Urte berria, eskaera zaharrak

Lehenik eta behin, orain arte errateko aukerarik izan ez dudanez, urte berri on denoi! Pentsatzen dut ongi hasi izanen duzuela urtea, ezta? Xanpaina aurrean eta hurbilekoak inguruan. Hurrengo egunean ezertaz ez akordatzeko adina edan, eta aurrera! Ongi etorri, 2014! Hori omen arruntena. Ba nik ez dizuet gezurrik errango, nahiko kezkatuta hasi dut urtea.

Gogoratzen duzue aurtengo Iruñeko sanferminetako txupinazoan gertatu zena? Ez naiz ari alkate jaun txit gorenak delitutzat jo zuen ekintza hartaz, delitutzat jo beharko litzatekeen baina inongo garrantzirik ematen ez zaion horretaz baizik. Badirudi emakume batek galtza estuak eta kamiseta hautsi bat jarriz gero eskubidea ematen diela inguruan dituen gizaseme guztiei nahi duten beste ukitzeko. Zer esanik ez titi bistan jarrita. Gizon eta mutilak gizaki izatetik gizotso izatera igarotzeak beldurra ematen du. Ez da ilargi betearen eragina, ordea. Emakumeak "bultzatzen" ditu horretara, eta alkoholak kentzen die lotsa. Lotsagarria! Emakumearen sexu askatasunaren aurkako erasoak etengabeak dira halakoetan, eta bada garaia begiak ireki eta eskuak poltsikoan gordetzeko.

Bada antzeko zerbait ikusi nuen Urtezahar egunean. Askok uste dute horrelakoak ez direla txupinazoan gertatutakoa bezain larriak, baina ni ez naiz iritzi berekoa. Zer gertatzen zaie gizonezko batzuei emakume lirain eta erakargarri bat aurrean jartzen zaienean? Gizakiak eta animaliak ustez bereizten gaituen arrazionaltasuna alde batera utzi, eta animaliek daukaten intuizioz jokatzen dute.

Uste dut jakin beharko zenuketela urte berriak ez dizkizuela eskubide berriak eman, ez behintzat emakumeen eskubideak urratuko dituztenak. Normala deritzot Urtezahar gauean "urte berri on" esan eta bi muxu emateari. Agian besarkada bat ere eman daiteke. Hor ere faltsutasunean eror gaitezke, baina ez naiz kontu horretan sartuko orain. Dena den, besarkada bat emateak ez du erran nahi eskuak gerritik beherantz eraman eta ipurdian jar ditzakezuenik! Zuen aurrean dagoen pertsonak hala nahi badu, zorteko zaudete! Orduan elkar laztandu, gozatu eta zirikatu… Baina bertzela ez!

Zuen adiskidea, ezaguna edo dena delakoa bertzetan baino ederrago dagoela uste duzue? Beharbada, pertsona horrek soineko eder eta makillaje kapa baten azpian bere buruarekiko segurtasunik eza dauka. Emakumea beti da ederra, baina, zoritxarrez, hori askotan ahaztu egiten zaigu. Eta batzuetan, hobeto sentitzeko, pinturara jotzen dugu. Hala da. Baina, nik dakidala, begiak pintatzean ez da inon idazten "ukitu nire ipurdia lasai. Horretarako dago eta". Ezta ezpainak margotzean ere. Oraindik gutxiago soineko estu bat jartzean.

Urte berriarentzat, hori da nire eskaeretako bat. Askotan eskatu dudan zerbait da, baina oraindik zantzu okerrak ikusten ditut tarteka. Behar baino gehiagotan egia erran. Hori dela eta, bi mezu helarazi nahiko nituzke lerro hauen bidez. Lehena, gizonezkoentzat: sekula ez pentsatu zuek nahi duzuen guztia ukitu nahi izateagatik emakumeek ere nahiko dutenik. Agian bai. Galdetu. Emakumeentzat: zuen gorputzari eraso diotela sentitu baduzue, ez gelditu isilik zuen laguna delako eta haserretzeko beldurra duzuelako, erran ozen zuen gorputza dela eta zuek erabakiko duzuela zer egin harekin! Nork ukitzea nahi duzuen eta nork ez! Ez izan beldurrik!

