“Pastak ez du gizentzen, pastari botatzen dioguna da gakoa”

"Nahiago dut pestizida, belar hiltzaile, ongarri eta nitrato gabeko elikagaiak hartzea". Hala dio Maximiliano Martinelli pastagileak (Barga, Italia, 1971). Eskuz egindako pasta ekologikoa egiten du. Duela hogei urte etorri zen Euskal Herrira, maitasunagatik. Betidanik gustuko izan du pasta, Italian bizi zenean ia egunero jaten zuen. "Txikitatik egin dugu pasta etxean; oroitzapen onak ekartzen dizkit". Pastak, karbohidrato asko dituenez, gizentzen duen ustea dago. Martinellik hori gezurtatu du. "Pastak ez du gizentzen, ogia bezalakoa da. Pastari botatzen dioguna da gakoa. Pastari carbonara saltsa botaz gero, normala da gizentzea. Baina barazkiekin eta olio pixka batekin janez gero, ez dago inongo arazorik", azaldu du Martinellik.

"Bost urte baino gehiago daramatzat kontsumo talde batean. Nire egunerokoan saiatzen naiz gauza ekologikoak erosten, besteak beste, janari ekologikoa eta hemen egindako arropa", azaldu du Martinellik. Horregatik erabaki zuen pasta ekologikoa egitea, bere buruarekin kontsekuente izateko. Gainera, pastagile asko daude; Martinelliren produktua, ordea, berezia da, eta horrek tokia egiten dio merkatuan.

Produktu ekologikoak egiteko, lehengaiek ere ekologikoak izan behar dute. Gari gogorrarekin egiten du pasta Martinellik. Bila hasi zen, eta Nafarroan ez zuen gari gogor ekologikorik aurkitu. "Aragoin gari gogor ekologikoa lantzen duen kooperatiba bat aurkitu dut". Gari hori erabiltzen du, proteina asko dituelako, eta pasta egiteko beharrezkoa den semola lortzen du horrela. Pasta ekologikoa, integrala eta zuria egiten du.

Lehengaiez gain, pasta lantzeko modua ere garrantzitsua da. Semola uretan jartzen du 20 minutuz, ondoren, brontzezko trefilarekin mozteko. "Brontzezko trefilak porositate handia ematen dio pastari. Hori, egosterakoan, baina baita saltsarekin nahasterakoan ere, asko nabaritzen da", azaldu du Martinellik. Moztu eta forma eman eta gero, pasta lehortu egin behar da. "Lehorketa motela egiten dut nik, pasta 40 gradutik beherako tenperaturan utzita. Bero gehiagorekin pasta azkarrago lehortzen da, baina kalitate handia galtzen du".

Aurrera begira beste ideia batzuk ere baditu. "Martxo aldera, espelta gariarekin saiatuko naiz pasta egiten". Elikadura adituen arabera, espeltak gari gogorrak baino digestio hobea eragiten du. Horrez gain, uda aldera azenarioa, tipula eta tomatearekin pasta egiteko ahalegina egin nahi du. "Orain, baratzean ez dago gauza askorik. Uda heltzean saiatuko naiz pasta berriak egiten. Betiere ekologikoak direnak". Buruan duen beste produktua tagliatelleak dira. Baina horretarako pasta egiteko makina egokitu behar du. "Makinatik mozteko orduan, pasta luzera ezberdinean mozten du. Beraz, dena luzera berean mozteko, kurba egiten duen gailua behar dut. Horren bidez, pasta ez da hautsiko, eta nahi dudan unean moztu ahal izango da".

Iazko urtarrilean hasi zen enpresa sortzen. Garraiolari lanetan ibili da urtetan Martinelli, kamioiarekin. Hilabetetako lanaren ostean, azaroan hasi zen pasta saltzen. "Hiru hilabete daramatzat saltzen, eta oraingoz aurrera doa. Behin erosita, hainbatek errepikatu egin dute. Gainera, produktua gero eta ezagunagoa da". Interneten saltzen du, baina baita dendatan ere. "Belar dendatan saltzen dute Martinelli pasta. Leku berezietan saltzeko produktua da". Pasta industriala baino garestiagoa bada ere, Martinellik uste du eskuz egindako pasta ekologikoa izateko ez dela garestia: 2,10 euro kilo erdiak.

