Gorosti natur zientzien elkarteak 15 parke eta lorategi aukeratu ditu Nafarroako parke eta lorategien gida egiteko. Nafarroako hainbat herri eta hiritan daude parkeak, hala nola Iruñean, Lizarran eta Tafallan.
Urte berria, eskaera zaharrak
Lehenik eta behin, orain arte errateko aukerarik izan ez dudanez, urte berri on denoi! Pentsatzen dut ongi hasi izanen duzuela urtea, ezta? Xanpaina aurrean eta hurbilekoak inguruan. Hurrengo egunean ezertaz ez akordatzeko adina edan, eta aurrera! Ongi etorri, 2014! Hori omen arruntena. Ba nik ez dizuet gezurrik errango, nahiko kezkatuta hasi dut urtea.
Gogoratzen duzue aurtengo Iruñeko sanferminetako txupinazoan gertatu zena? Ez naiz ari alkate jaun txit gorenak delitutzat jo zuen ekintza hartaz, delitutzat jo beharko litzatekeen baina inongo garrantzirik ematen ez zaion horretaz baizik. Badirudi emakume batek galtza estuak eta kamiseta hautsi bat jarriz gero eskubidea ematen diela inguruan dituen gizaseme guztiei nahi duten beste ukitzeko. Zer esanik ez titi bistan jarrita. Gizon eta mutilak gizaki izatetik gizotso izatera igarotzeak beldurra ematen du. Ez da ilargi betearen eragina, ordea. Emakumeak "bultzatzen" ditu horretara, eta alkoholak kentzen die lotsa. Lotsagarria! Emakumearen sexu askatasunaren aurkako erasoak etengabeak dira halakoetan, eta bada garaia begiak ireki eta eskuak poltsikoan gordetzeko.
Bada antzeko zerbait ikusi nuen Urtezahar egunean. Askok uste dute horrelakoak ez direla txupinazoan gertatutakoa bezain larriak, baina ni ez naiz iritzi berekoa. Zer gertatzen zaie gizonezko batzuei emakume lirain eta erakargarri bat aurrean jartzen zaienean? Gizakiak eta animaliak ustez bereizten gaituen arrazionaltasuna alde batera utzi, eta animaliek daukaten intuizioz jokatzen dute.
Uste dut jakin beharko zenuketela urte berriak ez dizkizuela eskubide berriak eman, ez behintzat emakumeen eskubideak urratuko dituztenak. Normala deritzot Urtezahar gauean "urte berri on" esan eta bi muxu emateari. Agian besarkada bat ere eman daiteke. Hor ere faltsutasunean eror gaitezke, baina ez naiz kontu horretan sartuko orain. Dena den, besarkada bat emateak ez du erran nahi eskuak gerritik beherantz eraman eta ipurdian jar ditzakezuenik! Zuen aurrean dagoen pertsonak hala nahi badu, zorteko zaudete! Orduan elkar laztandu, gozatu eta zirikatu… Baina bertzela ez!
Zuen adiskidea, ezaguna edo dena delakoa bertzetan baino ederrago dagoela uste duzue? Beharbada, pertsona horrek soineko eder eta makillaje kapa baten azpian bere buruarekiko segurtasunik eza dauka. Emakumea beti da ederra, baina, zoritxarrez, hori askotan ahaztu egiten zaigu. Eta batzuetan, hobeto sentitzeko, pinturara jotzen dugu. Hala da. Baina, nik dakidala, begiak pintatzean ez da inon idazten "ukitu nire ipurdia lasai. Horretarako dago eta". Ezta ezpainak margotzean ere. Oraindik gutxiago soineko estu bat jartzean.
Urte berriarentzat, hori da nire eskaeretako bat. Askotan eskatu dudan zerbait da, baina oraindik zantzu okerrak ikusten ditut tarteka. Behar baino gehiagotan egia erran. Hori dela eta, bi mezu helarazi nahiko nituzke lerro hauen bidez. Lehena, gizonezkoentzat: sekula ez pentsatu zuek nahi duzuen guztia ukitu nahi izateagatik emakumeek ere nahiko dutenik. Agian bai. Galdetu. Emakumeentzat: zuen gorputzari eraso diotela sentitu baduzue, ez gelditu isilik zuen laguna delako eta haserretzeko beldurra duzuelako, erran ozen zuen gorputza dela eta zuek erabakiko duzuela zer egin harekin! Nork ukitzea nahi duzuen eta nork ez! Ez izan beldurrik!
Urte berri on denoi, eta besarkada estu bana!