Urte berri on denoi, eta besarkada estu bana!

Adoptatu zain daude 23 txakur eta zazpi katu Iruñean

Orotara, 23 txakur eta zazpi katu daude egun Iruñeko Animaliak Artatzeko Zentroan. Horien adopzioa sustatzeko asmoz, Eraman nazazu etxera lelopean kanpaina abiatu du Iruñeko Udalak, animalia horiei familia bat bilatu nahian. Udalak ohar batez jakinarazi duenez, euren denbora eta tokia animalia batekin partekatu nahi duten familiak erakarri nahi dituzte.

Egun zentroan 30 animalia dauden arren, Iruñeko Udalaren arabera, urtean laurehun baino gehiago igarotzen dira zentrotik. Horietako gehienak txakurrak eta katuak izaten dira, arraza eta adin ezberdinetakoak gainera. Adopzioa sustatzeko asmoz, adoptatuak izateko moduan dauden animalien irudiak jartzen ditu Iruñeko Udalak www.pamplona.net atarian.

Programa hori 2007. urtean jarri zuen martxan udalak. Ordutik, Animaliak Artatzeko Iruñeko Zentroan zeuden 976 txakur eta katu adoptatu dituzte. Bide horretan jarraitu nahi duela ohartarazi du.

Hala ere, Iruñerrian animaliak adoptatzeko aukera eskaintzen duen zentro gehiago ere bada, tartean Animaliak Babesteko Etxauriko zentroa. Egun albaitaritza klinika pribatu batek kudeatzen duen arren, Etxauriko Neskak izeneko boluntario talde bat buru-belarri aritzen da zentroan dauden txakurren adopzioa sustatzen.

Berez, Nafarroako Gobernuarena da zentro hori, baina azken urteetan Etxauriko Neskek behin eta berriz ohartarazi dute bertan dauden animalien bizi-baldintzak ez direla batere onak. Esaterako, joan den otsailean izandako euriteen eraginez, hainbat txakur itota hil ziren. Zentroko bizi-baldintzak hobetzeko beharra dagoela aldarrikatu dute.

Gabonetan, kanpaina bat ere izan dute martxan, animalia bat etxean hartzean "arduratsu" jokatu behar dela ohartarazteko. Egunero-egunero izaten dira Etxauriko zentroan kalean utzitako edo bertara eramandako txakurren kasuak. Etxauriko Neskek Facebook gunea ere badute: www.facebook.com/txikasdeetxauri da helbidea.

3.670

Erretiratu baten soldata soilik jasotzen duten familiak. CCOO sindikatuaren arabera, Nafarroan 51.278 pertsona daude lanik gabe. Egun, Nafarroako 3.670 etxetan erretiratutako familiako kide baten soldata baino ez dute jasotzen. Orain dela bost urte, 1.100 familia zeuden egoera horretan.

Bukatu dute Arantzadiko parkeko lanen lehen fasea

Iruñeko Arantzadin 150.000 metro koadroko parke berria egin du Iruñeko Udalak. Lanen bigarren faseak beste 60.000 metro koadrori eragingo die, baina oraindik ez dago finkatuta lanak hasteko datarik. Parkean ibai pasealekua egongo da, berdegune eta jolasguneekin batera. Horrez gain, lur ortuak egiteko gorde dira 71.000 metro koadro. Lur horiek lantzeko aukera egongo da, udalak hirurogei lursail gorde baititu hiritarrek landu ditzaten. Horretarako, izena eman behar da udalean. Arantzadiko parkeak polemika handia izan du. Lanak hasi aurretik, bertan zeuden Iruñeko azken ortuak, eta udalak kendu egin zituen parkea egiteko. Lanek hainbat protesta eta gatazka sortu zituzten.

Zor publikoa.

Espainiako Bankuaren arabera, Nafarroaren ekainera arteko zor publikoa 3.230 milioi eurokoa da. Urte oparoetan gobernuak dirua jarri du azpiegitura handietan, eta orain zorrak eta defizitak kezkatzen du. Iraganean erakutsi gabeko zorroztasuna aldarrik...

203

2008-2011 bitartean izan diren ablazio kasuak Nafarroan. Iñigo Alli Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikako kontseilariaren arabera, 2008 eta 2011 artean 203 ablazio kasu izan ziren. Ablazioaren aurkako protokoloa martxan jarriko du Nafarroako Gobernuak.