Gaur egun, Iruñerria osoan saltzen du, eta Gipuzkoara zabaltzen ari da. "Donostia, Irun, Andoain eta Errenterian badago salgai. Nafarroatik kanpo joatea garrantzitsua da, abuztuan ez baita inor gelditzen", dio pastagileak. Garraiolaria zenean baino ordu gehiago egiten du lan Martinellik orain. Baina ez zaio axola, orain gustuko lana egiten baitu. "Goizean 06:00etan altxatzen naiz egunero, eta 14:30 arte lan egiten dut lantegian. Gero, bazkaldu, eta arratsaldean saltzaile lana egiten dut. Dendaz denda joaten naiz, nire pasta saltzen".

Jateko hamaika modu

Pasta mota asko daude. Martinellik kiribila, maskor itxurakoa eta makarroiak egiten ditu. Guztiak edozein modura jan daitezke; hala ere, Martinellik baditu bere lehentasunak. "Kiribilak finagoak dira, beraz, nik nahiago dut, adibidez, olioa eta gazta parmatar xehatuarekin jan. Makarroiak eta maskor itxura dutenak, hobeak dira saltsarekin jateko. Baina bakoitzak nahi duen bezala jateko dira". Martinelliri asko gustatzen zaio pasta, eta edozein erara jaten du, baina bereziki gogoko du pasta kiribila, olio, baratxuri eta kaiena apur batekin jatea.

Enpresa martxan jartzeko hamar hilabete behar izan ditu Martinellik. Hiru hilabete baino gutxiago daramatza saltzen, baina enpresa txikia aurrera doa. Kalitatezko produktu osasuntsuak eskaini nahi ditu Martinellik.

DOAKO APARKALEKUA NAHI DUTE

Administrazioak herritarrei "kalte" egiten dieten neurriak hartu dituela salatu du Nafarroako Osasunaren Plataformak. Duela zenbait aste, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak eta Iruñeko Udalak Iruñeko Ospitale Guneko doako aparkalekuak eremu urdin izendatzea adostu zuten. Ondorioz, aparkatzeagatik kobratzen hasiko dira datozen asteetan. Plataformaren irudiko, osasun publikora jotzen dutenek gero eta gehiago ordaindu behar dute.

Errimaren taldekako jokoa

Nafarroako bertsolaritza sustatzeko xedez antolatu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak, lehenengoz, Bardoak taldekako bertsolari txapelketa. 2012an abian jarritako lehiaketaren emaitza "oso ona" izan zela ebatzita, aurten ere esperientzia errepikatzea erabaki dute. Bardoak-en bitartez bestelako txapelketetan parte hartzen ez duten bertsolariek parte hartzea lortu dute, batez ere. Tamaina txikiko bertso saioak izaten dira, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko tentsio unerik gabekoak. Orotara, hamasei taldetan banatutako 110 lagunek parte hartuko dute. Horietatik hirurogehi bertsolariak izango dira, eta gainontzekoak aurkezleak, ordezkariak eta gai-jartzaileak. Lehia gaur hasiko da, iluntzean, eta Lesakan, Arbizun, Zubietan eta Erratzun izango dira saioak. Bardoak-en bigarren edizioan ere errimarekin eta gaiekin asmatzen duen taldea izango da garaile.

Beharrak aginduta jarri zuen martxan Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bardoak txapelketa. "Gure artean bazegoen kezka urtero-urtero Nafarroako Bertsolari Txapelketa egitea ez ote zen nekagarria izango", aitortu du Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Izan ere, 2012 arte, urtero egiten zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Hausnarketa prozesu baten ostean, txapelketa nagusia bi urtean behin egitea erabaki zuten. "Azkenean, taldekako txapelketaren aldeko apustua egitea erabaki genuen", azaldu du Rekondok. Apustuaren emaitzak onak dira, eta beste bertso elkarte batzuek ere eredu bertsuaren aldeko hautua egin dute, Arabakoak esaterako.

