiago egin ahalko ditugu. Artea sustatu ahalko dugu, diziplina berriak asmatu, kritikak jaso, iritziak partekatu, hobetu...

Zuk zehazki Caracolmirikol proiektuan lan egiten duzu, ipuinak egiten. Zertan datza?

Ama margolaria da, Asun San Martin; bion artean sortu genuen Caracolmirikol. Haurrentzako pertsonalizatutako istorioak dira. Umea bera da protagonista. Enkarguz egiten ditugu, eta obra bakoitza ezberdina da, haurraren berezkotasunetan oinarrituz.

Barraskiloak dira istorioetako protagonistak. Zergatik?

Hasieran, barraskiloak hazi nahi nituen, gero ipuinak egiteko ideia sortu zen, eta biak nahastu nituen! Natura ardatz duten obrak sortu nahi ditut. Orain, tximeletak ere sartzen hasi gara.

Zer istorio mota egiten dituzue?

Balioetan zentratutako lanak egiten ditugu. Elkartasuna, naturarekiko errespetua, maitasuna... horiek dira, besteak beste, gehien azaltzen diren printzipioak. Liburua eskatzen duenak esaten du zer islatu nahi duen, eta guk hori sartzen dugu. Hogei bat orrialdeko lanak izaten dira.

Sormen fabrikan ere izango duzu Caracolmirikol egitasmoan sakontzeko aukera.

Gainontzeko diziplinetatik beti ikas daiteke zerbait ipuinak aberasteko, noski!