30.000

Nafarroan gaixotasun arraroren bat duten pertsonak. Ezohiko gaixotasunak eta gaitz kronikoak lehentasunezkoak izatea eskatu du Nafarroako Gaixotasun arraroen elkarteak. Izan ere, 30.000 lagunek pairatzen dituzte Nafarroan halako gaixotasunak.

Egindakoaz eta egiteke dagoenaz

Krisi ekonomikoaren zurrunbiloak irentsi ditu Nafarroako Gobernuak aurreikusita zeuzkan zenbait proiektu, tartean AHT abiadura handiko trena, Nafarroako ubidea, Nafarroa Arena edota Los Arcoseko zirkuitua. Egoera ekonomikoak zalantzan jarri du hainbat azpiegituren bideragarritasuna eta zilegitasuna. Nafarroa Arenaren kasuan, atzerapenek eta pabiloian nork jokatu ez izateak hainbat alderdi politiko eta gizarte ergilek Nafarroako Gobernua kritikatzea eragin du, proiektua abian jarri baino lehen gehiegi ez hausnartzeagatik. 2009ko urte hasieran hasi ziren eraikitzen, ordurako krisi ekonomikoaren oihartzuna Nafarroara iritsia zen.

AHT

Nafarroako egoera ekonomikoa bultzatzen lagunduko zuen azpiegitura gisa aurkeztu zuten Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiak eta Jose Blanco Espainiako Sustapen ministro ohiak, 2011ko apirilean AHTaren finantzaketa akordioa sinatu zutenean. Orduan, Blancok ez zien erantzun Nafarroako trenbidea inguruko lurraldeekin nola lotuko zuten jakiteko egin zizkieten galderei. Ordutik, bolo-bolo ibili da zurrumurrua, Nafarroako zatia Gipuzkoakoarekin handik edo hemendik lotuko zutenarena. Baina, joan den maiatzean uxatu zituen Luis Zarraluki Nafarroako egungo Sustapen kontseilariak zurrumurruak, AHTa Castejon eta Iruñea artean baino ez dutela egingo onartu baitzuen. Gipuzkoarekin Ezkio-Itsasotik lotuko duten galdetuta hau erantzun zuen: "Eusko Jaurlaritzak Iruñea eta Euskal Y-aren arteko Ezkio-Itsasoko loturaren alde egin du. Lanean ari gara haiekin eta Espainiako Gobernuarekin. Madrilera joanen gara alternatibak aztertzera. Ez dugu aukera hori bazter uzten, baina luzera begirako helburua da" .

Maiatzean bertan behera utzi zuten AHTaren proiektuaren zati bat. Hala, Castejon eta Iruñea arteko zatiari soilik eutsi diote. Ondorioz, Castejon eta Zaragoza (Espainia) arteko lotura, eta Iruñea eta Gasteiz artekoa, egungo trenbidea moldatuz egingo dute, beste errail bat jarrita. Modu horretan egokituko dute Europak ezartzen duen zabalerara. Orotara, Nafarroako AHTaren proiektua gauzatzeko 1.200 milioi euro baliatuko dituzte, horietatik 675 milioi euro Castejon eta Iruñea arteko zatia egiteko.

Hala ere, justiziaren azken epaiaren arabera, proiektua legez kanpokoa da. Izan ere, Sustrai Erakuntza fundazioak proiektuaren aurka helegitea aurkeztu zuen, Nafarroako korridorea egiteko behar zen ingurumen eraginaren adierazpena iraungita zegoela argudiatuta. Joan den abuztuan, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoi eman zion fundazioari, 2004. urtean onartutako lanak 2009an hasi gabe zeudelako. Hala ere, ebazpen hori behin-behinekoa da, epaiaren aurka helegitea aurkeztu baitu Auzitegi Gorenean Espainiako Gobernuak.