Erronka handia izan da taldekako bertso txapelketa, baina Rekondo ziur da bete-betean asmatu dutela. Izan ere, saioak tamaina txikikoak izaten direnez, bertsolariek ez dute euren burua horren "estututa" ikusten. Gainera, elkarteak bertso zaletasuna sustatzea du xede nagusi. Kontuan izan behar da Nafarroan euskarak zein egoera duen eta horrek bertsolaritzan eragin zuzena duela. Dena den, azken urteetan, herrialdean errimen jokoak duen egoera hobetzen ari delakoan dago Rekondo.

Bardoak-en parte hartuko duten taldeak oso aniztunak dira. Bertsolariez gain, kideetako batzuek ordezkari lana edota gai-jartzaile lana egiten dute. Beraz, bertsogintzan behar diren bestelako eragileak ere presente izango dira taldekako lehian. Alde horretatik, ohiko txapelketak ematen ez dituen aukerak ematen ditu taldekakoak.

Lehen taldekako txapelketak bere fruituak eman zituen, eta bigarren edizioak bide bertsutik joko duela irizten dio Rekondok. Izan ere, 2012an Bardoak-en parte hartu zuten lau bertsolarik Nafarroako Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuten lehenengoz, eta batek finalera iristea erdietsi zuen, Eneko Fernandezek, hain zuzen ere.

Gainera, gero eta gehiago hasten dira 18 urte beteta bertso eskolan. Esaterako, Iruñeko Hizkuntza Eskolan halako lagunak biltzen dituen bertso eskola dago. Hainbat kide euskaldun berriak dira, gainera. Bertsoaren afizioak Nafarroan goranzko joera nabarmena duen arren, Rekondo kezkatuta dago Nafarroako Gobernuak duen jarrera dela eta. Izan ere, gero eta murritzagoa da hezkuntza arautuan bertsolaritza eskolak emateko Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ematen duen diru saila. Nafarroako Bertsozale Elkarteko buruak ohartarazi duenez, litekeena da heldu den ikasturtean kolokan egotea hezkuntza arautuan bertsolaritza eskolak emateko aukera. Dena den, oraindik egoera bideratzeko aukera izatea espero du.

Txapelketa luzea

Txapelketa gaur arratsaldean hasiko da, eta lau saio izango dira: Lesakan, Zubietan, Erratzun eta Arbizun. Asmoa tamaina txikiko saioak egitea denez, antolatzaileek areto txikien aldeko hautua egin dute. "Kontuan izan behar da askok lehenengoz abestuko dutela publiko aurrean, eta areto txikiek ez dute horrenbesteko errespeturik eragiten", azaldu du Rekondok. Denera, 23 saio izango dira. 2012an bezala, talde lana izango da txapelketaren oinarria. Gutxienez bost kide ditu talde bakoitzak: hiru bertsolari, gai-jartzailea, aurkezlea eta ordezkaria.

Txapelketak hainbat fase ditu. Lehen fasean, sei ligaxkatan banatuta daude hamasei taldeak. Bigarren fasea, berriz, sei taldek jokatuko dute. Talde horien artean, sailkapenean lehen hiru postuak erdiesten dituztenak iritsiko dira final nagusira: apirilaren 12an jokatuko da, Lesakako pilotalekuan.

Azken saioa, finala alegia, arratsaldez izango da, baina egun osoko festa eguna antolatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. "Azken urteotan, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala bertsolaritzaren eta euskal kulturaren ezinbesteko ekitaldi bilakatu da, eta Leitzan lehen edizioan gertatu bezala, Bardoak taldekako txapelketako 2014ko final hau ere lehiaz haratago dagoen bertsolaritzaren festa handia izatea nahi dugu", jakinarazi du Rekondok. Beraz, apirilaren 12rako egitarauaren berri eman ez duten arren, egun osoz izango da zertaz gozatu eta zer ikusi.

Duela bi urteko esperientzian, taldeen arteko harremana eta giroa nabarmendu ziren. Gainera, bertsolaritza sarritan iristen ez den tokietara iristea ere erdietsi zen. Orain ere, bide horri jarraituko diote. Gainera, abenduan izan zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak bertsozaleengan eragin zuen olatuaren ubera profitatzeko parada izango da Nafarroan ere.