Adoptatu zain daude 23 txakur eta zazpi katu Iruñean
Orotara, 23 txakur eta zazpi katu daude egun Iruñeko Animaliak Artatzeko Zentroan. Horien adopzioa sustatzeko asmoz, Eraman nazazu etxera lelopean kanpaina abiatu du Iruñeko Udalak, animalia horiei familia bat bilatu nahian. Udalak ohar batez jakinarazi duenez, euren denbora eta tokia animalia batekin partekatu nahi duten familiak erakarri nahi dituzte.
Egun zentroan 30 animalia dauden arren, Iruñeko Udalaren arabera, urtean laurehun baino gehiago igarotzen dira zentrotik. Horietako gehienak txakurrak eta katuak izaten dira, arraza eta adin ezberdinetakoak gainera. Adopzioa sustatzeko asmoz, adoptatuak izateko moduan dauden animalien irudiak jartzen ditu Iruñeko Udalak www.pamplona.net atarian.
Programa hori 2007. urtean jarri zuen martxan udalak. Ordutik, Animaliak Artatzeko Iruñeko Zentroan zeuden 976 txakur eta katu adoptatu dituzte. Bide horretan jarraitu nahi duela ohartarazi du.
Hala ere, Iruñerrian animaliak adoptatzeko aukera eskaintzen duen zentro gehiago ere bada, tartean Animaliak Babesteko Etxauriko zentroa. Egun albaitaritza klinika pribatu batek kudeatzen duen arren, Etxauriko Neskak izeneko boluntario talde bat buru-belarri aritzen da zentroan dauden txakurren adopzioa sustatzen.
Berez, Nafarroako Gobernuarena da zentro hori, baina azken urteetan Etxauriko Neskek behin eta berriz ohartarazi dute bertan dauden animalien bizi-baldintzak ez direla batere onak. Esaterako, joan den otsailean izandako euriteen eraginez, hainbat txakur itota hil ziren. Zentroko bizi-baldintzak hobetzeko beharra dagoela aldarrikatu dute.
Gabonetan, kanpaina bat ere izan dute martxan, animalia bat etxean hartzean "arduratsu" jokatu behar dela ohartarazteko. Egunero-egunero izaten dira Etxauriko zentroan kalean utzitako edo bertara eramandako txakurren kasuak. Etxauriko Neskek Facebook gunea ere badute: www.facebook.com/txikasdeetxauri da helbidea.
3.670
• Erretiratu baten soldata soilik jasotzen duten familiak. CCOO sindikatuaren arabera, Nafarroan 51.278 pertsona daude lanik gabe. Egun, Nafarroako 3.670 etxetan erretiratutako familiako kide baten soldata baino ez dute jasotzen. Orain dela bost urte, 1.100 familia zeuden egoera horretan.
Bukatu dute Arantzadiko parkeko lanen lehen fasea
Iruñeko Arantzadin 150.000 metro koadroko parke berria egin du Iruñeko Udalak. Lanen bigarren faseak beste 60.000 metro koadrori eragingo die, baina oraindik ez dago finkatuta lanak hasteko datarik. Parkean ibai pasealekua egongo da, berdegune eta jolasguneekin batera. Horrez gain, lur ortuak egiteko gorde dira 71.000 metro koadro. Lur horiek lantzeko aukera egongo da, udalak hirurogei lursail gorde baititu hiritarrek landu ditzaten. Horretarako, izena eman behar da udalean. Arantzadiko parkeak polemika handia izan du. Lanak hasi aurretik, bertan zeuden Iruñeko azken ortuak, eta udalak kendu egin zituen parkea egiteko. Lanek hainbat protesta eta gatazka sortu zituzten.
Zor publikoa.
Espainiako Bankuaren arabera, Nafarroaren ekainera arteko zor publikoa 3.230 milioi eurokoa da. Urte oparoetan gobernuak dirua jarri du azpiegitura handietan, eta orain zorrak eta defizitak kezkatzen du. Iraganean erakutsi gabeko zorroztasuna aldarrik...
Guardia Zibila bi aldiz izan da Nafarroako Kutxaren egoitzan
Maria Paz Benito epailearen aginduz, Guardia Zibila bi aldiz izan da Carlos III.a etorbideko egoitza nagusian. Instrukzioari ekin zionean, Caixabanki batzorde iraunkorreko bileren aktak eskatu zizkion, baina Kataluniako taldeak gobernuaren menpeko CAN...
Nafarroan koordinatzaile berria du Aralarrek: Xabi Lasa
Irailaren 29ko kontseiluan, militanteen %85en botoa eskuratuta, Xabi Lasa izendatu zuen Aralarrek Nafarroako koordinatzaile. Berriozarko alkate eta Aralar-NaBaiko parlamentariak Aritz Romeoren lekukoa hartu zuen. Alderdiak EH Bildu koalizioaren aldeko...