Esa

2001ean hasi ziren Esako urtegia handitzeko lanak. Ordutik, Aragoirako ur hornidura ziurtatzen duen urtegiko bi aldeetan lur mugimenduak izan dira. Esate batera, urtarrilaren 9an CHE Ebroko Ur Konfederazioak sinatutako txosten tekniko batean, eskuineko hegalean lur irristatzeak izan zirela aitortzen zen. Hala ere, irristatzea ez zela urtegia handitzeko lanek eragindakoa izan, orduan izandako eurite eta elurteek eragindakoa baizik. Batez beste, astean bi zentimetro mugitzen da hegal, hori adituen arabera. Orotara, urtean, bi metro higatzen da hegal hori.

Hala ere, Ebroko Ur Konfederazioak lur mugimenduak aitortzean, irristatzeak "motelak" zirela ohartarazi zuen. Baina horrek Esako Lasaitasuna eta Begiratokia urbanizazioetako biztanleengan eragina izan zuen. Irristatzeek bizilagunen segurtasuna arriskuan jartzen zuelakoan ehun etxebizitza inguru hutsarazi zituzten. Hilabete gutxirako neurria zirudien arren, oraindik ezin izan dira bizilagunek euren etxeetara itzuli.

Esa handitzeko lanak 2001ean hasi ziren, eta ordutik urtetik urtera aurrekontua handituz joan da. Hasierako aurrekontua 77 milioi euro zen. Luizi eta ezustekoen eraginez, egun 376,8 milioi euro da.

Zirkuitua

Los Arcoseko zirkuitua salgai jarri berri du Nafarroako Gobernuak. 2010eko ekainean inauguratu zuten, ia 20 milioi euroko inbertsioa egin ostean. Baina, azpiegitura martxan jarri eta hiru urte eta erdira, zirkuitua dela-eta administrazioak 9,8 milioi euroren galerak pilatu ditu, eta zorra 31,1 milioi euro da. Zirkuitua salgai jartzeko zio gisa ez ditu arrazoi ekonomikoak jarri. Azaldu duenez, ekinbide pribatuek azpiegiturarekin interesa adierazi ostean erabaki dute "negozio bide berriak" ikertzea.

Itoitz

2003ko apirilean hasi ziren Itoizko urtegiko urek hartuko zituzten etxebizitzak botatzen. Itoitzez gain, Artozki, Orbaitz, Ezkai, Muniain, Gorritz, Artzi, eta Nagore herriaren erdia ere eraitsi zituzten. 2004ko urtarrilean hasi ziren urtegia betetzen. Itoizko uraren bitartez hornitzen da Nafarroako ubidea. Azpiegitura horren lehen fasea 2011n inauguratu zuten. Orotara, fase horrek, 22.300 hektarea ditu. Bigarren faseak, beste 21.500 hektareatara eramango luke Itoizko ura, baina oraindik ez dago argi bigarren fasea gauzatuko denetz, krisiaren eraginez eta lur sail horietara eramateko behar den punpaketa sistema oso garestia delako.

Baina, lehenengo fasea hedatzeko prozesua abian da. Aste gutxiren buruan, 15.275 hektareatan handitzeko lanei ekingo diete. Hala, ubidea Ega eta Arga ibaien arteko eremuetara iritsiko da: Argaren arroan, Berbinzanatik Funeseraino eta Egaren arroan, Lerindik Azagraraino, tartean Sesma eta Lodosa herriak ere hartuz.

Lehen fasea eraikitzeko lanek 467 milioi euroko kostua izan dute —aurreikusitako baino 21,5 milioi euro gehiago—. Zenbateko horri, lehen fasean hedatzeko lanetarako behar dituzte 42,5 milioi euroak gehitu behar zaizkio.

Nafarroa Arena

Ia amaitu dira Nafarroa Arena eraikitzeko lanak. Baina, Nafarroako Gobernuak ez du kirol azpiegitura erraldoia kudeatzeko planik oraindik. 2009an ehunka lagunentzako pilotalekua eraikitzen hasi ziren, eta 12.000 lagunentzako pabiloia. San Antonio taldeak hor jokatzea zegoen aurreikusia, baina talde hori desagertuta ez dago pabiloia erabiliko duen talderik egun. Oraingoz, ez dute jakinarazi noizko izango diren martxan ez pilotalekua eta ez pabiloia ere. Azken aurreikuspenen arabera, 2014. urte hasierarako pilotalekua zein pabiloia guztiz hornituta egotea espero du Nafarroako Gobernuak.