Gaizki geratu nahi ez zuen emakumea

Bere burua ispiluan begiratu du azkenekoz, ile nahasiak orraztu, berokia jantzi eta badoa. Igogailuan konturatu da aterkia etxean ahantzi duela, eta gorako bidea egin du. Berriz ere, aurpegiz aurpegi egin du topo bere islarekin, ispilu zaharrean, parez pare. Urduri dago. Bere burua begiratu, eta "oraingoan bai!", pentsatu du.

Ez da bide erraza. Nerbioek hartzen diote barrena, eta tximeletak ditu tripan, baina ez ipuinetan maitasunak sortzen dituen horietakoak. Goragalea ematen dioten mitxirrikak dira. Hesteak uzkurtzen dizkioten pinpilinpauxak. Hartu du bidea, inertziaz bezala. Eta, hala, pauso sosegatuz bigarren zabalgunea utzi, Iruñea gurutzatu, Martzelo Zelaieta zeharkatu, eta heldu da Kaputxinoseko elizara.

19:50 inguru dira. Berandutu egin zaio. Kosta egin zaio joateko arropa aukeratzea. Beroki beltza, eta luzea. Bota altuak, grisaxkak, izebaren ezkontzarako erosi zituen horiek. Bakeroak, ahalik eta normalenak, apaindurarik gabeak eta boltsa handia, badaezpada. Nerbioetarako pilulak sartu ditu zorrotxoan, antsietateak emanez gero zeri heldua izateko.

20:00ak. Hartu du pilula bat, lasaitzeko. Janzkerarekin asmatu duela bururatu zaio: neutroa, baina elegantea. Ongi. Inkognitoan ibiltzeko balekoa. Antsoain kalean dago, badaki bertan dagoela. Google Mapsek hala esan dio.

20:05. Iritsi da. Kostata, baina bistara dezake klinikako atea. Irekita dago; argia ikusi du leihoen bestaldean. Arnasa hartu, zorabioa kontrolatzen ahalegindu, eta azken 300 metroei ekin die.

20:06. "Baina zer da hori? Kakazaharra, zenbat jende atean. Eta zertan ari dira? Errezoan? Mezan ere ez zuten eginen hauek, eta hemen otoitz egiten! Ai ama… lanekoak daude. Inazio eta Maria Jexux. Ene… Zer esan behar diet ba nik hauei? Oihuka dabiltza: 'Aborturik ez!'. Nola joan behar dut bihar bulegora hemen ikusi ondoren? Bale. Ez naiz klinikara sartuko. Elkarretaratzean geratuko naiz. Haiekin batera; lau oihu tonto bota, eta listo. Ez dut gaizki geratu nahi. Bihar eginen dut. Gaur itxurak egin, eta goizean goiz hemen nago berriz. Kitto. Ez dute zertan jakin. Ea ba bestela nola esanen diedan etxera etortzeko brunch-a hartzera. Senarrak eta biok abortuaren kontra bota ditugunekin…".

Elkarteratzera hurreratu da. "Arratsalde on, Maria Jexux. Aupa Inazio, aspaldiko". Muxu bana eman die, eta hor geratu da, pankarta atzean.

Ondorioa: ez dago ondoriorik. Zergatik ez dagoen? Ez dudalako abortuaren kontra egon eta haurdunaldia eteten duen emakume hori kritikatu nahi. Berdin-berdin nahi dudalako abortatzeko eskubidea PPko emakumeentzat, lesbianentzat, mojentzat, jada ama direnentzat, emakume sentitzen ez direnentzat… Denentzat.

Mehatxu elkarretaratzeetan batzen diren horiek ez bezala, ni bizitzaren alde nagoelako. Norberari bere bizitza bizitzen uztearen alde.

Iruñeko udal jantokiko erabiltzaile kopurua ia %20 hazi da azken urtean

Gero eta familia gehiagok jotzen dute Iruñeko udal jantokira. Azken urtean, erabiltzaileen %18,7 adingabeak ziren. Zerbitzua martxan jarri zutenean, 2010ean, adingabeak %4,5 baino ez ziren. Horrez gain, erabiltzaile kopuru orokorrak ere gora egin du. Iaz, 282 lagunek jan zuten udal jantokian; 2012an, berriz, 234k. Orotara, urtebetean ia %20 hazi da erabiltzaile kopurua.

Oscus 0,50 udal jantokia 2010ean jarri zuen martxan Iruñeko Udalak. Nabarreria kaleko 31. zenbakian dago, eta 50 pertsonarentzako tokia du. Bertan, 0,50 euroren truke ematen dituzte bazkariak eta afariak. Otorduak jasotzeko eskubidea izateko, udaleko gizarte zerbitzuen azterketa pasatu behar da.

Iaz, 28.474 otordu eman zituzten: 16.610 bazkari eta 11.864 afari. Egunero, batez beste 80,1 zerbitzu eskaini dituzte. Duela bi urte, egun bakoitzean batez beste 72,6 otordu ematen zituzten. Horrek esan nahi du %10 igo dela egunerokoan zerbitzua jaso zuten pertsonen kopurua.

Hala ere, 2013an 2012an baino afari gutxiago eman zituzten. Jantokia ireki zutenetik aurrez aurreko bazkariak eskaintzen zituzten, eta afaltzeko, berriz, tuperrak ematen zituzten. Baina 2013. urtean, tuperrak emateari utzi, eta aurrez aurreko afariak eskaintzen hasi ziren. Jantokiko arduradunek uste dute aldaketa horren eraginez jende gutxiagok afaldu duela jangela publikoan; izan ere, lehen afariak eguerdian bertan ematen zizkieten erabiltzaileei. Hala, behin baino ez zuten joan behar jantokira. Iragan larunbatean, afaltzeko tuperrak ematen hasi ziren eguerdian.

Jantokiko erabiltzaileen profilari dagokionez, gehienak gizonezkoak dira, eta ez dute inolako gizarte laguntzarik jasotzen. Jantokia egunero irekitzen dute, sanferminetan izan ezik.

85

Volkswagenek Landabenen inbertitutako milioi euroak. Volkswagen Alemaniako auto enpresak 85 milioi euro inbertitu ditu Landabenen duen lantokian. Karrozeriaren margoketa prozesuko teknikak hobetuko dituen aurretratamenduko tailerra eta hondakinen kudeaketa optimizatuko duen araztegi berriak inauguratu dituzte.

Ingurumen heziketa “eraistea” egotzi diote gobernuari

"Ironikoa da Ingurumen Heziketaren Nazioarteko Eguna ospatzen den astean gobernuak NIABZ Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroaren fundazioa ixtea", azaldu dute fundazioko langileek. Urtarrilaren 22an Nafarroako gobernu kontseiluak bere ardurap...

“Bihotzean jotzen duen geziaren gisakoa da dantza ikuskizun hau”

Corpus eguneko dantzak bildu dituzte Besta berri ikuskizunean. Besteak beste, Oñatiko (Gipuzkoa) eta Heletako (Nafarroa Beherea) dantzak ikusteko parada izango da. Juan Antonio Urbeltz antropologoa (Iruñea, 1940) aritu da koreografo lanetan. Dantza ikuskizuna "zoragarria" dela aitortu du. Ildo beretik mintzatu da Aritz Ibañez (Iruñea, 1979) Iruñeko Duguna dantza taldeko zuzendaria ere. Orotara, ehun dantzari inguru izango dira agertoki gainean, 30 bat Dugunakoak. Iruñean emanaldi bakarra izango da, bihar, 20:00etan, Baluarte jauregian.

Corpus egunean egiten zen Bestaberri. Baina zer da festa hori zehazki?

JUAN ANTONIO URBELTZ. Corpus Christi egunean Euskal Herriko toki askotan egiten zen festa da Bestaberri. Ipar Euskal Herriko hainbat herritan eta Oñatin oraindik ere egiten dute. Corpus egunean arratsaldeko hiruretan ateratzen dira. Guk Heletan (Nafarroa Beherea) egiten dutena hartu dugu oinarri gisa. Niri izugarri polita iruditzen zait Heletako festa. 1992an, adibidez, Parisera joan ginen, Heletako dantzariekin; Besta Berriko dantzak Champs Elysees antzokian eskaini zituzten, eta ikaragarria izan zen. Hala ere, Besta berri ikuskizunaren atzean denetik dago: makil dantza, ezpata dantza, zomorroak...

Nola sortu zen Besta berri ikuskizuna egiteko ideia?

J. A. U. 70 urte egin nituenean, bileratxo bat egin genuen Argiako kideok. Hamarkada berri baten aurrean nengoen, eta buruan neuzkan ideia batzuen berri eman nuen bilera horretan. Besteak beste, liburu batzuk idazteko eta dantza ikuskizun batzuk egiteko asmoa nuela helarazi nien. Lehenengo xedea, Besta berri ikuskizuna gauzatzea zen, eta, zorionez, lortu dugu. Profesionalak ez diren dantzariek parte hartzen duten ikuskizuna da. Bihotzean jotzen duen geziaren gisakoa da dantza ikuskizuna. Zoragarria!

Zein dantza nabarmenduko zenituzkete biharko ikuskizunetik?

ARITZ IBAÑEZ. Biharko saioak lau zati nagusi izango ditu. Alde batetik, ezpata dantza eta brokel dantza izango dira. Brokel dantzan, garai bateko Donostiako jostunei egingo diegu keinu. Horren ostean, Heletako makil txiki eta jauzia dantzak eskainiko ditugu. Hirugarren zatia Oñatin Corpus egunean dantzatzen dituzten dantzek osatzen dute. Ikuskizunari amaiera 1989. urtean Argiak estreinatu zuten Muriska laneko dantza batzuen bitartez emango diogu.

Nolatan erabaki duzue Muriska-ko dantza batzuk dantzatzea?

J. A. U. Lehen esan dudan bezala, Muriska 1989. urtean estreinatu genuen. Ordutik belaunaldi oso bat igaro da. Muriska izugarria da, leherketa bat. Ni 1959. urtean hasi nintzen dantzan, eta orduan dantza gutxi batzuk bakarrik zeuden, Luzaidekoa, Gipuzkoakoak eta gutxi gehiago. Hura basamortua zen! Urte haiek pasatu ziren, eta orain dantzak duen egoera zoragarria da. Muriska-ren bitartez, euskaldunen gaitasunak agertuko ditugu.

Gainera, Besta berri-n, Jorge Oteiza artista ere ekarriko duzue gogora.

J. A. U. Jorge [Oteiza] zoragarria zen. Arantzazurako hamalau apostolu egin zituen, eta arrazoi zuen. Hala, ikuskizunean, Oñatiko dantzariek arkuekin ingurutxo moduko bat dantzatzen dute. Apostoluak irudikatzen dituzte. Hamabi dantzariak dira, eta aurrekari bat izaten dute aurrean eta atzekari bat atzean. Modu horretan omenaldi txikitxo bat egiten diogu artista oriotarrari. Ikuskizunak erlijioarekin lotura zuzena du. Jesukristo ere irudikatuko dugu, baina oso modu berezian. Eguzkia ere hor egongo da, eta baita deabrua ere, jolasaren adierazle gisa.

Baluarten hainbat dantza talde izango dira, tartean Duguna. Nola sortu zen Argiaren eta Dugunaren arteko hartu-emana?

A. I. Argiarekin 2007. urtean hasi ginen elkarlanean. Lehenago ere izan genituen hartu-eman batzuk, baina 2007an Gipuzkoako dantza batzuen inguruko ikastaro batean hartu genuen parte. Gainera, Iruñeko ezpata dantza berreskuratu nahi genuen, eta Juanani [Urbeltz] eskatu genion laguntza. 2009ko Aldapako sanferminetan estreinatu genuen.

J. A. U. Lehengo aldiz ikusi nuenean izugarri hunkitu nintzen. Jendeak Iruñeko ezpata dantza ikusi zuenean, pentsatu zuen betidanik egiten zela. Guk ez dugu ezer asmatu, berreskuratu baizik. Horregatik iruditzen zaio jendeari Iruñeko ezpata dantza beti dantzatu izan dela. Osagaiak garai jakin bati ez badagozkio, emaitza ere ez.

Lehen aldia da halako ikuskizun bat Baluarten eskaintzen dena.

A. I. Erronka handi samarra da. 1.300 lagun inguru sartzen dira. Lehen aldia denez, guretzat erronka handia da. Gainera, guretzat ohikoena kalean dantzatzea da. Biharkoa polita izanen delakoan nago.